Mundian malerusik
Etxahun
Khantore huntan dereikü Etxahun-ek bere bizitze malerusa khuntatzen. Donaphaleuko tribünalaren aitzinian, 1828-eko arramaiatziaren hamazazpian, Pierre Topet jüjatürik izan zenian Musde Deffis jüjiak khantore hori Sallaberry bati frantsesez ezarrierazi zian. Berantago khantoria frantsesez "Gazette des Tribunaux"-ian agertü zen eta Aleman poeta handi batek Louis Chamisso-ek ixtoria eta khantoria irakurririk "Des basken Etchehons klage" ezkibatu zian.
Mündian malerusik hanix bagirade,
Bena ni bezañ denik ezta ihur ere.
Nihaoren funtsetan nahiz izan jabe,
Hamar urtheren galerak enetzat dirade.
Desertüko ihiziak, jenten beldürrez,
Abisatzen dirade egoitera gordez.
Ni ere, hurak bezala, gaxua nigarrez,
Ene bizi trixtia kuntserbi beharrez.
Hogei eta bi urthik bethe egünin,
Emazte bat hartü nin ene zorigaitzin:
Erraiten ahal beitüt zereki zeitan jin,
Ene ürkha bülhürra gorderik altzopin.
Ezagütü nianin zer nian erosi,
Nahi ükhen nian bortxaz kunbertierazi.
Haren jabe handik haren althe jarri
Eta ni, ogen gabia, gaztelin ezari.
Emaztia hartü nin aitaren gustüko
Nihaoren kuntre jalkhi zeitadaneko,
Desünionian-jarri familia oro:
Gaizak untsa phartitü eta gaztelilat jun gero.
Hamar urthe huntan bizi niz esklabo,
Erdia presu eta bestia sordeisago.
Jeloskeria batetarik hatsarria oro,
Nahi gabez izan osoki sorhaio.
Ene lehen aizua, bahin bai hiria,
Ützirik enetzat ene emazte flakia!
Bestek eraman dik hik behar kolpia,
Bena küpera hirok orano hartzia!
Ene lagün gaxua bai eta flakia,
Zerk othe dereizü nahasi zentzia?
Galerazi gütützü ni eta etxia,
Desterrin ezari familia guzia.
Khuntatzen ahal dit nun nahi kunpanian:
Zük eman düzün eskandalian,
Galerazi tüzü bi gizun galant
Eta thunatü hirur leinhürü xarmant.
Hamar urthez deitazüt eman bürüko min,
Bai eta bost urthe igan-erazi gaztelin,
Lagüngoarik gabe nahiz han hil nendin:
Holako emazte bat nurk sofri saihetsin?
"Hamar urthez eztüzü ni gatik sofritü:
Ene osaba jaona kausa izan düzü.
Nitan gerthatü dena ezpalitz agitü,
Behar izan zünükin gaztelin peritü.
«Emazten dohaña! Hurak bethi birjina,
Agertzen ezpazaie frütü ereña!
Ni ere ekhusirik haren ekhospena
Trixtia! izan nintzan, oi! baten hartzera!
Musde Haritxabalet jaon erretora,
Etzünin edükiten ogendant zure lloba.
Orai sogin-izozü: hor düzü proba,
Makaleren sarjant zerbütxatü zirela.
Bostetan deitazüt penitentzia eragin,
Etsaiak ene etxen, ni aldiz gaztelin.
Hurak deus nütinen jaten, lotze ene ohin,
Ene desuhuratzen, trankilitatin!
Ene aita fidela, aurhidik hareki:
Aberastü zidie ene malürreti!
Prosesari eman, defautak eraiki:
Gisa horrez eni etxaltia ideki!
Jüjen aitzinian ere izan nüzü:
Hamasei jakiletan zortzi ziren faltsü.
Haier izan beitira jüjiak behatü,
Eta halaz naie ni sekülakoz galdü.
Zü ere, Jüstizia, injüsto zirade:
Ogendant zaitzü txipik, handik ogen gabe;
Zeure jüjamentiak halaxe dirade:
Dihariarentako kuntzentzia saltzale!
Egizie, gaztik ene zorthiri so:
Gei dinak ezkuntü, ez jar esklabo
Emaztia ez har enia bezalako:
Aphezt-zito lehen, edo jun soldado.
Hanitch mintzatu niz ene etsaien kountre
Nahiz eztudan erran gezurrik hal'ere.
Duda gabe estakurik baditit nik ere,
Ezpeitu Jinkok egin gaberik batere.
Adio, ene haorrak, gaxo ogen gabik,
Aitak eta amak esklabo ezarik:
Eztitzazie jerraik aitamen etsenplik,
Bena zühaien bürüz ahalaz Jesüs-Krixt.
Barkoxeko lürrian ez txerka Etxahun,
Haren hatzaman nahiz dabiltzanak undun;
Bere khantoren huntzen ari da Igelun,
Halako olhalterik ezpeita Ziberun!
Khantore triste hao irakurri unduan phentsatzen hal dügü Etxahun ezpaliz hain gaitz izan eta hain adret bere büriaren defendatzeko ezkünükila holako khantore ederrik eta egin ditian gaizkiak hala pharkagarri direla, phastoral zaharrek dioten gisa:
Eta mündian eztela, batere gizunik
Hütsiala eta faltala, süjet eztenik.
|