Oinarrizkoa adostasuna
K. Garziarena
Irakurria dut nonbait, Hofmannsthal-en liburu batean uste dut, politikak oinarri bat behar duela nahitaez, baldintza gutxieneko bat-edo, eta alfa hori zinezkoa edo erreala denari buruzko adostasuna dela; hain zuzen ere, egon daitekeela baldin eta komunista batek, kasu, haizerrotan ehuneko hogeian igo behar dira langileen soldatak esaten badu eta liberal batek haizerrotan soldatak ez dira igo behar erantzuten badio; baina ezin daitekeela politikoki pauso bakar bat ere aurrera eman baldin eta lehenengoari zera erantzuten badio bigarrenak: nik ez dut inolako haizerrotarik ikusten, nik digante armatu batzuk baizik ez ditut ikusten.
Euskal Herrian gertatu da dagoeneko Hofmannsthal-ek zehazten zuena. Ez dago erreala denari buruzko adostasunik. Ajuriaeneako mahaian eseritzen diren alderdiek demokrazia batean bizi garela diote; Herri Batasunak, berriz, uko egiten dio deskribaketa horri, eta Francoren garaian bezala jarraitzen dugula defendatzen du. Beraz, eritziak eritzi, hemen ezin da politikarik egin; ez behintzat bi kontrarioetako bat derrotatua izan arte ...derrotatua, diot, eta ez dago kutsu militarreko ele hori batere gaizki erabilia; izanez ere, politikak egiten ez duena hitzak egiten ez duena, alegia biolentziak egiten baitu. Zentzu honetan, enfrentamendu zibilaren ateetan gaudela eta halakorik ezin dela gertatu proklamatzen dutenek, edo zinikoak dira, edo itsuak dira. Enfrentamendua etxe barruan dago aspaldi, eta egunean baino egunean indartsuago. Esate baterako: Errenteriako bonba lehertu eta hainbat ertzain hil izan balira, zer gertatuko zen ertzain horien jaioterrietan?
Ezin da etorkizuna aldez aurretik ezagutu, baina hala dirudi, Herri Batasunak izango duela galerarik haundiena. Ez bakarrik indar armatuez eta jendez ahulena delako, baita bere teoriaren baldartasunagatik ere. Xamur konbentzitzen ditu adolezenteak (adolezenteak ez du normalean errealitatearen ideia taxuzkorik izaten), baina gainerako guztiek duda haundiak egiten ditugu beraien baieztapenei buruz. Ez dagoela demokraziarik? Ez dagoela Lege-Estaturik? Orduan, nola lortzen dute Egin ateratzea? Nola lortzen dituzte Gora ETA militarra oihuz kutsatzen diren manifestapen horietarako baimenak? Eta okertuta al daude akaso miloika eta miloika pertsona Estadu espainolean eta Euskal Herrian? Eta sueziarrak, eskoziarrak, ingelesak, horiek ere itsututa al daude Felipe Gonzalez demokratatzat hartzen dutenean? Jende guzti hori oker dago eta beraiek zuzen? Ez dirudite oso planteamendu zentzuzkoak. Ez da izango Espainiako Estatuan dagoena sistema politiko demokratikoki perfektoa, baina demokrazia izan, bada. Europako beste edozein Estatu bezain demokratikoa... Dena den, ez zen hau testu honen gaia. Gaia zen euskal gizartean dagoen enfrentamendua. Ba dagoela, alegia. Eta hori konponduko duen politikarik ezin dela egin harik eta zinezkoa edo erreala denari buruzko adostasuna heldu arte.
|