L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 5 (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Mayi Pelot

 

                1984ko Urtarilaren 12an,

                Miarritzen, eguzkitik 3gn planetan.

 

        Joseba,

        Zor dizudan emaitzaren gatik milesker, zure lerroaldiari esker irakurtu baitut Haur Besoetakoa delako elaberri gaitza! Behin eta berriz! Maiz berrirakurtzen ditudan, ninfulei buruzko lerroaldiak bi zientzia-fikziozko ipuinak oroitarazi dizkit: frantses autora batenak dira.

        Lehenak, androida bat eta hameka urtetako naskatxa baten amodioa kondatzen du; bai eta ere neskatxoa hartaz hil eta nola androidari gorputza, gaztiguaren gisan, zatikatzen duten... Bainan androidak, anartean, —gizon psikoteknologo batek eraginda— neskatxoaren gogo guzia bere mikrokristal batean, metakopiatu du. Kristala beste puxkekin espaziora airatu eta, ondakin-biltzaile batek hatxemanen du eta neskatxoaren gogoari (edo neskatxo-androidaren gogoeri?) beste gorputz bat erosiko dio. Baina beste osmosis arazoa: teknologoak ez al dio androidari, bere egitera ausartzen ez dena, eginerazten? Bai eta ere androida, ninfula duela gidari, gizontzen ari — gizondu nahian bederen...

        Bigarren ipuina desberdina da.

        Galaxi gerlaren ondoan, Lur planeta goseteak porroskatua da. Gainera, eritasun berri batek gizonetan gehienak hil ditu eta egon direnak emazteen menpean dira. Erazteek ez dute zibilizazio gozorik eraiki, erleenaren antzeko bat baizik, hierarkizatua, zatua, askatasunik gabea, gogorra. Emazteek, goseteei uko egin nahian, gizonen armada bat «haraginak» planeta urrutietara, igorri dute, haiek ahal bezain izaki-gizaki erahil eta haien haragi hormatua Lurrera ekartzeko asmoz.

        Ipuinekoa, Lurrean gertatzen da. Haragin ohi batek, gizon zahartu batek, lan zikin hura bere bizi guzian eginda, beste lan bati lotu behar zaio: emazteek, lehenengo, aintzineko, hots gizonen zlbilizazioaren arrasto guziak kendu nahian, hypermerkatu denda bat suntsitu behar du —salbatu nahi dituen bizidunak hautatu eta—. Han sartzen da gure gizona, goserik, zaharaturik, emakumerik gabe luzaz egon eta bere lan zikinaz nazkaturik.

        Denda, zigante eta bitxia da, liluragarria, hordigarria; planeta guzietatik ekarritako makina-izaki, janariez betea. Haurren-adinduendako Disneyland bat, makina erdi biziez eta androidez batea. Edozer sinestarazteko haina: eguzki, euri artifizialen pean, haragi ibai baten ertzean, gizonak bere aurpegia mirail berezi batean gazteagoa ikusten du, adibidez... eta txoratzen...

        Bat batean emazte-haur (ez haur eme) bat hatxeman du, hamahiru urtetakoa iduri. Emagaldu-emagaltzailea, eme ausart trebea. Gizona «haragin» ohia dela utertu eta joko krudel batean sarrerazten du, psi dohain berezi bat baitu: jendea iraganera itzulerazten ahal du. Harek gizonari, bizitu dituen unerik mingarrienak berriz bizierazten dizkio: haren haur zenak, bortxatu zituen emazteak, maite eta galdu zuen emaztea, erahil zituen izaki baketsuak...

        Gizon-neskatxoak ez dira ez paradisu batean elgarretaratu, lilurazko Kapharnaum batean baizik; hots duda mudazko herrialde batean, iragan eta orainaren, bortxatze ta samurtasunaren, lilura ta errealitatearen arteko leku-une batean bat (?) egiten dutenean, neskatxoak bere erabakla jadanik hartu du: ez du salbatua izan nahi, eta libroa hiltzeko dendarekin zartatuko da. Gizona bakarrik abiatzen da... Zertarako jakin gabe...

        Holakoak izanen direa bihar edo etziko ninfulak, Joseba?

        Itsas lantxurdak, itsasoaren marruma, suetako kea, gizakumeen kantuak eta hilen hautsak zirimolaka eramaiten dituen galernaren erditik, agur bero bat, Joseba.

Mayi Pelot

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.