L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-5 (1987-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Nik izenaren larrosa nahiago

 

Mikel Azurmendi

 

                                                «Stat rosa pristina

                                                nomine, nomina nuda

                                                tenemus»

 

        Ba omen zen ispiluen mundua eta gauzen mundua harremanetan zegoen garai bat. Ez gaurko hau bezalakoa, gaur koloreak, formak eta gauzak koinziditu egiten bait dute. Baina garai urrun hartan, ispiluetatik barrena sartu eta irten egin omen zitekeen, bi mundu haietako jendea pake-pakean bizi ziren-eta. Gau batean ordea, ispilu-jendeak gauzen mundua inbaditu eta indarrez eraso omen zieten. Mandoka isuri omen zen odola, eta azkenean, enperadorearen aztikeriari esker inbasoreak atzera egin behar izan zuten eta enperadoreak zazpi giltzez gorde eta itxi zituen ispilu barnean. Enperadoreak gainera indarra kendu zien, beren forma ere bai eta keinu hutsak izatera kondenatu omen zituen. Amets batean bezala ispilukoek gauzen keinu eta formak errepikatu beharko zuten.

        Jesulagun batek ekarri zuen Txinatik uste hau XVIII. mendean eta, gero, Borges-ek eskuratu egin du guretzat. Txinatarrak sinesturik omen zeuden gainera ispilu-jendeak denborarekin iratzarri egingo zirela, koloreak eta beste forma guztiak askatu egingo zirela eta kristalezko mugak hautsiko. Piskana piskana, beren berezitasunak azaldu ala, gauzei ez omen zietela gehiago imitatu beharko.

        Nik uste txinatar sineste honek ba duela manuskrito bat eta filme baten arteko mugak adierazteko talenturik, Adso de Melk-en manuskritoa eta Guillermo de Baskerville-ri buruzko filmearen artekoak behinik behin. Txinatarren hasierako inoiz hartan, hizkuntza huts-hutsean zebilen hartan alegia, poesia zen den-dena. Hitzak eta gauzak nahas-mahasian zeuden. Hitzez egiten ziren gauzak; hitzak gauza eraiki eta errealitatea lekutzen zuen. Gauzak, berriz, hitz bat eta bestea har zezakeen: haritza zuhaitza izan zitekeen baina nire familiaren jatorria ere bai, gune-gorri zerion haritza zuhaitza izan zitekeen baina baita emakume bihurtzen ari zen neskatoa ere. Hitza batzutan rituala eta bestetan gauza hutsa; batzutan gauza bat eta beste bat bestetan. Ispiluan koloreak, formak eta gauzak ez zuten koinziditu beharrik. Poesiaren logika garai hartan herria agrafoa zen.

        Baina noizbait, hitz eta gauzen arteko nahaste exotiko eta erotiko hura pikutara bota zuen aztikeria batek: grafia zen enperadore aztia. Honen legez eta aginduz, gauzak ispiluaz bakarrik isladatuko ziren; hitzak gauzen etiketa errepikatzaile hutsak izango. «Videmus nunc per speculum et in aenigmate» hasten da esaten Umberto Eco-k kopiatu digun Adso-ren manuskritoa, ispilutik barrena ikusten dugula enigmaren bitartez alegia. Mintzatzaileak ispiluari begiratzen dio; baina ispiluak nori? Ispiluan ba da inor mintzatzaileari begira, eta honengan subjekto bakun eta pertsona bakan deneko sentimendua sorarazten du. Ispiluan literatura jaio zen.

        Literaturak pertsonaia sortu zuen, ameslari bat, bere bizitza beste edozein gauza bezain benetakoa dela uste izaten duen gizakume bitxi bat. Pertsonaia ez da egilearen ametsa, ez da egileak egin-desegin eta sentiarazten diezaiokeen norbait ezta guttiagorik ere. Gu, bizi garenok, gu gara bizitzen, baina inolaz ere ezin dugu bizitzen ariko bagina bezala egin, ezin dugu bizidun-buru egin. Guk ispiluan dugu begiratzen, baina ispiluak geure buruaren papera egiten du. Ispilua da pertsonaia, ba dio-eta manuskritoak lehen egunean: «Mi querido Adso —dijo el maestro— durante todo el viaje he estado enseñándote a reconocer las huellas por las que el mundo nos habla como por medio de un gran libro... omnis mundi creatura / quasi liber et pictura / nobis est in speculum». Liburu eta pintura balira bezala dira gauzak ispiluan, baina liburuak eta pinturak zer ote dira? «Quasi creatura» dira. Horrexegatik irakurleari kreatzen uzten dio liburuak. «Ensoñación» delakoaren magalean hartzen du irakurlea eta pertsonai bihurtzen du. Irakurtzen ari garenik uste, gu-geu irakurriak izaten ari garela baizik. Pertsonai izatea norbaitek bere burua erreala dela ametsegitea da, norbait imajinatzaile izatea, norbait ispilu barnean egotea bezala eta «quasi creatura» delakoan egotea.

        Zineak, berriz, bizitzaren espektadore bihurtzen gaitu, bizitzaren ikusle: gure begiaurrean zerbait bizitzen ari dela uste bait dugu filmetan. Eta hau aluzinantea da, hau errealismorik traketsena da: joko honetan ez biztanle eta ez amesle ez gara, ikusle baizik. Errealismo aluzinante honek istoriketa «creible» bat kontatuko digu: ispilu-mundua eta gauza-mundua berriro nahasian daude orain, baina ez mitopoesiaren logika hura medio, fotografiaren logika dela medio baizik. Fotogramen sekuentziak ispilutik barrena pasarazten digu orain. Oraingoan, Jean J. Arnaud-ek lortzen duena zera da, Adso-ren manuskritoa Erdi Aroko «007» ajente super-sherlock-holmesiano baten bizitzaren zatia bihurtzea, Seam Connery-k Conan Doyle-ren ametsaldi guztiak errealista bihurtzen dituelarik. Bosch, Brueghel eta beren garaiko beste artisten ensoñazioak ere praile-aurpegi errealistak bihurtzea lortzen du, Nosferatu pelikulatik jende bat baino gehiago lapurtu duen arren. Kafka-ren Gaztelua-n gertatzen zen neska-mutilaren arteko amodio onirismoa hezur-mamizkoa bihurtzea lortzen du. Folletinako eszena «creible» batekin amaitzen du egileak bere pelikula: Adso bere oroitzapenak idazten ari dela sinesgarriago egiteko, bidegurutze batean lanbroaren arteko neska eder airosa hura negar-malkotan dago. Neska harekin egonda gero, geuk ere izango genuen zer konta, gero! Eta honela, narrazio bera errealitateko beste gauza arrunt bat behiago bihurtua gelditzen da filmean.

        Aro Modernoko stress-a leuntzeko aluzinazioan ondo baino hobeto pasa ohi dugu, eta Larrosaren izena-n ere aluzinazio ona izan genuen. Un rato entretenido bai, baina manuskritoa irakurriaz izan nituen ensoñazioak ni bihurtu ninduen pertsonai eta zertarako kontatuko dizuet neu ere konbentu batean izan naizela praile eta praileek eskua prakartean sartzen zidatela eta herbarium-ean edo bibliotekan neronek ere bat baino gehiago pozoindu dudala; neronek ere «al final de mi paciente reconstrucción, llegué a componer una especie de biblioteca menor, signo de la mayor, que habia desaparecido... una biblioteca hecha de fragmentos, citas, períodos incompletos, muñones de libros.

        Cuanto más releo esa lista, más me convenzo de que es un producto del azar y no contiene mensaje alguno. Pero esas páginas incompletas me han acompañado durante toda la vida que desde entonces me ha sido dado vivir, las he consultado a menudo como un oráculo, y tengo casi la impresión de que lo que he escrito en estos folios, y que ahora tú, lector desconocido, leerás, nos es más que un centón, un carmen figurado... Hace frio en el scriptorium, me duele el pulgar. Dejo este texto, no sé para quién, este texto que ya no sé de qué habla: stat rosa pristina nomine, nomina suda tenemus». Benetako lehen larrosa, larrosa-izena; izenak, horixe besterik ez daukagu.

        Neuk ere ispilutik barrena nahiago, izena nahiago. Horietxek bai, a ze larrosa horientxek!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.