L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-6 (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kitscharen laudorioa

 

Milena Jesenska

 

euskaratzailea:
Felipe Juaristi

 

        XX. mende honetan idatzi diren gutunik ederrenak Milenari idatzi zizkion. Egilea: Franz Kafka. Nahiz eta Milena Literaturako pertsonaia izan, horretaz gain bazuen bere esistentzia erreala. Kazetaria izan zen hogei urtetan zehar (1919-1939 bitartean) eta kronika, erreportaia eta entsaio ugari idatzi zituen berak ere. Hala ere gutxitan irakurri dute. Honako zati hauek garrantzitsuak dira garai bat nola bizi izan zen jakiteko eta horrekin batera daukagu Milenaren testimonioa Kafka-ri buruz. Frantzian «Vivre» izenean argitaratu den liburutik atereak dira bestalde pasarteok.

 

        Kitsch-aren laudorioa egin nahi dut, baina ez errespetagarria edo ona izan daitekeelakoan. Ez zait burutik pasatzen ederra izan daitekeenik; eta beraren bertuteak kontatzera behartzen banauzue enbarazoan aurkitu naiteke. Dena den, bi ordutan alferkerian ibili ondoren, eguzkiak inguraturik, zerbait eroa egiteko nahiak harrapatu nau.

        Kitsch-a? Zerbait axalekoa, ez dakit zer ezdeusa, denboraren gaineko hanpulu modukoa; baina hanpulu ñabarra, izugarria. Zeredozer gordin eta lizuna. Ez dago ona ala txarra den kitsch-a. Badago eta kitto. Arimarik gabeko jostailu izugarria. Bestalde ez al gara bada gu geu horrekin gizentzen? Baina nork aitortzen du? Gure artean gutxik. Baina badaezpadaere beraren aurrean geure prekauzioak hartzen zer estaltzen duen eta nola azaltzen den zehazki jakin gabe.

        Baina nola adierazi daiteke gure aroa, lantegiena, automobilena, tabernena edo Boltsarena? Ala trasposizio metafisiko bat bihurtu daiteke? Succinirengan adibidez. Zein atsegin goxo ez-arte horretara dedikatzean. Aurpegi ematea ausardia harro horri, eta sentitu poza, pozarako gauza izatea. Plazerrerako gauza izateak ez du esan nahi horrek erakartzen duenik, poza hartu eta menderatzea baizik, umore sano batetan itotzea.

        Zorigabeak mozkorra behin ere ezagutu ez dutenak. Zorigabeak antsigabea behin ere ezagutu ez dutenak. Mixerableak arrabaleko andre-saltzaile batez maitemindu ez direnak. Jainkosaren irudia hartuz, gaizki egindako emakumetxo bat maitatu ez dutenak. Mundua ez da den moduan, guk ikusten dugun bezala baizik. Horrek ez du aberasten, baina bai pobretu. Imaginazioa falta zaigu den moduan ikusteko. Baldarregiak gara benetan bertutedun izateko. Bertutea ez bait da pekaturik eza. Bertutea pekatua zer den jakitean datza.

        Hartzazue jira-biraka dabilen «tiobiboa» hiri sarreran (Palacky zubiaren atzekaldean), kolore bizi eta ñabarretako horietako bat. Ez da begiraden helburu. Arrazoia ez da edertasun zoragarri batez horniturik ez egotea. Ez, jendea harritu egiten du kitsch-ak. Jakez eta lepoko faltsuz bulego batetik bestera pasiran dabiltzan hauentzat bueltaka ari den jira-bira hau, bere fleko eta joareekin, tertziopelo gorriz eta urrekolorezko galoiz estalirik, ez da gaztelu sorgindu eta eguna bezain ederra den printzesa baten irudia, nahiz eta beraien baitan pentsatu ederki dagoela mutiko batek begiztatzeko, aurre-aurrean behatz lodia txupatzen duen bitartean. Izan ere «tiobiboa» ihesi doan gaztaroaren zati bat da. Horra zuek aitasantu bat bezain serio, makula gabeko gustu artistikoekin; horra zuek pobre eta zuhur. Baina tertziopelo gorriak eta egurrezko ahateak ederrak dira gauza guztiak bezala: zeuen esperientzia lelo hori da nahasten zaituztena, beraiek zaharkituta eta zorriz beteta daudela pentsaarazteraino. Eta Toussant-en Olsany-ko hilerrian dauden kokarda txuriak, burdin txuriko larrosak inguratzen dituzten perla urdinezko laukiak ospakizun galantak dira dolu egunetarako.

        Badago jende bat edozein plazer lortzeko ere bere dirua xahutzeko beldurrez dagoena. Bertutedunak dira beraien buruentzat, ez sinistu baina. Bakarrik hauxe dakite, «nahiko» esateko indarrik ez luketela, etengabe «oraindik» oihukatuko luketela, eta guzti hori harrokeriaz «inoiz ez» aldarrikatzen dutelako da. Arintasunerako gauza izateko espiritua euki behar da. Atsegabetasunetan jaioko litzatekeen arintasun bat eskeintzea, esaldi zentzugabekoetan bizitzea izango litzateke. Arintasuna seriotan hartzeak gusto falta nabarmentzen du. Arintasuna dastatzea baina menperatuz bizitzeko goi mailako modua da; Stendhal-ek goraipatzen zuen baina harro xamarra zen eta horregatik ez zuen jakin bizitzen; Lafargue-k bai, eta Jules Romains-ek abestu duen bizimodu horretan murgildurik hil zen. Bizi daitezela gauzen hondoraino arintasunez ailegatzeko gai direnak, errekan harriak bezain astun!

        Kitsch-a seriotan hartzen baduzue, gustorik ez duzuen seinale. Kitsch-ak ez du gusto eskaxa, zerorrek baikiz. Kitsch-ak ez luke nahi seriotan hartzea. Berak begia ñikatzen du. Grixasta eta liluragarria da eta zuen kontua liluratzen ez bazarete. Hartzazue gogoz eta gero burlatu zaitezte berataz. Kendu iezaiozue mozorroa inofentsiboa bihurtu dadin. Mozorrorik gabeko gauzei eman diezaiekegu errukiak pintatutako aurpegia. Baina hortik kitsch-a despreziatzera... Erridikuloan eroriko zinatekete, kaleko neskatilak iraintzen dituen señora haundi horiek bezala. Kitsch-a behar dugu bera gainditzeko. Txarra den guztiaren beharra dugu bere baztertzeko: Prozeso sano, indartsu, ondo egindakoa da. Gaztaroaren prozeso bera: gaiztokeriaz betetako izakiak iritsi daitezke gailurrera. Suerte hori ez dutenak zurikerietan ibiltzen dira buru makur, inork ikusten ez dituenean azpikeria inozo eta txikiak burutuz.

        Batzuk haserre bizian egiten dute ihes kitschetik. Pisuak bihurtzen dira. Baina arintasuna Jainkoaren dohaia da. Arintasunean egia gehiago, moral gehiago, espiritu gehiago dago. Askotan pisuenak arinenak izan ohi dira, eta beraien mendi-tontorretan egoten direlako daude hain bakarrik.

        Urtarrila hiltzear dagoen honetako eguzki udaberritar honek bultzatu nau pinpirinaren goratzarre hau egitera; jostailuz betetako bitrina txikiak dibertidoak dira, estatu tindakatuak eta zine sarreretako kartel izugarriak eta erakustaldietako koadro horrorosoak eta kalean barrena egiten den musika hori bezala; erdi hiri, erdi herriak diren metropoli horien gusto txarraz inguraturik, mingainari biraoka hastera eragiten diona; zein txorakeria izango litzatekeen haserrez hartzea! Guzti hau izan ere bizitza bait da. Aspertu arte hilko ginateke mundu honetan, guretzat dena gozoa eta atsegina izango balitz. Gizonek beraien gaztaroaren lilitxoei leku bat gordetzen diete oroitzean, heldutasun-garaiko emakumeentzat sentitzen duten bezalakoxea. Arrazoia dute. Aberastu gaituen horrentzako aitorpena besterik ez da.

        Dagoen inmoralitaterik handiena: Intuizio falta eta zozokeria. Berak egindakoa jainkoak barkatuko diola uste duen gizonarena. Gutarrek ere errazago barkatzen diote egiten ari dena dakienari. Kitsch-etik haserre eran ihes egiten baduzu, adoratzen duzuenean bezain inmoral zarete. Batean eta bestean ez dakizue aurrean duzuna zer den. Absurdoa da gauza batzuk seriotan hartzea baina beraien garrantzia ez onartzea itxukeria da. Badaude beharrezko gauza batzuk, zuzen eta onak direnak, eta inutilak huts egin duen suizidioaren moduan. Mendia igo behar da bestaldea ikusteko.

        Bizitzaren joku alegera guztiek oroipen atseginak uzten dizkigute. Txikikeria honetan jartzen dugu guk gureganako onena, gure esperientzia-eza, gure espontaneidadea, gure nahieta oldarrak. Nahiko da gizon-emakume on eta arin bar Jainkoak milaka gaizkile justuri barka diezaien.

        Begira, ez dakigu pozten. Hori ez zaigu emana etorri. Ez daukagu espiriturik, berehala erortzen gara zakarkeria eta lizunkeriatan. Gure kabaretek —salbuespenak salbu— errefinamendu falta dute. Gure egunkari satirikoak putreak dira eta negarrera bultzatzen dute beraien zakarkeriaz. Gure taberna, dantza-leku, kafe-kontzertuak arruntak dira, aspergarriak oso. Ez daukagu kitsch-a egiteko talentorik. Gure gaueko jendeak ignoratzen ditu Paristarrek duten zeinu arin eta graziosoa. Ardoak begietara malko sentimentalak ekartzen dizkigu eta ameslari eta melankoliko bihurtzen gaitu. Ondo pasatzea, dibertitzea gehienetan gaizki ikusita dago. Baina dibertitzea arima egurastea, atmosfera garbitzea da. Alaitasuna gizonaren garbiketa da, gaixo bat egon den gelan sartzen den aire freskoaren kolpea.

        Gu geu gara beldurtiak, negar egiten dugu gure duintasunaren alde, eta ez dakigu ere parre on eta sintzero batez parre egiten —eta zerbait hauskor, fin, ederraz mintzo naiz, nahiz eta zuek sinisteko itxurarik ez euki— gurea da maldiziorik izugarriena. Arinak izateko kapazak bagara, serio izaterakoan jakingo genuke naturalagoak izaten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.