L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-8 (1993-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Zaharberritzen

 

Angie Garziarena

 

Honezkero badira hamar urte inguru lehenengo aldiz Khalil Gibran idazle eta pentsalari libaniarraren honako poema hau irakurri eta liluratuta eskolako karpetan amari behin eta berriz gogorarazteko asmoarekin kopiatu nuenetik. ALMUSTAFA profetaren semealabei buruzko adierazpen hauek benetan hunkitu ninduten orduan eta orain inoiz baino egiazkoagoak iruditzen zaizkit.

        Geroztik libaniarraren "Profeta" liburua behin baino gehiagotan irakurri dut eta besteak beste legeei buruz egiten dituen gogoetak gaur jasotzeak merezi zuela pentsatu dut. Halaber, askatasuna, krimena eta zigorra edo ezkontzari buruz egiten dituen beste hainbat erreflexio ezagutu eta irakurri ahala atsegin hartzeko modukoak direla uste dut, izan ere liburu osoa poema eder luze bat da.

        "Profeta" liburua berrogei urtez izan da best-seller eta honek ez dio, nire ustez, baliorik kendu. "Eroa", "Prozesioa", "Ekaitza", "Aitzindaria" dira bere beste liburuetako batzuk, bere pentsamenduaren ikuspegi zabalagoa eman dezaketenak.

        Khalil Gibran Boston, Paris eta New Yorken bizi izan zen. Beti nahi izan zuen jaioterrira, Libanora itzuli, hamahiru urtekin ama eta anai-arrebekin utzi behar izan zuen herrira. Luze idatzi ondoren 1931an hil zen berrogeita zortzi urte zituela New Yorken, Libanoko poeta nazionaltzat hartua izan den Khalil Gibran.

 

Eta bere bularraren kontra haur bat eusten ari zen EMAKUMEAK esan zuen: hitz egiguzu Haurrei buruz.

        Eta berak esan zuen:

 

                Zuen seme-alabak ez dira zuen seme-alabak.

                Antsiatsu betikotu nahi duen Bizitzaren seme-alabak dira.

                Zuen bitartez etortzen dira baina ez dira zuengandik etortzen.

                Eta nahiz eta zuen alboan egon, ez dira zuenak.

                Zuen maitasuna eman diezaiekezue, baina ez zuen pentsamenduak.

                Beraiek euren pentsamenduak baitauzkate.

                Euren arimak etorkizunaren etxean bizi baitira,

                zuentzat itxita dagoena, baita zuen ametsentzat ere.

                Beraien antzekoak izaten ahalegindu zaitezkete,

                baina ez zaitezte zuen eite eta irudikoak egiten saiatu.

                Bizitza ez baita iraganean gelditzen, ez eta berarekin lekoratzen.

                Zuen seme-alabak, gezi bizidunak bailiran, urrunera

                bultzatzen ditueneko arkua zarete Zuek.

                Arkularia da infinitoaren xendan jopuntua ikusten duena,

                bera da bere Boterearekin malgutzen zaituztena, Bere gezia arin urrunera joan dadin.

                Utzi ezazue, alai, Arkulariaren eskuak zuek malgutzen,

                Berak hegaz egiten duen gezia maite duen gisan, maite

                baitu, halaber, arkuaren trinkotasuna eta gogortasuna.

 

 

Orduan, abokatu batek esan zuen: Baina, zer esan diezagukezu gure Legeei buruz? Eta berak erantzun zuen:

 

                Legeak egiteak zorioneko egiten zaituzte.

                Eta, hala eta guztiz ere, legeak hautsiz poz handiagoa hartzen duzue.

                Ozeanoaren urbazterrean jolas egin eta, eroapen setatiaz,

                hondarrezko dorreak altxatzen eta gero barreka suntsitzen

                dituzten haurrak bezala.

                Hala ere, zuen dorreak eraikitzen dituzuen bitartean,

                ozeanoak hondar gehiago uzten du hondartzan.

                Egiaz, ozeanoak errugabeak bezala egiten du beti barre.

                Baina, batzuentzat bizitza ez da ozeano bat bezalakoa eta

                gizonen legeak ez dira hondarrezko dorre iheskorrak.

                Batzuentzat bizitza harri bat da eta legea euren gisara

                lantzeko erabiltzen duten zizela, hauei dagokienean, zer?

                Zer, dantza egiten dutenak gorrotatzen dituen elbarriari dagokionean?

                Zer, bere uztarria maite eta basoko altzea eta oreina

                legerik gabeko arlotetzat hartzen dituen idiari dagokionean?

                Eta bere larrua jaregiteko gai izan gabe, besteak biluzik

                daudela eta lasaka deitzen dien suge zaharra?

                Eta ezkontza jaira goizegi iritsi eta, jan eta edateaz

                astebete eta gero, jai guztiak moralgabeak eta bertan

                biltzen diren guztiak lege zapaltzaileak direla esanez,

                urruntzen den hura?

                Zer esango dut beraiei buruz, beraiek ere eguzkitan

                daudela baina bizkarra ematen ari direla ez bada?

                Beraien itzalak bakarrik ikusten dituzte eta beraien

                itzalak beraien legeak dira.

                Eta zer da legeak betetzea, makurtzea eta lur gainean

                beraien itzalen aztarnei jarraitzea ez bada?

                Baina eguzkiari begira ibiltzen zareten horiek, lurrean

                marraztutako zein irudi izango da zuek eusteko gai?

                Eta haizearekin bidaiatzen baduzue, zein haizaorratzak

                zuzenduko du zuen ibilaldia?

                Zein giza legek lotuko zaituzte, gizakiek beren espetxeak

                eraiki dituzten ateetatik urrun hausten baduzue zuen uztarria?

                Eta nork eramango zaituzte auzitara zuen arropa urratu,

                baina bidean uzten ez baduzue?

                Arfaleseko herria: danborra estali dezakezue eta liraren

                sokak laxatu, baina nork eragotziko dio zeruko

                hegatxabalari kantatzen?

 

        Lehenengo poema hura irakurri nuenetik hainbeste denbora igaro denik ere ezin daiteke esan, baina, hala ere, dexente igaro da libaniarrak idatzi eta Europan zehar zabaldu zenetik. Nire belaunaldiko gazteek ez dakit zenbaterainoko izango duten bere berri baina batzuetan iruditzen zait horrelako pentsamenduak idatzi eta irakurriak izan eta gero, ezinezkoa dela garen bezain atzerakoiak izatea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.