Hizkuntzak, hitzotsak eta amonak
Fermin Garziarena
Hizkuntzei buruz konzepzio nagusi bi bereizi daitezke:
a) Hizkuntza organismo bizi, konplexu eta delikatua da, elementu askoren arteko orekaren gainean eraikia dago eta faktore sinkronikoek bezainbat faktore diakronikoek (historia) ematen diote aldi bakoitzean ageri duen jite edo sen berezkoa. Ikuspegi honetatik begiratuta, hizkuntza bat unez zamatutako aitona edo amona bat bezala izango litzateke, bere bizikizun eta pasadizu guztien aztarren bizia aurpegiko zimurretan marraztua daramana.
b) Hizkuntzak tresnak dira, gailu, kode ber-baten jabe direnek mezuak eta edukinak elkarri adierazteko balio duten makina ongi (edo gaizki) olioztatuak. Makinak diren medioz, nortasunik ez dute, eta balute ere ez luke axolarik izango, zeren makina bati eskatzen zaiona ez da gu seduzitu edo amoratzea, baizik eta bere lana ongi betetzea, hots, produzitzea, kasu honetan komunikazioa. Bigarren ikuspegi honetatik begiratuta, hizkuntza motor bat bezalakoa da, hots, milaka pieza hotz, funtzional eta ezkutuz osatutako produkzio unitate eraginkorra.
Gure eguneroko bizitzan, konzepzio bi hauek etengabe talkan ari dira, nahiz eta gu askotan ez konturatu. Beharbada gatazka hori mentalidade erromantiko eta positibistaren artean oraindik orain bizi dugun adostu-ezinaren beste manifestazio bat baino ez da. Baina hondarreko arrazoia edozein izanik ere, ondoko lerroetan gatazka horren adibide txiki bat jarriko dut eta hola denok ulertuko dugu zertaz ari naizen.
Hara, aurreko batean nire lagun batek, ipuin bat idatzi zuela eta, testua zuzentzeko eskatu zidan. Hasi nintzen irakurtzen eta, hirugarren parrafoan, hona zer aurkitzen dudan:
"Eguzkia zeruan agertzen hasi zenerako etxeko oilarrak hiru aldiz jo zuen kikiriki"
Noski, "kikiriki" kendu eta "kukurruku" ezarri nuen. Nire laguna protestaka hasi zitzaidan, ea zer axola zuen "kukurruku" ala "kikiriki" izateak. Nik esan nion oilarrek euskaraz horrela hitzegiten dutela, eta harek berriz ea lelotu ote nintzen oilarrek "hitz" egiten zutela esaten ibiltzeko. Bitxia da, baina nire argudioa onartzea aldatz gora egiten zitzaion. Ez zuen sinisten euskarak mundua bere senaren kolore eta doinuz jantzia daukala, eta euskaraz oilarrek ezin dutela egin kikiriki, non ez den gure oilotokietara bisitan heldutako oilar español edo frantses abentureroren baten mokotik.
Zeren, funtsean, galdera han da: "kukurruku"ren lekuan "kikiriki" erabiltzeko libre bagara, hots, bata nahiz bestea erabili ezkero ezer aldatzen ez bada, orduan gauza bera esan beharko litzateke "etxea"ren lekuan "casa", "maison" edo "house" erabiliko bagenu, edo euskal hiztegiko gainerako hitz guztien lekuan erderatiko baliokideak erabiliko bagenitu. Baina, jakina, hitz trukada hoiek egiten dituena berehala ohartzen da hitzak aldatzean beste zerbait ere aldatu dela. Eta zerbait hori hizkuntza da, noski.
Hitzotsak hizkuntza baten indarraren erakusgarriak dira. Hizkuntza oso eta bizi baldin badago, iduriz axolagabeak diren naturako edo bizitza arrunteko hots den ezteusenak ere euskaraz entzun eta adieraziko dira. Hizkuntza motel eta hiltzear badabil, berriz, hots hoien soinekoa erdarei jesango zaie. Horregaitik hain zuzen euskaraz idaztera edo kanpo literaturetako liburuak euskaraz itzultzera jartzen denak oso argi izan behar du hizkuntzaren organismoari txerto arrotzak egitea zilegi bada ere batez ere txerto hoien faltaz zerbait adierazi ezinik uzteko arriskua dagoenean, guztiarekin ere lekuz kanpoko eta doiaz goitiko txertoek osasuna barik meskabia eta heriotza ekar dezaketela. Euskal idazle/itzultzaile batek jakin beharko luke, nahiz eta bere belarriz halakorik sekula entzun gabea izan, euskaraz izerdia, besteak beste, "bul, bul" edo "pulpa, pulpa" eginez jauzten dela eta elurra berriz "po po po" hots ixilez; k.k. egitean "tirrit" hots ttipia egiten dela, irutean "phiru, phiru" hotsa egiten den bezala, eta hotzaren hotzez hortzak elkarri joka dabiltzanean "klak klak" edo "kaskaskas" entzuten duela euskal belarriak; kontzientzia bezalako gauza ixil eta barnekoi batek ere bere hots berezia egiten dakiela arrengura edo damuren baten azpian penatzen ari denean, eta orduan "kitzi kitzi" ari dela, ar bat balitz bezala hain zuzen; eta animaliaño hori aipatu dugunez, animalien erresuman sarturik aski dela belarriak erne paratzea euskal oihartzunak nonahi aurkitzeko: euskal igela "Re ke ke ker, kerre kroak" kantu erlatsez, xoxoa, alegera dagoenean, "Tu, tu, tui, tui, tui, tri hi hi" xirul-xirulez, txirrita "tzirri tzirri" edo "xirri xirri" zerra-hotsez, eta zakurra "tau tau"/"txau txau" xaingaz edo "mur mur mur" hortz-kirrikaz (azken bi hauek bereizten jakitea ez dago batere gaizki, zeren azken kasuan hobe duzu lekuak ziztuan hustea, haginkada bat hartu nahi ez baduzu.)
Hizkuntza espresiorik gabeko aurpegi lisuko errobot bat zaienentzat ez du batere axola guzti hoien ordez erdal hizkuntzetako errepertoriotik mailegatutako hitzotsak erabiltzea. Azken batean, hizkuntza baten lana ez da bere senari fidel izatea (eta zer da sena?, galdetzen dute), mezuak argiro helaraztea baino, erroboten mintzoak bezala hizkuntza horrek ere gure belarrietara holako metal doinu jasangaitz batekin iritsi behar badu ere. Aldiz, hizkuntza presentekoan gure arbasoek esperientzia, oldozpen, sentipen eta bizikizunezko katea infinito baten harian pilatutako ondare preziagarria ezagutzen dugunontzat, hizkuntzak, kasu honetan gure hizkuntzak, gure asaba zaharren baratzeko erditzaletatik guri so dagoen aurpegi arrakaldu eta tximurtua izango du, gure erabilera artezez irribarrez argituko dena, edo gure axolagabekeria zabarrez negarretan urtuaraziko duguna.
|