L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-4 (1980-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—erreportaia—

 

Nazioarteko jardunaldiak zirela uste

 

Behar ainbat aldiz zorroztu izan ditugu geure ezpatak duela ia hogei urte euskararen batasuna bultzatzen eta finkatzen basi zen Euskaltzaindia defendatzeko, bertan euskararen iraunbidea zihoala jakinki. Hamaika bider ere, sabinianorik eskubitarrenen kontra euskara literarioaren batasuna aldarrikatu. Eta ez dugu ahaztuko, azkenik, hamabost urte haietan masailekoren bat edo beste jaso izan genuela hatxea bere lekuan jarriagatik.

        Baina hala ere eta ezinbestean, beldurrez basi behar lerrook urratzen: bazter guztietatik etorritako euskalariak bildu zirela Bilbora, denok dakiguna, Garaikoetxeak egin zuela agurtzea, eta nunahi txalo eta ohore besterik ez dugula entzun, Euskerazaintza apeztegiaren salbuespen bakarra eginik. Gure burua hain erakunde bizkor eta atzerakoiarekin nahastua ikusteko ikararik ez dugu noski, inor halakorik saiatzeko prest balego ere. Hauxe gertatzen da ordea: Euskaltzaindiak antolatutako edo erabakitako zernahi gauza egurtzekotan, aipatutako agure zoragarriok ditugula nahitanahiezko bidailaguntzat. Hau da, ikaragarrizko definizio beharrean aurkitzen garela, ezin baitugu onartu frankismoaren garaietako erreferendum haietako dilema (eta badakigu oso gonbarazio gaiztoa aukeratu dugula) "nirekin ala nire aurka". Kasu honetan, eta besteak beste, honela formulatu beharko genuke gutxi gora behera: "nahi ez baduzue ere, zuekin eta muturjoka gainera". Horregatik, aspertuak gaude jadanik aitzaki eta barkamen guztiek kritikak baino orrialde gehiago betetzearekin, mesedez ez gaitzazue besteekin nahas, faborez zin egiten dugu euskara batuaren alde gaudela, otoi euskararen onerako ez balitz ez genuke honelakorik egingo, etabar. Oso erakusgarria izan zen, hain zuzen, jardunaldien egun batetan egunkari batek plazaratu zuen "Euskaltzaindiari gutun irekia" batetan nola artikuluaren erditik gora Euskaltzaindiaren gorazarrea kantatzeko egina zegoen, handik aurrera jardunaldi beraietarako publizitatean erabilitako euskara (?) mordoilo eta traketsa ebaintzeko. Hortaz nekatuak gaude eta hurrengotan honenbeste koplarik gabe ezker-eskubi hasiko gatzaizkie.

        Dena dela, ez dugu sinplekeriatan hasi nahi, bertan gastatu omen diren hamar miloi hoeikin halako edo bestelako behar bete zitezkeela esanez. Diru kontu hau grabea izanik (atera kontuak: gutxienez biblioteka koxkor bat, gutxienez ehun euskaldunberri, gutxienez ehun idazle gazte nobela edo poema liburu berri bat saiatzen, gutxienez), ez da hala ere okerrena; bai euskarari kanpainatan lortutako sosa guztiak publikoki noizpait azaltzen eta argitzen badira (azaldu beharko noizpait), orduan etorriko dira istiluak eta negar-zotinak. Okerrena hauxe da: txanpon guztiok alferrik galdu direla, eta ez nolanahi gainera.

        Gure herrian ari den koalizio abertzale batetan buru egiten duen batek "Euskal gobernua liluratzeko eta irabazteko egin ditek montaje guztia" gomentatu zuen. Azken batetan, Garaikoetxeak berak bota zuela agurra eta pare bat ministrok mitina ere bai, orain arteko peneuvek (edo behintzat bertako sektore gehienek) euskara batuarekiko jokabide ilun eta maltzurra erakutsi dutelarik. Oraindik ere gogoan daukagu azkenengo hauteskunde kanpainan nola ibili zitzaizkigun gazte jeltzaleak bezperan jarritako kartelaren gainetik deskuidozko hatxea amorruz ezabatzen; eta halakoak, beste mila. Horra bada: halako montaje ikaragarria antolatzeko gauza den erakundearen seriotasuna onetsi egin behar euskal gobernuak, eta bide batez baita euskara batuaren asunto guztia ere! Dudarik gabe, halako asmoa euskaltzain guztien buruan egon da jardunaldiotan: bazkaria zerbitzeko ere Elorrijoko batzokijatik etorri baitziren neskatxa ederrak. Eta aisa lortu dutela ere, dudarik ez. Baina asmo noble eta zintzo honek bi gauza erakusten du: bata, dirudienez Euskaltzaindiak ez omen duela ulertu euskara batua guztiz ezarria eta inposatua dagoela gure herrian, eta askoren tripako minak gaindituz, batasunaren segurantza ezin dezakeela ezerk eta inork zalantzan jar, ezta Euskal gobernuak ere; azken batetan, honelako jarrerak dakarrena hauxe da: euskal mugimendu kulturalak ia azken hamabost urteotan euskara batuaren alde egindako lan eta borroka guztia bazterreratzea. Eta bestea, beste koalizio abertzale batetan buru egiten duen beste batek esan zuen bezala (txantxetan egin bazuen ere), jardunaldietako montajea irtenbide eta alternatibarik desmobilizatzaileena zela; eta hau argi esan beharra dago: egun euskal kulturak oraino bizirik badirau (bere ahuleria guztiekin) euskara batua eta honen atzetik lanean jardun duten guztiei eskertu behar diegu. Batasunaren eremutik kanpoan gelditu direnek —esan dezagun harrokeriarik gabe— azken hogei urteotan ez dute lan aipagarririk egin.

        Beraz, non dago beldurra? Euskal gobernuak ez badu hori onartu nahi, hor dago euskal kulturaren mugimendua eta hor dago herria bera. Desmobilizatzailea da erabat ikusi dugun jarrera, bai, zeren Euskal Herriaren historia osoan zehar gure hizkuntza nazionalaren aldeko manifestapen kaletar bakarrak "Euskal Herrian euskaraz" elkarte bulleroak bildu behar izan baititu. Oraindik orain, ikusteko gaude Euskaltzaindiak herriari batasunaren beharraren kontzientzia har dezan eta eskubide horren sostengua defenda dezan egindako deia, eta ez orain arte bezala herriaren faltrikera futbol partiduekin arintzeko.

        Euskal herri euskaldunari euskararen batasunak zer on eta zer gaitz ekarriko dion esan egin behar zaio: bere herri koxkorreko berezitasun guztiak agian galdu egingo direla esan behar zaio, baina hortan dagoela euskararen salbaziobide bakarra. Eta euskal herri erdaldunari ezin zaio inozo deitu, aski argi egin zaion bezala, euskalarien arteko japondar batek euskara sei hilabetetan ikasi zuela esanez, zeren haren jokabidea xit txalogarria izanik ere argi dago berak ez dituela gure baldintza soziologiko eta soziolinguistikoak bizitzen: ez da batere harritzekoa japondar linguistak Erandioko langileak baino azkarrago ikastea euskaraz, eta honek ez dio deus ere kentzen langileari.

        Jardunaldiak egin ziren, eta han azaldu omen ziren gizon (emakumezkorik eskas, beti bezala) ospetsuen jakituriaren eskutik euskararen zenbait azterketa sakon eta interesgarri. Txillardegik —ez guk— argi asko esan zuen tarima gainean igota: saio guztiek, batez beste, euskara zaharra aztertu zuten, denak atzera begira.

        Arazoa hauxe da: ikerketa linguistikoak komenigarriak lirateke gaur egun euskarak ezagutzen dituen eragozpen eta larrialdiak gainditzeko tresnak eskeiniko balizkigute. Baina Ziburuko Etxeberriaren aditzaren bitxikeriak edota Luzaideko xukerak ez digu ezer berririk ematen, ezta Mande edo Fula hizkuntzekiko gonbaraketak ere. Bide honetan (nola ukatu orain arteko guztiak koherentzi berberaren haria jarraitzen duela?), Euskaltzaindiak gauzak behar bezala esaten lotsarik ez: oraingoan linguistika hutsa sartuko dugu, zeren soziolinguistikan hasiz gero berehala sortzen da politika eta berarekin istiluak. Izan ere, surtan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Eta bide honetan ere, ez zen inon aztertu euskarak duen arazorik nagusiena: hots, bi miloi bizilagunen burua euskaldundu behar dugula, eta euskalduntzen hasiak garela. Koplak alde batetara utziz, azterketa sakon guztiak zientzia antzuaren adarretan gelditzen dira euskararen hil ala biziko egoera hau kontutan hartzen ez den bitartean.

        Egunkari guztietan azaldu zen euskaldungo arrunta txoil ahozabalik utziko zuen japondar euskaldun azkarra, baina tontotzat hartu bagaituzte ere, soberan frogatu genuen euskalari hoietako bospasei kenduz gero gainerantzekoak ez zirela euskaraz hitzik botatzeko gauza, hau ere normala izaki. Baina inon esan ez dena hauxe da: liferentzi ikaragarriaz gutxienik mintzatu zen hizkuntza euskara izan zela hain zuzen. Bai noski, hantxe ikusi eta entzun baikenituen Koldo Mitxelena eta Endrike Knörr elkarren artean ingeleseraz eztabaidatzen; hantxe, Alfontso Irigoien txistu eta bronka galanta jaso ondoren bere mitina gazteleraz jo ta keak jarraitzen; hantxe, Euskal Herrian jaio eta Ameriketan bizi den emakume harroa ni neu berari euskaraz mintzatuagatik haserre bizian erantzuna ingeleseraz botatzen, euskalari porrokatua bera; hantxe, euskaltzain ezagunenetako bat amerikar euskaldunduari gazteleraz mintzatzen bestea euskaraz erantzuteko bere biziko ahaleginak egiten ari zen bitartean; hantxe, berriz ere Endrike Knörr ingeleseraz (bapo menderatu, gizonak!) hasi eta jendearen txistukadaren aurrean "nazioarteko jardunaldiak zirela uste nuen" lotsagabekeriaz erantzuten. Ba ez, motel, haiek ez ziren berte askok nahi eta uste izan zuen bezala "Euskalarien nazioarteko jardunaldiak" sekulan ere izan, erabat "Bascologist's international meetings" edota "encuentros internacionales de vascólogos" izan baitziren.

        Azkenean hauxe frogatu ziguten euskalari guztien artean (behar diren salbuespenak eginik), berriz ere euskaldunak buru izanik: euskara lagunartean baxoerdika ibiltzeko edota mendipuntako baserritar zibilizatugabearekin berriketan aritzeko hizkuntza egokia dela, baina gauza serioetarako eta zientzia egiteko, erosoago eta dotoreago beste edozein erdara. Eta hau edonoren aurrean frogatzeko beldurrik ez dugu.

        Ezer gehiago erantsi behar badugu, zenbait detalle negargarri. Esate baterako, euskal prensaren zorroztasun kritikoa zeharo txalogarria, batere lotsarik gabe lagundu baitute itxura liluragarri, alai eta dote hori ematen, behar ainbat aldiz egia ate atzean gordeaz.

        Adibide batzu: ez zuen inork esan hitzaldiak gela ttipi batetan eman zirela (ehun eserleku eskas) eta bertara hizkuntzalariek eta euskaltzainek bakarrik sartzerik izan zutela; berte guztiok, hau da, ikasle eta jende normala bigarren pisuan telebista batetatik ikusi eta altabozatik itzulpen gaiztoa entzuten (filmatu eta datorren urtean aurrezki kutxan emango baligute, igualtxo). Ez zuen inork esan aldi bereko itzulpena ikaragarrizko desastrea izan zela (itzultzaileen errua bakarrik ez izaki), bereziki euskarazkoa, erdarazkoak ere askoz hobeagoak ez zirelarik. Ez zuen inork esan euskalari hauek ez zutela benetako Euskal Herririk ezagutu, eta mistizismo folkloriko hutsean erabili zituztela euskaltzainek harrijasotzaile, ahari proba eta ezpata dantzarien artean (Atxandioko baserri bukoliko batetan, bazkalondoan, Perurena harrijasotzen hasteko prest. Herriko jendea festa giroan, emakumeak baserri aurreko harrizko aulkian eserita, euskaltzain batek mikrofonotik oso poliki: "Mesedez, jardunaldietako filma egiten ari gara, eta hor baserri aurrean jarrita dauden emakumeei beren lekua dantzariei uzteko eskatuko nieke bihotzez, horrela pelikula askoz dotoreago geldituko da eta". Andreak gorri-gorri eginda, belar gainera), eta herri hau den bezala ezagutzea eragotzi dietela: bazuten bazkaria Donostiako sozietate batetan, eta hura suspenditu bezperako manifestaldiagatik oraindik tanketak kalean zirelako.

        Ez dute ez batzuek ez besteek jendea hala engainatzen ibiltzeko eskubiderik. Berriz esan behar dugu, lehengoan ere esan genuena: ez dago proportziorik, euskaltzainak erdaraz lasai asko ikusi eta gero euskaldun berri gizarajoari euskalduntasunaren karneta eskuratzeko (hots, ogibidea eskuratzeko) eskatzen diotena gonbaraturik. Ez dago alderatzerik jardunaldietan somatu den alaitasun friboloa eta herri honetako hamaika seme-alabak egunoro euskara menderatzearren daramatzen lanordu nekeak. Zorionez, badakigu jardunaldietakoa ez dela Euskal Herria, baina euskararen geroak ez du horrelakorik barkatuko. Ez dute eskubiderik, ez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.