Lau poeta
Juan Cruz Igerabide
Judith-en begi leunak
Judith-en begi leunak
zein katekorratz bitxiak!
Goiztiriak han iraun eta itaun
sakon estuan josirik.
Tolestatu ditu betazalak
maindire antzo.
Judith-en begi leunek
goiza kulunkatu dute altzoan.
Kristalezko magal hezean
diztirazko kantu umela doakie
lurrun ematuen bularretaraino.
Hotzikara gorde da betile tartean.
txepetxen habietako usain iharra
gurdi makalduei hitaz galde eta galde.
Judith-en begi leunak,
zelai urdin amoltsuak:
Nora doake hire izarra
mendixka apalaren gainetik?
Elektrak
Elektrak ez du zapirik aurkitzen
kutxa negartien sagarrusainezko sabeletan.
Ilargiaren izpi bat erori da
etxaurreko aska pitzatura,
etxaurreko aska pitzatura eta
xapaburu batek irentsi du zaluki.
Elektraren itzal mehea
kandelaren esku dabil, hil ez hil.
Ilargiaren izpi batzuk hegaldatu egin dira
etxaurreko aska pitzatuaren gainetik igaroz,
etxaurreko aska pitzatuaren gainetik igaroz eta
xapaburuak begira egon dira ahoa irekita.
Elektraren gogo dardartia
Kolkoan izozturik arraildu da.
Ilargia kriski kraska jausi da
etxaurreko aska pitzatua lehertaraziz,
etxaurreko aska pitzatua lehertaraziz eta
xapaburuak sabelez gora barreiatuz.
Elektraren oin odoleztatuek
letra gorriak idatzi dituzte
harrikoskor batean eta bestean,
ilargiak behinik behin irakur ditzan.
Arrabita
Arrabitaren ahaire urdinean
enarak bidali zenizkidan
gutun mikatzak ekartzera.
Arrabitaren ahaire urdinean
leunki brodatzen zenituen
zetazko erantzun krudelak.
Arrabitaren ahaire urdinean
zerura begira gelditu zara
hotzikaraturik
arrabitaren dardar gordinean.
Bi enara
Bi enara kanpandorre gainean:
Bata negarrez dago, kontsolatuz bestea.
Arratsa eserita dago orduen magalean.
Nork beratu maitasuna izotzen ispilutan?
Hain gogoko dudan haizea
zirrikutan gorde da;
zirrikutan zapuztu da eta
tximeletek irakurri zaituzte
iratze usainetan kuxkurturik.
bi enara kanpandorre gainean
Bata negarrez dago, kontsolatzen du besteak.
|