Amets eroak
Rafael Garziarena
Euskaldunok ohi dugun gisan, gure gurasoek ere galdu egin zuten gerra. Handik hamarren bat urtetara jaio ginen gu eta geuk ere galdu dugu geurea. Ondoko belaunaldiek izango dute akaso, baina guk ez daukagu erabateko garaitzaren zain egoterik. Ezin dugu eguneroko ametsik diferitu. Ez dugu denborarik.
Era askotako desafioak galdu ditugu aspaldi honetan eta burruka egin duenak hezurretan itsatsia darama frakasuaren ozpina. Inork ez du egungo sistima hau goraipatzen, baina ez omen dago aukera hoberik. Amets eroak behingoz erre eta dagoenarekin konformatu behar omen dugu.
Erabileraren poderioz zahartu zaizkigu hambat asmo, eta erabili gabe sikiera usteldu, beste batzu. Oker erabiliak izan arren, indarrean beharko luketenak ere badaude, eta estrenatzeko dauzkagu oraindik gehienak.
Euskal Herri bukolikobaserritarbatekin ametsetan ibili ginen apaizen esanetara luzaro, eta eraiki gabe erori zitzaigun, zorionez, txantxarrez mugatu nahi genuen erresuma. Euskara eta zazpiak bat, ordea, itxurarik gabe erabiliak izan arren, ez ditugu inoiz baztertu, eta independentzia aipatzen digutenean, itsas internazionalizatu zabalean euskal txalupa gobernatzeko egokia izan litekeen antolamendu hurbil eta solidario bat etortzen zaigu burura.
Ez da, izan ere, asmo garbirik ikusten gaurko bideetan, eta gero eta gehiago dirudi elkarren artean zer ikusirik ez dutela. Eguneroko bitartekoetan ezin da helburik igerri. Edota are okerrago, desio ez dugun etorkizun baten susmoa nagusitzen zaigu.
Igandeko manifestazio batek, hala ere, ezin du asteguneko zabarkeriarik justifikatu, eta gero eta gudari gutxiago dago ezertan aldatzeko prest.
|