L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-1 (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Katalogoen premia

 

Bobby Garziarena

 

Egiak ez du asko balio berez: dirurik gabe, edota diruak eskaini dezakeen giro, jende eta abar luze baten babesik gabe, egia ez da des-ixildu eta agerian jartzen, edo oraindik okerrago, egiak —zuk zeure esperientziaren arauera duzun ziurtasun horrek, kasu— gezurraren itxura guztiak hartzen ditu denborarekin.

        Begira diezaiogun, bestela, euskararen inguruan gertatzen ari denari: nahiz realeuskaldunok hizkuntzaren gainbehera egunero konstatatu, nahiz egunero nozitu gutxiengo baten parte izateak ekarri ohi dituen makurkeria eta bazterketak, entzun egin beharra daukagu, halere, inposatzaile eta abusatzaile gareneko akusazioa. Alegia, urrunegi goazela euskararen kontuekin, gaztelera azpiratu eta gure geografiaren zirrikitu guztietan sartu nahi dugula, gainera giza eskubideen aurka joanez batzuetan. Dudarik ez soinekorik gabe zihoan erregearen ipuina kontatu nahi digutela; eta dudarik ez farre egiteko ipuina dela (negar egingo nuke farrez ez baneki), baina, kontuz, ohar gaitezen zein gutxiaren gutxia garen realeuskaldunok (100.000?), zein diru gutxi daukagun, (gutxi ez, gehiegi!, oihuztatuko lukete hemen akusatzaileek erregearen azpi arropa eta presupostuei ezikusia eginez)... eta ohar gaitezen, azkenez, abstrakzioek gaurko munduan duten balio gutxiaz. Alferrikakoa litzaiguke gure akusatzaileen aurrean jarri eta gure desio, proiektu eta giza-eskubideak aldarrikatzea: entzun nahi duen gorra baino gorragorik ez dago. Horren ordez —demokrazia batean bizi den gutxiengo bezala— egin dezagun datu bilketa bat, egin dezagun, katalogo bat osatuz, injustizia kasu konkretuen zerrenda. Eta katalogoa egin eta gero, etor dadila akusatzailea erdaldun bezala zapaldua sentitzen dela esanez: A, bai? —esango genioke—, bada atera ezazu zure katalogoa eta gonparatuko dugu nerearekin...

 

Egia ttikien katalogoa

 

        001/ Gasteizko «Guridi» zineko takilen gainean honako bi ohar horiek daude letra haundiz idatzita: Sarrerak argotuta l Sarrerak salkai.

        002/ Sondika aireportuko kutxa automatikoak gazteleraz erantzuten die euskaraz hitzegiten duten txartelei.

        003/ Sondika aireportuko kioskoan ezin da euskarazko egunkari edo errebistarik erosi.

        004/ EROSKI etxeak buzoietan botatzen dituen propaganda orrietan, euskararen presentziak ez du sinbolikoaren maila ere ematen.

        005/ Itzultzaile batek Bihotz Sakratuaren Plaza izena eman dio Bilboko plaza ezagunari, euskaraz pentsatu eta Jesusen Bihotza jarri ordez gaztelaniazkoa kalkatuz.

        Oharra: Katalogo hau osatzen lagundu nahi duenak bidal bitza bere oharrak Emak Bakia-ra.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.