Perseides Uriz
Azar bezalaxe;
Unibertsoaren
lehengo
pilpiraren
oldarra;
izan dadila
zure irribarra
nirekiko
atxekidura;
korapilo
higikorrak
armoniazko
patu
iraunkor
batetan
batu araziz...
Aho hori nahi dut bazkal
eta zure ezpainek daridaten
ardo gorri hori edan!...
Soro hauek ditu nahi utzi
eta ekialderuntz zu eramanik
urre berde asez bihurtu urtzi!...
Zure azalaren pentagraman
keinu berriak izkribatu nahi ditut
eta haren musika xarmantez izan jabe beti!...
Bainatu nahi dut zure baitan
eta beretik iturbegi bat jario eraziz
lur guztiak ito egin!...
Dantzarisaren
soslai leuna
zilarrez hegazkaturik
zerua puntetan
hildokatzen duzuna.
Afrodita hegalaria...
Ohian, haize
eta harkaitzen
Jainkosa.
Desitsats zaitez
mundu hontako
harmarri, bandera
eta erresumetatik...
Hegaz egizu gora!
Hegaz egizu libro!
Arrano, Arranoa!!!
Neure semea ondoez neukan
oraingo honetan sendoa daukat.
Jinkoari esker sendoa dut-eta.
Lehenago lan hartantxe
nire soldata ehun mila pezetakoa zen
oraingo honetan berreun milakoa.
Jinkoari esker bikoiztu dut-eta.
Ez-ustean amildu zen etxea
barnean zirenak hilda suertatuz,
gu, kalean ginela, guztiok salbo.
Jinkoari esker feri-eguna zen-eta.
Jinkoari esker, ttun-kurrun
Jinkoari esker, bunbullun
Jinkoari esker, kaska melon
Sentimendua galduz gero
geratzen zaigun bakarra
logika da,
sobera logikoak gara.
Logika galduz gero
geratzen zaigun bakarra
zoroaldia da,
sobera zoroak gara.
Zoroaldia galduz gero
geratzen zaigun bakarra
gure gaurko oraina da.
Sobera logikoak gara
Sobera zoroak para.
Sobera, sobera, sobera...
Jaio puntu
beretik
azken hatsa
despeditu arte
duela milaka
milioi urte
arratsalde
eguzkitsu batetan
narrazti berdexka
antzeko batek
belar pilotxo bat
pazientziaz
muinetan bihurturik
ia nabaritu gabe
daramagu geurekin...
Hori
eta zertxobait gehiago
besterik ez gara.
Neure idei-bolanteari
helduta natzaio
hogeitamarren
zidorretik gaindi.
Parre eta negarraldiak
gibel alderantz
metatzen dira nonnahi.
Oraingoaz txunditurik nago:
berriz ere txikitango beldurrak
nitaz jabetu dira.
Mamu izugarriek
elkarrekin liskartzen dute,
haien koba-zulo hondora
eraman nahi mute!
Nik etsitzen dira saiatzen:
Lortuko ote?
Hitzek jan
ez dezaten
izarrez
estali gogo dut
mihia.
Mintzo
arazi didazu
eta...
meteorito
bat
ttu egin
dizut.
hosto guttiko
eta erro sakon
buru
makurturik
ezinezko
kimu
hezigaitza
da
Euskal Herria...
Sartu ezinezko
hitz-oihan honetan
kinkaz egokitzen ditut
nire poemak.
Hitz elbarria
bai latza dela aritzea!
Aspertzen nau
Kintanaren hiztegiak;
erdeinu ditut
Azkue eta Mujikarenak.
Txillardegi eta Goenagaren
gramatikak
erretzeko bidetan nago.
Gisa honetan ez dut
egundaino poema bat ere
idatziko.
Ehuneko hogeiaren mintzairak
poesiarako adorerik ez badu,
hainbat buruhauste zertarako?
Plaza honetan jatorra izateko
pontifikatu beharra dago:
"Euskaldunok geurok poema bana
erditu arteino Euskalerria
ez da inoiz euskaldunen
herria
izango"
|