Ehun metro
Ramon Saizarbitoria
"Ehun metro" nobelan, euskal militante baten ihesa eta hilketa (ehun metroko korrika hunkigarri batetan) kontatzen zaigu. Hil baino lehen egindako lasterketaren deskribapena eta "korrikalariaren" oroimen, burutazio ta beste erreflexioez osatzen da testoa.
Ez da batere testo sinbolikoa. Euskal herriko kale ta bazterretan sarritan gertatutako drama baten kronika zehatza baizik.
"Ehun metro" argitarapenak, hainbat literatur kritikalarien iritziari helduz, euskal narratibagintzari modernotasuna ta idatz-teknika berriak ekarri zizkion.
Ugari izan dira idazlan honi buruzko saio ta azterketak. Guk, gure aldetik, idazle arituen txoko honetan, lasterketa fisikoa deskribatzen diren hiru atal ezberdinak aukeratu dizkizuegu, Saizarbitoriaren nobela osoa ezagutzeko eragingarriak daitezen konfiantzen gaudelakoan.
Para o te aso cabron
Arnasa hartzea automakikoki egin nahi nuke, zangoen eta batez ere, besoen mugimenduaren edo ritmoaren kontrolpetik libratu. Zangoen martxa edo ritmoa gutitu gabe, arnasa hartzearena makaldu. Haizea sudurretatik hartzen saiatzen haiz pulmoietara hotza sartzen ez uztearren eta ezpainak aurreratuz ahotik indarrez, lehen-baileen botatzen. Ba dakik ahalik eta oxigeno gehiena berritu behar duala, eta birikak karbonikoaz hustutzeko eta oxigenoz ahalik eta gehiena betetzeko ari haizen bezala, arnasa hestutzea ez dela biderik egokiena.
Ba dakik biriken laurden batez ari haizela lanean, baina hala ere aho-zabalik eta goseti, gero eta beharrezkoago egiten zaian oxigenoa bilatzen duk. (...)
Hicieron varios disparos al aire a fin de intimidar
(...) Aho zabalik, atzera botatzen duk burua, larriduraz, airea jan, irentsi edo tragatu nahian. Segundo batez, instant batez pausatu nahi huke, birikak, aire biziatu oroz hustuaz, esijitzen diaten oxigenoz barreneraino betetzeko. Baina aurrera jarraitzen duk gelditu gabe, hire bizitzaren sakrifizioaren zahi legokeen jainko bat bezala, eserita itxoiten duen tipoarenganantz. Zangoek agintzen ditek eta haien beharretara edo erritmora behintzat arnasa hartzera beharturik ikusten haiz.
|