L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1959. Epaila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Urte-muga-tontorretik

 

SAtarKOL, Pas.

 

Berriro ere urte-buru berri batera elduak gera. Egun-asteen ioan-etorri egon-eziñez, 1959'gn., noizaren maldan irrist-egiñik, betikoz amildu zaiguneko, 1960'gnak. berari zegokion txanda artu digu. Eta aldiaren kurpil ixilla berriro ere bira-biraka etengabean, geroaren barruti-mugak barna, ezeren axolik Babe... Makiña bat gora-bera ta amaikatxo busti-legor izan digu eortzi-berri dugun urte zaharrak.

        Urte-muga-gaillur ontatik unetxo batez bederen gibel-itzul egiñik ioanari begiratuz, or nabarmentzen zaizkigu ainbat gertakizun zoragarri ta kezkatsu, pozgarri ta samin... Iaunari esker, zorionean burutu ahal izan dugu beintzat kezka-laiñoz eta ekaitz-giroz asi gendun azken-urtea. Orain amabi illabete-edo Kremlin'go iaun «K» buru-soillak, Berlin'go gora-berak aitzaki, guda-kezkak sortarazi ba'zizkigun ere, bestaldekoak tinko nabari ditunean, or dugu orduko orro ta arrandia leunduz, irri maltzur baten zorrotzak arpegi borobilla alderik-alde ebakitzen diola, bostekoa edonori ara-onera zabal luzaturik. Berlin'go iokuari buruz betondo zimur zemaitsu ta oillarkeriz iotako «ordago!» arroa irripar ezti maltzurretan urtu da, Zenbat axeri-ioku derabillan asmatzea ere... Dena-den, urtea irauli dugu, beintzat, eta ekaitz-keiñu ta bildur-laiñoak aienatzen asiak ote-ditugun itxura dago; baiSa, ez otz eta ez bero, or geratu gera berriz ere artega kezka batean, euri-eguzki nahasiko «axeri-ezkontz»-giro ala-olako bat nausitzen zaigula...

        «Guda otz» deritzaion elkar-arteko artu-emanen izotz-antzurdia urtuz doa. Eta pake-giroa benaz sor-naiaz, berriz, ba-dabil naiko itz-iario. Miragarri litzake eta poztekoa txakur-katukeriak nardaz zokoratuz zuri-gorrik batera iotzea, ots, bat-egitea edo beintzat bekozkoa pittin bat benik xamurtzea. «Ike» lendakari altsua mundu-zear ioan-etorrika ibillia dugu, ain zuzen ere, kideen lagunartea indartu eta laterri adiskideen elkar-lokarriak estutuz pake-billa. Ezer lortu ote? Pake-bideak zabaldu ta eratu. Munduari USA ta Sartaldetarren pakezaletasuna agertu ta adierazi, bidenabar buruz-burukoeri abagune eta aukera emanaz; baiña argi ta tinko zionez «pakea, elkar-begirapen eta askatasunean». Elkar-arteko itzal-errespetu ori ezean, ezin pakerik; sustrai-errorik eluken landare antzo bailitzake.

        Aspaldion Sor eta Sartaldetarrak akerraren adar iduri dabiltz aurrerapen-bidetxiorretan barna, ezker-eskubikoak elkarri ioku-keiñurik egiteke, bakoitzak sua bere opillari eta txingarrak bere eltzeari soillik demaizkiola. Bi oillar gandor-arro antzera buruz-buru, moko-atzaparka ekiteko gert bezela, gudatresnai erdoia kendurik eta su ta ke noiz asiko zai lez; baiña bildurrez..., atomika-sutan arerio-ta guzti kixkal-bildurrez...

        Baiña dagoneko bata besteari «tente-potente!» zear-begiraka aspertuxeak bide-ditugu eta, gandorra makurtu gabe baiña... ioera ori bigundu-bearrez, USA (ta «USA»-kume ditugun England-France-ta...) URSS'ekin politika-ioku-mai borobillaren inguruz-inguru Alkarrizketa Nagusi batean biltzeko gosez... «Goigaillurrean» dukete batzartegia elkar-artze ortarako. Politika-iokurako aize garbiagoak ioko ote tontor ortan? Dena-den, dagoneko gaillurreruntz aldatz-gora asiak dira erpin ortarako txartelik dezaketen aundi-maundiak.

        Asmo ta borondate onik ba'ledi, zer zuzendu eta zertaz iardun ba-dukete. Eleketa uts ez al izango. Gai asko dagoz zuzenbide-zai:

        Alemania'ren etorkizun eta bi zatien elkartzea.

        Berlin uriaren gora-bera zuzendu eta geroa erabakitzea.

        Sor eta Sartaldetarren arteko estutasun-zailla nola arindu.

        Atomikazko izkillueri neurri iartze, eta, al-ba'ledi, eginda koak ondatzea edo saioak galerazi ta debekatzea bederenik.

        Guda-indar eta tresnak urritzea, ortan alperrik ondatuz doan diru-presupuestos gutxituz, gizabide-moldea obetu dedin.

        Mao'ri ONU'rako sarrera-txartela eskeintzea, emen ere bi Txinak onartuz, ots, Chiang Kai-Shek buruzagitzat deraman Formosa ugarteko Txina Sartalde-zalea eta Mao Tse Tung'en Txina gorria, t.a....

        Erdik zuzendurik ere pozik giñake. Bemaie Iainkoak argitasun eta borondate, zuzen eta leialki ioka ta erabaki dezaten.

        Alde-aurrez, Sartaldekoak URSS'i buruzki arpegia sendoki emanaz iokatzeko eta maizegi bezela «buru ainbat aburu» ez ibiltzearren, iritzietan batasun-billa dabiltz «altzairu-esi»z besteko arrotz altsua etxe-atadira azaltzean zer-nola egin iakin dezaten...

        Bestalde, ezker-eskubikoentzat egoki ta lasaigarri bidedatoz elkar-artze oietakoak. Oraiñaldiko alegin eta pake-dei oek erantzunik ba-dute, arri bizia arkitzen orain amar-amabi urte, Kremlin'go buru bakar Stalin zela, oiartzunik entzungo etzan «altzairu-esi»z bestetik ere. «K» buruzagia USA'ko Lendakari iaun «Ike»-renetik ostatuz arrotz izan-berria dugu, beintzat, pakegiro billa edo aitzaki orretan. Maryland estaduko Camp David, Lendakariaren «txokoan» munduko bi agintari nagusienak elkarrizketan iardunak dira.

        Ba-dirudi guda-tresnak kirtenetik eta su-tximistaren lert-giltzak eskutik dauzkaten bi aundiak konturatzen asiak dirala, «pakerik urriena ere gudarik onena baiño obe» dena.

        Eta zorioneko «Guda otz»'aren negu-giroa Camp David' eko bosteko estutzez biguntzen eta giro leunera iotzen asi lela iduri du. Bear luke, beintzat, pakearen alderdiak artzea eta elkarrizketa oietatik sortu-edo den giropean bizitzea, benazko pake-giroa delarik batik-bat, pakea zer den galtzean soillik baitnabaritzen.

        Munduko auzi-mauzitan buru-belarri sarturik itz eta pitz dabiltzanak ba-derabilte naiko ioan-etorririk baztarretan barna. Baiña pakearen alderdiak indartzea baiño pose-egarriago dute norberarenak indartzea auzoetako guziak bere saillera erakarriz.

        Eta orainkoan, bakoitzak beretarren sailla mardulago ta gizentzeko, irriparraren iokuaz asi dira. Irripar zabala arpegian, bostekoa adiskideki ezker-eskubi zabalduz eta diru-eskeintzak erreztasunik erosoenetan ereile antzo eskubeteka luzatuz, zein baino zein biguiñago ta esku-zabalago, dolar-rubloen txintxin-otsaz Asia-Aprika-Egoamerikarrak beren alderdira nolaz bilduko.

        USA-URSS'ek derabillen «soka-tira» estu, larri ortan asko esan naiko errialde oiek gerora. Eta oso gerora gabe gaiñera, nortasun-legami bizi eta barne-arnasaren eragmez arrotzen baidoaz eta auspoak aizaturiko su-txinpart goria zir-zirka bezela xuxpertu ta erneberritzen asiak bai-dira.

        Eskubitara, USA-aldera irauli edo ezkerretara URSS'en alde iarri elitzake berdin izango, eta leiaketa orren kulunka-dantza errez irristatuko Asia-Afrika-Egoamerika bereganatzen dituena ren aldera. Saiatzen naiko biek ere «soka-tira» ontan. Ondakiñak berandu ibiltzen denarentzat izaten-eta, denak irrikatzen iñoren leen-maitasun eze garbia...

        «Ike»k ausi ta «ondu» dizkigu ioku ontan, orain-oraingoz beintzat, «record»-neurri-mailla guztiak. Irentsi du kilometrorik... 20 egunez 11 laterritan ostatuz izana da, urtea azpikoz-gain amiltegira ia iraultzeko geundela. Erroma (Italia'ko agintariez gaiñera Aita Santua bera ere agurtuz); Ankara, Karachi, Kabul, N. Delhi, («goseari burruka gogorra asi» bear zaiola otsegiñez!), Teheran, Atenas, Tunez, Paris, Madrid, Rabat, Washington. Amaika eraztun bai'liran pake-katea estu ta gogor iosi ta erasteko. Baita Madrid'tik ere. Eta ez uste ongi-etorria asteguneko soiñekoz egin ziotenik. Bai zera! «Aurreak erakusten atzeak nola dantza»...

 

        Zein baiño zein geiagoko politika-ioku ortan zenbat saiatzen!... Iñork ere ez, ba, nai auzoko beiak errape aundiagorik dezan edo auzoko teillatua gorago daitenik.

        Eta gaur iñor ere ezin ez aundi, ez nor atomika-izkutuen giltzarik eztezanik. Ogeitamaikakoa eskutik bezela irrikatzen ori. Ikusgarri benetan lagunarte ortan, ots, «Club Atomiku» deitu-alkartasunean sartzeko dagizten alegin-leiak. Atomium-barrutiko larrez bazkatzen diranak iru soillik ba'dira ere, USA, England («Arrati'ko zekorra txikia, baiña gogorra») eta URSS, «kofradi»-bazkun ortan izen-eman eta barruti esitu ortan sar nai luketenak geiago ditugu (bonba «A» eta «H»-ri buruz diardut).

        Aurki dugu De Gaulle, 1960 asiera-asieran barruti ortako langan ate-ioka, laister bai-da Sahara'ko eremu legor ixilla atomika-zapartaz su-dardar batean.

        Esola gaitzez esituriko esparru orren larre-gosez dabiltzanak geiago ditugu, zorionez edo zoritxarrez. Esaterako, Mao'ren Txina zabala, Kanada, Suezia, India, Italia-ta.., Laister asko, eztugu arrigarri ere izango Islandi, Eire, Fidel Castro'ren Cuba berritua... edo iaio-berri eta ia oraindik troxaz aur-oialetan bildurik dagozan «ez izan eta bai uste» oietako Txipre, Ghana, Togo, Ginea, t.a. karraxi batean sarrera-eske ba'datoz ere. «Ukalondo aundia dutenak» ordurako beste aundi-maillarik sortzen ezpa'digute, zerbait asma-bearrean ditugu goimailla-zaleak. Eskerrak ordurako izarretarako bideak ere zabalik izango dirana, arako txartelik dezaketenentzat bederen, eta aundiak beti goi-ametsez dirala, besteok errenta zaharretik xurgatuko bitartean zorionaren beatz-muturra...

        Gaur egunean ez du iñork iñoren mende, besteen itzalpean bizi nai, uztarriz gogait-nazkaturik da iendea. Eguzki-argia ta askatasun-erraiñuak denentzat zoragarri. Oraiñarte laterri aundi aurreratuen mende-babesean zegozen erri aunitz aspertuxerik dira, mutil-koxkortu zaizkigu beren ustez, beintzat, eta iñoren eskutik ibil bearrik eztutela adierazi nai dute. Naiko maizter-morrontza uztarpean eraman dela-ta, iñude ta aurtzaiñak zapuztuz or datoz «emen gaituk!» ots-deadarka, buru-zut eta gazte-ametsez ordi gaiñezka, «bizi-nai»ak eragiñik,, munduko batzar eta auzitegietan aulki ta txanda eskatuz.

        Orain asi-berri urte-barru ontan bertan beren eskubide osoz iabetuko diranak ba-dira bospasei Aprika'n soillik: Kamerun, Nijeria, Togo, Somalia... Baita Txipre ere, uste danez. Baña ere-lokarriak etenik uztarpe-itzaletik askatasun-giro ta eguzkitara berri oiek agertzean bertan, Europa zaharraren zati aunitz uztarpe zakar eta latzago batek makurtzen saminki... eta ixilk!!!

        Urte-barru untan otsaundiko eztei-ezkontzarik izan da ortik zear. «Urteko Ezkontza», ots, berezien, aipatuentsuena Albert-Paola'rena zen, baiña beste sonatu aipagarririk ere izan da Iapon'go Aki Hito-Michiko Shoda, Iran-Persia'ko Kaisar Mohamed Reza Pahlevi-Farah Diba, t.a... Belgikarren Balduin gazteak ere odol urdindun amaikatxo nexkatx egoki gazteen begik maite-irri eztiz soka ditu; alabaiñan ez du ematen maite-dardaitxoak biotza ez zulatu, ezta ukitu ere egin dionik. England'eko erregiñaren aizpa Margaret bezelatsu. Iendeak baderabilki naiko esames eta asmakizun oien ezkongaietaz. Oraindik «gordin» bide-dagoz, maite-eguzkiak biotza eldu ta goritu-ezinda-edo. Aukera urriago dukenik izango....

        Azkenaldi ontan Fidel Castro'k txinpart asko aterazi ta ospel asko lertu ditu Cuba ugartean, eta buruauste ta kezka aski sortu ere bai, Iparraldeko auzokoari batik-bat. Auzi-arazo asko, ta naiko nahasiak gaiñera, dabiltz andik. Lepo asko aitzaki-maitzaki aizkorapean makurtu ditutenak dena bare ta pakean bertan-bera geratzeko. Sierra Maestra mendietako bizar-luzea basatikeria legetzat arturik asia dela diotenak aunitz. Baiña «urrutiko intxaurrak amabost, bertara eta bost» izatea ere sarriegi gertatzen. Ortan ez datoz denak bat. Itoan komunistatzat-eta iotzea edo aien alderdira geiegi xamurtzen dela edo kutsu ori erantsi zaiola esterik gabe esatea bear-bada itxu-itxuka iokatzea ere ba-liteke. Batzuentzat intxaurren otsak bost... besteentzat amabost. Egunerokoetan-eta ba-dabil ortaz naiko esames, ziri ta iruzkin...

        Prantzi'ko Lendakari berri de Gaulle iaunak ere ba-derabil naiko buruauste. Laugarren Errepublika eriotz-agiñean arnas-estuka zebillela berak esana omen: «historiaren une (arrisku...) aundienetarako nago ni egon!». Arrokeri-aizeak esanarazia edo benazko egi den adierazteko aukerarik ba-du ugari. Ez da, beintzat, ez nora ez ara, zalantza-malantzetan ibil oi dena, zirt edo zart urratzen dakiena baizik. Alaz ere, arrapastan leporatu zaizkion auzi guziak zuzen-bearrak sortzen buru-nabaste askirik. Bere «txoko» ixiletik agintaritza goi-maillaraino aupatu zuten guziak ez dira oso atsegin bere ioka-bideaz. Arjelia'ko gora-beren gurdia ia ardatzeraiño lokatzetan sarturik, aurrerapen aundirik eztagiala dago. Prantzestu-zale ta arjel-zaleen arteko auzi-mauzia garbitzea garesti dioakio de Gaulle'n erriari, eta gobernu-ta guzti porrot eta laprast-egiteraiño ere bultza lezaketen aizeak dabiltz nahas-mahasin...

        Sahara'ko eremu legorraren lur-kolko edo ondarpean itxaso izkutu bat azaldu zaie ur-pirrixta batean Prantzi'ko billakarieri. Petrola, gas eta aizkenik... ura! Beste toki ta «tegi» askotan orren merke oi dena. «Etxeak bear, eta bideak ekarri». Iñolaz ere adur ona egokitu zaio Prantzia'ri ekuador-eguzkiz kixkalitako basamortu oietan. Gizakume geiegiz munduak gaiñezka legiken bildurrak gutxitzen doaz, beraz. Baita Malthus-kideen larri-kezka ta amets-usteak ere ustel gertatzen, ala-bearrez.

        Eta euskerari gagozkiola ere izan du l959'gn. urteak berri on pozgarririk. Aldiz-aldiz Euskaltzaindiak eratu oi dituen biltzar eta jaialdi eder batzuk izan dira aurten ere. Eibar'en txanda izan da aurtengoa, eibartar aipagarri eta euskal-idazle entzutetsu Mogel'en gorasarrez. Solasaldi ederrik entzun zen, bertako alkate Eguren gazteagandik asita; baita jai bikañik ikusi ere. Igandean Eibar iendez gaiñezka zen; eta euskal-giro berezi bat nausitu zitzaion goiz-arratsalde gure erri langille purrukatuari, leena oraiñaz nula ezkondu ta uztartu liteken ongi aski adieraziz. Gipuzkoa'ko Bertsolari-Txapelketan Uztapide txapeldun edo obeki «makildun», makil dotore bat izan bai-zan emen garaillearen ezaugarri. Ori duk-eta, Eibar; etzakela iñolaz leena baztar; ekin beti su ta gar, euskerak dezan bizi ta indar!...

        Tolosa'k ere io-berri euskeraren aldez goiz-kukurruku ernagarria. Eta gure mintzo zaharraren bizitasuna errian zear aizatu ta indartzeko bular-birikak arras puzturik dakarzki, euskerari aurrerapen-bideetan barna bultzatzeko kemen eta «auspo»rik ba-du. Ain zuzen ere. «AUSPOA» du izen eta iokabide orain sortu-berri den lagunarteak. Eta betoz urtez ximur eta ori, xokoetan erdi-galdu, erdi-ahazturik zegozen erri-idazle xahar eta berrien «orbelak», zuen auspoaren eragin-indarrez. Iaso bitza euskerak buru ta ego zuen gora-bultzada bizkorrez. «Eman da zabal zazu munduan frutua...»

        Eta orain, 1959'gneko Gabon-zar leio-zirriku zabarretik 1960 iaio-berriari begira-soka zer esango, zer giro agiri, zer iragarpen aurreratu ta gaztigatu genezake?

        Guda-bildur-laiñoak berriro ortze-sapaia estaliko, edo aitzitik pake-egoaizeak zerualdea ozkarbi zainduko? Camp David'eko alkartasun-giroak berriro alkar ezin-ikusira ioko ote?... Asi, naiko itxura onez asi zaigu: ba-dabil makiñatxo irripar eta bosteko estutze ta koipekeri. Zazpi ahalak egiñez dabiltzela ematen pake-zaintzan... Eta pakearen aldeak indartzeko, amaika iresten da. Ba-dirudi politikariak turista-kutsuz iorik dabilzkigula...

        «Ike» lendakaria Aprika edo Egoamerikatik asten den orduko, Asia-aldeak ikusta-irrikiak iotzen beste «K» iauna ere. Geientxo arritu gaituena «K» sobietarrak Iparramerika'ra egin ikustaldia izan da. Nork uste zezakean entzunak entzun eta ikusiak ikusiz geroz? Alabaiñan komeri-iokurako zenbat balio duen ere erakusten bidenabar Kremlin iauregiko maizter maltzur begi-zorrotzak. Adiskide gain-zapi orren estal-babesean ez ote azpilan maltzurrik? Irripar zabal orrek ez ote gezur ta iseka-kutsu? Aixeri-iokuan mutilla da, gero!...

        Eta orrenbestez, etorkizunari buruz itxaropen lasaigarririk, beintzat, bai al giza-biotz minduak gaur-gero?... Goikoak eskutik gaitzala, 1960 berri au asi bezain ongi benik burutu ahal dezagun...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.