Poemak
Patxi Perurena
Emily-ren biografi tantak, gutunak, poemak, epigramak eta apokrifoak izeneko liburuarekin irabazi zuen iaz poema-alorrean Azkue Saria Patxi Perurenak. Irakurleak jakin behar du liburu moduan agertuko dela ELKAR argitaletxearen eskutik laster batean. Patxi Perurenak badu beste poema liburua: Joannes d'Iraolaren poema bilduma.
Gure larrea ederra dun
Han bizi naiz ni
gizonak deus erein ez zuen
espazio aratzean
(L.C.)
Gure larrea ederra dun eta gailena
desioa bait da espaziorik garbiena.
Erantzunik gabeko galderak
egiten zizkionagu elkarri
isiltasunaren hariak ditugularik
gure unibertsoaren lokarri.
Hezurren eta haragiaren artean
bide zuriak urratzen dizkin
gure tristura ilunak gabean.
Gure gorputzak isilik ziauden
elkarrengandik guztiz urrun
beren itzal sakonei begira
amodioa lantzen gau eta egun.
Desioa bait da espaziorik garbiena
Gure larrea ederra dun eta gailena.
Utz itzan gurdibide zahar horiek
La vida que no es alfalfa
que retoña cada mes,
cuando la vista se troncha
se acabó pá de una vez.
(Mexikoko herri kanta)
Utz itzan gurdibide zahar horiek
har ezan hire soineko urdina, eta
hator larre birjin hauetara...
Ez dinagu kirkirrik azpian hartuko
Ez gaitun irristatuko bare lingrindetan.
Hator larre zoragarri hauetara...
Ez dinagu belar guririk hankapetuko
Ez gaitun amodiotara etzanen
Ez dinagu laharretan aztalki larruturen.
Hator larre miragarri hauetara...
Karakolak ihintzetan bezala ibiliko gaitun
hezetasunaren bide infinitoetan barrena.
Hator larre amoltsu hauetara...
eta utz itzan gurdibide zahar horiek.
Elurra bilduko dinat neguan
Egun, nehork ez du
elur zuririk biltzen
Erreka garbiak gelarazi nizkinan seko
hiretzat ispilu eder haundi bat egiteko
Lore zuritan zeuden elorriondoak astindu
hire soinekoaren azpildurak bordatzeko
Ilunabarraren hortzak ordenatu nizkinan
hire adats luze arreak orrazatzeko
Txirtxilatu egin ninan zerua arraso
hire eraztunari pipitta urdinak jartzeko
Alkabelar batetan basamaruriak bildu
lepoko koilare dotore bat egiteko
Merkromina erostera joaten nindunan
hire ezpain ikarak harrapatzeko.
Baina, hemendik aurrera, etzan pentsa
elur zuria soilik bilduko dinat neguan
hire gorputzaren disimulatzeko
eta, udan urtu eginen haunat zeharo.
Hire bidera atera naun
Nik ere izkiriatzen segituren dinat
dagoenean deusek ere iraun ez dezan
Gaur ilunabarrean hire bidera atera naun
baina ez haunat aurkitu inon
eta gure amodioa errepasatzura pausatu naun
miruaren antzera ostadarraren harietan.
Begiak atera zizkionat haizeari
denborari dation oinazea ongi behatzeko:
Hegazti amoltsu izuak iragan ditun
hik begiratzen hitunan hegi beltzetan
Apaburuskak jaio ditun, hik
oinak jarri hitunan istilean
Goroldioak estali dizkin
hik laztantzen hitunan harriak
eta, harri txintxarrez bete ditun
hik iturrian utzi hitunan urontziak.
Baina, guzi honek honetan iraun ez dezan
izkiriatzen dizkinat letra eri hauek:
Sare gardenak hedatuko dizkinat
hegazti mingarri horiek harrapatzeko
Apaburuskak, beren gisa aienatuko
hanken gainean jarri orduko
Goroldioa nik neuk kenduko zienat harriei
eta, hustu eginen dizkinat urontziak.
Hire gorputzak utzi zituen hutsuneak
haizeak eta nik bakarrik beteko dizkinagu.
Gaur ordea, ez zebilan haizerik, eta
ene oroimenez soilik beteko dizkinat
hik utzitako urontzi zilar birjinak.
|