L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-9 (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Alfabetika

 

Mattin aheztarra, asko bezala ibili izan balitz eskolan, ai zer profezur hauta izanen zen! Bainan horra; ez zuen maite eskolarat joaitea. Seme baten ukaiteko plazerra izan zuen, eta seme hari nahi zuen erakutsi berak zazkien gauza asko. Lehenik, eskuaraz mintzatzen erakutsi. Otoitzak, katixima ere, eta horiek denak eskuaraz.

        Sei urtetarat heltzean, horra nun eskolarat joaiteko adina etorria eta han frantsezez beharko mintzatu. Gure mutikoak hitzik ez jakin erdaraz. Aitak erran zion:

        —Mutikoa, ez hadila kexa! Ni ere, hi bezala nintuan hire adinean, eta ikusten duk: norat nahi joanikan ere, denetan konprenitzen naitek. Beha zak: egun asti puxka bat baitugu, hasiko gaituk alfabetikaren ikasten.

        Liburua hartzen dute; mahainean pausatzen. Mutikoa hasten potretak behar dituela ikusi.

        —Ez, ez! Utz, otoi, potretak eta eman gaiten lanari! Lehenbizikoa hau duk: A.

        Mutikoak segidan:

        —A.

        —Bigarrena: B.

        Mutikoak:

        —B.

        Eta hola, dena bururatu arte, errepikatzen tuzte.

        —Eta orai bakarrik erranen dituk, zer dakikan ikusteko.

        Hasten da polliki polliki, lehenbizikotik gaizki, jadanik ahantzia. Aita asarretua!

        —Kasko tzarra! Noizko behar duk sartu hire buruan? Beha zak: inen daiat gauza bat, hobeki konprenituko dituk beharba. Idazten diat A, astoa. Orroituko haiz?

        —Bai, aita.

        Gero berriz:

        —B, behia.

        Baietz eta baietz. Hirugarrena C: zezena... Gure mutikoa hasten da errietan kondatzen.

        —A, B, C, astoa, behia, zezena.

        Eta gero:

        —D, ditarea; E, etxea; F, sua, fratsesez feu; G, gatua; H, haizkora; I, idia; J, jokoa; K, kaka.

        Gure mutikoa orduan hasten da:

        —Kaka, kaka...

        —Zer erraiten duk? Behar duk, bai, oraino segitu! Ez duk kaka erran eta denak bururatuko! Goazen aintzina: L, lana; M, maite; N, ninfa —haur ttipia—; O, ura, frantsesez eau; P, Pendix, hauzoko etxea; Q, ipurdia; R, airea, frantsesez air; S, zozoa.

        Gure eskolierrak gelditzen dira minuta bat. Mutikoak berriz:

        —Kaka, kaka, zozoa, kaka, zozoa...

        Aitak segituan:

        —Nor duk hemen zozoena?

        Jean Pierrek umil umila:

        —Zoin ote da: ni ala zu?

        Mattin itoa irriz:

        —Goazen aintzina: T, tanaza; V, aviona. Senditzen duk; aviona pasatzen, duk gure etxearen gainean; orroituko haiz V hortaz.

        —Ba, bainan zuk aviona erraiten duzu, eta ostion A erran nauzu astoa dela?

        —Bon, orai: W, wagona; eta Y. Zer erran nahi dik horrek?

        —Ez dakit, aita.

        —Hire aitatxiren etxea: Yangurdoenea. Eta azken hau denek gogoan atxikitzen ditek. Eian badakiken.

        —Azkena?

        —Zaude.

        —Amen.

        —Ez: Z, zero.

        Egun guziez beren artikulua errepasatzen dute, nun gure mutikoak ikasi baitzuen, batere hutsik egin gabe.

        Negua etorri zelarik, aitatxi jin zen gure etxerat: xerria hil zutela eta gan behar ginuela odolkien jastatzerat. Aratsarekin gan ginen. Mahainean ginelarik, izeba zuten xerri lanetako eta harek galde egin zion Jean Pierri eian eskolan abiatua zen. Mattinek, hori aditu zuelarik, erraiten dio izebari:

        —Eskolan abiatua? Ez, ez! Segur naiz nihork ez duela horren gisan alfabetika ikasi.

        Denak harrituak:

        —Nola demontre ikasia du?

        —Xuti hadi, Jean Pierre, eta irakuts nola dakikan.

        Hasten da lasterka bezala:

        —A, astoa; B, behia; C, zezena; eta holako...

        Denak irriz lotzen dira hori adituta. Ba gure mutikoak ere denak hutsik egin gabe berriz errepikatu. Orroitzekoa izan ginuen gure etxeko profezurraren erakusteko moldea.

        Ez zen harritu behar hartaz. Beti holako debrukeriak pentsatzen zituen, nahiz bertzela ere erakutsi ziozkan gauza frango.

        Hartze onekoa zen gure semea. Beti umila izan da bere aitarentzat. Haren kontseiluak onhartzen zituen, ikusten baitzuen egiazko aita baten xedeak zirela, seme bati buruz, bere onetan, orroitzeko geroaz, ahalgerik gabe agertzeko gizontasunarekin.

Mattin, nere gizona,
Mari Treku. Auspoa, 1982

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.