«Exkixu» errealitate aurrean
Juan Mari Irigoien
Nire inguruko jende guztiak daki nola gorrotatzen dudan telefonoa, baina goiz hartan, hala ere, hartzea erabaki nuen, gauez amets egin bait nuen Elisabetek telefonoz deituko zidala, nire bihotzeko Elisabetek, bai, bere begietan hondorik gabeko itsaso bi dituen nire bihotzeko Elisabetek, baina esaera zaharrak dioen bezala, «amets: zerria askan trabes» eta ni zerriarekin ez, baina Xabierren ahotsarekin topatu nintzen, euskal literaturaren munduan bultzaka datorren gazte horrekin eta hizketan hasi zitzaidan: «Hi, Joan Mari, Txillardegik egina dik azken nobela; protagonista altzatarra duk eta haren ustez hi izango hintzake aurkezpena egiteko pertsonarik egokiena» ...eta orduan San Pablori Damaskorako bidean gertatutakoa gertatu zitzaidan niri ere, baina guztiz alderantziz, jakina, hari argia egin zitzaion artean niri gauegin bait zitzaidan eta errezatu egin nahi izan nuen, baina otoitz bakarra zetorkidan ezpainetara: «Tierra trágame, tierra traga-amén».
Erantzungo niola esan nion, ez nuela bera oraindik pertsonalki ezagutzen, pentsatzen hasteko. Eta pentsatzen eta pentsatzen, hiztegira begiratzea bururatu zitzaidan, Txillardegiren esentziaren berri ahalik eta azkarren jakin nahian edo, baina hain urduri nengoen euskarazko hiztegian begiratu beharrean, gaztelerazkoan begiratu nuela eta han, bai: «Chilla... Chillan... Chillar...» aurkitu nituen eta ondoren «Chillardegui» ere bai, eta «Chillardegui = lugar del grito» jartzen zuen eta nik hori sentitu nuen, oihu egiteko gogoa, eta oihuka hasi nintzen: «Txillardegi, Txillardegi, ez al haiz hi niretzat gehiegi?».
Eta niretzat gehiegi ote zen jakiteko Amasara joatea erabaki nuen. Joan nintzen, bada, harantza eta hantxe aurkitu nituen Txillardegi eta Jone, eta haien seme-alabak ere bai. Eta kafea atera ziezadaten baino lehenago nire kezkak azaldu nizkion / nizkien, eta Txillardegik nire argudioak hankaz gora jarri nahian «Hik ba al dakik zer den txilarra?» galdetu zidan, eta nik «Lugar del grito» delakoa aipatu nion eta berak irribarrez, erdi barrez, hauxe esan zidan: «Txilarra ni bezalako zuhamuxka txiki bat duk, motel: nola izango naiz, bada, hiretzat gehiegi?», eta une hartan altxa egin zen eta ni haren parean jarri nintzen, eta bera txikia ez, baina nik baino zentimetro bat gutxiago zuela konturatu nintzenean, apur bat animatu nintzen, baina ez gehiegi halarik ere. Eta hizketan eta hizketan segitu genuen, berak bereari eta nik neureari eutsi nahian, «Txilarra sendabelarra ere baduk» esan zidan arte, «hara zer dioen liburu honek: "es una excelente medicina para los cálculos renales y de la vejiga, el reúma y la gota"», eta hura entzunda lau urte atzerago pasatako zistitisaz gogoratu nintzen eta ustegabean, «Hala bada...» hasi nintzaion, baina nik esaldia amaitu baino lehen, berriro eraso ninduen Txillardegik:
Ba, hala bada, hala bedi.
Ez, ez nuen ihesbiderik.
* * *
Txillardegik berak «Ella Scheelen»en azken argitalpenean egiten duen hitzaurretik ateratako pasarte bat aldatuko dut hona, zerbait esaten hasteko:
«Euskaltzaindiaren Saria jasotzea pozgarri gertatu zitzaidan, nola ez.
Baina berehala somatu nuen, errespetatzen ditudan adiskide ikasi batzurengandik, ene liburua ez zela gustatu. Batek "atzerako urratsa" aipatu zidan; beste batek berriz, "nobelagintza berritik urrun" nenbilela; beste batek, hirugarren pertsonan eta kondatzaile "orojakile" aren ikuspuntutik idaztea, deskalabroa zela 1967-an (1), ideologiaren gehiegia salatzen zidan beste batek; eta abar. Arestik berak ere, "poeta" naizela esan zidan, ez nobelaria; eta ELSA honetan agertzen diren pasarte batzutako ildoan barrena idatzi behar nuela aurrerakoan, poesia alegia.
Luzaz pentsarazi zidaten kritika horiek, eta nobelagintzari uztera deliberatu nintzen. Eta hamaika urte honetan ez dut nobelarik agertu. Agindua dut (eta ongi abiatua ere bai) batere ELSA-ren tankerakoa izango ez den liburu bat.
Agian menturako naiz berriro plazaratzera...»
Eta bai, zorionez berriro plazaratu zaigu Txillardegi, «Exkixu» izenburuko elaberriarekin.
Eta esan dezadan, munduak buelta asko ematen bait ditu eta ez bait dut neure burua kritikalaritzat, ez naizela ni hasiko «atzerako urratsa» ala «aurrerakoa» den nobela hau esaten, munduaren jirabira horien arabera maiz gertatzen bait dira «atzerako urratsak, aurrerako» eta «aurrerakoak, atzerako», «superatutako gauzak, superatu gabeko» (2).
Urrutirago joan gabe, lehen aipatu «orojakile»-aren ikuspuntutik idaztea, 1.967-an deskalabru bat bazen, bestela gertatzen da gaur egun, eritzi horrekin alderatzeko, 1981-eko maiatzako «SUSA»n J.A. Arrietak esandakoak ekar bait ditzaket hona «...Txuma Lasagabasterrek esaten dik (...) historiak kontatu behar ditugula. Galdos erabili behar dela, edo Balzac. Gure ikuspuntuari buruzko eskrupulo horiek, hirugarren pertsona orojakilea-eta, gainditu behar ditugula, eta goitik behera pertsonajeak montatu eta pertsonaje horiek dantzan jarri beren artean...»
Izan ere, eztabaida horretan nork du arrazoia, Ibonek ala Arrietak? Nire ustez, biek. Eta hori ulertzeko kontutan izan behar dugu Ibonek kritika egin zuen garaian ezezagunak zirela gure artean konta-teknika berriak, ezezagunak edo erabili gabeak behintzat eta mundu horretara jaiotzeko zerbait egin beharra zegoela... eta halaxe egin zuen (3). Baina modu berri horiek nola edo hala geureganatu ondoren bere zentzua galtzen du kritika horrek eta hortik letorke Arrietaren buelta.
«Atzeko urratsak, aurrerako» eta «aurrerakoak, atzerako» bihurtzen dituen istorio honek zerbait erakutsi behar liguke.
Lehengoan norbaiti entzun nion politika literaturarekin nahasten denean literaturaren kaltetan dela beti; orain dela gutxi ere hori bera irakurri nion idazleren bati (ez naiz gogoratzen nor), hor, «QUIMERA»n. Eta ni ez nago ados; are gutxiago gure herrian, herri honetan, onerako nahiz txarrerako, politika izan bait da gure amets askoren bultzagarri, gure maitasun eta gorroto askoren akuilugarri. Eta ez al dira, bada, nobelak idazten nobela gehienak behintzat gizonon maitasun eta gorrotoak azaltzeko, gizonon ametsak deskribatzeko? Orduan...?
Baina nobela politiko bat baino gehiago, «abenturetako nobela» bat iruditu zait niri, edota «abenturetako eta desbenturetako» nobela, hobeto esanda. Eta alde horretatik lehen aipatu Lasagabaster eta Arrietaren eritziekin lot genezake, zera ziotenean: «...historiak kontatu behar ditugu. Galdos erabili behar dugu, edo Balzac...»
Eta nik Txillardegiren nobela honetan hori aurkitu dut lehenik, historia bat, erritmo bizi-bizia duen nobela bat, lehengo orritik azkeneraino segidan irakurtzen den horietakoa, eta ez dakit Galdos edo Balzac, baina Barojaren eragina bai, hori behintzat antzeman daiteke.
Alde honetatik eta bere aurreko elaberriekin gonbaratuta, beste bide batean sartu dela iruditzen zait.
Hara zer zioen Joxe Azurmendik «Haizeaz bestaldetik»en hitzaurrean.
«...Alderik alde, Txillardegiren obra guztia obra honetan dago. Hemengo pertsonaia, bere ausentziaz presente dagoena. Txillardegiren betiko pertsonaia da. Hemengo denbora mitikoa Txillardegik beti borratu izan duen denbora da: gogora «Leturia»: udalen, uda, udazken, negu... Ez dago denborarik. Ez dago pertsonaiarik. Akziorik ez dago. Espaziorik ez dago. Espazioa irreala da ("Zerubide!"). Denbora irreala da... Beraz. Txillardegik, ezagutzen genizkion bere karakteristika formalak, ez ditu abandonatu, guztiz radikaldu egin dizkigu, estremismoraino...»
Hemen, aldiz, protagonista, Antton Arraiza, beti dago presente, bere presentziarekin betetzen gaitu etengabeki, elkarren jarraian gertatzen zaizkion abentura eta desbenturek ez digute besterako gogoetarik egiten uzten; «Leturia» beti erabaki beharrean dabil, baina azkenean ez daki zer erabaki eta galdu egiten da bere gogoetan; «Peru» ere berdin, bere iragankortasunaren oinazean galtzen bait da; «Leturia» eta «Peru»k bere isatsari koskaka ari zaion legatza gogorazten didate; Antton Arraizak, aldiz, tiburoi bihurtzea erabakitzen du eta bere isatsaz gogoratu ere egin gabe aurrera egiten du beti; «Leturia», atzera begiratzen duenean, nostalgian galtzen da; Anttoni ere nostalgia datorkio atzera begiratzen duenean, bere haurtzaroko Altzari begiratzen dionean bereziki, baina ez da nostalgian galtzen, aitzitik baizik, nostalgia hori guztiz eraginkorra gartatzen bait zaio: Anttonek atzera begiratzen du, bai, baina aurrera egiteko.
Denborarekin ere antzeko zerbait gertatzen da, Anttonen denbora ez bait da mitikoa, Txillardegiren aurreko nobeletan gertatzen zen bezala, ez da denboragabetasunaren uretan amiltzen, ez da 4 arotan banatzen den sinfonia, ez da, ez, «Leturian» bezalakoa... abenturetako nobela antzeko baizik, 35 kapitulutan banatutakoa, 35 kapitulu azkarretan, honetan ere teknika periodistiko eta zinematografikoaren eragina nabari daitekeelarik.
Eta espazioarekin ere, berdintsu, beste nobeletan irreala bazen, hemen guztiz erreala bait da: «Haizeaz bestaldetik»en espazioak «Zerubide» bazuen izena, honakoan beste muturrean dabil, «Infernubide»n, eta «Infernubide» hori guztiz erreala da... eta galdetu niri bestela, Altzan bizi naizela.
Beste leku batean hauxe dio Azurmendik:
«Apokalipsia gogoratzen du nobela honek, hitzez hitz, lerroz lerro, irudiz irudi. Apokalipsi batetan denak balio sinbolikoa du».
Eta hor, bai, puntu komunik ikus daiteke agian beste nobelekin, niri ere nobela honek Apokalipsia gogarazten bait dit, baina ez era sinboliko batean, oso era konkretuan baizik, protagonistarengan haragitua, zeren Apokalipsia munduaren amaiera hipotetiko batekin lotuta baitdago. Exkixun ez da horrelakorik gertatuko, hipotesia errealitate bihurtuko bait da hemen, errealitate gordin, Anttoni bere munduaren amaiera bertatik bizitzea tokatzen zaionean, berak bihotzez maite duen eta bihotzean daraman Altzaren amaiera, autopistak zauritua, zementuak estalia.
Hizkuntzari dagokionez, berriz, hauxe zioen Mitxelenak «Leturiaren egunkari ezkutua»n, hango hitzaurrean:
«...Ez dut esango, ez bailitzateke egia nire ustez Txillardegik bere mintzaera zeharo eskuratu duenik liburu honetan: halako gordin-antxa aurkitzen zaio, osoro heldu ez den fruituarena. Ezin zitekeen bestela izan: ez ditu hitzak menderatu, hitzekin borroka bizian ari da. Ez baititu hitz pollitak apainkiro elkartu nahi belarrien gozorako, hitz horien bidez adierazi baino arimaren zoko ilunetan izkutatzen diren joera eta burutapen iheskorrak. Ez baita, batez ere, inoren oihartzun, ez baita besteren ahoz ari, bere baitaren baitatik baizik».
Eta ene ustez, arrazoi zuen Mitxelenak. Eta ulertzekoa ere bazen. Izan ere Leturiaren baitan sartuz gero, edonork senti zitzakeen haren burruka existentzialistaren «gorabeherak». Edota «behetigorak» esan behar genuke hobeto, bizitzan beti maldan gora balebil bezala; eta Txillardegik aukeratzen duen hizkera ere burrukatsua egiten zaio irakurleari, hitzak ere maldan gora jarririk baleude bezala. Nobela honetan, aldiz, oso bestela gertatzen da, Anttonen bizitza gogorra bada ere, aski garbi bait dakusa une bakoitzean zein den bere aukera. Leturiak eta Peruk ere bai, bere barruan dute etsai nagusia eta etsai horrekin ez dakite nola jokatu. Anttonen kasuan, aldiz, kanpotik datozkio, berak jasan ezin dituen eran gainera: kanpotik datozkio dorre zatarrak bere haurtzaroko espazioa itotzen; kanpotik datorkio gaztelania, bere euskara zapaltzen; kanpotik datozkio, gurasoengandik, isiltasuna eta beldurra, bere hitzak hesitu nahian; kanpotik datozkio faszismoaren atzaparrak, bere askatasuna lau zati egin asmoz, e.a., e.a. Eta etsai horien aurrean, aurrera egitea erabakitzen du, marrazoak bezala, akzioa bait da haren erantzuna, pauso bat emanez gaur, bi bihar, hiru etzi, gero eta pauso gehiago, gero eta azkarrago, bere denbora maldan behera utzitako goitibehera bailitzan, erritmo azkarrean, heriotzera bideratuko duen azken ekintzaraino. Eta erritmo azkar hori isladatzeko, erritmo azkarreko prosa darabil Txillardegik nagusiki, preziosismotan erori gabe, idazketa atal motz eta etenetan moldatuz, digresiotan galdu gabe, Anttonek hartutako bideari zegokion bezala, ene ustez.
AZKEN INPRESIOA
Baina hau ala bestea esan eta Euskal Herriko irakurlegoari begira, beldur naiz ez ote dituen gaiak berak itzalean utziko espazioak, denborak, formak, eta beste guztiak, azkenean. Izan ere Txillardegik gure historia hurbilaren zati bat errekuperatu nahi izan du, gure errealitatearen zati bat. Eta errealitateaz ari naizenez, esan dezadan nik «Udazkenaren balkoitik» egin nuenean, errealitatea izan zela nire aztergai nagusi, eta kezka horrek bultzata eguneroko baten antzeko idazkia moldatu nuela, gero argitaratuko ez nuena. Bertan errealitate horri buruzko nire zenbait gogoeta azaldu nahi nuen. Horietako batean hauxe nioen.
EKAINAK 27
«Errealitatea berriro... baina errealitateaz mintzatzerakoan beste errealitate bat eraikitzen omen dugu. Nobela bat idazterakoan, zer esanik ez. Errealitate batetik bestera zubi bakar bat, ispilu bat: hitza. Baina hitza, monolitikoa gerta daitekeen bezala, guztiz aldakorra ere gerta daiteke,
denboraren zurrunbiloan amildurik dagoenez gero, alde askotako ispilu bihurtuz. Gero irakurlea dator, eta irakurlearen baitan hitz horrez beste hamaika interpretazio har ditzake. Beraz, ispilu bat dugu hasieran; gero irakurlearen ispiluak datoz: ispiluaren ispiluak, jatorrizko errealitatea ilusio huts bilaka dezaketen ispilu-joko etengabeak».
Eta ispilu joko horietan, geure herri zatikatu honetan badakigu batzuentzat «arre» dena, besteentzat «so» dela eta tartean politika sartzen badugu zer esanik ez, politikak mutur batera bait garamatza batzuak, bestera besteak. Horregatik, hain zuzen, ziur nago Antton Arraizarekin nola edo hala identifikatzen denari, besterik gabe, oso ona irudiko zaiola «Exkixu» eta alderantziz ere bai, besteei oso txarra begitanduko bait zaie.
Nik, aurkezpen honetan, beste parametro batzuk ekarri nahi izan ditut, balorazioaren bat egiterakoan horiek ere kontutan izan ditzazuen.
OHARRAK
(1) Gogoratu garai hortako I. Sarasolaren kritikak.
(2) Hernandez Abaituari esate baterako hain astindua izan den «Elsa Ssheelen» Txillardegiren nobelarik onena iruditzen zaio, iazko «Argia» batean azaltzen zuenez.
(3) Halaxe egin zuen... baina kritika horrek bestalde, Txillardegiri nobelak idazten jarraitzeko gogoa kendu zion... eta alde horretatik begiratuta, ikaragarria da.
|