Hainbeste maite dugu Glenda!
Julio Cortazar
euskaratzailea:
Xabier Etxaniz
Garai hartan oso zaila zen hura jakitea. Bat zinemara doa, edo antzerkira, eta bere gaua bizitzen du zeremonia bera egin dutenak kontutan hartu gabe, tokia eta ordua aukeratuz, jantzi eta telefonoz deituz eta hamaikagarren edo bostgarren lerroa, itzala eta musika, inoren lurraldea eta denona han non guztiak bait dira inor ez, gizona edo emakumea bere besaulkian, agian hitzen bat atzeraldia eskusatzeko, inork jaso edo enoratzen duen ahopekako komentarioa, ia beti isiltasuna, begiradak isuriak eskena edo pantailan, aldamenekotik ihesi, alde honetakotik. Benetan zaila zen jakitea publizidadea, amairik gabeko iladak, txartelak eta kritikaz gain, hainbeste ginela Glenda maite genuenok.
Hiruzpalau urte eman zituen eta arriskutsua litzateke baieztatzea talde hura Irazusta edo Diana Riverorengandik sortu zela, beraiek ere ez zekiten nola urte batetan, zinema ondoren lagunekin hartutako kopa artean, esan ziren edo isildu bapatean elkartasuna sortuko zuten gauzak, zeina gero denok taldea deituko genuen eta gazteenek kluba. Ez zeukan klub baten antzik ere, Glenda Garson maite genuen soilik, eta hori bakarrik nahiko zen miresten zutenetik bereizteko. Beraiek bezala guk ere miresten genuen Glenda, eta baita ere Anouk, Marilina, Annie, Silvana eta zergatik ez Marcello. Yves, Vitorio eta Dirk, baina guk bakarrik maite genuen Glenda, eta taldea horregatik eta hortik definitzen zen, guk bakarrik genekien gauza zen eta bakarrik isilean esaten genien hori, hitzaldietan zehar eta piskanaka beren Glendarekiko maitasuna azaldu zutenei.
Diana eta Irazustarengandik taldea zabalduz joan zen, Elurraren suaren urtean seipazazpi bakarrik ginen, Dotoretasunaren erabilera estrenatu zutenean, taldea handitu zen eta jasan-ezinik hazten ari zela eta itxurapen snob edo garaiko minkunkeriaren arriskuan geundela sentitu ginen. Hasierakook, Irazusta eta Diana eta bizpahiru gehiagok erabaki genuen sarrera murriztea, ez onartzea inor probarik gabe, whisky eta erudiziozko agertaldietatik disimulatutako azterketa gabe (hain Buenos Airesko, Londresko eta Mexikoko diren gauerdiko azterketa horiek). Itzuli hauskorren estrenaldian onartu behar izan genuen, goibelki garaile; asko ginela Glenda maite genuenok. Berraurkitzeak zinemetan, begiradak irteeran, emakumeen galdu antzeko itxura horiek eta gizonen isiltasun mingarriak azaltzen gintuen edozein ezaugarri edo hitz ezkutuk baino hobeto. Iker ezinezko mekanikek eramaten gintuzten erdialdeko kafetegi berara, mahai sakabanatuak hurbiltzen hasi ziren, koktel bera eskatzeko ohitura mehea egon zen alderriko guduxka guztia alde batetara uzteko eta azkenik begietara so egiteko. hara non azken pelikulako azken eskenaren Glendaren azken imajina bero bait zegoen oraindik.
Hogei, hogeitahamar agian, inoiz ez genuen jakin zenbat izatera iritsi ginen Glendak hilabeteak irauten bait zituen zinema batetan edo bi edo lau zinemetan batera egon ohi bait zen, eta gainera izan zen aparteko une hura, noiz eskenan agertu bait zen Eldernigarriak pelikulan asesina gaztea errepresentatuz eta bere arrakastak dikeak apurtu eta inoiz onartu ez genituen une bateko berotasunak sortu zituen. Ordurako ezagutzen genuen elkar, askok elkarri bisitatzen genion Glendaz mintzatzeko. Hasiera batetik Irazustak sekula eskatu gabeko mandatu taktikoa hartu zuela ematen zuen, eta Diana Riverok onartzen edo baztertzearen xake joku emea egiten zuen, zeinek baieztatzen zigun erabateko jatortasuna, infiltratuen arriskurik gabe. Elkarte libre bezala hasitakoak klanaren estrukturaketa hartzen zuen orain, eta hasierako galdera arinak, sendo bilakatu ziren, trebukaldiaren eskena Dotoretasunaren erabileran, Elurraren suaren bukaerako erantzuna, bigarren eskena erotikoa Itzuli hauskorretan. Hainbeste maite genuen Glenda ezin genituela onartu arrotzak, lesbiana zalapartariak, estetikaren jakintsuak. Eta (inoiz ez dugu jakingo nola) onartutzat hartu zen ostiraletan erdialdean Glendaren pelikularen bat ematean, kafetegira joango ginela eta auto-zinemetako berrestrenaldietan astebete pasatzen utziko genuela bildu aurretik, denoi behar adina denbora ematearren; arautegi gogor bat bezala, eginbeharrak hutsik gabe adierazten ziren, ez onartzeak Irazustaren mesprezuzko irribarrea probokatuko zuen edo traizioa eta zigorra salatzen zituen Diana Riveroren begirada maitekorki ikaragarria.
Sasoi horretan bilerak Glenda bakarrik ziren, bere edonon egote ikaragarria gutariko bakoitzean, ez genekien besteritz edo eragozpenez. Piska-piskanaka isilik, hasieran erru zentzu batekin, batzu ausartu ziren kritika partzialak botatzera, atsegabea edo etsipena sekuentzi ez hain zoriontsu batzuren aurrean, ohiturazko edo asmagarrian erotzea. Bagenekien Glenda ez zela Zartailuaren kristaleria ikusgarria edo Inoiz ez da jakiten zergatik pelikularen bukaera une batzuz nahasten zituzten eroaldien erruduna. Ezagutzen genituen bere zuzendarien beste lan batzu, trama eta gidoien jatorria, eta erruki gabeak ginen beraiekin, zeren sentitzen hasi bait genuen Glendarekiko maitasuna maila artistikoa baino haruntzago zihoala eta besteek akastun egiten zutenekin bera bakarrik salbatzen zela. Diana izan zen misioaz mintzatzen lehena bere era okerraz egin zuen berarekiko zioena baieztatu gabe whisky bikoitzaren alaitasunarekin ikusi genuen, irribarre astuaren alaitasunarekin, egia zela umilki onartu genuenean, ezin ginela horretan soilki geratu, zinema eta kafetegia eta hainbeste maite Glenda.
Orduan ere ez ziren hitz argiak esan, ez genituen behar. Glendaren zoriontasuna gutariko bakoitzean hartzen zen kontutan soilik, eta zoriontasun hori hobekuntzatik bakarrik etor zitekeen. Bapatean okerrak, gabetasunak jasan-ezin bihurtu zitzaizkigun; ezin genuen onartu Inoiz ez da jakiten zergatikek horrela bukatzea, edo ta Elurraren suak poker partidaren eskena hura izatea (non Glendak ez bait zuen parterik hartzen baina Nancy Phillips-en keinu hark eta seme damutuaren onartezinezko iristeak, nolabait goitika batek bezala zikintzen zuten Glenda). Ia beti bezala, Irazustari tokatu zitzaion argi eta garbi definitzea egin beharreko misioa, eta gau hartan etxeratu ginen ezagutu eta onartutako arduragatik zapaldurik bageunde bezala, eta agian begiztatzen hutsik gabeko etorkizunaren zoriontasuna, tradizio eta baldarkeriarik gabeko Glendaren zoriontasuna.
Taldea berez itxi egin zen, eginbeharrak ez zuen pluraltasun ilunik onartzen. Irazusta mintzatu zen laborategiaz iada Recife de lobos izeneko landetxe batetan jarrita zegoenean. Gogo-berdinez banatu genituen lanak Itzuli hauskorrak pelikularen kopia guztiak lortu behar genituenon artean, bere erlatiboki akats urriengatik aukeratua izan bait zen. Inori ez zitzaion bururatuko diru arazorik, Irazusta Howard Hughes-en garazkidea izan zen Pichinchako eztainu mehatzetan, mekanismo guztiz lau batek gure eskuetan jartzen zizkigun behar ziren botere, jetsak eta elkartasunak eta etapak. Ez genuen bulego bat ere izan, Hagar Loss-en konputadorak antolatu zituen lanak eta etapak. Diana Riveroren esalditik bi hilabetetara laborategia prest zegoen Itzuli hauskorrak pelikulan txorien sekuentzi alferra aldatzeko Glendari erritmo egoki eta bere ekintza dramatikoaren zehaztasunak ematen zizkion beste sekuentzi batengatik. Pelikulak urte batzu zituen ete bere berraurkezpenak nazioarteko mailan ez zuen inolako ustegaberik sortu: oroimenak depositatzaileekin jolasten du eta onarterazten dizkie bere aldakuntza eta aldaerak, agian Glendak berak ere ez zituen aldaerak somatuko eta bai, hori guztiok somatzen genuelako, kontzientzia bikain baten edertasuna errautsez garbitutako oroimen batekin, nahia bera bezalakoa.
Misioa sosegurik gabe egiten zen, laborategiaren balioa aseguratu bezain laster Elurraren sua eta Prismaren erreskatea osatu genuen, beste pelikulak prozesoan sartu ziren Hagar Loss eta laborategiko pertsonalak aurretik esandako erritmo zehatza jarraituz. Zenbait arazo izan genuen Dotoretasunaren erabilerarekin emirato petroleroetako zenbaitek kopia batzu zeuzkatelako beren gozamen pertsonalarentzat eta maniobra eta laguntza bereziak behar izan ziren lapurtzeko (ez dugu zergatik erabili behar beste hitz bat) eta erabiltzaileak ohartu gabe aldatzeko. Laborategiak hasieran nahiz eta Irazustari ez esan, lortezina uste genuen maila batetan lan egiten zuen; kuriosoki Diana izan zen duda handienak izan zituena baina Irazustak Inoiz ez da jakiten zergatik azaldu eta benetako bukaera ikusi genuenean, Glenda Romanoren etxera itzuli beharrean bere kotxea arkaitz zutera zuzentzen ikusi genuen eta uholdean bere erorketa bikain eta beharrezkoarekin suntsitu gintuenean, jakin genuen perfekzioa mundu honetakoa izan daitekela eta Glendarena zela betirako, Glendarena guretzat betirako.
Zailena, jakina, aldaketak erabakitzea zen, zer erabaki, montai eta erritmoaren aldakuntzak, Glenda sentitzeko gure era ezberdinek borroka gogorrak sortu zituzten, zeintzu bakarrik baretzen bait ziren azterketa luzeen ondoren eta batzutan taldearen gehiengoaren inposaketaz. Baina nahiz eta batzuk, garaituak, ikusi bertsio berria gure ametseetako ustera zeharo egokitu gabeko saminduraz, uste dut inor ez zuela etsitu egindako lanak, hainbeste maite genuen Glenda ondorioak beti zurigarriak zirela, batzutan aurretik uste baino gehiago. Izan ere oso alarma gutxi izan ziren, ohizko Timeseko irakurle baten eskutitza bere harridura azalduz Elurraren suaren hiru eskena ezberdin gogoratzen zuen orden batetan ematen zirelako, baita ere La Opinióneko kritikalariaren artikulu bat Prisman korte bat eman omen zelako, burokraziaren santukeriari leporatuz. Kasu guztietan hartu ziren erabaki azkarrak ondorio posibleak baztertzeko; ez zuen asko kostatu, jendea hotza da eta ahaztu edo onartzen du edo berriaren bila dabil, zinemaren mundua iheslaria da garaiko historia bezala, Glenda hainbeste maite genuenontzat izan ezik.
Arriskutsuagoak ziren funtsean talde barneko eztabaidak, bereizeria edo diaspora baten arriskua. Inoiz baino batuago sentitzen baginen ere, izan zen gauren bat noiz filosofi politikaz kutsatutako ahotsak altzatu bait ziren, lanaren erdian arazo moralak planteatzen zituztenak, galdetzen zutenak ea ez ote ginen gure buruak ispilu onanisteko soilaru batetara entregatzen ari, erotasun barroko bat zizelkatzen zentzugabeki marfïlezko betortz batetan edo arroz ale batetan. Ez zen erreza arazoei bizkarra ematea, taldeak bere lana egin ahal izan bait zuen bakarrik bihotz batek edo hegakin batek berea egiten duten bezala, koherentzi ezin hobe bat errimatuz. Ez zen erreza entzutea kritikaren bat gu ihesbidez salatuz, bizi ginen garaiko errealitaterako beharrezkoagoak ziren indarrak okertzen genituela susmatzen zuena. Eta hala ta guztiz ez zen beharrezko izan lehen lerroak egindako heresia doi-doia zapaltzea, beren protagonistak ere eragozpen bete-gabe batetara mugatzen ziren, beraiek eta geuk hainbeste maite genuen Glenda guztien gainetik eta zatiketa etiko edo historikoak baino haruntzago zegoela guztiok beti elkartuko gintuen sentimendua, Glendaren bikaintasunak gu eta mundua ere hobetzen zuelaren ziurtasuna. Izan genuen ere kezka huts hauen ondoren filosofo batek oreka berriz ezarri zuelaren zorte ikaragarria; bere ahotik entzuen genuen erdi-lan guztia dela historia, inprimategiaren asmakizuna bezain handia den zerbait, nahi bakar eta barnekoenagatik sortu zela, emakume izen bat errepikatu eta iraun erazi.
Eta horrela iritsi ginen Glendaren imajinaren probak ahulkeria arinik ere gabe proiektatzen ziren egunera; munduko pantailek isurtzen zuten berak ziur geunden bere burua isurita nahi izango zuen bezala, eta horregatik agian, ez ginen gehiegi harritu prentsaren bidez jakin genuenean zinema eta antzerki mundutik erretiratzen zela. Gure lanerako Glendaren laguntza nahigabe eta harrigarria ezin zen kointzidentzia bat ezta mirakulu bat ere, soilki zerbaitek onartu izan zuen, jakin gabe, beregan gure maitasun ezkutua, bere izate barnetik zetorren eman ziezaigun erantzun bakarra, maitasun ekintza hori, zeinak batu egiten bait gintuen azken emaitza batetan, profanoek ausentzia soil bat bezala ulertuko zuten emaitza. Zazpigarren egunaren zoriontasuna bizi genuen, atsedena sorkuntzaren ondoren; orain ikus genezakeen Glendaren lan bakoitza errore eta baldarkeriaz beteriko biharraren mehatxu ezkuturik gabe; orain aingeru edo txorien arintasunarekin biltzen ginen, orainaldia oso batetan zeinak eternitatea bait zirudien.
Bai, baina poeta batek esan zuen Glendaren zeru beraren pean eternitatea denboraren lanetaz maitemindurik zegoela, eta Dianari tokatu zitzaion jakitea eta berria ematea urtebete beranduago. Ohizko eta gizalegea: Glendak azaltzen du bere itzultzea pantailara, ohizko arrazoiak, esku hutsiko profesionalaren frustrazioa, primeran doakion pertsonaia bat, berehala egingo den pelikula. Inork ez zuen ahaztuko gau hura kafetegian, juxtu-juxtu Dotoretasunaren erabilera, erdialdeko zinemetara itzultzen zena, ikusi eta gero. Ia-ia ez zen beharrezko izan Irazustak esan zezala denok bizi genuena injustitzi eta bihurrikeriako txu latza bezala. Hainbeste maite genuen Glenda gure adoragabeziak ez zuela hartzen, zer erru zeukan berak aktoresa eta Glenda izateaz, horrorea makina apurtuan zegoen, zifren eta liluren eta Oscarren errealitatean zatidura maltzurra bezala hain gogorki lortutako gure zeru esferara sartzen. Dianak Irazustaren besoan eskua jarri eta esan zuenean: «Bai, egiteko gelditzen den bakarra da», denon izenean hitzegiten zuen kontsultatu beharrik gabe. Inoiz ez zuen taldeak horren indar izugarririk izan, inoiz ez zuen behar izan horren hitz gutxi martxan jartzeko. Lur jota sakabanatu ginen, aldez aurretik gutariko batek bakarrik jakingo zuen data batetan zer gertatuko zen bizitzen genuela. Ziur geunden ez ginela gehiagotan elkartuko kafetegian, bakoitzak gordeko zuela orain gure erreinuaren perfetasun bakartia. Bagenekien Irazustak egingo zuela behar zena, ezer ez hain sinplea bera bezalako batentzat. Ez ginen agurtu ere ohi bezala, noizbait zinema ta gero, Itzuli hauskorrak edo Zartailuaren gau batetan, elkartuko ginelaren ziurtasun arinez. Bizkar emate bat izan zen, beranduegi zela aitzakitzea, joan behar zela; sakabanaturik irten ginen, guztia bukatu arte nork bere nahia ahaztea aldean zeramala, eta jakiten ez zela horrela, oraindik falta zitzaigula goizen batetan egunkaria ireki eta berria irakurtzea, harridura profesionalaren esaldi leloak. Inoiz ez genuen inorekin hitzegingo horretaz, ihes egingo genioke elkari kortesiaz zinema edo kalean; taldearen zintzotasuna gordetzeko modu bakarra zen, lan bukatuaren isiltasuna gordetzeko modua. Hainbeste maite genuen Glenda azken perfektasun bortxaezina eskaini geniola. Bera altzatu genuen goragune ukiezinean, gordeko genuen erorketagatik, bere fidelenek jarrai zezaketen adoratzen beldurrik gabe; gurutze batetik ez da bizirik jaisten.
|