Ezeren apologiarik egin nahi gabe
(badaezpada ere...)
Koldo Martinez
Historia hainbat eratan idatz daiteke. Eta hau, ez diot nik bakarrik. Gauza bera baieztatu du urteetan zehar hainbat pentsalarik (bere garaiko Elizaren kontrako Galileoren E pur si mouve, dut gogoan), poetak (Brecht, Bertolt Brechten poemak kontutan har, adibidez), kazetarik (Diario de Navarrakoetaz ari naiz bereziki, bainan ez soilik), iraultzalarik (Marx, Lenin, Txe, Etxebarrieta eta Egin gure egunkariaren edozein aletan agertzen diren eskeletako izenen zerrenda luze eta ugaria... Ai, ene, hainbat iraultzalari, ETA GERO HAU), zapaltzailek (Bat bitan banatzen baita, esaterako, POSEko gobernua, Españakoa eta Navarrakoa)... eta hainbat herrik ere (Euskal Herriak berak, alegia).
Halaxe da, bai. Zeren, zer da, bestela, herri xeheak hainbat aldiz errepikaturiko leloa: "Horrela idazten omen da Historia"?. Ez da, batzuk nahi luketen bezala, kristau erresignazioaren zeinu, ezta ere bizitzaren (historia beraren) ahidura eta desenkantoarena. Ez. Historia hainbat eratara idatz eta egin daitekeelaren aitormen huts eta deskarnatua baizik.
Gogoan izan bestela zer zioten geure gurasoek "gerra zibil" deituriko aspaldiko kontienda hura praile eta mojek irakasten zigutenean... Ba, dena gezur hutsa zela. Gaiztoak falangistak eta karlistak zirela, euzko gudariak, aldiz, onak; haiek zirela gauzak lapurtu requisado por el requeté izenpean egiten zutenak, apaizak hil, hiriak lehertu, birjinak elizetakoak ere, bainan besteak baten ere bortxatu, euskaraz beste ez zekiten aitonamonei bronka bota, zekiten horretaz mintzo zirelako, gudarien ama, arreba, emazte edo emaztegaiei azeiterizino eman, ilea moztu eta kaleetan zehar pasea arazi, eta besoa altxaerazirik VIVAFRANCOARRIBAESPAÑA oihukatzera behartzen zutenak... Bai egitan, akelarretan agertzen omen ziren deabruak baino errealago eta okerragoak. Hala ere, hauentzat ez zen Inkisiziorik, eta hala ere Franco paliopean paseatzen zuten, eta hala ere...
Eta hala ere, nahiz eta historia era horretan ikasi behar, guk bagenekien gezur hutsa zela dena, eta egunen batetan gauzak argituko liratekeela... Eta hala, ETA.
Eta berriz historia bera. Talde ateosubversivoilegalasesinomarxistaleninistafrentepopulistaanarquistaterrorista eta eskrupulorik gabea bezala presentatutako hori, jende askoren sinpatia eta laguntza jasotzen du. Bai, bai, ongi dakit La Voz de España eta holakoetan ez zutela hori idazten, noski. Bainan, paper hoietaz balia ez zitekeen jendeak beste idaztankera bat desarroilatu zuen. Dazibaoa, grafittia. Beno, pintada hutsa, horrela gehiago atsegiten bazaizue. Pintada asko ikusi da geure herrietako horma eta ateetan: GORAETAMMETAMATALOSQUESEVAYAN... Denak aipatzea ezinezkoa litzateke. Bainan neri, inoiz ikusi eta egin ditudanetatik gehien gustatu zaidana aipatu nahi dizuet. Orain gutti arte. Museo de Navarra aldean, Lanbroa ondoan, eta Tribunal de Menores pareko horman zegoen. Ikaragarrizko kutsu erromantikoa dario...
ETA, MAITE ZAITUT.
Dena dela, gaur a la page egon beharra dela eta, pintada hori beste era honetara idatzi beharko litzateke...
(Bainan puntu honetara heltzean, KORROKero zaharrek frankismopean ikasi, erabili eta hain maisuki menderatzen heldu ginen autoheterozentsura egin didate, eta ETA jarri beharrean, puntu suspentsiboak ezartzearen egokitasuna sujeritu didate).
(Bainan puntu honetara heltzean, ALTO POLICIA oihuak, idazkia hortxe bertan zegoen bezalaxe uztera behartu nau, eta ETA jarri beharrean, puntu suspentsiboak ere ezarri gabe, korrika ateratzean egokitasuna bururatu zait).
Dena dela, arrazoi honen edo besteren kausaz, hor uzten dut idaztia, bakoitzak bere kabuz osa dezan... Hori bai, ezeren apologiarik egin gabe, badaezpada ere.
Ah! Eta historia hainbat eratan idaz eta egin daitekeela ahantzi gabe.
Azken finean, hori frogatzeko aritu naiz lerro hauetaz eta...
|