L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-2 (1984) —Hurrengo artikulua




 

 

Heriotza artxibatuetarako epitafioa eta beste eskela apokrifoak

Kristalezko amorantearen kasua

 

Xabier Txantrearena

 

Zertarako hainbeste neke ta sufrimendu? Edertasunaren atzetik ibiltzea alferrikakoa duk. Maitasuna eta desioak, irrifar krudel eta hipokrita urjauzian, ihesari eman diote.

        Zertarako laztandu, kamikaze monomaniakoren konstantziaz pasakor dakizun inxtant zoriontsu hori?

        Zure irudimenezko Lur Sainduaruntz kruzado berri bezala bazoaz. Maitasun ezinaren bila mundua korrituz. Bizio ta pasio guzien altxor aitorgabea eskutatzen duen hilobi sainduaren tapa altxatzeko asmoz alga ta aparrezko ontzian itsasoratu zara. Haragizko "ruta jakobea" bekatsu berri hontan, erromesa. Erromes oskola, vieira itsastar ta gazituak, tantaka destilatzen duen hire sexu transmutazioaren esentzia, emeki zurrupatuz. Logelaren altzo ilunpean, soinu ezezagunen musuak bareatzen dituk, amorante sutsuaren musuak:

        Walpurgis gauetan inbokatuta amorantearen xuxurlak.

        Alkimiak jakinerazten ez duen arkanoan maitatzaile desideratuaren hitz goxoak.

        Amets debekatuen olategietan itxuratuko lagun leialaren miazkak.

        Hire antzekoa erabat. Nor bere buru baino amorante trebeagoa? Hik birkreatu amorante zehatza. Fereka narzisisten kopuletan sortutako amorantea. Azkenean ulertu al duk? Maitasunaren Jano doble baten hire neurrira egina, premian hago.

 

"Herederos de Justo Anue" kristaldendako langileen irriño sasi disimulatuen artean, bere kristalezko silueta ebaki zuten.

        Kartoiz jantzita amorantea paseatu zuen. Ilunabarreko maiteminduen modura eskaparatei so. Farolpean, adoleszentziaren uste sendo injenuaz, betirako maitasuna elkarri zinez.

        Eztaigauan, kristalaren azala leuna, kontrolgabeko hunkipenaz, biluzi zuen, bere irudi zehatza itzultzen ziola. Maitalea oheraziz, alboan kukubilatu zen.

        Fereka kixkalgarrien eraginez amorante bikoiztuaren grina ez zela pizten konturatzean erotzeko zorian, uste zuen. Bere neurrira eraikiko amorantearen erantzun hotza, jokabide urruna, apatia baztergarria, afektibitate idorra... ezin zuen jasan.

 

Kristal zarata burrunbatsuak alarmatua auzokide batek, poliziari deitu zion. Ahozpez etzana aurkitu zuten. Anka ta beso nahastuak, brujula edo haize arrosa erotu baten gisa.

        Haragizko iparorratza bitxia, norabidea galdurik. Beira pusketetan buruz behera. Begi desbideratuak, ispiluaren laberintoan milaka biderkatuak. Ezpain zirkuluaren laino izoztuak kristal puska irisatuak musukatuz, hozkatuz agian.

 

Poliziaren itsutasunak, heriotz arruntatzat jo zuen.

        Noraezeko tribialitate bezala herioa hartzen dutenak makina badira.

        Pasio krimen eta maitasun buruhilketa baten aurrean zeundela konturatu gabe.

        Artxibatuetako espedientean lerdoren batek arkatzaz idatzi zuen:

                "ispilutan begiratzeak zoritxarra dakar"

        Sabuesoari medaila bat ezarri omen zioten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.