L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

Afrika, beldur ote?

 

Joakin Balentzia

 

Arazo larria zen, oso partikularra. Haren kezkak bultzatu ninduen detektibe agentzia hartaraino. Propagandan bederen presentatzen zen guztiz konfidantzazkoa bezala. Efikazia eta diskretasuna denaz gainera.

        Hiru egun ziren bueltak ematen nituela ohantzean loak hartu gabe. Ezin nuen jasan nire sekretua gehiago gordetzea. Hura akabu zen! Gauetan zehar mamuen munduak hartzen ninduen lepotik, kupidarik gabe. Eta goizaldea ailegatuz gero joan behar izaten nuen lan egitera hain neketsua eta. Egoera erabat estua zen. Denoi pasatuko zitzaiela honako kasu batean suposatzen dut baina ni lehertzeko zorian nengoen eta premiazkoa izan zitzaidan norbaiti nire sekretu espantagarria aitortzea.

        Lantokira heltzerakoan beti zegoen lankide grazios bat "nire gaueko parranda itzelak" igartzeko prest. Orduan parrandak asmatu behar nuen beraiek nire egiazko larritasunak ez zitzaten susma.

        "Joan den gauarena izan da kristoren juerga", hasi nintzen gogo txarrez biharamunean, —bigarren gaua lo egin gabe pasatu ondoren—. "Bapo geratu ginen afari eder batean eta taldekoak ados geunden zubi zaharraren azpira joateko. Edari ugari hartuz leku bitxi hartan elkartu, maria eta guzti erre genuen. Su piztu ondoren Beñat hasi zen dantzatzen sutzarren inguruan indioarena egiten eta pixkanaka-pixkanaka guztiok antzekoa egin genuen".

        "Dakizuenez bart ilargi arras borobila zen. Beno, suaren distirapena eta ilargiaren argitasuna ederki elkartu ziren irentsitako genuen alkoolarekin. Guzti horrek juerga itzel eta lilura kolektibo batean kokatu gintuen".

        Lankide eszeptikoek begi sinesgaitzez so egiten zidaten baina hortaz hitzik egin gabe geratu ziren. Ene ustez nire bibote dardaratiak estaltzen zituen nire asmapenak sartezinak egiten lainoaren antzera. Betidanik anitz estimatu dut bibotea nire ezsegurtasuna ezkutatzeko balio izan ohi zaidalako.

        Ordukoan urte anitz garraio agentzia beldurgarri batean lan egiten nuen. Entrepresa garrantzitsua zen, goratzeko egiazko asmoak inoiz ez banituen ere. Errealki ez nintzen treberik asteroko mugimenduak koadratzeko eta askoz gutxiago ere hilabeterokoak. Horregatik ene kontua zen bakarrik egunerokoak eramatea. Muga horren barruan erreztasun erlatiboa banuen eta batzutan abilezia.

        Kamioiak kargatzen eta deskargatzen lan egiten zuen gizon batek, Josetxo, hirurogei urtekoa, erabat xarmanta. Berak eman ohi zizkidan kamioietako mugimenduen datuak eta neuk ordenaz paratzen nituen beste batzuk goren kontuak ateratzeko.

        Josetxo lodia bezain xarmanta zen, inhibiziorik gabe barre egiten zuela eta noizean behin zigarroak erretzen zituen patxadaz zaporeztatzen. Begi xume, malizios eta laztantsuak batera zituen. Tenore hartan niri iruditzen zitzaidan pasatzen zitzaidana berak agian intuitzen zuela. Ez dakit.

        Egun hartan, lo egin gabe hirugarren gaua pasatuz gero, parranda haundiago bat igarri egin behar nuen, ene itxura benetazko penagarria zela eta. "Joan den gauarenean guztiok sartu ginen barka batean eta goitik behera ibili ginen ibaian. Kandelak eramaten genituen argitzeko eta gisa honetaz ari izan ginen bazterretan ibilitako jendea beldurtzen. Kandelen bidez figura mamitsuak egiten genituen eta bikoteak zeuden lekutaraino hurbiltzen ginen soinu ikaragarriak egiten. Egia errateko harrikadak aski erdietsi genituela". Barre algara jenerala bulegoan.

        Josetxo hainbeste hunkitu nuen non kafe bat edaten gonbidatu bait zidan atsedenaldi momentuan.

        —Mutil, zergatik ez zoaz medikuarengana? Ez zaudela hain ongi uste dut.

        —Bai, ematen dit sukar arrarorik dudala, baina ez nuke jakinen zehatz-mehatz zer erran medikuari egiaz.

        —Ez kezkatu, berak duzuna hatzemanen dizu. Ikusten zaitula une batean eta kitto.

        —Aizu, geldi, hain gaizki ikusten nauzu edo?

        —Ez, mutil, ez da hori. Ez da hainbesterako, ez pentsa ere!

        Geroago, lanera berriz itzultzerakoan, oso pentsakorra geratu nintzen. Jakin al dezake Josetxok ene sekretua eta disimulatzeko moduan hitz egin dit eri bati bezala?

        Detektibe agentzian egon nintzenean ene izena eta helbidea badaezpada hartu zizkidaten bakarrik. Telefonorik ez. "Guk ez dugu lanik egiten telefonoren bidez. Badakigu zer gertatzen den. Hori baino serioagoak gara eta". Nirekin topo eginen luketeela lehenbailehen, fida ez nendila batez ere oraingo adiskideetaz eta lagun berriak egin nitzala. Hauexek izan ziren beraien ohar soilak.

        Lehendabiziko okasio hartan ezin nuen bota ene problema latza baina ongi iruditu zitzaizkidan hiru aholku horiek.

        Apuntatu egin ninduten zerrenda luze batean eta hiru aholkuekin batera, maitagarriki bai baina irmeki, bidali ninduten karrikara. Ene kabuz pentsatu nuen bizitza normala egitea, lana ez uztea oraindik. Horrela aurki ninduketela aiseago. Ene ustez ez zidaten espreski debekatu agentziara joatea baina erran zidatena hauxe izan zen "topo eginen luketeela nirekin". "Lehenbailehen" adierazpena ez dakit hain ziur ea erran zidaten edo imaginatu nuen.

        Erran zidatenez egun hartan erabaki nuen etxera soilik joatea. Normalki joan ohi nintzen Josetxorekin edo beste lankide batekin, baina komenigarririk ez zela lagundirik etxeratzea pentsátu nuen. Iruditu zitzaidan komenigarriago oinez ibiltzea. Egunero hartzen nituen bi autobusa hiriko beste punta bizi izaten nintzen eta.

        —Mutil, oinez joanen al zara gaur edo zer?

        —Ba, kirola egin behar dut eta.

        —Euria eginen omen du.

        —Nahiago dut horrela, txipatua geratu arren.

        —Bihar arte eta zintzo ibili.

        Eta Josetxok altxatu zituen sorbaldak autobusa itxadoten gelditzen zen bitartean. Lehenbiziko aldiz begiratu nuen zerua eta hodei mehatxagarriak ikusi nituen. Eskuak poltsikoetan sartu eta pauso irmez ekin nion bideari. Maldan gora.

        Gasolindegi batean kotxe anitz zeuden zaintzen. Egun batean kotxe bat erosiko dut, elektrikoa benetan, gasolindegietan ez zaintzeko. Gizon heldu batek so egin dit etengabeki. Kotxeko leihatila jeitsi du hobe ni ikusteko. Zer nahi duzu, tximino hori? Tximinoan antza du, bai benetan. Bota egin diot begirada tinko bat eta segitu dut tente aurrera burua bihurtu gabe. Ukabilak estutu ditut poltsikoen barrukoan.

        Izerditan nengoen. Gero eta arinago ibiltzen nintzen aldapa amaitu bait zen. Ez zitzaidan atsegin Josetxok autobusatik agur egin zidalarik jende askok ikus bait nindukedan. Bihar erranen diot ergel horri lantokitik kanpoan ez nazala agur.

        Euria ari du gogor, baina ez zait gogaitzen gabardinarik ez egon arren. Jendea presaka doa aterpataraino edo zabaltzen ditu euritakoak. Nik jarraitzen dut euripean nire baitan sartua. Konturatzen naizenerako hezurretaraino nago txipatua. Karrikak estutzen dira eta arratsea iluntzen gero eta gehiago.

        Hiriko parte zaharra ongi ezaguna dut eta nire gibelean dabilenari despistatzea saiatzen ari naiz. Bere zamar hori eta luzeak jarraitzen nau orain hamar minutu edo. Txano haundiak estaltzen du bere burua eta ezin dut nabarmendu aurpegia arratseko itzaletan.

        Euria gutxitzen ari du baina blai bustita nabil eta hotz izaten hasten naiz. Taberna hartan baditut lagunak baina ez da komenigarririk kezka honetan ikus nazatela; sartuko naiz urrutiago dagoen batera.

        Eskatzeagatik tabernan zerbait eskatzen nuen bitartean txano horiak estaltzen zuena ikus nezakeen, hots, andre baten irrifarrea. Nire gibeletik sartua zen. Egiaz ez nuen jakin edo lasaitu edo nerbiotsuago geratu lehenbiziko unetan. Andrearen irriñoak min egiten zidan bizi-apostu baten antzera. Bere aurpegiak gazte itxura zuen baina edado finkorik gabe.

        Nik susmo egiten nuena baldin bazen betetzen zuen lehenbiziko mandaturik ez zela garbi ikusten zen bere begietan. Hauek ziren beltz eta gogorrak, txiki eta seguruak. Irrifarrea, berriz, bigun eta beldurtia, begien ihardespena zen.

        Andreak laranjada bat eskatu zuen eta orduantxe berbera hartzen ari nintzela konturatu nintzen. Halako batean ikusi nuen andreak nirekin solas egitea nahi zuela. Eta detektibe agentziaren partetik etortzen bazitzaidan? Posibilitate honetaz agudo pentsatu nuen eta esfortzatu nintzen nire susmo beltzak aparte paratzeko. Bestela arinago eginen zukeen nire kontra. Hala ere bere eskuak begi bistan ziren, batean laranjada eta txotxa bat bestean. Zamar horia aski zabala zen armak eskutatzeko baina hemendik aurrera oso ikusita zuten tabernan geroago identifikatua geratzeko.

        Nik ez nuen presarik nire laranjada akitzeko seguru sentitzen bait nintzen taberna hartan. Baita andre ezezagunak ematen zuen ere ez zuela presarik eta patxadaz edaten ari zen. Hasi ginen begira elkarri disimulorik gabe eta bera irriñoa utzi gabe. Hurbiltzen ari zen niregana eta mantso-mantso ene desfidantza galtzen ari nintzela andre haren aurrean konturatu nintzen. Zergatik ez dituzte gauzak egiten normalkiago?

        Bapatean, nire kasa berak asma zezan bezala, ene harridura haunditu zen sinesgaizki ikustean nola andrea putarena egiten hasi zen. Keinuz, ñikadaz eta irriño maliziosagoz egiten ninduen berari jarraitzeko. Tabernaria sartu zen jokoan eta erraten zidan argi eta garbi, seinale esankorren bidez, bera ere aditzen ari zela. Nik ez nekien non sartu nire burua. Amorratu zidan tabernariaren muturra sartzeak eta orduan konturatu nintzen hiruok besterik tabernan ez geundela. Bezero batzu irten ziren eta.

        Halako batean andrea hitzik gabe irten zen tabernatik ordaindu ondoren. Ikaratu nintzen antzematean nola jasan behar izanen nituzkeen alu haren isekak han geratu banintz. Horregatik berehala andrearen gibeletik irtetea nahiago izan nuen mila aldiz.

        Karrikan egon nitzelarik arnasa hartu eta abiatu nintzen andrearen zentzu kontrariorantz. Bera desagertu zen izkina batetik baina utzi zuen airean arrasto mehatxagarri bat, lurrin gozoegiaren antzera. Piztu nuen zigarrotxo bat eta hasi nintzen erretzen patxadaz. Nire baretasuna hautsia geratu zen bost minutu barru andrea berragertu zitzaidanean izkina bat pasatzerakoan. Han zegoen nire zain atari baten ondoan.

        —Zer, mutil, azkenean soilik gaude!

        —Bai zera.

        —Oskarbi geratu da baina hotz eta zu txipaturik. Zatoz nirekin arropa aldatzera eta pixka bat berotzera. Hementxe bizi naiz eta.

        Eskolaume zintzoaren antzera jarraitu nuen bere gibeletik. Eskailera zegoen ongi argitsua etxe zaharra izan arren. Andrea kendu zen zamar horia eskaileran bertan eta ikusi ahal nituen artilezko txaketa berde lodia eta galtza estu beltza. Ene urdailetik igo zen laranjazko zapore gustagarria beraren ipurdiari arretaz so egiten nion bitartean. Hirugarren solairua eta oraindik ez da sartzen. Nire lagunak jarraitzen dio igotzeari burua bihurtu gabe. Hasten naiz sentitzen irrigarririk eta gogoak berriz jeisteko laugarren solairuan bere ohizko irriñoa botatuz "bagara" erraten didanean.

        Arnasa hartu nuen lasaiago atea irekitzen zuen bitartean. Andre gazte bakar baten etxebizitza zela lehenbiziko bistaz ikusten zen: lastozko haltzariak, posterrak, nahaskela ikasia. Egongelan piztu zituen argia eta berogailu elektrikoa.

        —Hurbildu honat, erantzi arropa bustia eta utzi hementxe, faborez. Ekarriko dizut txabusina bat.

        Bere boza zen seguru eta leuna batera, amarena bezala. Une batez pentsatu nuen eskolaumearena ez egitea eta jarri nintzen besaulki batean berogailuaren ondoan. Ez nien kasurik egin bere mandatuei. Hezitasun epelak pozten ninduen lastanduz nire gorputz erlaxatua. Andrea joana zen ez dakit nora eta geratu nintzen soilik egongelan.

        Lehiotik ikusten zen gau hasi berria, gaitzaren iragarpen goibelaren antzera. Baina hori da kanpoan, hemen bero eta argi ditut eta. Hemendik aurrera hasiko naiz jaurtikitzen ene mozorroak. Ez dakit zergatik baina horrelaxe sentitzen, hobe, antzematen dut sendoki eta nire bibotea dardaraz mugitzen da ezpainaren gainean.

        Andrea agertu zen txabusinaz jantzirik eta beste batekin niretzat eskuetan. Erran zidan Afrika zela bere izena, baina ez zidan galdetu nirea. Hobe horrela. Bragaren markarik ez zitzaion nabaritzen ipurdian. Txabusina leunak uzten zidan igartzea erabat biluzirik zegoela barrukoan eta niregana makurtzerakoan ikusi ahal nuen diti txiki eta zorrotza. Ene irudimena martxan jarri zen presaka komunera erazteko joan nintzelarik.

        Gauza erraza izan zen benetan. Afrika zegoen nire zain zutik ni komunetik irteterakoan. Itxadoten ari zen ene lehenbiziko besarkada irrifarrez eta segurua. Eskenaren nagusia bera sentitzen zen. Txabusinako gerrikoa eskuetan mantentzen nuen besarkatzen nuen bitartean. Gogorki hertsi nuen gerrikoa bere lepoa inguratuz. Indar egin genuen biok zolura erortzeraino. Bere segurtasuna galdu zuen segundu gutxitan baina izuak ez zion irriñorik galerazi ito hilez gero.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.