Poesiaren lekua
«Marginalia» liburuari buruz
Felipe Juaristi
Poesiak ez du definiziorik, poesiak metaforak ditu, konparazioak, transgresioak, poesia bera hizkuntzaren transgresioa bait da.
Baina hala ere saiatzen dira poetak beren buruari poesiari buruzko definizioren bat ematen, normalean tranpa eginez. Erantzuten dute: «poesia eres tú» edo horrelako bitxikeriren bat. Edo idazten dute: «O poeta é um fingidor».
Eta jende arruntak, poesia gutxi irakurtzen duenak, edo-ta Pessoaren hurrengo estrofak ulertu ez dituenak horixe pentsatzen du poeta plantatan dabilela: «Finge tao completamente / Que chega a fingir que é dor / A dór que deveras sente».
Irakurri berria dut «Marginalia» Joseba Sarrionandiaren azken liburua eta lerroak irakurri ahala Pessoaren bertso horiexek etorri zaizkit. Sintzeroa dela iruditzen zait: «Idazle eta politiko ofizioak ezagugarri desberdinekoak dira, idazlearen perspektibak ez dira politikoarenak bezain definitu eta xehatzak, idazlea analitikoa eta konprentsiboa da, politikoa sintetikoago eta sektarioagoa den artean. Idazleak bere gisa iharduteko eta bere obraz zerbait berri sortzeko libertatea du, politikoa proiekto kolektibo bati atxeki behar zaio, militante bat gehiago besterik ez denaren apaltasunarekin. Idazlearen baitan batzutan bi aldeotatik bat, kara ala gurutzea, nagusitu egiten da, bestetan bi aldeok ados heltzen dira, bestetzutan idazleak urradura legez bizi behar du zation arteko tentsioa».
Gogoratzen ari naiz Espartaco, Kubriken pelikulaz, bertako eszena batetaz. Aktore nagusia Kirk Douglas zen pelikula hartan. Espartaco erromatarren aurka matxinatu eta ejertzito bat ari da biltzen. Tropel handia inguratzen zaio eta bakoitzari galdetzen dio zer den bizitza honetan, zein ogibidekoa den. Batek erantzuten dio perratzailea dela eta orduan Espartacok esaten dio oso ondo dagoela hori eta bera etxerako. Horrela egiten du guztiekin, galdetzen die eta beraien erantzuna jaso ondoren balio dutela eta beharrezkoak direla esaten die Espartacok. Iristen da azkeneraino. Honi galdetzen dio zer den ogibidez eta erantzuten dio poeta dela. Bi aldiz pentsatzen du Espartacok eta azkenean esaten dio ondo dagoela, bera ere beharrezkoa dela eta etxerako.
Eszena horretatik garai batetako jende progresista eta ezkertiarrak interpretazio hauxe atera zuen: poetek borrokarako balio zutela eta poesia arma bat zela beste armak bezain indartsua. Dena den ideia edo kontzeptu hori nahiko zaharra da eta gure artean lehenago entzun ahal izan zen Celayaren ahotik.
Ondotxo daki hori Sarrionandiak, poesia ez dela mundua aldatzeko tresna. Horretarako badaudela beste batzuk, eta tartean berak aukeratu duena, borroka armatua. Poesia beste esparru batetako fruitua dela dakien bezala.
Garai batetan poetak ziren jainko eta gizonen artekoak. Aro prerazional edo ez arrazionalaz ari naiz. Poeta zen jainkoen ordezkaria, jainko berri eta zaharrena, Izan ere berak asmatzen zituen jainkoak eta jartzen zen horiek eta gizonen artean. Gogoratu bi poeta handi grezia zaharrekoak: Homero eta Hesiodo. Edo-ta gogoratu Erromantizismo garaian aabaldu ziren mito eta aintzinako forma paganoen kultoa, adibidez Hölderlin. Edo gogoratu Pessoaz aparte Mirande. Poetek hitza erabili izan dute baina ez arrazoiaren alde. Horregatik dator poeten kondena Platonen eskutik. Honek bere «Errepublika» izeneko liburuan zera dio: «Y en el momento en que recibáis en ella a las masas voluptuosas, sean épicas, sean líricas, el placer y el dolor reinarán en vuestro estado en vez de la ley y de la razón».
Platon poeten kontra dago arrazoiaren alde dagoelako, eta bere estadu ideal horretan Justizia balore nagusitzat jotzen duelako. Gizona libre nahi du, arrazoiaren bitartez eta horregatik gaitzesten ditu mitoak. Horregatik zegoen poesiaren kontra. Poetak ez zuen libre izan nahi. Poetak inpernuan bizi nahi zuen, ezarrazoiaren inpernuan. Hori dela eta idatzi zuen Rimbaudek «Une saison à l'enfer».
Poeten inpernua, benetakoa, marginalitatea da, baina ez dut uste nik eta Sarrionandiak marginalitateaz gauza bera ulertzen dugunik.
«Literatura marginala da egitura edo marko ofizialetatik aparte sortu eta zabalduriko idazlanena» dio Sarrionandiak.
Horrela bada, euskal literatura marginalik ez dago, bera osorik marginala ez bada.
«Soziologian, marginalak dira gizarte egitura eta usadio orokorretan integraturik ez dauden jende eta taldeak» berriro Sarrionandia. Hala ere puntualizazio bat, askotan nahasten dira gure herri honetan margenak eta alternatibak, marginalitatea eta alternatiba.
«Liburuetan margena orrialdearen ertzean geratzen den espazio zuriari deitzen zaio, ezker edo eskuin aldekoari batez ere». Baina ez digu argitzen orrialdearen atzekaldeari nola deitzen zaion.
Sarrionandiak eta beste askok diotenez borroka armatua da gizartea aldatzeko modu bakarra, beste guztiek integraturik bukatzen bait dute. Sarrionandia eta beste askok badute plataforma bat «KAS alternatiba» deritzana. Hori al da marginalitatea?
Platonentzat poesia delirioa da, eroen artea, desesperatuen espresioa. Filosofia esperantzarako atea baldin bada; poesia, etsipenerako bidea. Gizona jainko eta indar ezkutuen menpe jartzen duelako. Poesiarentzat heriotzaren aurreko irtenbide bakarra maitasuna da. Beste guztiak ezer gutxi balio du hilgo bagara. Honelatsu dio Anacreontek: «¿De qué me sirve el que me enseñes las reglas y los sofismas? ¿Qué necesidad tengo de que me enseñes esas palabras que no me sirven para nada? Enséñame ante todo a beber el dulce licor de Baco; enséñame a volar con Venus, la de las trenzas de oro. Cabellos blancos coronan mi cabeza. Dame agua, vierte el vino, joven adolescente, aduerma mi razón. Pronto habré cesado de vivir y cubrirás mi cabeza con un velo. Los muertos ya no tienen deseos».
Filosofoarentzat bizitzan erne egon behar zen, eta poetak, Anacreontek, esaten digu arrazoia lotan jartzeko.
Baina badago beste arrazoi bat Platonentzat poetak ez onartzeko. Platonentzat poesia gezurra da. Berak esan zuen: «Uraren gainean idaztea. Hori da poesia».
Poesiak errepresentatu egiten du eta horixe da Pessoak esaten zuena, baina errepresentatu egiten du poetak berak sentitzen duen zerbait: «E os que lêem o que escreve. / Na dor lida sentem bem, / Nao as duas que ele teve, / Mas só a que eles nao têm.» «Eta irakurritako minean irakurleek ez dituzte poetak izandako biak irakurtzen beraiek ez dutena baizik».
Confuciok ere ez zuen estima handian poesia. «Koartzen oinatzak» zirela esan zuen.
«Edozein gai tratatzerakoan beharrezkoa da zalantzaren erreferentzia hori. Zalantzak irekitasuna esan nahi du. Egia etiko edo estetikoa iadanik aurkitu eta ezagutzen delako kriterioa antzua da» dio Sarrionandiak, seguruaski bere liburuetako beste zatiekin kontradikzioan sartuaz, baina esan nahi dut puntu horrekin ados nagoela. Poesia, zerbait bada ere, zalantza etengabea bait da, norberaren buruarekin borroka amaiezina. Kontradikzio totala. Finkatu ezin daitekeen mogimendua, behin ere geratzen ez dena. Itzulbiderik ez duena. Maldizioa.
1968.ean, orain hogei urte esperantzaren termometroa goi-goian zegoen eta orain aldiz ia behean, lur jota, hotza seinalatzen duen puntuan. Postmodernitate-garaia. Eta ez dakit nola definitu postmodernitatea, modernitatea ez dakidan bezala, baina deskribatu dezaket gure garaia. Esperantzarik gabekoa. Ikuspuntu politiko batez esan daiteke utopiaren galerak, utopiarik ez egoteak, iraultzan ez sinisteak markatzen duela. Iraultza hitzak bere esanahaia galdu du eta orain hitz hutsala da, ezer esan nahi ez duena. Iraultzak zentzurik ez badu, utopiak eta geroak galdu dute ere beren esanahia eta horrekin batera erreakzionario hitzak. Oraina geratzen da eta iragana. Horregatik dator nostalgia sentimendua.
«Posmodernismoa nostalgikoa da» dio Sarrionandiak, eta nik ez dakit zer esan nahi duen. Nostalgia niretzat maskara besterik ez da, errealitatearen aurreko inpotentzia. Iraganean errefujiatzen gara, ez hobea izan zelakoan, errealitateari aurre egin ezin diogulako baizik. Errealitatearen aurrean identitatea galdu du pertsonak. Sex Pistols taldeak zioen moduan «No Futur».
Gerorik ez badago zer geratzen da? Norbera besterik ez. Eta norbera hau fragmentatuta, hautsia.
Gure irla bakartietatik ihes egin nahi ez dugun Robinsonak gara, horietan lur hartzen duten itsasuntziek Esperantzara beren belak zabaltzen dituztenik sinisten ez dugunez.
Horixe omen da postmodernitatea, Sarrionandiak dioenez, eta seguruaski horrela da, eta seguruaski 60 urteetan ere horrela zen, «Novísimos» izenburupean ezkutatzen ziren poetek eztabaidatzen zutenean ere.
Bueltaka ari gara aspaldi honetan postmodernitate eta posmodernismoari buruz eta Sarrionandia ere erori da bere eritzia emateko tentazioan.
«Modernismoak progresoan sinisten zuen oraindik, potsmodernismoak iadanik ez» dio Durangoko poetak. Eta Euklides errazago da ulertzeko Einstein baino, baina ez gaude Euklidesen garaietan. Eta gaurko burgesiak progresoan sinisten du eta bereganatu ditu modernismoak zituen bereizgarriak, kitsch bihurtuz.
«Modernismoak arrazoian sinisten zuen, postmodernismoari ez zaio hainbeste axola. Postmodernismoa idealista da» beste zita bat Sarrionandiaren liburutik hartua.
1776.ean Kantek, ene filosoforik maiteenak, panfleto bat idatzi zuen, Swedenborg poeta suediarraren kontra: «Bisionario baten ametsak, metafisikaren ametsak direla medio interpretatuta». Kantek dioenez panfleto horretan eta gero bere liburuetan desarroilatuko den tesia zera da: arrazoia dela pentsamenduari pentsagarria denaren mugak ezarri behar dizkiona. Kanten eritzian poetek gezur asko diote eta Swedenborg ero bat besterik ez zen.
Modernismoa saiatu da arrazoia ez den beste guztia ezabatzen: Arima, Mundua, Jainkoa deserriratu behar diren kontzeptoak dira, eta horretan dihardute beste aurrekoen ordez beste batzuk eraikiz eta aurrekoak enmaskaratuz, arrazoiaren izenean.
Oso sinplista da askotan Sarrionandia postmodernismoari buruz esaten duena esaterakoan.
«Gizarte postindustrialean, Emilio Lopez Adanek esan duenez, sakrifizioaren etika gainbehera etorri da. Intimitatea eta burruka sozialaren artean marra eginda, postmodernitateak lehen aldea aukeratu du, eta marraz bestaldea beraientzat kausa galduena edo kausa lohiena da».
Kausa galduak ez dira marraz bestaldekoak, norberarenak baizik.
«E assim nas calhas de roda / Gira, a entreter a razao, / Esse comboio de corda / Que se chama coraçao». «Eta horrela sartzen da bizitzan arrazoia distraituz aproposeko tren hori bihotza deitzen dena».
Platonek poetak gezurteroak zirela esaten zuenean ez zekien irauten duen oro poetek sortua dela, eta horiek gehiago funtzionatzen dutela bihotzarekin arrazoiarekin baino.
Poesiaren lekua gizakiaren lekua besterik ez bait da.
|