Euriaren alde
Joseph Joubert
euskaratzailea:
Maite Garziarena
Euria esatea eguraldi txarra esatearen pareko bihurtu da gure gizarte honetan. Entzun irrati-telebistako eguraldiaren berri emaileei, ikusi beren ahotsak hartzen duen doinua euri hitza aipatzerakoan, eta zein alaiki ebakitzen dituzten, aldiz, eguzki eta hondartza hitzak, eta zera pentsa liteke, hodeiek, euria ezezik, nahigabea eta tristura eta asperdura ixuriko dituztela gure gainera. Alaitasuna eguzkitan bakarrik aurkitu ahal balitz bezala; hondartzara joanda zoriona ziurtatuta balego bezala.
Euria eta eurizaleen izen txarra garbitzearren, Joseph Joubert-ek idatzitako parrafo hau gogoratu nahi izan dugu:
«Euria ari duenean bada halako iluntasun bat objetu guztiak luzatzen dituena. Gainera, gure gorputzari harrarazten dion aldarteagatik, bildu bezala egiten gaitu gure baitara, horrekin arima infinitoki sentiberagoa bihurtzen delarik. Ateratzen duen hotsak berak latindarrek densissimus imber izenaz adierazten zutena belarriari etengabeko lana emanez, arreta esnatu eta erne mantentzen du. Hezetasunak murru, zuhaitz nahiz harkatzei ematen dien beltzaran antzeko kutsu horrek, areagotu egiten du objetu horiek eragiten duten inpresioa. Eta bidaiariaren inguruan zabaltzen duen bakardade eta isiltasunak, bai animaliak bai gizonak isiltzera eta estalpean geratzera behartuz, harentzat inpresioak zehatzago bihurtzea lortzen dute azkenerako. Bere kapan bilduta, burua estalita eta inor gabeko bide-zidorretatik doala, denak harritzen du, eta handitu egiten da dena bere irudimen eta begien aurrean. Errekak puztuta daude, belarrak mardulagoak dira, mineralak nabariagoak; zerua hurbilago dago lurretik eta objetu guztiek, horizonte estuagoan hertsita, toki eta garrantzi handiagoa dute».
|