Zure begitartearen honaindian
Manex Erdozaintzi-Etxart
Emeki-emeki zeru zohardiak
Inguratu eta bildu gintuen bortu gain hartan
Izarrak kondatzeaz burtxoratuak eta.
Gure pentsamenduen zabalaz izituak
Leize ilun baten aurrean izan baginte bezala...
Olan sartu gintuzun, ixil-ixila
Gure pentsamendu leize aurrean beldurrak hartuak
Izari gabeko zeru zohardi zabalak
Huxatzen bagintu bezala
Ola hertsi baten murru parata beltzen bilgialat
Bortu gain hartan...
Eta geure gorputzen izateak
Galdu genituen memento bat
Ilunpearen babesean
Gorde eta ahantzi genituen
Memento bat!
Ordoki eta nabak gauean berdintzen direlarik
Zeru zohardiaren ixiltasunak baretzen dituelarik...
Burutik behera dohakit
Leize zulora botatu harrien pirripita lasterra
Eta barruan galtzen den soinu ozen baten musika...
Leize beraren barne beldurgarrian
Dohazkit
Nere atzoko lanak, urratsak eneguak
Nere amets eta bihotz ikara zoroak...
Eta han nonbait desegiten dirade!
Ala ilunpea urruntzeaz
Ala mugimendu zerbaiten intziriaz
Bizia sentitu beharrez ala
Nik dakita, beste zerbaiten gutiziaz
Hurbildu zinen supazter ondora
Eta hasi zinen hautsa harrotzen
Hauts-pulua polliki-pollikiño kitzikatu zenuen...
Mugimendu ixil batean
Su-hazi pikor baten bila
Hautsa mugimendu lasaiez barreiatu zenuen
Su-hazia hasi zen polliki-pollikiño ilunpea urratzen...
Eta gero, abar xeheak ezarri zenituen
Pausatu ere, ttartteka, egur mehe zenbait:
Sua
Su eder bat
Abiarazi zenuen mugimendu lazo batean
Eta sua
Dantzan hasi zen
Olako murru paratetan
Eta suak
Zure begitartea argitu zuen
Eta berexi zuen
Ilunpetik
Eta animatu zuen
Gauaren ixilean
Zure begitartea...
Haizearen arina zenuen gorputzean
Eguzkiaren dirdira begietan
Iratzeen usaina larruan...
Bele-erroiak eta buitriak
Ardi hil baten haragiaz aseak
Harroka zuloetan antzakatzen direlarik,
Mendi bazterrak gauaren ixiltasunaz
Jabaltzen direlarik...
Eta su-lamaren argiak
Zure begitartea
Ilunpetik ateratzen duelarik...
Bihotzeraino dohakit
Zure mugimendu bilduen hunkia
Harrotzen eta, polliki-pollikiño, arrapizten dizkidatzu
Maitasun baten hazi kukutuak...
Gutizia xoil bat
Desira bero bat
Bizia
Bizitzea...
Haizearen arina zenuen gorputzean
Eguzkiaren dirdira begietan
Iratzeen usaina larruan...
Atzoko nere ahaideak, lagunak, adiskideak
Nere desira eta bihotz pilpira nahasiak
Zure begitartearen haraindian
Urruntzen dirade!
So egiten zenidan...
Etorri nitzaizu
Abere kolpatu baten antzera
Neure bizitzaren bide hautsiak
Daramazkit bihotzean
Gorputz nekatu honen
Hezur inguruetan koropilatuak...
Flakezia handi bat sentitzen dut
Ez jakin zergatik
Akidura astun bat
Hezur inguruetan geratua...
So egiten nizun
Abere flakatu baten antzera...
So egiten zenidan...
Haizeak, lanoak, trumoiak,
Euriak, elurrak...
Oro ditu mendiak jasaiten, irensten...
Mendiari ez zaio endurtzen
Bere zabalaren oparotasuna...
Mendiaren zabaleran
Ez da enoatzen eguzkia
Ez da etsitzen ilargia...
Etorri nitzaizu
Abere flakatu baten antzera...
Emeki-emeki zeru zohardiak
Inguratu eta bildu eta tinkatu gintuen
Bortu gain hartan
Gau barruan
Bagenizin okupazio
Suari begira
Geure besoak kurutzatu genituen
Mendiak zelaiekin egiten diren bezala
Suari begira
Gure begiak ihes zohatzin
Eguna gauaren barrura dohan bezala
Gure eleak zohatzin
Beren segeretu eta guziekin
Txinkak bezala
Gure pentsamenduak zohatzin
Airean ilañak bezala...
Suari so eta beha
Elkar goaitatzen eta
Ezin aurkituz
Bagenizin okupazio
Orduan!
Gutizia xoil bat
Desira bero bat
Bizia
Bizitzea...
Ordoki eta nabak gau zohardi betean gordeak direlarik
Bele-erroien eta buitrien karrankak ahantziak direlarik
Su baten dantza arina murru paratetan erortzen delarik
Eta su-haziaren dirdira ahula ilunpean galtzera dohala
Zure gorputzaren mugimendu murritzak loan baretzen dirade...
Ixiltzera dohakit, aldiz, polliki-pollikiño, ezpainetan.
Maitasun galde baten ele minbera!,
|