L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Nafarroaren Jaialdiak: norenak?

 

Interino

 

        BI ZUTABE

        Bi eustarri sendoren gainean tinkatu dira Jaialdiak. Bi erizpide; bat, beste aldetan ere halakoak edo antzekoak dauzkate. Estropadak, zaldi lasterketak, jazzaldiak zinemaldiak, opera zikloak, mito rockeroen saioak, festibalak, jaialdiak... Eta guzti honekin batera, Udako Ikastaro Unibertsitarioak. Ez da autonomiarik, ez probintziarik bere festibalak antolatzen ez dituenik. Non dago gure korajera, gure izen ona, nafarrok, non gure urguilua? Erakuts diezaiegun geu ere gauza garela.

        Oinarri horrekin, bigarren kriterioa: boterea lortu berria duten teknokrata foralek argi dituzte gauzak. Badute konbentzimendua. Zer edo zer egin beharra dugu. Aurrekoek ez al zuten egin bada? Ezin gu gutxiago izan. Zer eta nola ez dakigu, baina eginen dugu, halafede.

        Bidea urratzen hasiz gero, abiapundua ziurtaturik, helmuga eta xedeak finkaturik, halako planifikazio zientifikoarekin alegia, erreza da gainerakoa. Karnetaren jabe den tipo dinamiko bat behar dugu. —To, Tako, har ezak boltsa, eta hoa kulturaren merkatuan zer dagoen ikustera.

        Andre Joxepak aspaldi honetan denda itxia duenez, bi bide besterik ez zuen aukeran: Ordiziko azokarakoa, ala Madrileko Galerias Preciadosera daramana. Duda izpirik gabe, martxan jarri zen. Poltsikoan berrogei miloi zeramala, eskaparateari begiratu soil bat eman eta sartu zen orduko prezioen zerrenda eskatu zuen. Laster erabaki zuen menurik goxoena, kulturarik homologatuena: bixigu garesti ederra, espektakulo kosmopolita, bi kilo tenporadako berdura, likidaziotan dagoen intelektual begiokerra, ukitu exotikoa emateko fruitu arraro pare bat, txantxetan ez zebilela aditzera emateko markako ardoa, ikastaro trinkoak dozenan, eltzekarirako nahasgaiak... eta kitto. Egina dago. Ez zen behar bada oso janari zaporetsua, baina bai bariatua, eta orekatua: jakirik arruntenak punta-puntako elikadura eskisitoaren ondoan. Konbinazio dotorea. Saskia kulturgaiez mukuru, Txanagorritxu amonaren etxera bezain jostakin iritsi zen Tako Paradisu Foralera. Trebea mandataria!

        Pozik zeuden teknoforalak.

        Aurpegiko zimurrak disimulatzeko makilaje bikaina. Ez gara lotsagarri geldituko. Inork ez du gure lepotik farre eginen. Baditugu festibalak, hots, jaialdiak.

 

        BAINA

        Garai zibernetiko honetan, boterea inoiz baino botereago da. Buruzagien lanabesa maltzurkeria da. Honen frogarako, instituzioen arduradun batek, sinkronikoki!, egin zuen gogoeta bikoitza: Kasu menditarrei. Haserrekorrak dituzu. Oturuntza honetan ogi apur batzuk emanen dizkiegu. Honela baretuko dira. Nor da bestalde, azken finean, sukaldari buru? Platera mahaira zerbitzatu aurretik, gatz eta ozpina ematen diona. Folklore alea eta Benito Altsasura. Orain bai, jaialdiak gureak dira, Nafarroarenak.

 

        HIRUGARRENA

        Amodiozko ixtorio guztietan izan ohi dira jeloskeriak, batez ere maitaleen artean hirugarrengo bat agertzen denean: JULEN. Ezagutzen al duzue? Honen gatazka apartekoa izan da. Nola, esan, nola eratu daitezke jaialdiak hiriburuari hirien buruzagitza aitortu gabe? Julenen efikazkrazia abiatu da. Jaialdien bezperan eman zuen lehen kolpea. Oliten uda guztirako foralek prestatu dituzten numeroak saio bakar batez garaituko zituena. Tori MAGIC CIRKUS. Iruñeko Gayarreko antzokikoa ez zen lezio makala izan. Garesti atera zitzaiola aurpegiratu zioten halabaina. Kalitatean gailen gelditu ondoren, kantitatea omen zen arazoa. Zer nahi duzue, merke eta ugaria? Zenbat saio dituzue Oliten? Hangoak eta bost. Kapitalaren ondra garbitzeko, Ziudadelan hogeitik gora antzerkialdi. Jendea asetu eta gogaituko zela bistan zen, baina lehiaketa honetan, ikusleak dira hain zuzen garrantzia gutxien dutenak. Prestijioa da jokuan dagoena. Imajina, itxura.

 

        IZAN ERE

        Dudarik gabe, uda honetan espektakulorik ikusgarriena, eskenatokian beharrean, gortinen atzean jokatu da. Esan nahi baita, sukaldari eta pintxearen artean, sukaldean nagusi nor den lehian zegoelarik. Hitz batez esateko, INSTITUZIO FORALAK versus TIC-TAC. Guk antolatu ditugu jaialdiak, guk bideratu eta babestu. Guri meritoak, guri protagonismoa. Gureak dira. Baina nork burutu, hezurmamitu, zertu ditu nik besterik? Ko-protagonista naiz. Egidazue txoko bat argazkian.

        Takoren pretentsioak haintzat hartu ez zituztela geroak erakutsi du kupidagabe. Diruaren jabeak argi utzi du nagusi eta morroiaren arteko muga: Ez dago gaizki iragarki, katalogo, esku-programa eta pankartetan GOBIERNO FORAL DE NAVARRA jartzea. Eztago soberan, agian, INSTITUCION PRINCIPE DE VIANA gaineratzea, baina gehiegitxo irudi lezake bi inskripzio hoiez gain DEPARTAMENTO DE EDUCACION Y CULTURA eranstea. Hori zigortu nahia izan da, umilazio hutsa, azken urte hauetako goleadarik eskandalagarriena, batez ere TIC-TAC hain hitz laburra dela kontutan harturik.

        Lehia uda osoan luzatu da. Ia nor gehiago agertu prentsa, irrati, komunikabidetan. Meritoa nori zor zaion argi eta garbi utzi nahi izan da, eta agerian gelditu jaialdien funtsa.

 

        BALANTZEA ETA KOROLARIOA

        Batek zioen bezala, basamortua ez da berdetzen egun pare batez lore sortarekin ornaturik ere, batipat loreak plastikozkoak direlarik. Ukitu pare baten gora behera, Soriako edo Guadalajarako (inor iraindu nahi izan gabe) izan zitezkeen Nafarroan eman diren jaialdi hauek trakets eta baldar antzekoak gertatu direlakoan nago, gaude, daude. Zaude?

        Zinema ibiltariaren arrakastak ez du goxatuko epaia. Hain zuzen, hau ez da Jaialdien arduradunen asmoa izan, ez dute instituzioek eskusartu behaztopa txikiren bat jartzeko izan ez bada, eta, froga garbiena, Golemekoek dirua galdu dute.

        Kurtsoetan parte hartu dutenak kexati, sakabanaturik, bazterturik eta aislaturik. Gogo jardunetara, erretirora, joanak ote ziren elkarri galdezka. Deszentralizazioari esker, jaialdien ttanttaren bat dastatu duten herrietako alkateak muturturik beraiekin deustarako kontatu ez dutelako. Agiri ofizial bakar bat ere ez zaie iritsi. Oliteko gazteluan, ikuskari kaskarrak, musikarien partiturak aidean. Ikusleak, urri, bizkarrean atzekoaren belaunak iltzaturik. Tako Madrilerako maletak (oraingoan betirako omen) prestatzen. Ziudadelan, antzerkizaleak asebeteaz oka egiteko zorian. Agintari foralak inprobisazioa madarikatzen.

        Baina okerrena, jaialdietan eman den pornografia. Serio, kopetilun, mahaiaren atzean zenbait jaun. Laster hasiko dira biluzkeriak erakusten. Eskaparatean, denen aurrean, exhibizionismorik lotsagarrienean. Jakituriaren izenean banalkeriak isurtzen, azal eta mamia soiltzen, tentelkeria sail amaigabea azaltzen. Jubilatuek aise hobetuko lituzkete berriketa antzuok. Enkuentroskon eta mahai-inguru hoietan botatzen diren zozokeriak ez dute atso xarduki-merkeen eleketak hainbat balio. Larrugorrian era honetan denen agerian jartzea!

        Egiten den guztiak badu ordea irakaspena. Honela, jaialdi hauek ere badute berea: Leziorik probetxugarriena eta praktikoena, Iruñetik Bartzelonarako tren espresoa hamaikaterditan pasatzen da Olitetik. Ziztualdi zakarren poderioz ikasitakoa da. Joan dira aurtengo jaialdiak. Azkenak izan ote dira?.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.