L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1959. Epaila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Berriak—

 

Euskera

 

Umandi'k

 

Euskera. Omaetxebarria'tar Iñaki Aba'k (O.F.M.) egindako liburua.

 

Zarauz'ko «Itxaropena»'k argitaratua, auxe dugu euskal-eliztiari buruz egiña, ta egilleak berak diñoenez: «Eliztiaz gutxi ta euskal-aditzaren erabideaz zerbait». Auxe liburuaren lenengo zatia; bigarrena, aditzeraen adibideak; eta irugarrena, euskal-idazle batzuen idazlan berezi batzuk, arretaz aukeraturik.

        «Ez da nere xedea —diño egilleak (7'gn. orrialdean)- yakintza-ikaspena egitea, erraz erabiltzeko aditzeraen adibideak aurkeztea baño.» «Ene iritziz Erri'ak egunero darabilzkien eta elertzale onenen arauzko aditzerak erakusten ditut.» Ala ere, geron ustez, euskal-aditzaren ikaspen sakona da emen egiten duena; eta, beste aldetik, adibideak edo paradigmak ez deritzaizkigu oso erraz erabiltzeko, ikasien artean ezpada.

        Arreta aundienaz irakurri dugu liburu au, eta, ikasgai ugari baitakar, berriro ere irakurtzeko izan bear, bertan dagoen mamia azterkatzeko asmoz, beti ikusteko naiean.

        Aizu bekigu lenengo azterpen ontan ongi ulertu ez ditugun azpegi batzuk aipatzea:

        8'gn. orrialdean onela diño: «ba-liteke nunbait, iduri aizunaz, «zatzaizkit» eraren «-tza-» atala, plurala bezela artu dala, «artu di-tza-dan» «dezadan» «arekiko danez». «Ditzadan» itza, gure ustez, 'D-it-za-d-a-n' ikusteko edo da plurala '-it-' atalean izanik.

        24'garrenean: Izen bereziak ematen dizkie aditzaren moduai, eta azalpen ikasgarriak erabiltzen ere guziai buruz. «Irreal modua onela egiten da: real moduaren igaroko-erai, beren azken -n kendurik, edo -ke atzizkia ezarriaz; auxe oraingoa esateko, baña igarokorako -n ori berriro ipiñiaz.» «Pozik joango litzake.» «Pozik joango zitzakean». Geron gardiz, onela ikusi bear izango litzake au: lenengo aditzera egiteko -ke erabiltzen da, eta bigarrena eratzeko, -kean (-ke + -an); beraz, onela hada, ez da '-n' bakarrik ezarriten dana.

        25'garrenean: «Dijo que vendria» onela itzultzen da: «etorriko zala esan zuen»; «que vendria con gusto»: «pozik etorriko litzakela»; «que lo haría —o lo hubiera hecho— encantado»: «gogo onez egingo — egin izango— zukeala». Bereiztu «egingo zuan»: «lo haría o lo iba a hacer», «egingo zukean»: «lo hubiera hecho»,'tik. Gure iritziz «etorriko zala» ez da «que vendria», «que habia de venir» baño. Berdin «egingo zuan» ez da «lo haría o lo iba a hacer», «lo habia de hacer» baizik. «Que lo haría» ere ez bide da «que lo hubiera hecho»; erderazko aditzera bi auetan zentzun bi ere daude, berdin ez diranak, eta euskeraz onela esateko: «egingo lukela» ta «egingo zukeala».

        31'garrenean: «Que no lo haría»: «etzukeala (no «ez lukeala») egingo.» Ez dugu au ere ulertzen; guretzat onela edo da: «lo haría»: «egingo luke-»; «que lo haría»: «egingo lukela»; «que no lo haría»: «egingo» elukela». «Lo hubiera hecho»: «egingo zukean»; «que lo hubiera hecho»: «egingo zukeala»; «que no lo hubiera hecho»: «egingo ez zukeala» («etzukeala»).

        45'garrenean: «Betor»: «venga Vd.». Auxe, gaizki erabiltzen dan berorika'tik bide dator. Egitan: «Betor»: «venga él». «Zatoz»: «venga Vd.» («ven tu» begirunez). Gero, 68gn. orrialdean, onela diño: «egunero «zu» begirunezko «tu» bezela erabiltzen da».

        56'garrenean: «Sarritan gertatu izango da bear bada»: «Habrá tal vez sucedido con frecuencia». Uste dugunez, emen, «izango da» ori erderakada aundia da. Euskeraz jatorrago onela edo: «Sarritan gertatu edo da bear bada», ala: «sarritan, edo gertatu da bear bada.»

        Aditzeraen adibideak edo paradigmak, oso ongi egiñak ditugu, naiz eta ikastean asten duenarentzat oso egokiak iruditzen ezpazaizkigu ere.

        Ba-dago zerbait adibide auetan guretzat oso ulergarri ez dana, ahalmeneko edo «potenziala»'ri buruz dagokiona. Ona emen aipatzeko edo duguna

        IX'garrenean: «Sar(tu) ziteken: podía o hubiera podido entrar.» Gure ustez, erderazko «podía entrar» eta «hubiera podido entrar» ez dira berdin. Beren artekoa aundia dala deritzaigu; «podía» ta «podria»'ena baño. Gañera «hubiera podido entrar», obeki edo, onela esan dezakegu euskeraz: «Sar zitekean», «-kean» ('-ke + -an') atzizkiaren bidez.

        X'garrenean: «Sar(tu) liteke: pudiera entrar». 30'garren orrialdean, ostera, auxe agertzen da: «ezin nindeke zuekin ibili»: «no podria andar con vosotros» «lit. «no podía». Azken oar au, bai, oso egokia deritzaigu; beraz, «sar(tu) liteke», obe: «podía» o «podría entrar» geron aburuz.

        XI'garrenean: «Sar(tu) baledi: si entrara». Baña IV'garrenean, ongi diñoenez: «Sartuko balitz: si entrara». Ba-dakigu sarritan erabilli dirala era bi auek erderazko zentzun berberaz; baña egokia, apika, esandako zentzun ortarako bigarren era uztea, eta lenengoa beste zentzun ontaz erabiltzea: «Si pudiera entrar».

        XXVIII'garrenean: «Sar(tu) zezaken: lo podía o hubiera podido meter». Onezaz ere, len, IX'garrenean esan duguna ipiñi genezake.

        XXVIII'garrenean: «Nota». «Estas flexiones, cuando quieren equivaler al «podía» castellano, se emplean más bien con una a: zezakean, gintzakean, etc.» Ez dugu uste orrela danik. «Sar(tu) zezakean», «hubiera podido meter» da; «sartuko zukean»: «hubiera metido» antzo.

        Baña:

        «Sar(tu) zezaioken», auxe da obeki: «Para que se lo pudiese meter»; «Sar(tu) lezaioke», auxe da obeki: «Se lo podía o podría meter». Eta «Sar(tu) zezaiokean» auxe da obeki: «Se lo hubiera podido meter».

        XXX'garrenean: «Sar(tu) lezake: lo pudiera meter.» Gure ustez, obeto: «lo podía o podría meter». XXXI'garrenean: «Sar(tu) lezaioke: se lo pudiera meter». Gure ustez, obeto: «se lo podía o podría meter». XXXII'garrenean: «Sar(tu) baleza: si lo metiera.» Gure ustez, obeto: «si lo pudiese meter». «Si lo metiera»: «sartuko balu» (XVIII'garren adibidea).

        XXXIII'garrenean: «Sar(tu) balezaio: si se lo metiera.» Gure ustez, obeto: «si se lo pudiese meter». «Si se lo metiera»: «Sartuko balio» (XIX'garren adibidea).

        Jakiña, iritzi auek ezin bein-betikoak izan. «Baldintzako» ta «ahalmeneko»'ak, biak, «geroko» zentzuna dute beti, bakoitzak bere heiñean. Eta iru oietarako dugu, euskeraz, atzizkia bera: «-ke»; onela itzultzen duguna: «geroko»'an, «datorke,» «vendrá»; «baldintzako»'an, «etorriko litzake»: «vendría»; eta «ahalmeneko»'an, «etor liteke»: «podía o podría venir.» «Ahalmeneko»ari buruz bakarrik zedarriturik, bi era ditugu, oraingoa edo, presentea ta joandakoa edo pretérito (imperfecto) egiteko; ain zuzen ere, gure aditza osoaren oñarriak diran aldi bi oietarako: bat, indikatibo-moduko aditz laguntzaleaz, «ahal» (edo «ezin») itzaren bidez: «ahal da»: «puede», «ahal du»: «lo puede»; «ahal zan»: «podia», «ahal zuen»: «lo podía». Eta beste bat subjuntiko-erak bidez arturik: «diteke»: «puede», «dezake»: «lo puede»; «lite-ke»: «podía», «lezake»: «lo podía», edo, bi azken auek «podría», «lo podría». Eta oartzeko, euskeraz subjuntibo-eraetatik sortzen diranak, erderazko indikatiboaz itzultzen ditugu; alakotz, itzulpen oiek guztiz egokiak ez dirala uste-izan bear.

        Beste aldetik, bearrezko edo dirudi, «ahal» eta «-ke»'ren zentzuen artean, lits berezia izan bear dala; zein ote da au?, edo obeki, zein ete da bien egiazko zentzuna?

        Kanpion'i irakurri genionez: «geroko», «baldintzako» ta «ahalmeneko»'ren zentzunak nasturik edo izan dira; eta, geuk gañeratuz, ba-dirudi, «-ke» ori dala-ta, gurean orixe be egiten dugula.

        Noizko egingo da argia? Egitan, ausaz, gai au, beste ainbeste bezela, bear danez uler ta adierazteko, yakitunek euskeraz beren burua yakitun egingo dutenean ikusi ahal izango dute. Beren kultura laterazkoa edo beste edozein erderazkoa izan dedin bitartean, zalla edo izango zaie; nai ta nai ez, beste kultura, oiek, aien gogoan, beren lana egiña izango baitute.

        Dana dala, Omaetxebarria Aita'ren oraingo liburu au oso egokia deritzaigu, ikastunentzako batez ere, gure izkuntzaren yakitean sakontzeko lagun ona.

        Bere irugarren zatia, aldi guzietako 36 euskal-idazleen lan batzuek dakarzki, ereduz eta ongi muetaturik: idazle oietako, 16 gipuzkoerazkoak ditugu; 12 iparraldekoak; eta 8 bizkaierazkoak. Aspaldi ta oraingoak, aro guzietakoak. Idazle bakoitzaren berri batzuk eta beren lanai buruz iritziak ematen.

        Len azaldutako gure asmo baterako, ona edo dugu Leizarraga'tzaz esaten duena (156'garren orrialdean): «Darabilzkien itzak oso laterazkoiak dira. Baña auxe ulertzeko, bera bezela, bere aldiko Europa'n ari ziran jakitunek ere egiten zutela gogoratu bear.» Azalpen au bidezkoa dugu oso; geron gardiz, orain arte izan ditugun idazle ta yakitun eta oraintxe ditugunak ere, geyago ala gutxiago, geyen-geyenak (guztiak ez esateagatik) nai ta nai ez, beren ikaskintza ta kultura erderaz egin eta berenganatu dituztenagatik, maiz erderaz oldoztu bear eta beren euskerazko lanetan, orrengatik, erdal-usaia agertzen da, ala bearrez.

        Bearrezkoak ditugu Omaetxebarria Aita'k egin digun lana ta onen antzeko besteak ere. Bide ortan abiaturik, geyago emango digulakoan egotea bidezkoa deritzaigu. Ia bada orrela ote dan, eta bera bezela beste batzuek ere lan berean ari ete zaizkigun.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.