L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Kandela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Kandela-10 (1984-maiatza) —<kand0216>




 

 

Literaturaren mono...

 

Tere Irastortza

 

        ...koloreak gara, edo behintzat izatera behartuak, aspaldidanik gure letretan. Horixe bera zion orain hamabost urte M. LASAk:

        «Konkurrentziaren faltan ismo horiek bortxatu egiten gaituzte direkzio batean radikalizatzera, espresio eta sendipen batzuetara mugatzen ixkiratzean»: (1)

        Ordundanik zenbait gauza aldatu da euskal literaturan, baina beti BEHAR bati jarraiki, eta egun orduan bezain ortodoxo gara, jendeak lasai-lasai, kritika egiteko oinarrizko erreflesiorik gabe bota eta egiten dituen gauzei begiratzen badiegu, behintzat. Hona hemen batzu literaturaren FORMAZ.

        Izan ere, badirudi zer garaietan zer forma erabili behar den ere aurretik zehaztu BEHAR dela, idazten duenaren motibazioak alde batetara utziz, seguru aski hasiera hasieratik didaktismo gaitzak jota dagoen literatur esparru estu bati alde egin ezinagatik.

        Eta gerra ondoren ere literatura beste zerbaiten zerbitzuan egin da: arazo sozialak direla, euskararen hondamendia dela... Honela mintzo zen, esate baterako F. Krutwig 1962an «Egan»en euskara aurrera atzerako egin behar zenaz ari zelarik: «Egiazko kulturdantzearen mailak» emateko jarraitu BEHARREKO urratsez ziharduenean, poesia azkenerako uzten zuenean:

        «Berahin poetek askotan hizkuntza berezia dagite, soilik heientzat, espresatzeko bidea datekeien mintzoara. Orduan herriaren massa ez da ukitzen. Landu gaberik legoken hizkuntza batetaz gauetarik goizetarat poeta handi batek izkira dezake» (2)

        Baina, azken finean, poesia ez da baliagarri «euskara eguneroko arazoetan erabiltzeko erraminta praktiko» bilaka dadin, ez da BEHARREZKOA gauza premiatsuagorik dagoenez.

        Gerora ere, KRUTWIG bezala poesia idatzi zutenek, hankaz gora bota ohi dute poesia beste arrazoi batzu medio direla. Hauetariko bat, Mikel LASAk aipatu artikuluan ematen zuena:

        «Folklore eta literatura lirikoa herri baten adoleszentzi mailaren seinalagarri dira. Etapa liriko hau gainditu behar dugu lehenbailehen didaktismoaren bide legor eta ertsien barna abiatuz.» (3)

        Gauza bera zion K. IZAGIRREk SUSA 2an eginiko elkarrizketa batetan, poesia, herri subdesarroilatuen «adierazpena putamierdakoa» dela, eta ez duela, hitz batetan, Euskal Literaturak (euskarak, Euskal Herriak) POESIARIK BEHAR. Honela mintzo da behintzat, poesiaz:

        «Porculohartzera poesia. Horrek ez dik ezertarako balio. Ezerk ez dik ezertarako balio, ez?. Baina nik uste dut nobela egin behar dudala.» (4)

        Orientazio honen ondorioz, hara non, Euskal Herriko aldizkarietan idazten hasiak ginen poeta gehienok gure adoleszentismotik eta herriaren aurka eginiko oben, eta pekatu izugarritik ateratzeko murgiltzen garen ipuingintzan, gero, Euskal Herriak oraindik gehiago behar zituen nobelak egiteko entsaioan. Harrez gero, eta mono-mania bati jarraiki SUSA guztietan gailentzen da narrazioa, XAGUXARRAk ipuin aldizkaria izan nahi du, poesiaren pekatua kontrikzioz utzirik. Gu adoleszente, ordea, eta gure ipuingintza, gure poesigintza eta Euskal Herriko literaturgintza gehiena bezain adoleszente, kolorebakarreko, hogei urtetakoa. (5)

        Baina ez da hori guztia. Ez, kontua ez da ipuinak bakarrik egitea... Zer estilori jarraiki, zer gai hukituz egin behar da literatura (ipuingintza eta nobelagintza batipat)?.

        Teknikari dagokionez badirudi zortzi nobela "modernoz" aseak garela eta ia gogaikarri egiten direla, aurrerantzean Kontakizunari eta ez Teknikari eman behar zaiola garrantzia, berriro Orixe eta Pio Baroja izan behar dituzula eredu...

        Ukaezina da hori esaten duenak badakiela zergatik esaten duen, eta behar ditugula horrelako iritzi kritikoak baina idazten dugunok ere behar dugu ikuspegi pertsonalik geure izaeratik aztertzeko eta sortzeko, ez dugu ahantzi behar mundua gure aurretik hemen zegoenik, eta egiten dugun guztia guk lehenengo aldiz egingo hagenu bezala bizi dugula, horregatik orain jende guztiak literatur EROTIKOA egin BEHAR dela esaten duenean, ez dugu ahantzi behar agian gure adinak sortu dizkigun kezkak herri baten errepresio sexual eta libidinalez disfrazatzea eskaxa dela, ezin ahantzi Oihenart, Etxepare, herriko koblari eta bertsolariak asexualak ez direla eta direla izan, eta ezta pentsatu ere gure aurretik inork ez duela horretaz idatzi; eta Sade deskubritu dugulako, LIB, MACHO, INTERVIU eta horrelako aldikarietan ere onartuko ez lituzketen ipuin aburritu asko idatziz eta askori munduko gloria eta goreste guztiak eman nahiz, uste dut ez dugula ezer lortzen.

        Ez nago ipuinen aurka, ez nago gorputza izkutatzearen alde baina ez dut konprenitzen zergatik gainerantzeko guztiari (antzerki, poesi epikoa, ipuingintza errealista,...) itxi behar zaizkion argitaletxe, sari, eta irakurleen ateak. Izan ere garai batetan J. SAN MARTINek zioen hura on ala txar zenetz eztabaidatu nahi ez badut ere, ez zait iruditzen orain kriterio bera aplika genezakeenik beste gauza batzuetarako; eta kriterioa hau da:

        «Beste haien artean zergatik era hartako poesiaren alde? Herria eta bere problemak aintzat harturik gure artean poesiari tokatzen zaion leku egokia ematearren (...) Ta, hori zen lehen bete heharra.» (6)

        Ez dut uste horrelako kriterioak bidezko direnik, ez bait dut sinisten zer literatura, eta nolakoa egin BEHAR den esateko erizpiderik dagoenik, nahiz eta aspaldi honetan horrelakorik esan ohi den (irakur bedi, esate baterako J. ATORRASAGASTIren «Escritores progres» (7) edo J.A. ARRIETAk «Argia»n «Mikelen heriotza»ri esiniko kritika (8)) eta are gutxiago bakoitza gauzak bere kabuz aztertzeko gai ez denean —Euskal Herri tipiko honetan esatea hain topiko denez—. Horrela, gizarte honek inposatu nahi digun kritereolegia eza besterik gabe onartu beharrean —batzuen lana pentsatzea dela eta besteena produzitzea, alegia—, hobe genuke pentsatzea eta pentsatuz idaztea, eta ez denok batek pentsatuaz egitea geure geurea bagenu legez. Ala?

        Bibliografian aipatzen diren TORREALDAYren artikuluetan nahiz SUSA eta XAGUXARRAren azterketaren ondorioz, datu hauek kontutan eduki beharrekoak iruditzen zaizkigu. Aurreagotik ere bibliografia badugun arren lauki hau egin genezake 1977-1983rako interesatzen zaizkigun datuak harturik:

 

1977
1978
1979
1980
1981
1982
1983
LITERATURAren produkzioaren osotasunean %
21,5
30
34,5
21,5
20
23,5
22
NARRAZIOA (eleberri, ipuin) lit. osotasunean %
43,5
57
49
52,5
59,5
48,5
OLERKIA (lit. osotasunean) %
23
23
33,5
17,5
13,5
14,5
ANTZERKIA (lit. osotasunean) %
8,5
2
7,5
5,5
11

        Sail batzutan ez ditugu zifrak beti aurkitu, 1977aren kasurako. Orduan, zifrarik ez badugu ere, honela mintzo da J.M.TORREALDAY 1978ko JAKINen 1977ko literatur generoen kopuruaz: «Generotan, poesia da aurten gailen» (109. orr.). TORREALDAY berak dioenez 1976-1982 urteetan bataz bestekoak honako hau suposatzen du "literatura"ren sailean: Narrazioak 48,5 (elaberria 27,5), Olerkiak 22,5, Antzerkiak 7. (Ik. J.M. TORREALDAY, «Euskal liburua gaur» in aip. ob. 194. orr.). Eta egile honek berak komentatzen duena: «Prosa baino poesia gehiago idazten omen da (...) Frankismo ondoko konputo orokorrean literatur produkzioaren ia erdia narraziozko literatura da, elaberria, ipuina, eta holako.» (aip. ob. 195. orr.)

        Bestalde, joan den urtean irten ziren poesi liburuak kontutan hartzen badugu (nire kontuen arabera 14 tomu), zenbat dira berriki sortuak? Zenbat antolojia? Zenbat birargitarapen? Itzuliak alde batetara utzirik (ELLIOT EUSKARAZ, Hordago, Donostia), birargitarapenak kenduz (B. Atxaga. ETIOPIA, Erein, Donostia), antolojiak (Amenabar-en EUSKAL POESIA KULTOAREN BILDUMA —2 tomutan— Elkar, Donostia: askoren arteko EUSKAL BALADAK. AZTERKETA ETA ANTOLOGIA. Hordago, Donostia —2 tomu—) eta bi hizkuntzetan Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak atera duten (poesia ote?) GOIKOETXEA MAIZA I.ren «Juan Bautista Gamiz Ruiz de Otero. Poeta bilingue alavés del siglo XVIII (1696-1773)») hainbeste ezabatze egin ondoren zenbat poesia liburu ditugu? Bat MONTOIArena (eta hau da aurretik poesia libururik atera ez duen bakarra), OTAMENDIrena, IRATZEDERrena, eta nirea. Denera lau egile eta bost liburu (lau tomu).

        Gauza bera egin daiteke antzerkiarekin, baina luze xamar joango litzaiguke. Bestalde, zer esan aldizkariei buruz? Har dezagun XAGUXARRA, zeinaren, zoritxarrez, bi ale bakarrik atera diren, eta itzulitako poemak alde batetara utzirik ikus dezagun zenbat orrialde eskeini zaizkion poesiari. Lehen tomuan poesia itzulpen eta kritika asko dago, baina poesia orijinalek hiru orrialde hartzen dituzte (aldizkariak 150 orrialde ditu) eta gero J. LANDAren ipuin-poesia esperimentalean tartekatzen zaiguna dugu... Itzulpenak ikusita eta alde batetara utzirik, ipuin orijinalak aldiz, eta poesietatik bezala ipuinetatik ere at uzten badugu LANDArena, lehen bezala izenburuen orrialdeak kontatu gabe, guztira 45 orrialde dira. Bigarren XAGUXARRAn (Hordago, 1981), poeta berriei eskeinitako lekua (J. MIRANDE bat alde batetara utzirik), ipuinek 49 orrialde hartzen dituzte, eta poemek 16 (beraz, lehen baino askoz ere gehiago, poetak bi bakarrik badira ere).

        Zer gertatzen da SUSAn, lehen zenbakian poesi orijinalek 7 orrialde hartzen dituztela eta narrazioek ordea, 9; beraz nahiko parekaturik dago kontua. Bigarren zenbakian ere parekaturik, nahiz eta narrazioak apur bat gehiago (6 orr. / 9 orr.). Hirugarrenean, 8 / 14. Laugarren zenbakian poesia gailentzen da (12 / 5). Seigarren alean ipuinak 21 orrialde hartzen ditu, poesiak 8.

        Eta zazpigarren zenbakian denak dira ipuinak. Beraz, batetik ez dago poesiarik eta bestetik ohizko ziren itzulpen eta kritika saioak desagertu dira. Zortzigarrenean ere ez dago poesiarik. Bederatzigarrenean lau orrialde, ipuinek 35 orrialde hartzen dituztelarik. Hau da hasieratik 1983ko Azarorako bidea. Alegia hasiera batetan poesia/ipuina oreka gordetzen bazen ere kreazio lanetan (laugarren zenbakian poesia gailendu bazen ere), SUSAn zazpigarren aletik aurrera poesiak lupaz bilatu behar direla eta ehortzirik dauden lekutik atera. Hala ere, badirudi egoera aldatzeaz mintzo direla azken alean (baina 1983an ixten dugunez azterketa, ez gatzaizkio honi asko lotuko) eta poesia gehixeago sartuko dela. Gogoan izan behar da, gainera, orain arte SUSAtar ofizialak arras ipuinzaleak izan badira ere, nonbait aldaketa susmoren bat jaso ahal izan dugula J. LANDAk «Egin»en idatzi artikulu batetan.

 

OHARRAK

(1) M. LASA. «Euskal literaturaren kinka larria». in JAKIN. 34. 1969. 37. orr.

(2) F. KRUTWIG. «Euskararen ethorkizuna». in EGAN. 1962.

(3) M. LASA. aip. ob.

(4) «Koldo Izagirre mikrofonoaren kontra» in SUSA 2. 10. orr.

(6) J. SAN MARTIN. «Aintzin solas» in X. LETE EGUNETIK EGUNERA ORDUEN GURPILLEAN. CINSA. Bilbo. 1968. 4. orri. edo in «Egunetik egunera orduen gurpillean: Xabier Leteren lehengo poema liburua» in ZERUKO ARGIA. 1968-5-19. 5. orri.

(7) I. ATORRASAGASTI. «Escritores progres» in EGIN.

(8) J.A. ARRIETA. «"Mikelen heriotza" edo estetika progrearen anbiguotasun erreakzionarioa» in ARGIA. 1984-4-1 (1010. zenb.) 32-36 orri.

 

BIBLIOGRAFIA

J.M. TORREALDAY «Euskal liburugintza 1977ean» JAKIN. 1978 (5. Zen.) 103-122.or.

J.M. TORREALDAY «1978eko euskal liburugintza» JAKIN. 1979 (9. Zen.) 119-140 or,

J.M. TORREALDAY «Euskal liburubintza 1979ean» JAKIN. 1980 (13. Zen) 123-141 or. v

J.M. TORREALDAY «1980ko euskal liburugintza» JAKIN. 1981 (17/18 Zen) 185-207 orr

J.M. TORREALDAY «1981ko euskal liburugintza» JAKIN. 1982 (22) 173-193 or

J.M. TORREALDAY «1982ko euskal liburuáintza» JAKIN. 1983 (26/27) 276-297

J.M. TORREALDAY «1983ko euskal liburugintza» JAKIN. 1984(30) 145-172

J.M. TORREALDAY «Euskal liburua gaur» in EGIN. EUSKADI 1983, ORAIN. 1984, 177-196

M. LASA. «Euskal literaturaren kinka larria» in JAKIN. 34. 1969.

F. KRUTWIG «Euskararen ethorkiziina» in EGAN. 1962.

J. SAN MARTIN «Aintzin solas» in X. LETE EGUNETIK EGUNERA ORDUEN GURPILLEAN. CINSA, Bilbo, 1968. 4. or. edo in EGUNETIK EGUNERA ORDUEN GURPILLEAN: XABIER LETEREN LENENGO POEMA LIBURUA» in ZERUKO ARGIA. 1968-5-19, 15. orr.

FAKI, JOSU, JOSAN, ENRIKE «Koldo Izagirre mikrofonoaren kontra» in SUSA 2. 1980-5-.

SUSA guztiak 1-10. DONOSTIA.

XAGUXARRA 1 eta 2. Hordago, Donostia. 1980-1981.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.