Karlismoa hil da... biba post-karlismoa
Izen bat soilik
Interino
Iparramerikarrari ez zaio argumentorik eman behar. Alferrik da. Are gutxiago eskatu. Ez zaizkio edukiak interesatzen, aski du kanpo aldetik ikusten duenarekin. Begirada batek hunki dezake iparramerikarra, keinu irrigarri batek, eta behar izanez gero, hitz goxo batek. Ez ordea arrazoibidearen argudioak. Politikarien itxurak irabazten ditu hauteskundeak, halakoa edo kontrakoa delarik bere diskurtsoa, bere programa. Axalekoa haintzakotzat hartu eta mamia baztertzeko ohitura honi jarraikiz, ez da harritzekoa izenari beha egotea, izenari erreparatzea, atzean eta barruan dagoen mamia zein ote den galdegin gabe.
Ockham-eko Guillermok bere denboran zabaldu zuen nomninalismoa, esanahirik kaxkarrenean harturik, sustraiturik dago mundu librearen estatu buruzagiko biztanleen baitan. Itxuraz behintzat. Eta itxura da oraingo mintzagaia.
Bestaldera, itsu batek ere ikus lezakeena da USAlandiako gizakumeen megalomania. Ez da azalpenetan luzatu beharrik.
Guzti hau esan beharrezkoa da, Charles Roy historiadoreak "The New Carlicism" izenburua duen liburuan agertu dituen hipotesietara hurbiltzeko. Ez buru, ez buztanik duten hipotesiak, aurretik esan dezagun. Axalkerietan eta handimandikerietan aritu dela esatea lagungarri izango zaigu haseratik.
Charles Roy iparramerikarrak poltsikoa maite du, sakela beroa. Poltsikomin hau izan zen bere lan eta izerdien irtengunea. Poltsikoa betea maite izaki, kontsumo gizartearen etsai aurkitu zituen gorriak, komunistak. Sistemaren etsaiak, etsai pertsonalak zituen. Komunistenganako gorrotoaren galgan, dotrina gogaikarri haren sortzaile nor zen jakin zuen: Karl Marx bizarduna. Infernuko demonioa maiteago zukeen merkatu librea mehatxupean daukan teoriaren asmatzailea baino. Izenkide izateak amorrua biztu egiten zion.
Zozokeria eman lezake, baina horrela idazten da historia, batez ere Charles Royrena. Beste izenkide bat zeukan Amerikak mamu beltz eta gaizto guztien pertsonifikazioa. Aurpegirik gabeko Carlos terrorista poliformoa, munduaren hamaika bazterretan ikarak eta larrialdiak sortu dituen Carlos bera, besapen lehergailua beti prest daukalarik, atentado egile trebea, mundua mila puskatan saltatuko luken bihotzgabea.
Etsaiarik gorriena, mamurik beltzena. Espantuka, jaiotizenari uko egitea deliberatu zuen Charles Roy-ek. Tramiteak hasi berriak zituen Izendegian, gauzak beste era batera molda zitezkeela otu zitzaionean. Agian Carlos guztiak ez ziren hain makurrak. Agian munduak eman dituen Karl, Charles, Charlot eta antzekoen artean gehiago ziren urguilurako motibo zirenak. Ikerketa zabala zuen aurrean, izan diren eta diren Carlos guztiak banan bana aztertuko zituen. Honela jaio zen gaurko egunean "The New Carliscism" liburu mardula dena. Menendez Pelayo berritua bailitzen, izenkide zituenen bizitza eta obrak xeheki ezagutu zituen, eta gero, epaia eman.
Ezin hemen idazlan osoaren sintesia egiten hasi. Argitalpen espezializatuen egitekoa da hori. Aski izan bekigu ospe handiko pertsonaiak ageri direla, esatea, ehun da bost errege, berrogei zientziagizon, hamaika pailazo eta beste hainbat politikari. Darwin, Chaplin, Rivel, Gardel, Carlos Kinto, Karlaundi, Juan C. I, beste asko eta askoren artean. Homonimoen joku honek guztiz liluratua zeukan Charles Roy. Lilura hura delirio hutsa bilakatu zen begiak Carlos-Herrira bihurtu zituenean. Karlismoak hain fruitu emankorrak sortu dituen lurralde honetan, oparoan aurkitu zituen langaiak. Liburuaren puska handia hartzen dute kapitulu hauek.
Izenkideen zirimolak zorabiaturik, karlismoa aztertzen du. Konklusioak besterik ez ditugu jasoko. Honela dio Charles Roy-ek: "Karlistak fueristak ziren". Baina fuerista guztiak ez ziren karlistak. Hori bai, integristak ziren gehienak. Monarkikorik ere bazen. Tradizionalistak? Bakar batzuk kenduta, denak. Karlistak, federalistak eta zentralistak. Karlistak, aberatsak eta pobreak, jauntxoak eta apezak. Zer zen elkarganatzen zituena? Ez ideologia, ez dotriña. Gauza bakarra dute guztiek amankomun: "Karlos maite dute. Karlos-i atxikimendua adierazi dute guztiek. Izenean dago gakoa. Karlismoa ez da izen batek berezko duen erakargarritasuna baino. Litekeena da izenak halako doahin berezia ematea izenaren jabe direnei". Begi betean ikusten zuen Charles Roy-ek ikerketaren emaitza: fueroak, batzuk, erlijioa besteak, monarkia, agian, baten batek, defendatzen zutelakoan, izen baten alde borrokatu ziren. (The New Carlicism; 479 or.)
Teoria honen alde lekukotasuna aurkitu zuen Roy-ek Iruñeko poligrafo entzutetsuaren baitan: "Corrían los mozos nabarros a alistarse en las filas de Don Carlos, porque en aquel país existe la costumbre inconsciente de ser carlista" (gaztelaniaz orijinalean).
Guzti hori historia zen ordea. Iragana, eta egungo Carlos berriak, karlismo berria zer den analizatzen ahaleginetan aritua da Ch. Roy. Carlos guztiak nahi zituen. Salbuespenik gabe. Hasteko, zerrenda bat behar zuen. Lana erdi egina zeukan, ordurako Iralak hustuak baitzituen artxiboak. Datoak eguneratzea besterik ez zen falta. Gutxixe ziren Carlos grazia ponteroak. Ez da usu agertzen den izena. Baina... "Diren apurrak beren oin-arrastoak historia liburutan uzteko sortuak dirudite. Zantzuak ere eta nabarmenago dira, zenbat eta goitiago ibili gizona. Ongi kolokaturik daude Karlos izenekoak.
Agintari eta manatzaileetan Carlosen ehuneko hainbestekoa altua da. Ezizen eta goitizenen atzean izkutaturik daude batzuk. Karlistak berriz, ugari, fueristak dira. Baina foruzale agertu direnak ez dira karlistak. Integrista samarrak batzuk. Sozialdemokrata erizten diote batzuk bere buruari. Ez dira, ordea, besteak baino aurrerakoiago. Foruzale agertzen direnak batasunaren kontzeptu hestuagoa dute. Bat bat omen da. Ustez progreagoak direnak, batasuna bitan banatu dute. Eta Irala bultzaka. Ororen erdian, Carlos. Inguruan, Carloszaleak, beren ustez doktrinak elkarganaturik, ideiak lotzen dituelakoan, izen bati altxikiz. Boterea galzorian duelarik sortu da karlistada. Adhesio hautsezinak agertu dira. Izenari josiak. Gora Karlos, batzuk; behera, besteak. Carloskideren bati 'caudillo' hitza itzuri omen zaio. Izanik gabeko izena ote da Carlismoa? Egon pixkatean: baten bat lau bidetxidorrak bat egitera daraman joeratik apartatu da. Traizioa, traizioa, diote. Bentaaundiko bilketan baino traizio gehiago dago hemen. 'Zu ere bai, Mario?' Zuek hor eta gu hemen, parez pare. Pareja izango gara aurrerantzen. Bi izango gara eta gero soziedadea eginen dugu. Oinezkoak ez dira jabetu goian gertatu den aldaketaz. Izenak uste ez den izana du. Lehengoa defensatzen ari direlakoan, izenaren morroi.
Ez da historiaren irakaspenik ahantzi behar. Mutilak utzita ihesi dihoaz, karlisten jeneral faltsuak. Praxiaren halabeharrez terceraviatik lerraturik. Nor da traidore?".
Konklusiotan sudurra sartu zuen ia Charles Roy-ek. Izena eta izanaren arteko lokera guztiz idoroa zuen. Urrutiegi joana zen, gehiegitxo esan zezakeen, iparramerikar txatxu bat izateko. Liburuari orrialdea erauzi zion baten batek. CIAren lana ote? Agit-Propena? Diotenez, "The New Carliscism" osoki irakurri duen bati entzuna diot, beste harek esan zuena aipatzen zen: "Volveré" eta haizeran erantzuna: "Nahi bai" izan zen.
Izenkidetasunaren itsasoan ito zen Charles Roy. Sekula ez zuen jakin ahal izan azken batez bera ez zela bera, artikulu-egile baten pertsonaia literarioa baizik. Heteronimo soil bat izanik, izenkideek erotu zuten. Lastima.
|