Ostruka bat Atenasen
Karlos Garziarena
Izan omen zen behin ostruka bat zeharo harroputz eta ahoberoa. Egun batez, eta modak agindu bezala, Atenasera iritsi zen zeregin guztiak utzi eta bidaia nahikoa patxaroso baten ondoren. Asmo bakar batek itsutzen zion pentsamentua: famak. Eta, garai haietan fama eta populuaren miresmena lortzeko filosofo izatea bezalakorik ez zenez, Atenasera bertaratu zen handinahi hark bultzaturik.
Tontotik bazuen harroputzetik bezain beste, ordea, eta eskola, mugimendu, pentsamolde bat hautatzeko garaian ez zuen tajuzko erabakirik hartzen jakin. Bere ardura bakarra ahalik eta azkarren famatzea izaki, auzi moral eta etikoak alde batera utzi eta, lotsagabeki, txinoetara jokatu zuen zein Eskoletara joan. Platonen Akademia egokitu zitzaion. Ez zuen sarrera azterketa gainditu. Birao itsusien artean (taxi bat hartuz) Aristoteleren Lizeora jo zuen hurrena, beti bezain farfail. Han ere ez zuen denbora handirik egin. Bere itsumenean tinko, haserre samartua, ostrukak Epikuroren Lorategira jo zuen, Epikuro bera nor zen ere jakin gabe. Han ere ez zen argiago ibili eta Epikuroren ikasle segail batek ostikoz bota zuen eta modu itsusian. Azkenik, baina iada esperantza eskasez eta animo baretuz, Zenonen Stoara hurbildu zen, estoizismoa hobeto fortunatuko zitzaiolakoan. Zenonek pertsonalki eginiko galdera zuzen eta laburra izan zen: «zertan datza benetako Zoriontasuna?» Ostrukak bi aldiz pentsatu gabe erantzun zíon. «Faman». Zenon asko haserretu eta pikutara bidali zuen hegan mixerablea.
Ostrukak, orduan, bere ezjakintasunaz jabeturik eta Atenaseko esperientzia gogorretik hainbat ondorio fin ateraz, handinahi eta harrokeriak ahaztu eta apalagoa izatea erabaki zuen. Eta, handik aurrera, beraz, idazle soil bat (poeta mistiko eta satirikoa, ikusiko zuen) izatearekin konformatuko zen, umiltasun erabatekoz.
|