Haitz-pean...
Iratzeder
Haitz-ondo baten itzala, zeruaren zabala...
Eta hara berehala eskual-kantuz nagola!
Mundu-bidetan ardura ezindua nabila;
Bilatzen dut holakotan haitz-pe baten itzala:
Eta hor, zerurat beha berritzen zait odola,
Eskual-lurren bihotzean sartzen banintz bezala.
Eskual-Herria zait niri nun-nahiko haitz-pea:
Hor dut hurrupatzen eskual-lurren bakea.
Haitz-pek arintzen, eskualtzen, pizten dute barnea
Eta, elgarri besarka, biltzen eskual-jendea.
Haitz-ondo baten itzala, zeruaren zabala...
Eta hara berehala eskual-kantuz nagola!
Itsas-aldeko marruma, ihurzuri chimichta,
Iratze-gorri zirimol, Haitz-ondo bat chut chuta...
Zatozte, eskual-anaiak, dugun dantza ta kanta
Eta, munduaren maitez, elgar mintza ta maita.
Eskual-Herria, nun-nahi, bihotzean dugula
Eta usu ezpainetan "Gernikako Arbola".
Eskual-seme bakotchak bi Herri dituela:
Lehenik Eskual-Herria eta... Mundu-zabala.
............................................................................
Kurutzea bezein zabal zauden zuhaitz saindua,
Erho guziez hurrupa eskual-lurraren sua;
Eta, hedoieri nausi, goiti altcha burua,
Bake-eraile zabalduz munduz-mundu Fruitua...
1-10-49 Beloke-n.
|