Udazkena da eta...
Oihan
Udazkena da eta bukatu duzu.
Urria da eta utzi nauzu.
Zure bidea bururaino eraman
edo hasi ote duzu?
Hautatu duzu, bai hautatu
Udazkena da eta bukatu duzu.
Zergatik zuk dakizu
Edo behar bada zuhaurek ere ez.
Hutsuneak deitzen,
Bizitzak nazkatzen.
Bakarrik, zu ere bakarrik
Eta ez jasaiten,
Bizi behar eta sufritzen
Min, zuk ere min.
Urria da eta utzi nauzu.
Eta orai, lagun, behar zaitudala
Ez dezakezu asma
Zure deiak ez nau hunkitu.
Baina deitu ote nauzu?
Ez. Ez zaitu nehork lagundu.
Laguntza zertarako?
Laguntza zertarako?
Udazkena da eta bukatu duzu.
Minarekin bukatu.
Eromenarekin amaitu.
Eta ni hemen. Hemen.
Nola ausartu zara, nola?
Ezin zenuen
Eskubiderik ez zenuen, ez!
Bi axola zaitu nire nigarrak, nire gau beltzak.
Zuk ez duzu gehiago senditzen.
Baina nik bai, nik bai!
Barka, lagun.
Botatzen ditudan malkoak ez dira zuretzat
Baizik eta neronentzat
Urria da eta utzi nauzu.
Udazkena da eta hemen nauzu.
Noiz iritsiko da nire udaberria,
Noiz ezagutuko dut bizi berria?
Elgarretara genezake guk uste baino lehenago
Edo berantago.
Nork daki? Nik ez, nik ez.
Gero arte, Patix, edo inoiz arte.
|