Orient Express...
Itxaro Borda
I.
Iragan ostegun arratsalde apaleko tren misteriotsua elkarrekin hartzen
ahalko genuen: geltokiko ostatu zaharrean bi kafe edan
genituen ameriketako indio gorriak aipatuz, eta hamar zentima
hori mahain gainean utziz, zerbitzariak second empire kutsuko
bibote harriagarri arta zezan...
Hezurretan berotasun asko sartzen zitzaigun, joaten, etortzen ziren
jende ameslarien abotsak entzunez eta permisionez libratuak
zituzten soldado gazte elekarien erdian jarririk ginaudelarik,
berotasun piskat haragian, bihotzean menturaz...
Ez genuen gutaz mintzatu nahi: gu, ni hizki pizuak baztertzen saiatzen
ginen, mundu honetakoak ez ziren logikarik gabeko historio
fantastikoak asmatuz. Beste hizkuntza inpertsonal bat, arinago
eta sakonago bat behar genuen solasean jarraitzeko...
Biak zein bere herriko ohituretarik hain urrun ginen, geltokiko taberna
hortan, galduak edo erroak mozturik, zertako tristetu: gu hospo
lehorrak ginen, eta arras ongi bagenekien bizitzen genuen
kafearen beltzak neurtu momentua osoki superfiziala zela...
Unibertsitateko bibliotekan aditu burges alaben fantasma idilikoak
aztertzen hasi ginenean, bat batean, hotz gaitzak hiriko harregiak
izoztu zituen: azenzorez eta horma puskatuz bete mahumak
segizkiten, gu estonatuak, gure baserritar ingumekin...
Erran zenidan Istanbulera abian zinela, Kurdistaneko espioi isilarekin
hitzarmen bat ba zenuela, zure anaia Firenzeko garan gaiztaginek
hil zitzaizutela, ahizpa Patagoniako anbasodearekin
eskondua zenuela eta zure amak agata kristi izena zuela...
Zergatik ez nituen zuk ahozkatu hitzak oro sinetsiko?
Sinestea bakardadearen kontrako erremedio ona da...
II.
Smarkandako bazilika bizantinoaren maldan, Orientetik etorri amets
saltzaleek, tamuleraz, biltzen zituzten ibiltari indiferenteak.
Raavi Shankarrek flautaz zoratzen zituen orduan, Calcuttako
karriketan idi sakratuek maltsotu suge xotilak.
Pekinen aldiz, eguzkiak Kublai khan handiaren ordena idurikatu behar zuen
bazterrak, etxeak, arbolak, loreak, haurrak eta emazteak
berotzen hasteko...
Benareseko eskaler sakratuetan, Gange ibai lasaiari begira, Michaux eta
Duras, eta Ginsberg ikusi zituzten inglesen Indietako inperioko
detektibe abilek.
III.
Egun batez biak joango gara Everesten gora oxigenorik gabe, gure amets
ergelak zutabe eta Maulen fabrikatu azken euskaldun espartin
parea oinetan. Hotzez hiltzea baizik ez dugu arriskatzen...
Egun batez biek larrua joko dugu Everest kaskoan dagon elur ohean.
IV.
Edo Titikaka aintziraren inguruan, Andestako lurretan zilatuak diren
harpeetan, apezek, gizonek, notableek eraiki kontzientziak
gobernatzeko sistemak sutan errausteko proiektu iraultzalariak
ozkan ezarriko ditugu, belar madarikatuak hortz artean
emeki emeki mastikatuz...
Edo bihar, edo orain, edo sekulan.
|