Asmakizun praktikoak: «Buzkerpertola»
Txomin Txapeltegi
Johanes Kakabeltz ikerlari merkatari feniziarrak, gurean idazten duen Kakabeltztarraren leinu berekoa agian, gaurregun Iruñeko Milagrosa auzoa kokatzen den paraje berean mirakuloski (haratx toki-izenaren egokitasuna) aurkituriko "gauza" dugu gaur orri hauetan gure irakurle zaren orri ezagutzera ematen dizugun hau.
Oraindik xutik, nahiz ehiarturik, dirauen zumarrondoaren adarretan, bidaiariren batek ahantzia edo, auskalo, Guztiahaldunaren esku omnipresenteak utzirik, zegoen zintzilik. Zakuoihal zulatuz egina, nahiko zikin zegoen, Kakabeltzek adierazten digunez. Zikina ezezik usain txarra omen zerion, hain nardagarria berau non astebeteko desgogoa sortu baitzion Johanes gaizoari.
Berak, gabezialdietan arrantzan ari izan ohi zenez, zarbo eta amuarraiak harrapatzeko erabiltzen zuen sarearen antza hartu zion. Pertolarena, alegia. Bainan honek zulo bakarra zuen eta atzemandako hark, ordea, hiru ongi markatu eta nabariak. Beraz, ezin arrantzarako tresna izan.
Garbitu zuen, ongi garbitu, gorriak ikusiz (denak erran ditzagun), kaka beltz idortua baitzen oihal hark itsasia zuena, izaina larruazalean itsasten den gisara. Izerdiak atera, nahiz neguan izan, eta ur hotzaren ondorioz sortu zitzaizkion ospelak jasan behar izan zituen. Lehortu zenean hantxe zintzilikatu zuen sukaldean, su bajuaren ondoan, bera haurlauxazko lur hotzean eseri zelarik. Halaxe pasatu zituen hogeitazazpi gau eta egun, zertarako erabil lezakeen pentsatzen, lo egin eta jateaz ere ahantzi zelarik. Alferrik bere emaztearen erreguak eta familia osoaren negarrak ikusirik etxeko jaunak ez ziela eguneroko ogirik ekartzen eta martxa horretan segituz ez zela, nahigabeak ezik, sekula sekulorun deus etxera ekartzeko gauza izanen.
Bere gorputz mekanismoak ordea segitu zuen martxan eta periodikoki ixurkin usaintsuek lurra busti eta ipur mamiak zikintzen zizkioten. Hameka kilo pazientzia gasta erazi zion haiek garbitu behar izaten zizkion emazte kontsolagaitzari. Eserita zegoen, erran bezala, bi hankak gurutzaturik eta gorputza tente, begiak itxirik bainan ez arras, zirrikitu bat uzten baitzuten, handitu eta ttikitu egiten zena, begien kliska etengabeari esker.
Burmuinak lanean, entzun baitzitekeen ariketa horretan sorreraziriko soinu monotonoa, noizbehinkako gorabeherak salbu. Halako batean, (nola suertatzen diren gauzak!), gorputza, instant bateko ahuleria edo, sentitzen hasi zen, harlauxen hotza sentitzen, atrus bat egin erazi ziona, eta horrekin batera "hau hotza sentitzen dudana azpikale horretan, brrr...!" erran erazi. Orduan begirada "gauza"ri josirik, tximista dirudi, altxatu egin zen eta andrea eta seme-alabek hondarrean erotu egin zela pentsatzen zuten bitartean eskuetan hartu zuen, bi ankak sartu oihalaren bi zulotatik, bi izterren biltokiraino altxatuz, irugarren zuloa gerriari ederki egokitzen zitzaiolarik. Horrekin batera "hratx!", oihukatu zuen, "harrapatu zioat!" (Eureka! erran behar zuela ahaztuz), "Alua!" eta antzeko maldizioak hortzak estutuz marmariatzen zituen bitartean. Ogeitazazpigarren eguna zen. Orduz geroztik etxe hartan bezta haundi bilakatu zen eguna.
Idazlan honen buru dagoen izena ipini zion Johanes ahantzezinak halako asmakizun garrantsitzuari. Harrapatuko ote zituen buzkerrak pertolarek? Horretan eta antzeko azterlanetan murgildu zen Kakabeltz nekagaitza handik aurrerako iharduketetan, hain merezia zuen atsedenari uko eginez, heriotzaren abisuak mundu honetako mugak gaindierazi zizkion arte. (Bere familia mixeriarik gorrienera kondenatu zuelarik. Bainan hori beste historia izanen litzateke!).
|