Euskal baserriak
Basarri
Euskal baserri aintzagarriak
gure onarri lerdenak.
Zugaitz mardulen babes gozoan
irriparrezka daudenak.
Gure izkuntzaren gordetzallerik
bikañen eta sendoenak.
Zuentzat dira nigan jaiotzen
diran bertsorik onenak.
Gure oituren ispillu garbi
oraindik zuek zerate.
Ala izatea komeni zaigu,
mundua mundu dan arte!
Ai, arrazaren mendu gordiña
barrunbe aiek daukate.
Euskal baserri maite, laztanak,
arren, zutikan zaudete.
Zaudete txuri ta irripartsu,
zaudete goitan bakarti,
or jaio ziran zarrak bezala
launari otoizka beti.
Pakearen da zorionaren
atsedenezko barruti,
errietako naspil: zarata
bildugarritik urruti.
O kaletarrak! txapela erantzi
iñoiz mendira joatean;
baserri zabal urtez jantziak
aurrez aurre ikustean.
Nik bildur gabe esan nezake,
deadar gozo batean,
Euskal arrazik ezta galduko
baserritik dan artean.
Baserritatik dute suztraya
damazkigun abizenak;
baserritatik iturburua
erri askoren izenak.
Baserrietan sortuak dira
izar dizdiratsuenak,
Euskalerria zerutaraño
jaso diguten gizonak.
Soro ta zelaiz inguratuta
begoz, begoz dizdiratsu,
zerutar intzak busti goizean,
eguardian eguzkitsu.
Gure asaben seaskak dira,
Jauna, zuk ongi dakizu,
Zure maitasun azken gabeaz,
Jauna, bedeinka itzazu.
Zarautz-Urrilla-1946
|