L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Frankfurt-eko perian arrazoia ez zegoen salgai

 

Mikel Azurmendi

 

Hona hemen, orain 300 urte ikusiko genuen Frankfurt-eko azoka. Alsazia-ko ardo xuri onenak bertan, Lübeck-eko arrain lehor usaitsuak aukeran, Iparraldeko larru goxoak, Italiako argizaria eta ezkoa, oihal-klase guztiak, dirua, kreditoak... den-dena sal-eros zenezakeen urtean behin udazkeneko tenore honetan. Baieta liburuak ere. «Liburu-azokara sartu ginenean, harrigarri zen, hura liburu pila! "zahlos wie die Fische im Meer und wie die Vögel im Wald", uretako arrain eta basoetako xori hainbat liburu, alajaina» —zioen XVII. mendean Henri Estienne Ginebrako inprimatzaileak. Hartaz geroz, arrainak eta txoriak baino gehiago ugaldu dira liburuak Frankfurt-eko perian.

        Irudian dakusgun Rörnerberg-aldea zeru-gaina urratzen duten etxe modernoez inguratua dago gaur egun, baina dozenatxoren bat etxe xahar horiek dira oraindik orain Frankfurt, eta ez «Technisches Rathaus», «Zürich Hochaus» eta beste hainbeste izen (modernoez?) bataiaturiko etxalde-ingurunea. Ingurune hori edonongoa da, porlana, altzairu eta kristalezko artifizio deskastatu berdin berdinak bait dabiltza munduz mundu; horregatixe hain zuzen, izen-propioak behar dituzte oraingo etxeek, izen bereziez behintzat identitaterik har dezaten. Kafka izan zen esan zuena, etxea egiterakoan edota erretzerakoan, ezagutzen zela ongien etxe haren egitura. Ez zebilen oker. Frankfurt-eko iri honen arpegia, erre eta desagertu den hortan eta eginberri den honetan azaltzen den bezala, gure aro modernoarekin gertatzen ari bait da. Badirudi-ta soziologian eta estetikan dabilan «post-moderno»-kontzeptua aro zahar baten amaiera adierazten ari dela: aro baten koherentzia pentsatzen ari garen unea zer ote da aro horren amaiera baizik? Etxea bazela eta halakoxekoa zela konturatzen ari garen unean bizi bait gara: garbi gelditu da hori Frankfurt-eko liburu berrien kezka nagusiak usaituz gero. Modernoi buruz erreflexionatz zabal bat somatu dugu guk behintzat.

        Besteak beste, J. Habermas, Frankfurt-Eskolako irakasle ospetsuaren erreflexio berriak baduke Modernoak ulertzeko nola-halako giltzarri orokorrik eskeini nahi lukeen asmoa: Modernoen burutazio filosofikoa da bere azken emaitza hori. Bere asmoa gu lasaitzera dator: Mendebaleko razionalismoaren etorkia ongi ulertuz gero, europear-izate berri bat lort dezakegula adieraztera ematen bait du. Optimista beraz, Habermas. Ba al dago ordea bere liburuan su horretarako egurrik? Ezetzean gaude. Hara zergatik.

        Arrazoi-filosofia kritikoak aldenik alde zehazten ditu Habermas-ek, Hegel-etik hasi, ezker-eskubiko hegeliarrak pasa, Nietzsche, Hokheimer/Adorno, Heidegger, Bataille, Derrida eta Foucault arte. Arrazoiaren atzetik dabil, noizbait gizakumearen esperantza izan zen Ahalmen hori berbilatu nahiean. Horretarako Hegel-engan hartzen du hatsa, hura izan bait zen lehena —dio Habermas-ek— ohizko pentsakera plaza berri batera erakarriz eta arazo zaharrak bere lekutik ateraziaz, antzinako pentsakera «problema filosofiko» bihurtu zuena. Berak lekutu omen zuen modernotasuna, lekutu ere, lema honen pean: Arrazoia bera da behin, Arrazoiak berak eraiki behar du bere burua. Egia da Subjektibitatea ez zuela lehen aldiz Hegel-ek atxiki, baina Descartes-ek atxeman zuena, Helgel-ek kontzeptu arazi zuen, filosofia berriaren oinarriren oinarri bezala. Subjektibitatearen agerpena ziren neurrian bakarrik joko ziren modernotzat pentsalari berriak. Ezaguna den bezala, gizarte burgesaren «objektibazioak» (instituzioak, eskubidearen oinarriak, etb.) subjektibotasunaren emaitza bezala ere har genitzake; eta zutik dirau oraindik —Habermas-en ustetan— «lan»-kontzepto marxianoa gizarte-produkzio organizatua bezala kontsideratzea; eta honi dagokion subjekto-bideen «alienazio»-kontzeptoa. Modernoengan Morala eta Artea erro errotik aldatzen omen dira, Subjektibitate-oinarriaren pertsonifikazio bi balira bezala.

        Baina Moderno-izatearen ikurra giza-gizarengandik etentzea da, apartatzea, bakartzea, indibidualtzea. Non gelditzen da elkarganako bidea? Schiller, Schelling gaztea eta Erromantikoak artearen barrenean ariko dira lotze, batze eta elkarganatzearen aldeko bidea bilatzen. Adimen-filosofiaren mugak gainditu dezakeen Arrazoiaren bila, berriz, Hegel.

        18. mendeko azkenaldiko eta 19.ngo haserako alternatiba guzti horiek galbahetzen ditu Habermas-ek. Baina hara non azaltzen den Nietzsche, eta honekin zerbait guztiz berri —eta tamalgarria, Habermas-en eritziz. Orain arteko Ilustrazio-tajuari agur esaten dio Nietzschek, Arrazoiean ez bait du sinesten. Nola sinetsiko, Arrazoia «Botere-Nahi» izkutu bat besterik ez delarik? Gure jakinduri-minak ez luke egia gura, azpiraketa baino. Hara nola Nietzschek Modernoen nihilismoa gainditzeko, Arrazoiaren hutsunea idekitzen duen. Artea, beraz, mitologia nietzscheano berriaren ikurra.

        Eta horixe omen da Nietzscheren atzetik datozen filosofien azpi-azpiko zorua: Heidegger presokratikoengana; idatz-jatorkiaren urratsetara Derrida; Bataille «saindu» eta «sakratu»tasunaren izenean biraoka; eta gizartearen edozein estulari «botere-nahia» erizten dion filosofiarantz Foucault. Eta azkenik, Habermas-ek, fiat lux, guzti horien Arrazoi-eklipsea argitzen digu, Hegel-ek utzi zuen puntu hartan bertan: giza-komunikazio batetarantz abiatu nahiko lukeen abiapuntuan.

        Baina ikusteko dago abiapuntu horrek filosofia-historiaren joan-etorrian asmatzen duenentz. Hasteko, Heidegger-i egiten dion kritika apasionatuegia da, ohizkoa, testuetara joan gabe, haren testu argitara-berriak aipatu gabe (nola liteke hamarkada honetan Heidegger-en Mendebaleko pentsamenduari buruzko testu berriak isiltzea). Haren metodoari eta idealismoari egiten zaizkion kritikak oso ogi zaharra dira gaur. Haren erreflexioak, Metafisikaren iturburuetara berritzuli delarik, ez diola «Pentsatzeari» Arrazoiaren soberanotasunak emandako boterea eta lekua errekonozitzen, baizik «oroitu», «entzun» edo «aditu» huts baten balioa besterik ez? bai eta zer? Zergatik onartu beharko da Arrazoi-filosofiaren tradiziozko barrutia? Honen ondoan ez ote dago beste tradizio bat ere zutik? Pascal-en bihotzaren arrazoiak, Shaftesbury-k sistema-filosofiari egindako kritikak («The most ingenious way of becoming foolish, ist by a System»), Hamanns, Herder eta Jacobi-ren Arrazoiarekiko kritikak, guztiok Arrazoiaren autokritikarako bidexkak izanik ere, gorpuztu eta hedatuak gelditzen dira Nietzsche eta Heidegger-ekin. Aipatu besterik ez ditu Habermas-ek egiten, «bidexka» horiek analizatu gabe gelditzen zaizkio. Horregatik deritzagu, bigarrenik, Nietzsche eta Heidegger-i egiten dien kritika ez duela ongi lekutu. Hirugarrenik, beldur gara Habermas-ek filosofia pocker-jokotzat hartzen ez ote duen, «estrategia», «programaketa» eta horrelako hiztegi teknizistaz gainezkatzen bait du zenbat eta zenbat orrialde, Teknologia eta Ekonomiaren nagusitasuna salatzen duten teoriak kritikatzean batipat. Ez al da moskeantea? Eta azkenik, zer berezitasun du aro batek; zerk lotzen eta batzen ditu Modernoak; zerk mugatzen dio aro horri pre-Moderno eta post-Moderno aroetatik? Hegel-en subjekto-Filosofiarantz itzultzea ez da kontzeptu hertsirik; Arrazoiarekiko kritika ez da Modernoen berezitasuna, 17. eta 18. mendeetan ere bai baitzen. Moderno eta post-Modernoentzat Hegel, komunikazioaren teoriko gisa, errekuperatu nahi bada, ez ote dugu gure garaiotako komunikazio-baldintzez ere erreflexionatzea eskatu beharko? Baina liburuak ez dizu komunikazio-egituren analisi askorik eskeiniko; Marcuse-ren Giza-Unidimentsionala-ren kontzeptuak erakarri balitu sikiera... akaso beste kukurruku bat entzun behar izango zuen Habermas-ek berak.

        Hemen duzue, bada, Frankfurteko Eskolako pentsalari ospetsua «pasa den» aro modernoaz pentsatzen. Inork uste al zuen, bizi garen munduan komunikazio-teknologia trasformatzaileak subjektoaren filosofia razionalista bereganatu gabe utziko zuenik? Gaur ere Arrazoia ez dago salgai, nonbait.

 

        Jürgen Habermas: «Der philosophische Diskurs der Moderne». Zwölf Vorlesungen. Suhrkamp Verlag. Frankfurt/Main, 1985.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.