Marco Pottoloren ibilaldi harrigarria
Itxaro Borda
Marco trixte zagon, herriko karriketan errondan, ANPEtik ostatuetara luzatzen ziren haren urratsak. Goiz huntan ere, lan bila zoalarik etxetik jalgi aintzin, milagarren aldikotz bere ama propriak, negarrez eta zinkurinaka hautsia, eskatu zion behar ziola zerbait atsegin eman, gorputza berriz bizitzen senditzeko eta duela hamar urte alargundu zelako egun haren ahanzten saiatzeko. Goiz huntan, «ez!» ihardetsi zion. Ama aurrean erori zitzaion miraila puskatu bat iduri. Korrikan ihes egin zuen sukaldetik...
«Gaztetasuna ibilaldietan hazten da!» dio munduan izigarri ezaguna den erran zahar batek. Egiaz, Marco Pottolo gaztea zen eta gainera, langile seme izan arren, ibilaldiak asko gustatzen zitzaizkion. Jende guziek maite zuten Marco, bereziki bere aita zena sindikatuaren buruzagi ospetsu eta ohoratuaren haur zelakoan. Gizagaixoa; lantegian galdu zuen bizia, altzeiruzko makina pizu batek leherturik... Baina ahozkatzen ditudan hitz hauek ez dute funts handirik, alafede, hobe nuke segidan haria orratziloan sartzea!
Autobide iluna hartzerakoan, Italiarren atean jarri zen, behatz lodia zeruari altxaturik. Ez zuen sakurik, ez eta beste aferarik. «Ai nehor ez da gelditzen, ala ez da nehor pasatzen!» zuen pentsatu. Kasetak irakurtu balitu, jakinen zuen gobernuak debekatu zuela berribil xoileri bidean ibiltzea, arratsalde hartan, hain zuzen... Halere, bost orduren buruan, Rolls Royce zilar bat baratu zitzaion, eta «uf!» erran zuen, marmarikatu bere lau hortzen artean.
Rolls Roycean gizon bat zen gidari, eta autoko irratian Mikel Laboaren musika rock desharagitu haiek aditzen zituen. «Ez dakizu autorik ez dela pasatzen egun?» zion txoferrak. Marco Pottolok ihardetsi zion irrifar arin eta kokin batekin: «Zu, orduan, zergatik bazabiltza bidean?». Harek arrapostu: «Beharrean nago, ihizian nabil...» «...Abian, autobidetik baztertu ziren, xendraren hildotik, oihan tinko eta nasaian galtzeko. Argileku bat aurkitu nahi zuen txoferrak. «Nora naramazu?» galdegin zion, keskati, Marco Pottolok. «Aizu, mutil ikusiko duzu, ikusiko duzu...». Gelditurik, autoaren kontaktua moztu zuen eta biak berribiletik jauts ziren...
«Nere izena Pette Casanova da; eta zurea, mutil samur eta bizargarbea?» «Nerea? Marco Pottolo!, bai Marco Pottolo...» Pette Casanova, Zuberoan zortua zen, eta nonbait Vienatik Berlinera doan trein bidearen ertzean bizi omen zen. Zetazko atorra brodatua, gaztaroan «brodatzen ari nintzen» erran zion, kendu zuen bere ginarre ilezuak erakutsiz. Bazen naski rastagizonen ehun dreadlocksen trezatzeko Dama. Gero, satinezko galtzak erortzera utzi zituen. Biluz gorri gizona! Marco Pottolo beldurtu zen, eta orduantxe Pette Casanovak lurrera bizkarrez botatu zuen, bi azpien artean zaukan zilo bakarra betetzeko. Ondarrean Marco Pottolori gustatu zitzaion joko bitxi hori. «Berriz!» eskatzera zoalarik, autoa partitzen entzun zuen...
Bakarrik egon zen haritz baten itzalean, jarririk. Gaua etorri zenean, bere huntz eta kahaka pareekin hegoruntz abiatu zen. Bi egun eta hiru arrats oso iragan zituen etxerik, autorik, jenderik nehon kurutzatu gabe. Astelehen goizean, hamaikak irian, hiri batetara heldu zen. Hiri hortan karrika bat baizik etzen, bi buruetarik hetsia. Gizon-emazte lerroak hortik pasatu behar zuten lanera, jokora edo beste norapeit joateko. Bi etxe gotor begiztatu zituen. Bat eskuinaldetik, dorre kurutzedunarekin; bigarrena, bisian bis, hau arras desberdina.
Hormak harri tailatuz edertuak zituen, eta barnean dena argi gorri, hori, urdin edo orlegi. Elizetan hotz zegiela orroiturik bigarren etxe hortan jotzea erabaki zuen...
Atea pusatu zueneko barnean aurkitu zen, bistan dena. Ateak irekitzeko eginak dira, eta zerbaiteri sarrera ematen diote. Ardurenean ez da giltzen beharrik ere... Baina guk segi dezagun gure tipulen bipiltzeari... Marco Pottoloren inguruan hamar emazte oparo bildu ziren, denak bular borrobil lodiekin eta oihal beltzez arinki jantzirik. Lastotxak biloetan, txanpan basoak eskuetan. Koroak eskatu zion: «E! mutil zein nahi duk?». «Nik? Ezer, berotu, mintzatu eta jan bakarrik...» arrapatu egin zioten. Zaharrenak, zimurtuenak zerraion: «Har ezak Maritxu...» Zer? Etzuen halere Maritxu osoan janen, sandwich batekin aski zuelarik.... Errefusatzera zoan; entzun zuenean: «Ez dakika non haizen hemen? Euskal erakustokian, maison de passe de la culture basque delakoan!» harritu zen.
Maritxu eskalerretan gora joan zen. Marco Pottolok oihu bat menturatu zuen «Maritxu nora zoaz?»... Zaharren hura irriz karkasailka hasi zen. «Mutil honek ez daki zer egin behar den emazte batekin, ala hire amak ez dauk sekulan erakutsi!». Gutiarena ez izateko, Maritxuren hatzetarik abiatu zen. Zaharrari irriak bere bular borrobil flakatuak dardarazten zizkion... Gelaratzean, Maritxuk frantsesez: «Tu viens cheri?» eskatu zion. Tüvienxerritu zen beraz, eta ordu bat berantago ganbaratik jalgi zen gaitzeko buruko minarekin. Orain pagatzea galdegin zioten, eta Marco Pottolok dirurik ez. Emazteek kalera botatu zuten gibeleko mazelak zartakoz gorriturik eta bi ostikorekin...
Karrikan nekatu arte ibili zen amets inguma horren ahanzteko. Konturatu zen zenbat bide zegien Italiako atetik bertan zagon lekuraino. Euriarekin batera gaua erori zen. Belarrean lokartu zen...
Biharamonean, iratzartu zelarik, ezkilak nabaitu zituen, eta nonbaitik zetorren intsentsu usain sukratua usnatu. Erroman ote zagon, San Piarres plazan? Ez alta... Eliza borta batetik bi jende lerro kanporatu ziren, kantatuz, gizonak gizonekin, eta emazteak emazteekin. Tokio saindua ospatzen zutela ulertu zuen «Ibarreko beila» irakurtu zuelarik taula baten gainean idatzia. Norbaitek, apezpikuaren gordez «IKarreko beila»z aldatu zuen erpausa. Graziek hunki gizon harek ori balekus, mitra fandangoa dantzatzen has lekiokela segur!
Eguzki argi hegotsuak Marco Pottolori begietan min zegion. Bat batean, esku bat senditu zuen bere sorbaldan pausatua. Itzulikatu zen. Hor zagon, gizon zahar bat, bizarduna, kalota urdina buruan, haragia usteldurik puskaka eroria; zilo guzietatik har zuriak eta zizare arrosak ateratzen zitzaizkion. Marco Pottolo herabetu zen: «A! Zuk ere nerekin nahi duzu? Agureak ezetz ihardetsi zion, hura zela Betarramen ehortzi eta Ibarren sortu San Michel Garikoitz, eskualdun-fededun guziek preziatzen zuten saindu bakarra...
Marco Pottoloren eskubian urraska zabilalarik, noiztenka, zitzi zati zirringatsuak galtzen zituen, edo hortz bat, edo begi ninika. Harrek eta zizareek beren lan hurria segitzen zuten. Michel Garikoitzek murmuratu zion beharrira: «Oraino ere eskualduntsa fedegabe batzuek gauero otoizten naute, Itoizen diskak estereotan eskutatzean, zerbait mirakulu egin dezadan...». Orduan «gure saindua» urtu zen. Inguruetan pestilentza gelditu zen. Marco Pottolok ez zuen deusik konprenitu, ez baitzen arras herri hontakoa!
Azkenekoz, Marco Pottolo asea zen. Mugitu ezinean zutik egon zen. Etxe xuri alai bat zuen auzoan... Mende luze batzuren buruan, sustraiak-erroak sortu zitzaizkion, eta lurrari lotu zen. Bere gorputzeko haur larrua gogortu zen, arbolen azala bezalakotzeko. Besoen puntatik, behatzen artean, hostoak loratu ziren udaberriko sapan, eta mila urte berantago txoriak pausatu ziren Marco Pottolo hariztuaren abarretan, beren maitasun zinezko kantuak abesteko. REQUIEM IN ETERNAM DOMINE...
|