Limosnatxo bat
Juan Pedro Otaño
1
Mutil koxkor bat itsu aurreko
Zubela aldamenian
Gizon burusol bizar zuri bat
Bi makilaren gaiñan,
Kale eskiñan ikusi nuben
Iñora ezin joanian
Ta bera nor zan jakin nayian
Inguratu nintzanian...
Limosnatxo bat eskatu zidan
Jainkuaren izenian.
2
Zerbait emanaz galdetu niyon
Al zan modu onenian,
Jayotzatikan al zeukan ala
Gaitzak artuba mendian ;
Erantzun zidan : ez semia, ez,
Nik sasoya nubenian,
Ez nuben uste iritxitzerik
Onetara azkenian...
Gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.
3
Eta segitu zuben esanaz :
Lengo gerrate denian,
Ni aurren xamar ibiltzen nintz
Beti edo geyenian.
Nekatu gabe aisa igoaz,
Aldapik luzenian,
Etzan burura asko etortzen
Gu ala gebiltzanian...
Gero limosna eskatutzerik
Jainkuaren izenian.
4
Odola bero eta burua
Arrua dagonian
Edozeñ moduz sartutzen da bat
Alako itsumenian :
Atsekabe ta negar samiñak
Badatoz ondorenian,
Nola ere bait batek biziya
Utzitzen ez dubenian
Limosnatxo bat eskatu bear
Jainkuaren izenian.
5
Iñoiz pentsatzen nere artian
Ni jarritzen naizenian,
Gaur ere asko dirala joango
Lirakenak zuzenian.
Ez luke iñor sinistatuko
Zer pena ematen diran.
Ai ! orla nintzan ni ere sano
Ta gazte nengoenian...
Gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.
6
Ai ! txorakeri asko egiten
Da zentzurik ez danian ;
Sinista zazu ur au pasia
Daukanaren esanian :
Obiago da sasoin dan arte
Savututzia lanian.
Negar egiñaz ibili gabe
Gero dembora joanian...
Limosnatxo bat bildu eziñik
Jainkuaren izenian.
(1897)
|