L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-8 (1993-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Ahuntz euskara ala ahuntz edizioak?

 

Anafalele Garziarena

 

Aspaldi da Eugenio Coseriu hizkuntzalariak sistema, norma eta hizketa kontzeptu zorrotz eta baliotsuak azaldu zizkigula. Linguistika ikerketen aurrerapenerako tresna ez ezik, eguneroko hizkuntz gertaerak modu berri eta objetiboago batez ikusteko lanabes aparta izan ziren, duda gabe, kontzeptuok. Haiei esker konturatu ginen hizkuntzaren erabileran —hizketan— jazotzen diren hizkuntz arauen hausturak, hiztunetan zabaltzen diren adinean, norma zaharrarekin borrokan diharduen norma berri baten sendotzea baizik ez direla; ikasi genuen, horrenbestez, erabilera jakin bat Hizkuntzaren gorputz sakratuaren kontrako herejia izatetik hizkuntz horren erabilera normala, hots, norma barrukoa, izatera dagoen aldea arau-apurtzaile aktiboen kopuru egoskorrak erabakitzen duela. (Hori hizkuntzaren bilakaera errealari dagokionez, momentuko akademiaren malgutasun edo zurruntasuna albo batera utzita, noski. "Amore" ez ematea da eliteek bere aginteari —aginte txikia bada ere— eusteko eskura duten armetako bat.)

        Beraz, hizkuntza bakoitza sistema bat da, arau orokor eta mugatu batzuen bilduma. Sistema horrek gordetzen ditu benetan funtzionalak diren oposizioak, baina, haien barruan, leku zabala dago denboran eta espazioan norma desberdinak bizi daitezen: ez da berdina XVI. mendeko euskera eta gaurkoa, eta ez dira berdinak gaurko hizkera guztiak ere, ez dialektoz, ez gizarte mailaz eta ez errejistroz. Baina, hori bai, denak dira euskera, denak dagozkio sistema berberari.

        Euskal ikasketen gainean hegazti beltzen modura noizetik noizera hegaldatu izan diren aurreritzi pisu askok beren azken eguna ikusi beharko zuketen Coseriuren bereizketa emankorrari esker, baina, hala ere, beldur naiz ez ote dugun oraindik ere gehiegitan egiten oker handi bat, alegia, norma bat —baina ez edozein norma, gurea baino, noski— sistema mailara igotzea. Denok inoiz entzun ditugun ausarkeriok —"hori ez da euskara", "euskaraz ez dugu hori esaten"... euskara hitzaren aurrean prekauziozko posesibo bat, gure adibidez, jartzea komeniko litzatekeen kasuetan— ausarkeriok, esaten nuen, aipatutako jarrerak eguneroko komentarioetan duen islada besterik ez dira. Alabaina, berbak haizeak daroaz eta, askoz larriagoa iruditzen zait sistema-norma bereizketa ahaztearen erruz prentsatik pasaturiko lanetan eta, batez ere, ikasle eta ikerlarien formaziorako omen direnetan, irakur daitezkeen zenbait badaezpadako afirmazio.

        Manuel Larramendi: euskal testuak izenburuko liburuxkak (1990), Joseba Lakarrak bildu ahal izan dituen andoaindarraren idazki guztiak eskeintzen dizkigu, Patxi Altunak jarritako oharrez horniturik, gainera. Esan beharrik ez da garrantzi horretako dokumentu batek, hizkuntzalariaren aurrean jartzen duen materialea izugarria izanik, iruzkin luze eta aberatserako bidea ematen duela. Ordea, halakorik egitea ez da editoreen asmo eta helburua izan eta —ahalik eta irakurle gehienek eskuratzeko moduko argitalpena burutu nahirik edo— ulermena erreztera bideratutako oharrak erantsi zaizkie testuei. Aukera guztiz errespetagarria da hori, baina ezin daiteke gauza bera esan irakas-xedeak gure iritziz sortu dituen gehiegikeriez. Autorearen eskuizkribuak dauden daudenean transkribatzea —erru tipografioak salbuetsiz— erabakitzen baldin bada, transkribatzaileak kontu handiz ibili beharko du jatorrizko testuetan zuzenketak egiterakoan, eta baita bertan azaltzen diren aldakien aurrean epaia emateko orduan ere.

        Nahiko friboloa iruditzen zaigu, beraz, Larramendik bezain+adjetibo+...ago egitura bat erabiltzen duenean ikerlariak "Ahuntz euskara da hori" (sic) bezalako komentario batez ixtea auzia, euskeraren historian edo ahozko hizkeran inoiz halakorik aurkitu den sikieran galdetu gabe; zeharo erabaki arina da guretzako Larramendik dakarren ichegi formak "ichequi behar du"-ela ziurtatzea (ebaki/ebagi-erako aldakiak ahaztu ahal ditu ohar jartzaileak?); halaber autoreak edocein gaucetan dioen lekuan editoreak gauzatan proposatzea (Gipuzkoako hiztun askorentzat gauza barik gauz dela kontutan hartu gabe); berdin uste dugu andoaindarrak idatzitako otoitza hau delakoaren ordez inolako azalpenik gabe otoitz hau jartzeari buruz.

        Adibideok aski izango dira salatzen ari garen ikusmira zein den adierazteko. Norberak maite edo ikasi duen euskara (norma bat) Euskara (euskararen sistema) dela pentsarazten diguten betaurrekoak erazten ez ditugun artean, ez gara kapaz izango gure idazleen hizkera norberaren euskeraren arabera zuzentzetik eta haien bitxikeriez harritzetik aurrera joateko, eta, ondorioz, filologiak eskatzen dituen behar beharrezko ikerlan zorrotzen ateetan geratuko gara. Daukagun edizio kritikoen gabeziaz, tamalgarria da egiten diren bestelako lan estimagarrietan halako jarrera antzematea, horrek esan nahi duelako ditugun apur horiek ere berrikusi egin beharko direla.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.