L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Non, ur limuria?

 

Horbel

 

—I—

Beti bezala jeiki zen. Ez beranduegi, ezta goizegi. Bederatzietan, demangun. Bizi zibilizatuaren abluzioak egin ondoren —nahiz eta bere bizimodua "duintasun"aren mail behenetariko batetan izan—, oraindik buruz oratuta, kafe zurrupatua gosaldu eta kaleratu zen.

        —Ohizko egunkaria?...

        —Bai, eskerrik asko... Hartu, bederatzi diruak. Gero arte!

        Alde zaharra mugimendu osoan dago iadanik. Udaberri hurbila susmatzaile eguzki hasberri batek merkata kale erdi bati poza ematen lortzen dio. Galtzada eta espaloiaren urdin beltzeskak eguzki eta itzalez kontrasta aurpegira botatzen du. Gosaldi estetikoa edo zer eginik gabe irten denarentzat, eguzkiaren dei subkonszienteak —urtearen lehenbiziko epeltasun naturalen balore unibertsala eramaten omen duena— mugildurik agian.

        Gorka ez da gaizki sentitzen, ezta ongi ere. Egun eguzkitsu honen argiaren efektu oharkabea, beharbada. Efektu honek edo eraginik, eguneroko larrialdietatik at sentitzen da. Gorkaren larrialdiak!: sarritan hain pertsonalki bizi egiten dituenak, bainan bestaldetik hain orokorrak direnak —ohar edo albaran blok batez ala erosketaren poltsaz haren aurrean igarotzen diren guztientzat arruntak—, non inoren gainean deskargatzeko adina garrantzirik ez bait die ematen... Bere ohar pertsonal eta besterenduezinak nahiko zaizkio.

        Dena dela, eguzkiaren eragin pean badago, ez da alai eta euforikoa sentitzeko bezanbat: Gorka potentziaz piromano bada, mehetasun gehiegiz da.

        Honela, oharkabea dana, Gorka oharkabea ere. Jendea pasa, bera pasa, espaloia elkarri uzten diote, banaketaren furgoiak, beharrezko eta ezbeharrezko kontsumoaren bideen nagusi, txuliatzen dituzte, automatak bezala guztiak direlarik: geldo ala zaluak, zintzo ala aldakorrak, loagatik edo ahanzturaren oroipenagatik beltzurituz ala ohiturak emandako axolakabekeriaren inertziagatik keinu zabalaz.

        Bankuz ereindako enparantzara iristen da. Hauetako batetan, eguzkitan, eseri eta egunkariko orrialdeak begiztatzen ditu, inoren gainean gehiegi baratu gabe. Politika foralaz xumeki eta keinurik gabe dibertitzen da, ganbioz eta nikeleztatutako diruxehez koskaturiko bandexetan eskaini nahi zioten Estatuko politikaren interes eskaxia jasotzen du, arian ezarian kizkurtu erabakitzen du pentsatuz nola langabeziaren zerrenda berritsuetan berari sar ote dakizkioken —zaila izanen zaie, oraindik ez baita lanean hasi—, Osasuna pasa, zinema karteldegiegi so egiten eta, azkenik orrialdeak atzerantz itzultzen ditu horoskopoaren bila, lasaitasun eta zentzuaz erreflexionatzeko egun egokia prometatzen diolarik.

        Gero, zigarro bat, ke eta gogoetak, helduezinak bata eta besteak, aurreko teilatu aldera botatzeko bultzada batek eraginik. Enparantzaren zehar ibilalditxo bat, txakur eta txakur popinen artean, jaun eta andreen artean, aurreudaberriko goiz erdiaren eder eta nagi ikustez andereino eta bizi bainan etxeko natura maitemindu duenaren tankera intelektuala duten mutil gazteen artean. Txakurrak jolasean ari eta usnatzen dira soropilan barna platanondoen azpian ala tamarindoak eta altxumak hesten dituzten lurrezko zirkuluetan, zuhaitzak irrigatzen dituztelarik beren txurru llabur eta esporadikoez.

        Etxe aldera itzultzen da Gorka, kaleetatik inguraldia eginik. Bere baitan, huts atsegina. Zeinean deusez baitago gabeziaz, ez eta ezer ez baita ere ohartzen. Pisurik ez, desio berezirik ez. Hidalgo gorputz ohartezina bezala kasik, inor eragin ez duena, inolako zentzumenaz ez duelako inork nabaritzen.

        Bere ogia eta, sukalmordoilorik gabe bazkaria prestatzeko, bizpahiru huskeria erosten ditu eta etxera heltzen da.

        Eserita, paper eta oharrak mugitzen eta ukiberritzen ditu, musikaz ixiltasuna girotu eta gero Siddharta nobelaren atal poetikoa irakurtzen du eta, presarik gabe, nagi eta zintzo hizkiz, bere burua nekarazirik gabe egoten dakienaren guritasunaz, idazten jartzen da:

                Berandu ala goizago

                —saski bat ixiltasun lepoan—,

                eguraldi honetatik etorriko da.

                Gaztea izango naiz oraindik,

                hamaika zimurrek nere urteak ttipiagotu arren,

                biziak eskatu arren, besterik ez,

                ni neu jafaitzeko

                haren bila,

                hurrengorik gabe edozein minutu batetan.

                Zumekien artean, ixiltasuna labainduko da

                eta ur limuriak nere entzumena urtuko du...

                Ez naiz hilgo,

                bizi egingo dut —bat gehiago— biziaren azken zurrumurrua.

 

—II—

Handik bi egunetara aurkitu zuten. Lagun batek, zeinarekin, noizbait, goiz hartarako geratuta izanen bait litzateke. Ez zen lagun hura harritu, bainan mindu zen, noski. Haren baitan ontzat hartzen behar bazuen ere Gorkak egiten ahal zuela, horrela nahi eta egin zuela, ezin zuen jasotzen, ordea, Gorkak eskubideren bat lezanik gainerakoez ez arduratzeko, haren hil moduak inor ez eragiteko eskubide berdinaz bere burua uste lezanik, bere indiferentziaren —bare eta argia, noski, eta ongi eramana, axolagabeko umorez ere, bainan indiferentzia azken finean— jabe eta nagusi bakartzat bere burua eduki lezanik.

        Kordokatu ziren lagunak, Gorkaren zerraldori ohizko egokiera eman ahalegindu zuten, sendagile eta hauzitegia abisatu, beste lagunak deitu, senideko bat aurkitu zuten, borobila ibiltzen hasi zen, gertaera hauetarako arautu ajetreo osoa antolatu zen.

        Galderak, oihuak, hilkexak, suposamenduak, negar zotinak, zizpuruak, doluminak; hilautoa, tanatorioa, autopista, zerraldoren apurketa eta birjosketa, analisisak, irizpideak, sendagile eta epaiezko txostenak, hilhotz gordelekua; oroitgarri errukitsuak, eskelak, gertaeren zutabetan gazetilak; gaubeila; hileta gizarteko, erlijioso, senideko, erritual eta zintzo laguntasunezko, kultural arauen erara...; garraioa, dolutaldea, kanposainduaren hilotoitza, zurrumurrak; hilek jabetzea lortzen inoiz ez duten ixiltasunaren aurkako zolen arrastera eta takoidakak zoia, bidexkak, bidezabalak eta arduragabe edo ezbabestutako hilobi batzu ere zapaldurik; irekitzen duten nitxo plaka; historiaurreko gizonaren troglodismo biziaren zibilizatutako eta hilezko bertsioaren legez zerraldoari egokiera; zementuz zigilatutako plaka "Goian Bego" delakoaz, beltzez marrazturik, inork ez duela nahi bereganatu; eskeinitako xingolez koroak; lore sortak; keinu pertsonalez bana banaka botatutako arrosa eta krabelinak, haien lerromakur eta mutu galderakizunez ulertezintasun eta ahalezina, eguraldirik izotzgilenean galtzera zigorturik hala ere, adierazirik...

        Barne galdera mordoilo kolektibo batek haizea zarrakatzen zuen eta uhin oharkaitzak eragiten zituen, giza soinua bihurtzen zirelarik:

        —Bainan zergatik?... Honela, inork ahal aurreikusirik gabe, susmorik ez jaso erazirik gabe, goibeheraldi edota atsekabez seinalerik gabe, haren betiko lasaitasunez... Bake bila honera etortzen behar al zuen, bere baitan zuelarik?

 

—III—

Itzuli erabaki zuen. Hainbeste ajetreo eta hunkimen bere inguruan, hain ontsa bazegoen, aurreko egotaldi ia ausenteaz... Nahi zuenean besterik ez zuen bere burua nabar erazten, berekiko inoren dependentzia bat ere ez sortzetik ihes eginik beti. Eta hona hemen nahastakeria hau... "Konponbiderik ez zegok. Produzitzen ez baduk ere. Ur limuriaren ametsa!..."

        Bere fantasiatik deseskeki zen, musikaz berriz adi egon eta arraultzak frijitzen hasi zen.

        Gainera, baldin noizbatean benetan erabakiko balu, ez luke horrela eginen, urrun baizik, inor nekaraz ez lezakelako segurtasunean, burokratiko behar hotzez ezik.

        Arraultza frijituen usainak jangura berotu zion eta ogia gantzatu zuen gorringo zurbilegiaz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.