L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-2 (1992) —Hurrengo artikulua




 

 

Etxepareren lankideak

 

E. Urruty

 

Goliart tropa sonatua, Erdi Aroko kalonje, apez eta apezgai gurmant, putaner, paseiant, ingañadore haiek aipatzen dira Treveriseko kontzilioan: "Kasu egin zezatela goliart eta ikasle erromesez, zeren eta Mezaren saindutasuna eta ofizio dibinoak urdintzen eta poxelatzen baitituzte beren kantore infamanteekin" Bonbezia eta bankezia oro, geroko ballade egileen aintzindari eta prekursore.

        Beñat Etxepareren sasoiko apezgo eta fraideteria ohoratzen zuten ofizioa. Orduko manamenduen arabera itxuratzen ahal ditugu: "Apez gizonik ez dadin sar serora komentuetara... Ohaiderik duen apez sakratuki kontsagratuari... Seme-alabarik duen apezak ez ditzala haiek haz, bataia, eskontaraz... Jakin ukan dugu, ezi zenbait apez bere serbitzurako dituen neskamekin infamanteki bizi direla, halaber eskontarazten dituela eta beraiek baliatzen dituela berriz senarrarekin batera..." Toulouseko parlamentak gibel egin zuen apez konkubinarien kuntre goratu epaian zeren "apez sobera, apezpiku eta kardinal andana ere hobendun baitzen."

        Apezen serbitzarisak zinez ospe gaiztoko dira, trufa eta kantore irringarrien sujet. XV. mendeko finean legeztatzen da prostituzionea Namur eta Liejan: irabazpide zaharraren sosak aginteak sakelaratu nahi ditu. Eta horri buruz emanikako ordenantzetan, emagalduen ariaz, "apezen serbitzarisak" agertzen dira. Liejan ezagun da kalonjerik gehienak eskont gisa bizi direla, baita horietarik zenbaitek serbitzarisak prostituitzen dituztela, sos errezibitzen goxo eta segurki. 1565ean, emanikako edikt batetan hauxe zaigu agerrira: "Eskonturiko gizon guziei, apez serbitzarisarik frekuentatzea debekatzen zaie, are debekatzenago haiekin bizi izaitea."

        Bizkaian den Lekeitio herriko aipamen bat, Iñazio Irazuri zor diogun berria hain zuzen, ekarriko dugu plama honetara. 1508an herriko kontseilua behartu izan zen manatzera ezi "kalonjeek konforma zitezela beren etxeetan seme-alabarik ez eta mancebarik (sic) ez ukaitera, halaber ez ibiltzera laiko arropetan, ez eta armaturik ere." Lekeitioko kalonjegoa kondenatua izan zen 50 dukat pagatzera, zeren bertako apezek —sastrearen pagamenduaz, mancebaren solizitazioneaz, armaz eta seme-alabez sobera lanpetuak segurki— ez baitzuten predikatzen ibili nahi.

        Inkisizioneko hauzi paperetan maiz ageri dira eliz gizonak kastitatearen kontrako pekatuez. Emazteez isiaturik, baita urrikaldurik gisala: kontsolatzeko amoreagatik, konfesatzeko tenorean, hortik eta handik heldurik pott eta gerokoa egiten zien, fede onean bistan da. Baina ez dezagula hargatik pentsa xoil haietaz zirenik kalenturetan. L'homme Espagnol deitu liburuan Benasarrek hango "mercedario" baten berri ekartzen digu: hiru salbu, apezgaiak oro itsuski korronpitu zituen. Ildo beretik aintzina beste bat: "Komentu batetan egitate dorpe eta sodomitikotarako errekeritu zuen erlijios bat, eta sarri egin zuen bere itsuskeria sodomitikoa harekin, bere menbroa sartzen ziola aipatu dugun pazientearen prepospero hutsetik eta berean ixuritzen zuelarik bere hazia. Halaber komentu bereko beste batekin egitate dorperik egin eta konplitu zuela."

        «Herexi eta Gizartea XVI mendean» bere liburuan, Garcia Corcelek aipamen polit hau dakarkigu: "Eta bere zelda eraman zuen eta kolpe batez atea zerratu; giltzaren sarlekuan, bazegoen barneko aldetik ohialtto bat xiloa estaltzen zuena, kanpotik ikus ez zedin; eta behin barneraz gero, jantziak erantzi zituen eta haren kontra arrimatu besarkatu nahiz; besteak eskua baratu eta erran ere geldi egon zedin; baina aipatu Señor Pizarrok, dena lausengu eta xaramel, erraiten zion zinez maite zuela, oroitarazten baitzion serbitzari ohi bat... azkenik zaragueiletako zirritotik eskua sartu zion haren menbroa atxik nahiz, eta honek eskua baratu, non Señor Pizarrok erraiten baitio: «Hik ez dukek zakilik, ezi ez duk uzten hunkitzera» eta besteak arrapostua: «Dutan ala ez dutan ez dio berorri aferarik egiten...» eta hain zituen begiak gori eta bisaia guziz kordoka begietatik su garrak elkitzeraino. Eta hau da gertatzen dena eta ez besterik."

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.