L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-6 (1987-uztaila) —<gaze0610>




 

 

Koloreak eta antiejuak

 

Pello Zabaleta

 

        Kanten kategorien kontua, antieju arazoa zela esplikatu zigun behin filosofia ikasten ari ginela.

        Eta gainera, hala zirudien, kategoriak eta holako gauzak ulertzeko, betaurrekoak erabilzea bezalakorik ez bait dago. Baina gerora, gauzak nola joan diren gertatzen gure bizitzan, inguruan zer begitantzen genuen antzemanik, azkenerako batek erabakitzen du, guztia ez dela betaurreko-arazoa. Badela besterik ere.

        Hori bai: nekez jartzen dituela batek beharrezko antiejuak. Aldiz, errazago dela gizarteak berak ezartzen edo eskaintzen dizkionak jaztea. Errazago erosoago eta merkeago. Denetik. Eta horrela begiak apaindurik, badirudi azken batean, inondiko kezkarik gabe bizi litekeela.

        Edo hobe esan: batzuk bizi litezkeela. Zeren betaurreko horiek eraman behar dituztenek sarri ez bait dute izaten aukerarik erazteko beren bizitza guztian. Eta nola betaurrekoen kolorea bera hain inportantea izaki, sarrera bertatik trukatua dagoen, amarru horretaz baliaturik, gizarteko betaurreko saltzaileek irabazi handiak egin ohi dituzte.

        Hara kontua... Baina...

        Bazegoen behin hola, bat, jaioberrian betaurreko beltzak, hobe esan, zurezko betaurreko batzuk jantzi zizkiotena. Eta beti betaurreko horiek jantzia zebilen. Ikasi zuen oinez, hizketan ere ikasi zuen, baina sekula ez zion inork esan betaurreko haiek erantzi behar zituenik. Eta inork ezer esaten ez zionez, ohitu zen, eta hala bizi zen lasai asko.

        Noski, ez zuten eskolara eraman... Nola eramango zuten, betaurreko haiek ez erazteko agindua ere eman bait zioten. Eta gainera, mehatxuka: Betaurrekoak erantziz gero, segituan bele batek aterako zizkiola bi begiak... Eta galdetu ohi zuen sarri: eta belea zer da? Erantzuna, egiaz, pronto zeukaten ingurukoek... Belea piztia oso txar bat, kalte besterik egiten ez duena. Eta hola, hobe duzu daukazuna gordetzea, ez-eta daukazuntxo hori arriskutan jartzea...

        Eta horrela, betaurrekoak ezin erantzi zitzakeen ez egunez ez gauez.

        Kolore bereko zituen inguru guztiak... Hau da, ilun... Egun batez ordea, zedena hasi zitazion betaurrekoak zulatzen. Alegia, zurezko izaki, eta nondik nora zebilen ezin jakinik, hurbildu zen behin zedena bizi zen leku batera, ea hark jada gizon eginaren betaurrekoei ausiki zien. Eta zula eta zula, azkenean, zulotxo bat aldenik alde egin zien zurezko betaurreko horiei. Kosta zitzaion zeden setatiari zuloa burutzea, betaurrekoak egur oso gogorretik eginak bait ziren, eta ordurako izerdiz eta zetakaz gogortuak. Baina egin zuen zuloa... eta goiz baten, jeiki zen zurezko betaurrekoduna eta komunera joatean, egundo bere bizitzan sentitu ez zuen zerbait somatu zuen... Zerbait oso bizia sentitzen zuela kasik zurrundurik zeuzkan begietan. Zerbait bizi... eta mingarri.

        Betaurrekoak erantzi gabe, eskuaz estali zuen zuloa, lehenean jarraitzeko asmoz. Baretu zitzaion mina... Baina berriro ere, esku hura horrela betirako eduki ezin zuenez, handik kendu zuenean, zistada bera somatu zuen... Begiak pitzatu nahi balio bezala...

        Ez zen, ordea, ausartu betaurrekoak kendu eta zuloa konpontzera. Ezin zezakeen, urteetan zehar behin eta berriro errepikaturiko debekuak ez zion uzten.

        Ez zion inori ezer esan, ordea... Ez zen ausartzen, zerbait hautsi izanaren susmoa bait zuen nolabait bihotzean... Bihotza bera astun eta nahigabeturik zeukan ordea.

        Baina, izpia ohiturak eta aginduak eta debekuak baino indartsuago zen... etengabea zen, gotorragoa.

        Egun osoa komunean pasatu zuen, inora atera gabe. Gaua heltzean, konturatu zen nolabait izpia moteldu egin zela eta azkenik galdu.

        Gau hartan ez zuen lorik egin. Hurrengo goizean ordea, berriro sentitu zuen egunsentiarekin batera, txorien istilu jolastiekin batera, azpiaren zistada, gero eta sendoagoa, gero eta zorrotzagoa, gero eta asperentsuagoa...

        Zuloa bere aldetik gero eta handiagoa zen, zabalagoa, zedenak zura jaten zuen neurrian. Eta zailago egiten zitzaion zuloa estaltzea... Egunetan egon zen hola, inora atera gabe, betaurrekoen gainean eskuak firmo, urduri eta nahigabeturik... Azkenean, ordea, zedenak zur guztia jan zuen, eta eskuak besterik ez zeuzkan begiak babesteko... Eta izpiak argi bete bihurturik zeuzkan... behatzen arteko zirriztoetatik gehiegi sartzen baitzitzaion...

        Eta azkenean, etsipenaren etsipenez, eskuak nekaturik, apartatu egin behar izan zituen begien aurretik.

        Eta ikusi zuen, beste inork ez zeramala betaurrekorik...

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.