L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —<korr0831>




 

 

Azken eguna

 

Akerbeltz

 

Tomas leihotik plazara begira dago. Irriño tristea bere begiek isladatzen dutena. Begi kilixka batean bizitzaren unerik garrantzitsuenak gogoratzen ditu, eta zirrara bortitzak astintzen du bere gorputz melaxka. Gogoetetan murgilduz, gaztaroko argazki zaharkitu bat ferekatzen duen artean, dohakabe sentitzen da. Hasperenka eta nola-hala makila batez lagundurik, aulkian jartzen da.

        Eskerrak, gaur bere semeak etorriko zaizkio ikustalditxo bat egitera! Pentsamendu honek adorez eta kemenez betetzen du, eta irrikatan igaroko ditu ordu idor horiek.

        Oroipenak bururatzen zaizkio amaierarik gabeko ordu luze horietan. Zein gihartsu eta adoretsua izan zen! Kolorerik gabeko bi malko gardenek ihes egiten dute noizbait sakonak eta bizi-biziak izan ziren, baina gaur, aldiz, ezer adierazten ez duten bere bi begietatik. Bere lausotutako begietatik.

        "Tenore hartan denek maite zuten eta haren laguntza espero zuten. Tomasen hitz batez edo keinu baten eraginez arazo eta kezka guztiak suspertzen ziren. Denek ezagutua eta onartua zen haren duhintasuna".

        Horman eskegirik dagoen erlojuari begiratzen dio berriro ere. Minutuak astiro iragaiten dira; orratzak ozta-ozta, ia mugitu ere gaberik. Ordu laurdena bakarrik falta da!

        "Hemen balego Joxepa! Herrian zitroin gazte xarmant eta liluragarri hura agertu zenean, denak ere emaztegaitzat hartu gura zuten. Baina hark bakarrik, Tomasek, alegia, lortu zuen altxor preziatua eskuratzea, gisa guztietako marmarioak alboratuz eta herriko gazte eta zahar, mutil zen oro, aho bete hortzekin utziz".

        Seiak dira eta ez da inor etorri. Izan ere, Tomasi daqoeneko ez doakio ezer. Apurka apurka badoakio burua, bere buruaren jabe ez dela konturatzean negarrari ematen zaio.

        Seiak aspaldi iraganak dira. Ez da inor etorri; atzo, herenegun, eta... aspaldi honetan egunero gertatu denaren legez.

        Zaharretxeko bigarren pisuko arduraduna den monjak afaltzera jeits dadin deitu du Tomas. Baina hark ez du erantzuten, gelaren barnetik isiltasuna besterik ez da ertetzen. Zerraldo datza lurrean, nigarra zerioten begiek, orain ezerezeruntz so daudelarik...

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.