Hire adin gordinean
Manex Erdozaintzi-Etxart
Jose Arregiri
eta beste gure lagunei
nigar ororen artetik
Hire aurpegi alaia
Hire abots kantaria
Hire bertso dantzaria
Herri hontako bazter-inguruetan
Hire so garbi sarkorra
Hire irri sano lasaia
Hire esku-aire trebea
Nola musean nola lanean
Hire aupegi kezkatia
Ixil eta zimur
Lagunen berriak jakitean
Hire so eroria
Ilun eta triste
Lagunen heriotzak jakitean
Itzulika eta itzulika
Gela batetik bestera
Sukar eta minbera
Klandestinoko egun haietan...
Leihotik so
Eta begira
Ixil eta pentsati
Leihotik han-harat
Eguzkiari
Ilargiari
Lanoeri
Goizetik arratseraino
Eta gauean oraino
Goibel eta triste
Askatasunari
Maitasunari
Herriari
Deika
Eta ezinean
Itzulika eta itzulika
Gela batetik bestera
Klandestinoko egun haietan...
Hire lagunekin
Joan hintzelarik
Hire lagunekin
Mendiruntz
Abiatu hintzelarik
Negu hartako
Arrasteri batez
Bestaldi arte
Erran ondoan
Abiatu hintzelarik
Hire begi bustiak
Bideskan urruntzean
Mendiruntz
Klandestinoko arrasteri hartan...
Ez huen mundua harrotu nahi
Ez huen mundua menperatu nahi
Ez huen mundua zapaldu nahi
Xoilki
Askatasun handi baten gutizia
Maitasun sakon baten desira
Herri puskatu menperatu
Eta zapaldu honentzat
Amodioz
Ez huen beste ametsik
Beste asmo eta xederik
Xoilki
Eguzkiaren dirdaia
Ilargiaren hezea
Lanoen bustia
Herri ebaki, xurgatu
Eta zigortu honentzat
Iraultzan
Ez huen beste askatasunik
Ez huen beste maitasunik
Ez huen beste herritasunik...
Hire lagunekin
Harrapatu hindutelarik
Hire lagunekin
Madrileko kale ertzean
Tirokatu hindutelarik
Otsaila hartako
Egun batez
Kartzelaratu hindutelarik
Hire begi hantuak
Kartzela zuloan
Torturatu eta
Beren errabian
Erhaili hindutelarik
Hire askatasunean
Hire maitasunean
Hire herritasunean
Gorputzeraino
Otsaila hartako kolpean...
Hire adin gordinean
Herriak amultsuki eta
Kexu
Bildu hinduen kartsuki eta
Odoleraino nigarrez
Hire Herri hezgaitzak
Ehortzi hinduen
Askatasunaren eta
Maitasunaren
Lurrean
Eta biziko hintzen...
Gure askatasunean
Gure maitasunean
Gure herritasunean
Gure adin gordinean!
|