Itzultzaileak eta beste hipokresiaz hain beste
Euskal kontzientzi lehorreko edozein udaletxe abertzaletan topatuko duzu traduktoreren bat. Itzultzaile jaun beneragarria. Soldata eta Seguritate Soziala. Funtzionari bat, jauna, euskara langintza duelarik! Lan gutxi baina aspergarria. Lehen Sekretarioak omen Udaletako aristokrazia. Orain baditugu itzultzaileak ere. Chapeau! Udalei edo itzultzaileei edo biei batera, ez dakigu ongi, baina, hori garbi gera dedila: ez diegu gure chapeau ukatzen.
Bai baitzen garaia!
Lan bat lan galdua ez badu gerokua. Hala zioten usurbiltarrek. Eta zerbait horrelakorik gertatzen dela deritzaigu itzultzaileekin ere.
Ez dago ukatzerik. Itzultzaileek lan eskergaitza eta lan asko aspergarria egin behar izaten dute. "Las Inversiones Provinciales se enmarcan dentro de una política de la Diputación de lucha contra el paro y la inyección a la situación económica de los Ayuntamientos a través del Plan de Instalaciones Deportivas y Plan Extraordinario de Inversiones en la que ha destinado 2.000 millones de pesetas para obras públicas en la Provincia" itzultzea ez da gauerdiko eztula. Eta ez zailtasunagatik, ez, pentsatzen baitugu itzultzaileek lidiatzen dituztela hori baino zezen zailagoak ere; ezta lan hori aspergarria delako ere, Abril Martorell-en diskurtso bat baino edo "Sabino Arana" filmea baino aspergarriagoa bada ere. Fruitu ezagatik da batez ere.
Ez dakigu jakin nahi genuke zenbat itzultzaile dauden gure Udaletan. Mordoxka eder bat, behintzat. Ez dakigu mordoxka horren ia urtebeteko lanak inolako fruiturik eman duen. Euskal kontzientzi lehorreko Udaletako alderdi abertzaleen buena conciencia lasaitzea ez bada. Norentzat dira euskaraturiko aktak, nork irakurtzen ditu, zer aurrerabide eskaini du itzultzaileen lanak euskalgintzan? Erantzuna ezin emango dugu absolutoki, baina orain egun gutxi Getarian egon ginen hango kafetxe batetan bapo asko kaiari begira eta tertulian geundenek baterez erantzun genuen aho betez, koinakez ongi bustitako aho betez. Baina hori kafetxean zen, Gatarian gertatu zen eta "Oh, Euzkadi"ko orrialde hauetan ez dugu erantzun absolutorik eman nahi. Garbi gera dadila.
Gauzak horrela, eta itzultzaile mordoxka lan horretan ari zaigunez, soldata eta Seguritate Soziala, adizu!, ez dugu gauza garbi ikusten. Eta garbi ikusten ez dugulako ari gara honetaz.
Usurbiltarrek diotenez, lan bat lan galdua ez badu gerokua eta pentsatzen dugu itzultzaile horiek hobeto lan egingo luketela beste edozertan: ikastoletako testuak, euskara errazeko liburuak, literaturazkoak, alfabetatze kanpainetarakoak...
Eta galdera: Noren diruaz? Nork enplegatuko ditu itzultzaile horiek?
Eta erantzuna: Euskal kontzientzi lehorreko Udaletxe abertzale beroiek.
Udaletxeetan beharko dira itzultzaileak eta hori ez du inork ukatuko. Baina horrek fruiturik emango duenean. Bitartean bada langintza premiazkoagorik. Ez al da horrela?
Ez goaz, beraz, itzultzaileen aurka nahiz itzultzaileek salatu beharko luketen egoera hau Udaletxeen aurka baizik. Euskarak ez du beren kontzientzi ona gordetzeagatik zerbait egingo dutenen laguntza, euskarak kontzientzi eta horrelako gutxiago eta bista gehiago behar du, politikagintza bat behar du eta estrategia bat behar du. Eta garbi dago gure Udalek, gure Euskal Parlamentu nadapoderosoak ez dutela ez bistarik, ez politikagintzarik, ez estrategiarik.
Botoak bai, horiek garbi daude denen bistan, denen politikagintzan, denen estrategian.
Euskararen kaltetan. Nahiz urtero milioi ta piku kostatuko den itzultzaile bat ordainduko badu ere bakoitzak herritarren inpostuetatik.
Egunen batetan mintzatzen hasi beharko baitugu euskararen izenean gorpuztu, haunditu eta nagusitu zaigun hipokresiaz.
|