L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-11 (1994-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Jose Luis

 

Xabier Garziarena

 

Jose Luis ene laguna, herni honetan hainbatetan ematen den «G.E.M.» tipoko —Garratz, Ezezkor eta Monosilabiko— horietakoa da.

        Norbaitekin identifikatzekotan, Monsieur Ximenes harekin identifikatuko nuke. Monsieur espainiar harek, Chamfortek kontatzen duenez, Luis XV. gortean, udaberri hasieran, lorategi ederrean zegoelarik, urretxindorra kantari entzuten hasi eta oihu egiten zuen sutan: «Animalia madarikatuaaa!!»

        Esate baterako —eta zuk irakurle, ideia zehatzago bat egin dezazun— orain bere andrea denarekin ateratzen hasi zenetik gutako norbaitek horren berri izaterako, urtea pasea izango zen aisa.

        Nik ere nere aldetik aitortu beharra daukat, zenbait zakarkeria nekez soportatzen dutenetakoa naizela. Esate baterako, agurra bueltatzen ez dizun jendea nekez soportatzen duten horietakoa, edota tragua hartzera taberna batera joanda, kasu, zirkuluan lasai ederrean bizkarra ematen dizuna nekez soportatzen duten horietakoa. Halakoetan —neure lagunek ondo baino hobeto ezagutzen dute datua— ixilik gelditzetik nahiko urrun ibiltzen naiz gainera. Beraz, hau argituta, garbi geratzen da nere joera kritikoegiak ere baldintzatu egiten duela jende honi buruz dudan ikuspegia.

        Hala eta guztiz ere, Jose Luisen kasua, beste pare batenarekin batera, berezia da neretzat, zeren hauek noizbehinka, hala edo nola eta beren modura noski, beren adiskidetasunaren frogak ematen baitizkidate, eta horren ondorioz zalantza sortzen zait, nola jokatzearena hain zuzen ere.

        Batzutan, nekatu xamar nagoenean edo, pentsatu izan dut: «Oraingo honetan paso egiten diat. Zer ostia dela eta ibili behar diagu muturbeltz hauen atzetik, saiatzen beren melodia —melodia hitza erabiltzea ere— jarraitzen, azkenean geure buruko melodia bera ere izorratzeko?»

        Baina beste zenbaitetan, aldarteak eraginda edo, kontrako norabidean abiatzen naiz: «Tira, motel, ez gaizki hartu, azken finean ez ditek horrela nahita jokatzen. Gizarajoek barrenean herensuge bat zeukatek, horrelakoak izatera behartzen dituena.»

        Duela aste pare bat —ordurako Jose Luis aita zela bost hilabete betetzear egongo ziren— lehenengo pausua eman eta telefonoz hotsegitea erabaki nuen, zoriontzeko eta bide batez azken bolada honetan gertatutakoak komentatzeko. Deitu eta bildu ere egin ginen, mokau bat afaltzeko asmotan.

        Ia afari osoan zehar ohi bezala mantendu zen, burumakur, «ez» edo «ba!» batez parte hartzen, nere kontaketa guztiak zapuzteko ahaleginetan bezala. Bazirudien gogoz kontra ari zela nerekin afaltzen, eta nik —nere lagunek ondo baino hobeto ezagutzen duten datua hauxe ere— nekez jasaten ahal ditut horrelako egoerak.

        Arazoa beraiena dela sinestuta ere, jende honek min ematen dit, eta halaxe izan zen lehengo egunean ere, bereziki Cesaria Evora, ia ia sekretuan, zerbait arront berezia gomendatzen den gisan, gomendatu eta berak mespretxuz: «Ba, musika ratoneroa» erantzun zidanean.

        Zer egin horrelakoetan? Neuk behintzat, arestian aipatu bezala, zalantzak izaten ditut: neure pertsonari zor diodan duintasunari kasu egitera, altxa eta alde egin beharko nuke monstruoa bakarrik utzirik, baina pena antzeko zerbait sentitu ohi dut monstruoa monstruo izateaz gain pertsona hurbila ere badenean. Horixe gertatu zitzaidan lehengoan ere, bereziki Cabo Verdeko kantari zoragarriaren konfidentzia zapuztu zidanean: Pena edo, sentitu eta gertaera bere hortan utzi nuen.

        Jadanik bigarren botilarekin —ordurako ni neu ere nazka-nazka eginda nengoen— eta ez dakit zertaz ari ginela, edo nintzela esan beharko, aldarte aldaketa txiki bat antzeman nion ustez, eta momentu egokia zela eritzita, umeaz galdetu nion: «Aizak, zer moduz egoera berrian? Hi haiz hi alua, ja bost hilabeteko umea izan, eta nik zerbait komentatu ezean, ezta hitz erdi bat ere. Nola moldatzen zarete enanoarekin?»

        Esan beharrik ez dago ez nuela espero orduan ere artzaren orrotik hagitz urruti ibiliko zen erantzuna. Ondoren entzundakoak ordea, nere lagunaren ahoan entzunda batipat, txundituta utzi ninduen, eta bere benetazko izakerari buruz berriz ere ezjakin, dudatsu: «egia esaten baldin badiat, inoiz ez zaidak horrelakorik gertatu... —pentsakor gelditu zen momentu batez—, hain denbora gutxiz pertsona bat ezagutu, eta dagoeneko horrenbeste maitatzea».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.