L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Egiazko ipuin bat

 

Xanti Begiristain

 

Behin batetan Iruñean, munduan beste asko bezala, bezen elbarri bat (zer ote hori?) gizarte madarikatu eta bihotz gabe honetan bizi eta gainbizi ahal izateko makina bat eta bost gorabehera ta ustekabe jasan behar izaten zituena...

        Baina besteak beste, goazen harira, kasua hauxe duzue; urte luzeen zehar horrenbeste etxebizitza eta toki ezegokitatik igaro ondoren "zorioneko" egun batetan bizileku egokitu bat erostearen posibilitateak begiratzera animatu zen.

        Alde batetatik Espainiako Konstituzioak (kontuz, ez Euskal Herrikoak!) buru eta gorputz elbarriak goren mailako pertsona errespetagarritzat jotzen dituenez gero (hitzez, jakina!), beste edozein pertsona bezala, eta beste aldetatik, gorago esandako konstituzioak baduenez lege bat esaten duena pertsona elbarriek badutela eskubidea bizitoki egokirik eskuratzeko, gure ipuineko elbarri gazte honek orain dela aste gutxi, lehen aipatu dudan bezala, arratsalde batez Iruñeko San Martin etxegintza bulegoetara jo zuen eta zein ez zen izanen bere harridura han ikustean, erreztasunak eman beharrean, gehienak oztopoak eta eragozpenak zirela!

        Begira ezazue! gure ipuineko "Txanogorritxok" uste bazuen ere, berak beste edozein hiritarrek bezala eskubidea izango zuela etxebizitza bat aukeratzeko, garaiz joan ezkero, noski,... ...ba, suertatu zen ezetz!, ipuineko pertsonaia gaiztoak (Uharte jaunak gure kasuan) esan eta berresan zion ezetz!, bere entrepresan horrelako barnelegea zutela eginik eta ez zuela ("Txanogorritxok") inolako eskubiderik eta aukerarik bizilekua hautatzeko, hots, nahiz eta gure pertsonaia nahiko denborarekin joan eta pisu asko oraindik saldu gabe egon ez zioten utzi aukeratzen: "lehen solairu ezkerra, laugarren eskuina, etabar", baizik eta izendatu ziotena eta kitto!; hor ez zegoek pittinik ere esatearik!, izorra hadi!; besterik gabe.

        Ehiztariren batek pentsa lezake: "beno ba, pisu bat aurretik izendatu badiote elbarri bati inolako protestabiderik gabe baliteke hoberena edo hoberenetako bat izatea"!. Ba, ez!, "astar eta asteme" maiteak! (barkapenez); lehenengo solairuan eta iparralderantz ematen duena baita hain zuzen ere gure "Txanogorritxori" "eskeini" diotena, hotzena beraz; nahi badun/k har ezan/k edo bestela bakea eman ezan/k!... Maaajoo!!.

        Nahiz eta gure Txanogorritxoren lehengusu arkitekto batek (Txanourdintxo, alegia) eta une batetan ere amorerik eman gabe, hamaika ahalegin eta erdi egin, zer edo zer auzi hori konpontzeko, otsoaren aldetik (Sarrasin aberea, kasu honetan) ez du bat ere borondate positiborik topatu... ...Edo hori edo besterik ez!.

        Diru aldetik ere esan behar da ez dela gauerdiko ahuntzaren eztula eta ordaintzeko era, urte meta baten zehar etekin pila bat ordaindu behar duzularik.

        Baina ala eta guztiz ere gure Txanogorritxok erabaki zuen bizileku hori hartzea nahiz eta behaztopo mordo bat topatu. Kontratu izenpetzeko eguna iritsi zitzaion, eta ez duzue sinistuko, baina nahiz eta diru puska bat aurretik ordainduta izan, otsorik ankerrena, hau da, Sarrasin jauntxoak, berriz ere erreztasunik jarri beharrean esaten zituen hitz guziak edo behintzat gehienak desanimagarriak ziren eta gauzak bi aldiz pentsatzeko modukoak. Hau dela eta, bestea zela eta, bazirudian Sarrasin otsoak ez ziola Txanogorritxo elbarriari bizitoki hori saldu nahi; bai ote?, litekeena al da? Ba, bai!, jaunandreak! Eta zein da arrazoia?, galdetuko didazue seguraski. Ba, begira! Gertatzen dena da salmenta on bat ateratzen ari zaiola Sarrasin otsoari eta beste pisu guztiak salduta dituela etxemultzo horretan, beraz elbarri etxebizitza hau ez badio saltzen pertsona elbarri bati orduan aurrezten ditu igogailu bereziaren sosak, hala nola kanpoko atariko aldaparenak, eta bestaldetik etxe barruko zenbait eraldaketarenak... Hortaz, azken fineko ziorik nagusiena: txan tata txan!: beren interes ekonomiko partikularrak!; sineskaitz eta lotsagarria ezta?, baina egia bezain zinezkoa!.

        Hitz batez, nahiz eta pisu horiek hasiera batetan elbarri batentzat izan behar, diru puska haundiago bat ateratzen diote horrela saldu gabe, eta horixe da "otso" guztioien jokabidea: di-ru-a !!!... Bejondaiela eta ipurtzulotik jan ditzatela beraiek jartzen dituzten lepe-iruzurdun guztiak! Bitartean Txanogorritxo guztiok elkar gaitezen "amona" eta "ehiztari" guziekin Sarrasin eta Uharte buruazkar guztiak ahoa beterik hortz utzi ditzagun!

        Ah!, eta ahazturik neukana... Ipuintxo bat kontatzen ari nitzaizuen ezta?, beno, ba, hortaz, ipuinak bukatzen diren bezalaxe amaitu beharko dut, ez al da hala?: "Eta hau gezurra ez bazan sar dadila San Martin Etxegintzan eta leher dadila beren pratika dirudunetan!!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.