Itz Lauz
Ekatxa
(The Tempest)
William Shakespeare
euskaratzailea:
Larrakoetxea'tar Bedita
Larrakoetxea'tar Bedita'k
Euzkeraratuta
Antzerki onen ari-azurrak eta abar
Or doatzu, euzkeldun irakurle, Shakespeare'k THE TEMPEST izenagaz eginiko antzerki zoragarria. Au nik euzkeraratuko beste irurak baño bareago yatzu, odol-antzerki barik barre-antzerki yatzu-ta. Emen agertzen dirian lagunak italiarrak dira, naiz-ta yazorik geiena izen bako izaro basamortuan yazo.
Euzko-Ikaskuntza'ren Oñatiiko Batzarrari buruzko idaztiaren 650'gn. orrialdean, Allende-Salazar'tar Yon yaunak bere idazti-sallean auxe diño: «Aipamen berezi-berezigarri da Sankotze (Naparroa)'ko seme Eslaba'tar Andoni'k idatzi, 1609'gn. urtean irarri ta argitaratu, gero doitxeraratu, ainbat aldiz birrirarri ta, dirudienez, Shakespeare'k bere antzerkirik ederrenetariko THE TEMPEST'en gaitzat erabiliko idazti NOCHES DE INVIERNO (Negu-Gabak)». Allende-Salazar'ek aipatu doguzan bere itzen urren oar au iminten dausku: «Ikus Menendez Pelayo'ren ORIGINES DE LA NOVELA, 121-137 orrialdeak». Aor ba, aurrean dot MENENDEZ PELAYO ORIGENES DE LA NOVELA 1 ESPASA-CALPE ARGENTINA, S.A. Arakatu dot idazti eder au, ta bertan Eslaba'tar Andoni gure idazle naparra bein bakarrik aipatzen da, ta itzotan aipatu be: «... el pueblo se contentó con leer el «Fierabras», y ni siquiera parece haber conocido el libro popular italiano «I Reali di Francia», que sólo muy tardíamente explotó Lope de Vega para una comedia, «La Mocedad de Roldán», y el navarro Antonio de Eslava, para algunas de sus «Noches de Invierno», no impresas hasta 1609, fuera, por consiguiente, del período que ahora estudiamos.» (...baña erriak askotzat izan eban «Fierabras» irakurtea, ta ez dirudi italiar erri-idazti ezagun «I Reali di Francia» gure erriak ezagun ebanik be; orrako idazti ori berandu artu eban Lope de Vega'k «La Mocedad de Roldán» antzerkiaren gaitzat, eta Eslaba'tar Andoni naparrak bere «Negu-gau» batzuen gaitzat; idazti au etzan irarri 1609'gn. urterarte, ta, beraz, guk aztertzen daragoiogun arotik landa.) 535'gn. orrialdean Menendez Pelayo'k auxe diño: «Antiguos comentadores de Shakespeare, entre ellos Malone, afirmaron sin fundamento alguno que Shakespeare, en «La Tempestad», se había valido de la novela de Juan de Flores; no hay ni la más remota analogía entre ambas obras. Todavía hay quien habla vagamente de una novela española utilizada en esta ocasión por el gran dramaturgo inglés; pero esta novela, si existe, no es seguramente «Aurelio e Isabela.»
(Shakespearein azaltzalle zarrak, eta euren artean Malone'k orretarako ezetariko oñarri ta bide barik, Shakespeare'k bere «Ekatxa» idazteko Juan de Flores'en elebarria erabili ebala esan dabe; lan biak ez dabe ezetariko alkarren antzik. Badago oraindik beste norbait be ingelandar antzerkigille andi orrek bere orrako lan orretarako gaitzat españar elebarriren bat erabili ebala diñonik, baña gauza argi ta zeatzik ez diño, ta olango elebarririk ba'dago egon «Aurelio e Isabela» ez da beintzat. )
Agiri danez, okerreko lekura bidali gau Allende-Salazar'ek. Nik ez dot ez irakurri, ez ikusi gure Eslaba'ren idaztia ta, orregaitik, nik ezin esan «Ekatxa»'ren iturburutzat Eslaba artu geinkean ala ez.
Menendez Pelayo etzan izan egundo be gure adiskide mami, ezta gitxiagorik be.
Amen antzerkiaren ari ta azurrak. Posper yatzu Milano'ko Duke, baña Posper erririk yaurtzen eragoteko baño idazti artean biziteko egokiago izan-da, berak bere kitetik erria yaurteko eskubidea ta ardurea bere anai Andoni'ri ezarten dautsaz. Bitartean, bera idazti artean bizi da bere burua landuten, iñorentzako susmo txar barik.
Andoni'k, bein zaldi-ganera igon eta zaldiaren ago-ugelak eskuetan ikusirik, zaldia berak nora-gura eroan-ezinik eztau; dukegoaz yabetuteko asuro-gurariak buru-biotzetan gili-gili egin dautsoe ta zaldia ara eroango dau, bein zaldiari ondo esanda, bein bizkarrean txibiteaz yota. Onako oni esku-erakutsi emon; orrako orri au naiz ori agindu ta abar. Aldi egokia eldu dala uste izan dauenean Napoli'ko bakaldunagana yo dau bere asmoen alde aren laguntza-eske. Napoli'ko bakaldunak arako ipuñeko leoiarena egiten dau: berak artu zatirik onena ta andiena. Andoni'ri lagunduko dautso, baña baldintza bigaz: Milano'k Napoli'ren bendeko izan bearko dau ta, orrez ganera, urtero onenbesteko zerga ordaindu; orrezkero, Andoni Milano'ko Duke izango da ta, Andoni'ren gurari-eskariak beteteko, Posper eta bereak erbesteratu egingo dira. Egiunea egin eta izenpetu da. Orain eretiaren begira.
Eldu da ereti ori. Posper'entzako zori txarreko gabaz azpiyaleen gudaroztea Milano'ko urira sartzen da arresietako ateak zear, eta urrengo egunean Posper Milano'ko Dukea ta Mirande aren iru urteko alabatxoa orretarako gertu dagoan itxas-ontzian sartzen dabez, itxas-barruan beste ontzitxo zakar, zar, erdi-ustelera aldatu ta itxas-erdian bertan-bera izteko.
Yaungoikoz, Posper eta bere alabatxoa iñor bizi eztan izarora eltzen dira. Iñor bizi eztanera esan dot, baña ez, an bizi da Saikoratz izeneko atso sorgin Apirka'tik erbesteratuaren seme motel-totel, astegun-arpegi, larri-larri gizon-antzik eztauen Kaliban.
Orrez ganera, Ariel izeneko iratxo be aurkitzen dau zugatz birrintzatuaren birrintzan estu-estu sartuta elorrio gorrietan, arako Saikoratz'ek bera il-aurretik zigor-bidez an sartuta.
Posper'ek Ariel iratxoa azkatu egiten dau ta Kaliban'eri gizakiri dagokiozan zertxoak irakatsi, epearen epez, baña astirik geien bere alabeari irakasten emonda.
Posper'ek be bere aldetik bere asmoak dauz: barrien-barri eskuratu gura dau Milano'ko Dukegoa; amabost urte dauz Mirande bere alabeak, ezkontzeko gai da; bere idaztietan ikasiko bidez eta Ariel eta beste iratxoen laguntzeaz aurrera eroango dau bere asmoa. Napoli'ko bakalduna ta aren aundiki-maundikiak eta ontzidia Apirka'ko Tunixa'ra yoanak dira Bakaldunaren alaba Karibele ta Tunixa'ko bakaldunaren ezteguetara. Aik ezteguetatik etxerantza datozala, Posper'ek iñondiko ekatxa sortu ta eragiten dau Apirka ta Europa bitarteko itxasoan; Napoli'ko bakaldun-ontzia beste ortzietatik bakandu egiten da ekatxaren indarrez ta suak artu. Ontzikoak ontzitik yauzi egiten dabe uretara ta al dauena izpasterrera eltzen da igeri. Batzuk emen, beste batzuk or, besteak aragoan legorreratu dira, baña iñor be ezta galdu.
Ariel iratxoak, legorreratuak moltsoka zabaltzen dauz izaroan eta bakaldun seme bakaldun-gaia bera beretara izten dau, Posper'en aginduen arauz.
Bakaldun-semea Posper'en txabolara eltzen da, bere lagunen barririk eztakiala ta berealako baten Mirande'kin maiteminduta akin ezkondu egiten da. Napoliko bakaldunak bere semea bizirik aurkituta, pozaren pozez zoratuta gelditzen da. Posper'eri bere dukegoa atzera emoten dautso ta, orrezkero, guztiak doaz Napoli'ra oso-osorik aurkitzen dan bakaldun-ontzian.
Bidea nondik eta nora doan erakutsi yatzu, irakurle, baña azur utsetatik azurrok izan dauzana liraina ala itxusia izan dan ezin igerri daiteke; orretarako azurrak mamiz eta narruz yantzi bear dira; olantxe, zuk be antzerki onen mamia ta narrua ikusi bear dozuz ederra dan ala ez yakiteko. Zeuk irakurri egizu, ba, ta astia pozik eta atseginez emongo al dozu. Agur.
Euskaratzalleak.
Ekatxa
Notin Antzeztuak
ALBONTSA, Napoli'ko Errege.
SEBASTEN, aurrekoaren anai.
POSPER, Milano'ko Duke, eskubidez.
ANDONI, aurrekoaren anai, lapurretzaz Milano'ko Duke
PERDINANDA, Napoli'ko erregearen seme.
GONTZAL, Napoli'ko Aolkulari zar-zindo.
ADIRAN, yauna
PANTZESKA, yauna
KALIBAN, Yopu basati-itxusi.
TIRINKUL, Barre-eragille.
ESTEPAN, Ardandegi-zain moskorti.
Ontziburu, Ontziyagola, ta Ontzi-mutillak.
MIRANDE, POSPER'en alaba.
ARIEL, eguratseko Iratxo.
IRITZ, iratxoa
KERETZ, iratxoa
YUNE, iratxoa.
Ur-neskak,
Igitariak
POSPER'en otseintzako beste iratxo batzuk.
Agerleku. Itxasoa, itxasoan ontzi:
geroago, iñor bizi eztan Izaro.
I. ekitaldi
I. Agerleku. Itxasontzian itxasoan. Ekaitz, Ostots eta Oñaztuakaz.
Ontziburu ta Ontziyagola aurrera.
Ontziburuak. Ontziyagola...
Ontziyagoleak. Emen nozu, ugazaba: nolan zagoz?
Ontziburuak. Ni ondo: itz egin ontzi-mutilai: eldu arin lanari, ostean guztiok gozak ondora-ta; maneau, mutilak, maneau. (Alde dagi).
Ontzi-mutilak aurrera.
Ontziburuak. Eup, maiteok: gogotsu, gogotsu, maiteok; batu ta lotu arin-be-arin gorengo ontzi-oiala; yaramon ontziburuaren txistuari. Egiok putz ire eztarriak iztenak egin arte, astirik izatekotan!
Albontsa, Sebasten, Andoni, Perdinanda, Gontzal eta beste batzuk aurrera.
Albontsa'k. Ontziyagola on, ibili arduraz. Non da ontziburua? Gizonok yolasean daragoioe.
Ontziyagoleak. Arren-bai-arren, bean egon zuok.
Andoni'k. Non da ontziburua, ontziyagola?
Ontziyagoleak. Ez dozu entzuten bera, ala? Zuok alperrik galtzen dozue gure nekea; egon zuon ontzi-txokietan: zuok ekatxaren lagun zarie.
Gontzal'ek. Tiruk, ba, adiskide, epe artu egik.
Ontziyagoleak. Itxasoak artu dagianean artuko dot. Alde emendik! Zer ardura dautse orroegilleoi erregeren izenagaitik? Ontzi-txokira ixilik; ez emon guri zer-eginik.
Gontzal'ek. Ondo dago; orraitiño gogoan izan nor dozun ontzian.
Ontziyagoleak. Ez neure burua baño maiteago dodanik. Zu etzara txarra iñori aolkuak emoteko; len-izakiok ixildu al ba'zenduz, eta une onetantxe bakea egin, guk ez geunskio ukutuko geiago lokarri bateri be; eragin lan zure aginpide orreri. Ezin ba'dozu, ostera, emon eskerrak orain arte bizi izan zarealako ta gertau ordu onetako zori txarrerako, olangorik yazo baidadi. Gogotsu, maiteok. Alde gure bidetik, arranook. (Alde dagi).
Gontzal'ek. Argia benetan lagun onek dakarstan poza: eztot uste onek iñoz urpera yoanikoren atzik dauenik; onen soña urkamendirakoren antz-antzeko da. Zori on, ekiok aurrera, ori eskegi dagigun! Orren etorkizunezko lokarri meaz lokarritzarra egik, gurea eztok gauz ezetarako-ta! Ori iñok eskegiteko yaioa ezpa'da, gu errukarri gara. (Alde dagie).
Ostera be Ontziyagolea aurrera.
Ontziyagoleak.Eratsi ontzi-aga nagusia; arin; berago, berago; ikusi ia aga txikietako oialakaz ondo doan. (Barruan gedar). Denganiñoaren gedarra! Gedarrok axearenak baño zoliagoak dira, edo gure bealekua...
Ostera be Sebasten, Andoni ta Gontzal aurrera.
Ostera be? Zer egiten dozue zuok emen? Bertan-bera itxi ta ito egingo gara, ala? Bai ete dozue ondora yoateko gogorik?
Sebasten'ek.Eztarri ori ustelduko al yak! txakur ausikari, añenti ta erruki bako orreri!
Ontziyagoleak.Orrezkero eldu zeuok lanari!
Andoni'k. I eskegi, txakur txatxar, i eskegi! Emagaldukume, zaratatsu, lotsabako ori, itoteko bildur gitxiago yoagu guk.
Gontzal'ek. Egingo neunke nik ori ezetz ito ontzia intxaur-mokola baño sendoagoa izan ez arren, eta darion neskea baño eriotsuago izan arren.
Ontziyagoleak. Yarri ontzia axea-begira, axea-begira bide bi emon: itxas-barrura ostera be, zuzendu itxas-barrurantza.
Itxas-mutilak aurrera, busti-bustirik.
Itxas-mutilak. Dana galdu da! Otoietara, otoietara! Dana da galdurik! (Alde dagie).
Ontziyagoleak. Zer, gure agoak otzik euki bear ete doguz?
Gontzal'ek. Errege ta erregegaiak otoitzari daragoioe lagun gakiezan, gure zoria areina langoxea da-ta.
Sebasten'ek. Nik epea galdu dot.
Andoni'k. Gure biziak moskortiak ostu dauskuez ziri ederra sartuta, masaila-zur andi zital ori; itoten al engo luze, amar izkoren sastamar ori!
Gontzal'ek. Oraindik ori eskegi egingo dogu; ur-tantan bakotxak ezetzaren alde zin egin eta ori irunsteko agoa zabalduala zabaldu-arren be (Zarata nastua barruan). Gurearen erruki! Arrakaldu gara, arrakaldu gara! Agur emazte ta umeak Agur, anai! Arrakaldu gara, arrakaldu gara, arrakaldu gara!
Andoni'k. Goazan guztiok urpera erregekin! (Alde dagi).
Sebasten'ek. Agur dagiogun. (Alde dagi).
Gontzal'ek. Orain itxasoko milla gizalan emongo neunkez nik lur antzuzko estatu bategaitik; astiñar, ida baltzeran, edozerdunagaitik: egin beitez Goikoa'ren gurariak! Baña nik gurago neunke legorrean il. (Alde dagi).
II. Agerleku. Izaroa; Posper'en txabola-aurrean Posper eta Mirande aurrera.
Mirande'k. Aita laztan-laztan, zure esku ta antzez imini ba'dozuz ur basatiok orroaka, otzandu egizuz; dirudienez, ortzeak ui andurrezko sua eralgiko leuke, itxasoak, ortzearen mosuraño yagita, su ori itxungiko ezpa'leu. Eneee! nik yasan dodana, orreik yasaten ikusita! Baiki barruan izaki argien batzuk eukazan ontzi txairoa birrindu-birrinduta gelditu da. Arein negar-arrantzak bioz-biotzean yo nabe! Gixaxoak! Yoanak dira. Ni almendun yainkorik izan ba'nintz izan, nik itxasoa legorrari iruntsiazo izango neuntsan, iruntsi dauen ontzi eder eta barruan zamatzat eukazan lagunak itxasoak irunstekotan.
Posper'ek. Seneratu zaite; arritzerik asko yatzu; zure biotz errukibereari iñok eztauela minik artu esan egiozu.
Mirande'k. Enee! Gaurko egunarena!
Posper'ek. Iñok eztau minik artu. Egin dodan oro zu yagote-arren egin dot; zu nire kutun ori! zu, nire alaba ori! Zuk eztakizu zu nor eta zer zarean, ni nondiko nazan eztakizu ta, txabola txiro betearen ugazaba Posper baño ta a baño asko argiago eztan zure aita baño askozaz obe nazanik be eztakizu zuk.
Mirande'k. Egundo eztot izan geiago yakiteko gurari biziagorik.
Posper'ek. Zuri geiago iragarteko aldia eldu da. Ekazu eskua ta erantzi egidazu nire yantzi liluratu au... Olantxe; (Lurrean izten dau beso-bako ganeko yantzi luzea). Atza or, nire antze. Legortu zure begiak; izan gogo-argi ta txitxari. Zu zure biotzeko erruki-errukian yo zindun ontzi-urperatzezko ikuskizun itzala nire aurre-ikusiz eta antzez esku-eskutik erabili izan dot-eta arimarik bat bera, ezta buruko ulerik bat bera be, ontzian negar baten entzun eta urperatzen ikusi zenduzan lagunetatik bat bera be ezta galdu. Yezarri zaite; oraintxe oraindik geiago yakin bear dozu-ta.
Mirande'k. Zu sarritan asi zara asi ni nor eta zer nazan esaten; baña beti erdi-esanean gelditu izan zara, ta iñora ezeko azterketetan itxi izan nozu, azkentzat esanaz: «Etxon, oraindik ez.»
Posper'ek. Eldu da orain tertzioa; une-uneak zure belarriak adi-adi eukiteko agintzen dautzu; izan esaneko ta egon buru-belarri. Gogoratu ete daikezu gu txabola onetara sartu aurretiko aldirik? Eztot uste zuk olangorik daikezunik, aldi atan zu iru urteko zintzan da.
Mirande'k. Zalantza barik, yaun, ba-daiket.
Posper'ek. Zertatik? Beste etxe nai lagunen batetik? Esaidazu zelangoa zan zuk gogoratzen dozun edozein gauza.
Mirande'k. Orreik antxinako gauzak dira-ta, nire oroimenak atakotzat zalantza barik emotekoak eztira, ta bai ames-antzekoagoak: ez ete nebazan nik beñola niri yaramoteko lau edo bost emakume?
Posper'ek. Ba-zenduzan eta bai geiago be, Mirande: baña onek zelan ete dirau zure gogoan? Zer besterik ikusten dozu zuk igaroko aldian eta aldiaren leza sakonean? Ona etorri baño lenagokorik oroituezkero, ona zelan etorri zintzan be oroitu bear zeunke.
Mirande'k. Orraitiño orrako ori eztot oroitzen.
Posper'ek. Zure aita Milano'ko Duke ta esku andiko gizon izan zanetik amabi urte, Mirande, amabi urte.
Mirande'k. Yaun, zu etzara nire aita, ala?
Posper'ek. Zure ama ekandu on utsa izan zan-da, ak nire alaba zintzala esan eustan, eta zure aita Milano'ko Duke izan zan; eta aren ondasunen yabegai bakarra duke-alaba. Orixe zara zu, ez bape gitxiagorik.
Mirande'k. Enee! Yaungoikoa-arren! Yoko txarren bat egin bear izan gendun guk andik alde egiteko; ala, ori gutzako onespen izan ete zan?
Posper'ek. Biak, biak, ene neskato: yoko txartzat dozunak atera ginduzan andik, eta zori onez yaurtin ona.
Mirande'k. Enee! Nire biotza odola dariola dago nik nire orrako oroipen orregaz ekarri dautzudan lorra gogoraturik! Aurrera, otoi, aita.
Posper'ek. Nire anai ta zure osaba, Andoni deretxona, a bai ba-dala iñondiko etoi, ta au gogoan izan egizu, arren! Zure urren maite, ta nik nire duke-erria yaurriten imini nebana; aldi atan nire dukegoa yaungo guztietarik gorengoa zan eta Posper gorengo dukea; adeigarritasunez eta antze-edergarriz entzute andiko ta bardin bako yatzun: antze-edergarriok izanik ni burubelarri irabazi ta eurekanatu ninduenak, eneuntson emon, ba, nire anaieari yaurgoa? Emon baineuntsan emon neuntsan. Nire dukegoarekiko ni geroago aldenduago nintzan, nire zaletasun eta ixileko ikasketai nire burua geroago emonagorik. Zure osaba zitalak... Adi ete zagoz.
Mirande'k. Yaun, adi be adi.
Posper'ek.Bein ondo ikasi ebanean eskatua noz eta nori emon, eta noz eta nori ukatu; nor eragi, ta nor moztu geiegi azi dalako; ak barrien-barri egin ebazan nireak izaneko lagunak; aldatu egin ebazala edo-ta era-barritu egin ebazala esan gura dot; aginpidedunaren eta agintzearen, bien giltzak berak eukita, biotz guztiak bere belarriei gozo yaken otsera yarri ebazan ak; orrezkero bera zan nire dukegoaren enbor-adarrai intsigi ta aren muskertasuna iruntsi eban untza. Zu etzagoz adi; arren-bai-arren, zagotaz adi.
Mirande'k. Ene yaun on, adi nagotzu.
Posper'ek. Nik mundu onetako arloa aintzat artu ez-ta, beti barruan egonda, ta oian bakarrik egonda nik nire gogoa giyetea erriaren niganako uste ona baño beinegotzat etsita, ni olan nengoala nire anaiearen izakera ta lera biurria biztu ta itzarri egin zinan; eta nire uste onak, guraso onaren antzera, zitalkeria sortu eban, nire uste ona añako zitalkeria, gauzak itzulietara esanda; nire uste onak izan, ez eban neurririk, atzenbako zan. A onan yaun eta yabe egonda, nire ondasun eta etorrien yaun eta yabe ezeze, orreiz ganera nik nire eskubidez eskuratu nengikeanaren yaun eta yabe be; ak bera zala dukea sinistu be egin eban, bere biziaren onerako, esanaren esanez bere oroimena egiarekiko obendi egiten dauenaren antzera; nire ordezkotzeagaitik eta bere yardunean erregetzearen ezaugarriak erabiliagaitik, ta orreri deutsoen zer bere-bereak erabiliagaitik: ortik aren biotzean geiagoaren egarria azita... Entzuten daustazu?
Mirande'k. Zure itzak, yaun, gortasuna bera be osatu egingo leukie.
Posper'ek. Edestuko atal onen eta berau antzeztu ebanaren bitartean argi-oztoporik ezarri barik, nai-ta-nai-ez bera izango da Milano'ren yaun eta yabe bakar: ni gizon onen zori txarreko! Nire idaztitegia dukego andirik asko izan da; ondasunekiko nire errege-eskubideetarako enau ni ak gaitzat. Napoli'ko erregeakin alkartu da, agintza-egarriren egarriz, ari urtero zerga ordaintzeko ta aren bendeko izateko; bere burestuntxoa aren burestunaren azpiko izateko, ta (enee! Milano'ren errukarri!) egundo iñori bururik makurtu eztautsan dukegoak ari lotsaririk andienaz makurtzeko.
Mirande'k. Ene Yaungoiko!
Posper'ek. Oartu aren baldintzea ta ondorena; eta esan gero ari anai deitu leikion.
Mirande'k. Nire amamari buruz uste txarrik ba'neu, oben egingo neunke: sabel onak seme gaiztorik sortu izan dabe.
Posper'ek. Orain arako baldintzea. Napoli'ko erregek, nire aspaldiko arerio gorri izan-da, gogo onez entzuten dau nire anaiearen eskaria; eta eskari ori etzan besterik ni ta nireak dukegotik bertatik erbesteratu ta Milano liraina ta omen guztiak nire anaieaganatzea; orren alde nire anaieak erregeri gorago aitatuko buru-makurtze ta nik eztakit zenbat zerga ordainduta Orrezkero, azpiyale-gudaroste batuta, zori txarrak orretarako gertauko gauaz, Andoni'k Milano'ko ateak idigi ebazan; eta gau ilunez asmo orren aldekoen bendekoak ni ta zu, negar baten, andik iradu gorriz atera ginduezan.
Mirande'k. Ene! Gure errukarri! Aldi atan negar egin nebanik oroitu ez-arren, orain barrien-barri negar egingo dot. Erdizka iragarri orrek nire begiak sakatu egiten dauz orretarako.
Posper'ek. Entzun apur bat geiago, ta orrezkero gure egiteko arlora eroango zaut; ori barik au egokiez-egokieza litzateke-ta.
Mirande'k. Zegaitik ez ete eben erabagi gu une atantxe iltea?
Posper'ek. Arira datorren itaun, neskato; nire itzaldi onek dakarrena da itaun ori. Maite, etzirian azartu; (Nire erriak maite-maite nindun ni) ezta euren egitekoari olango atz odoltsu rik ezarten be; euren asmo dongeak margo argiagoz margoztau gura ebazan. Labur esateko, iraduz eta arinka itxasontziratu ginduezan; legoa batzuetako bidean itxas-barruratu ginduezan; an ontzitxo zakar-ustel gertau euskuen; ez itsutarik, ez kako ta txirrikarik, ez axe-oialik, ez ontzi-agarik ez eban ontzi zakar-ustel; sagutoak eurak be, euren sentzunak eraginda, andik alginak ziran: ara aldatu ginduezan ontziz, orroaka eragoion itxasoari guk negararrantzak egiteko; axeai gure larri-arnasotsak egozteko, ta axeak euren arnas-ots errukiorrez erantzunda okerreko errukia erakutsi euskuen.
Mirande'k. Enee! Ni enintxatzun izango aldi atan eragozpen makala!
Posper'ek. Bai, zera! Zu ni yagon nindun kerubea izan zintxatazan! Nik itxasgana tantan gaziz estaltzen nebanean, goitiko sendotasunez zuk irribarre egiten zeunstan; nire zama aztunaren azpian urrumeka neragoionean, zuk adorea ezarten zeunstan zer yazokoari arpegi emoteko.
Mirande'k. Zelan eldu gintzan izpasterrera?
Posper'ek. Yaungoikoz. Yakirik arean ba-gendun, bai ur-pitin be, Gontzal izeneko Napoli'tar gizon zindoak errukiz emonak (Gontzal au zan arako asmo zitala beteteko izentauriko ontziburu); yantzi eder, liño-miesa, oial eta osteango bearrekoak be emon euskuzan, eta zerok arrezkero ederto be ederto etorri yakuz; eta ni idazti-zale nintzala ak yakinik, bere biotz onez, nire idaztitegitik nik nire dukegoa baño aintzakoagotzat dodazan idaztiak be emon eustazan.
Mirande'k. Egunen baten ikusiko al dot a gizona!
Posper'ek. Orain ni yagiten noa; zu geldi egon yezarrita; ta entzun gure itxaslorraren azkena. Ona izaro onetara eldu gintzan; eta emen, zure irakastegi-irakasle onek, beste erregek baño on andiago egin dautzut, aik eurak astia uskerietan emon eta euren semeak nik zuri baño gitxiago yaramoten dautsenen ardurarpean izten dabez-ta.
Mirande'k. Yaungoikoak ordainduko al dautzu guzti ori! Eta orain, arren, yaun (Oraindik nire gogoan iraun dirau-ta), zer dala-ta eragi dozu itxas-ekaitz au?
Posper'ek. Auxe bakarrik yakizu bein-beinean. Iñondiko alan-bearrez, orain nire andera maite dan Zori esku-zabalak nire arerioak izpaster onetara ekarri dauz; nik aren eraginari yarrai bearrean, yarrai ezpa'dagiot, oindik aurrera nire zori ona iristuz eta merrotuz yoango da. Ez itaunik geiago, zu lo-gura zara-ta; moteltasun ori ongarri da ta itxi egiozu bere bidea artzen; badakit zuk besterik ezin-dozuna. (Mirande loak artzen dau).
Agertu akit, otsein, ator: oran gertu naiagok ni; urreratu akit, ene Ariel.
Ariel dator aurrera.
Ariel'ek. Agur, ugazaba argi! Agur, yaun ben! Ni emen nozu zuri naierak egiteko; dala egaz egiteko, uger egiteko, surtan mosuz-aurre sartzeko, naiz odei kirimilduen ganean iztartolaka ibilteko; izentau lana Ariel'eri ta bere gaitasun guztiai zure agindu zorrotzez.
Posper'ek. Iratxo orrek bete-betean eta utsik egiteke sortu ta osotu ete dok nik iri aginduko ekatxa?
Ariel'ek. Zeatz-zeatz. Erregeren ontziratu naz; bein musturre'an, bein garrian, ganean, etxoki bakotxean, itzal-ikarea sugarretan imini dot: aldiz, zatitu ta sua ainbat tokitan ixitu izan dot; ontzi-aga nagusi-ganean, ontzi-oialetan, eta ontziaurraldeko agen suak ixitu dodaz, eta gero su guztiai bat eragin: Yupiter'en yusturi, ostots ikaragarrien aurrendari bizkorragorik eta beingoanagorik ezta egundo izan. Ango su ta sulpurrezko orroiak ateraten izan dabezan karraskadak entzun eta ikusirik, esan eitekean ontzia Netun (1) indartsu-indartsuak inguratu ebala, ta urutu azarriak, bere iru, ortzeko sarda bildurgarriz aztinduta, ikaratu egiten ebazala.
Posper'ek. Nire iratxo azarri ori! Nor izan dok iñondiko naste-borraste orretan bere burua ez galtzeko lain sendo ta yarri?
Ariel'ek. Ez iñortxo be; bestera, guztiai zoratu egin yakien eta etsiena egiten eben; itxas-mutilak ez, beste guztiak gezaletan murgildurik ziran eta ontzitik alde egin eben, gero guztiak surtan nikin; Perdiñanda, errege-semea, buruko uleak zutunik ebazala (iiak zirudien, ez uleak), izan zan ontzitik larrien yauzi egin ebana: «Su-lezea ustu egin da, ta txerren guztiak emen dira» gedar egin eban ak.
Posper'ek. Ba! A nire iratxoa izan zan! Baña ez ete zoan yazo orrako ori izpasterretik ur?
Ariel'ek. Ur-ur, ene ugazaba.
Posper'ek. Baña onik ete dira aik, Ariel?
Ariel'ek. Ule bat-be eztau galdu iñok; deutsen soñekoetan orban bat be ezta agiri, len baño orratzetik arakoago dirudie; eta zeuk aginduaren arauz, izaro onetan moltsoka zabaldu dodaz; errege-semea bera-berera (lagun barik) itxi dot legorrean; a an itxi dot asperenka izaroko okoluan, axeak ozkirritu dagian, an yezarrita, aren guda-indarrak naste-borraste ta istillu gorki onetan dirala.
Posper'ek. Esaidak, zer egin dok errege-ontziko ontzimutil eta ganetiko ontzidiaz?
Ariel'ek. Errege-ontzia onik da kaian; gogoratzen ete dozu zuk bein Bermuda izaro ixil-geldietatik iñontza ekarteko gaberdiz dei egin zeunstanean ni non nengoan? Ba, angoxe okolu sakonean ostonduta dago. Ontzi-mutilak, ontzi-estalgiaren be-aldean dagoz pilatuta; eta euren lantegi neketsuari nire lilurapena erantsita, lotan itxi dodaz; eta nik sakabanatuko ontzidi enparaua ostera be batu da; eta Lurrarteko Itxasoan dira, gogo-yausita, Napoli euren aberrira yoteko asmotan, erregeren ontzia urperatzen eta errege andia itxas-ondoratzen ikusi ebelakotan.
Posper'ek. Ariel, ik ire egitekoa zeatz egin dok; baña oraindik egikizun geiago yagok. Eguneko ze tertzio dok orain?
Ariel'ek. Eguerdi-ostea.
Posper'ek. Gitxienez ordu biak: oraindik eta seirak arteko aldia guk biok garrantzi andiko egitekoak burutzeko dok.
Ariel'ek. Lan-arlo geiago ete dogu? Neke-lorrak emon daustazuzanezkero, itxi egidazu zuk oraindik betetako dozun zure agindua gogoratzen.
Posper'ek. Zer yoagu? Gogaldi txar? Zer dok eskatzen dokana
Ariel'ek. Nire azkatasuna.
Posper'ek. Epea bete-aurretik? Ez al dok aitatuko olangorik!
Ariel'ek. Arren, oroitu egizu, nik zuri eginiko otseintzea zergarri da; eztautzut esan guzurrik, eztautzut egin okerreko gauzarik, marmarka barik egin dautzut otseintzea: zuk urtebete osoa laburtuko zeunstala esan zeunstan.
Posper'ek. Aiztu egin ete yak nik zelango neke-lorretatik yarei indudan?
Ariel'ek. Ez.
Posper'ek. Bai, aiztu yak iri; eta ik askotzat dok gezal sakoneko lupetza zapaldu izana; ipar-axe zorrotzaren ganean arin ibiltea; lurraren zanetan nitzako lan egitea, lurra leiez estalita dagonean.
Ariel'ek. Ez, yaun.
Posper'ek. Guzurra diñok, zer oker orrek! Iri aiztu egin yak arako Saikoratz atso sorgin zikina, adinagaitik eta iñori eutsan ikusi-ezinagaitik uztaituta egoana? Aiztu egin ete yak?
Ariel'ek. Ez, yaun.
Posper'ek. Bai, iri aiztu yak: Non yaio zoan a? Itz egik; esaidak.
Ariel'ek. Algeria'n, yaun.
Posper'ek. Ara! An ete zoan? I zer izan azan ilean bein azaldu bear dauskat, iri aiztu egiten yak-eta. Saikoratz sorgin askarri ori, bere okerren ugariekaitik eta gizakien belarrietarako itzalegi dirian sorginkeriekaitik, ik euk dakianez, Algeria'tik erbesteratu egin yoen; berak eginiko zertxo bategaitik ez yeutsoen kendu bizia: eztok au egia, ala?
Ariel'ek. Bai, yaun.
Posper'ek. Itsutu-aginiko atso sorgin ori onaxe ekarri yoen bere umeakin, eta emen itxi yoen itxas-ontzi-mutilak: i, ire burua aintzakotzat dokan nire yopu ori, i aldi atan aren yopu intzan; eta i aren agindu zakar eta iguingarriak egiteko iratxo minberatiegia izan-da, ik aren agindu andiak egin gura ez-ta, aren otsein indartsuagok ari lagunduta, i ak bere asarre gorrian ler birrintzatuan sartu induan; eta birrintza atan sartuta elorrioak ikusten egon intzan i amabi urtean; a bitarte orretan il eta i an itxi induan: i an engoan urrumeka ta negar-arrantzaka axe-errotako txirrinkeak bira egiten dauen baño sarriago: panera, aldi atan izaro onetan ez yegoan beronen edergarritzat gizon-antzeko izakirik, ak emen eginiko seme sorgin-kume nazkagarria ez besterik.
Ariel'ek. Bai: Kaliban aren semea.
Posper'ek. Gauza argia axe! A, arako Kaliban, nik orain nire otseintzan dodana. Ik euk dakik ondoen i nik zelango elorriotan aurkitu indudan: ire negar-intziriak otsoai be ausi eragitekoak eta artz asarreen biotzetan be sartzekoak zoazan; ire elorrio gorria gaiztetsiai ezartekoa zoan eta Saikoratz'ek berak be ez yeukan alik berak egina deusezteko; nire antzea, nire almena izan zoan ori egin ebana, ni ona eldu ta lerraren arako birrintzea nasaitu ta i azkatu induana.
Ariel'ek. Nire eskerrik beroenak zuri, ugazaba.
Posper'ek. Marmarka ekin ba'dagiok ekin, areitz birrintzatuko yoat ta aren erraietan zotza lez sartuko aut, an negar-arrantzaka amabi negu egin arte.
Ariel'ek. Azketsi, ugazaba: zure aginduari erantzungo dautsat, eta nire iratxo-egikizunak zeatz eta zoli egin.
Posper'ek. Egin olantxe; eta egun bien buruan opor emongo dauskat.
Ariel'ek. Nire ugazabaren zindoa! Zer egingo dot? Esan zer? Zer egiteko nozu?
Posper'ek. Oa, artu egik itxas-neska-antza; ez agiala neuk ez bestek ikusi al; adi ikusi-ezin beste edozeonen begibelarrintzako. Oa, artuik antz ori ta ator ona beragaz: alde zoli emendik! (Alde dagi Ariel'ek.)
Itzarri akit, biotz zindo, itzarri akit! Lo ondo egin don; itzarri adi!
Mirande'k. Zure itzaldiaren iñondikoak sargoriarena egin dau nigan.
Posper'ek. Aztindu egin aztuntasun ori; tirun; gure yopu Kaliban, egundo erantzun txeratsurik emon eztauena ikusten yoango gonazan.
Mirande'k. A zital utsa da, yaun, ez yat gogoko a begiratzerik.
Posper'ek. Baña dalakoa dala, a izteko ezkara: ak egiten dausku sua, a yoaten da gutzako egurretan; eta ondo datorkuzan otseintzak egiten dauskuz. Eee! Yopu! Kaliban! Lupetz ori! Itz egik.
Kaliban'ek. (Barrutik) Egurrik asko dago barruan.
Posper'ek. Urteik, mutil; beste zereginik dok itzako: urten egik, txaberama (turtube) orrek! Eure bizian urtengo ete dok?
Ariel aurrera ostera be, ur-neska-antzez.
Agerpenaren zoragarri! Nire iñondiko Ariel, entzuik.
Ariel'ek. Ene yaun, egingo dot. (Alde dagi.)
Posper'ek. I yopu zitaltsu ori, txerrenak berak ire amagan, sortu orrek, urten egik!
Kaliban aurrera.
Kaliban'ek. Nire ama zanak egundo iztoki usteletik belaegakiz batuko iñontz galgarria bestean galgarria etorriko al da zuon bion ganera! Egoe-sarkaldetiko axeak putz egingo al dautzue ta zuon narru osoa baba-zorroz bete.
Posper'ek. Orregaitik, baiki, arratseon ik zanbatuak izango dozak, saietsetako zastadak, i arnasarik artu-ezinik eukiko abenak; iratxoak, lan egin al daben gaualdi osoan, iri euren egite koak etentzaka egingo dauskez; ik erlategiko abaiak baño zastada geiago izango dok, eta zastada bakotxa erlauntzeko abaiak egin dabezan erleena baño mingarriago izango dok.
Kaliban'ek. Bazkaldu egin bear dot. Izaro au neurea dot, nire ama Saikoratz'ek niri emona ta zuk niri kendua. Zu ona lenengoz etorri zintzanean, zuk eskua estutu zeunstan, eta aintzakotzat artu ninduzun; barruan aletxoak ebazan ura emoten zeunstan; eta egunez eta gabaz argi andiagoa ta txikiagoa egiten daben zeren izenak irakasten zeunstazan: eta aldi atan nik zu maite zindudan, eta izaro onek dauzan zer on guztiak erakutsi neuntzuzan: iturri ozkirri ur-gardenak, oxin gezaltsuak, lur emorrak eta antzuak: añena ori egin neban onentzat! Saikoratz'en lilurapen guztiak, kunkunak, kakarraldoak, saguzarrak zuon ganera etorriko al dira! Eta izan be, bein nire buruaren errege izan au nozue zuon bendeko bakar; eta emen naukazue aitz gogor onen barruko artzuloan, izaro enparaua zuontzako niri kendua.
Posper'ek. Yopu guzur-ontzi ori, bizkarrekoak, ez txera onek eragiteko ori! I sats utsa izan-arren, nik i gizoni dagokionez artu aut beti; eta neronen txabolan euki aut, i nire alabatxo onen entzute ona nolan loituko asmoetan ibili arte.
Kaliban'ek. Ara! Ara! Egin al nenduan egin! Zuk ez zeunstan itxi, ostean Kalibandarrez bete izango neban izaro au.
Posper'ek. Yopu askarri ori; edozein okerrerirako gai izan-da, ezetariko ontasun atzik ezin artu izan dokan ori! Nik nekearen nekez irakatsi neuskan itz egiten, aldien zer bat edo beste irakasten neunskan: basati orrek euk zer esaten enduan be ez enkianean, orren ordez abereen urrengo azan orrek naste-borrasteka itz egiten enduanean, ire asmo-eretxiak erazagututeko eurai nik itzak emon naieuntsezan; baña ire leñu ziztriñak, ik ikasi ikasi-arren, an yeukan izaki onek ezin izan dauena: orrexegaitik baztertu indugun i, ik euk irabazita, artzulo onetara, ik espetxea baño txarragorik irabazi izan-arren,
Kaliban'ek. Zuk izkuntzea irakatsi zeunstan; eta nik ortik atera dodan onureak bost ardura daust; elgorriak ondatuko al zau zuk niri zure izkuntzea irakatsiagaitik.
Posper'ek. Sorgin-kume, alde emendik! Ekarri egistak errekina barrura; abil arin; i beste zer baterako intzake onena. Sorbaldak eragiten dozak, zital orrek? Nire agindurik egin ez, naiz gogoz bestera egin ba'dagik, burdin-kako ugertuakaz orraztuko aut burutik beraño ta ire azurrak be mindu: arrantza eragingo dauskat, ire durunduaz piztiak be ikaratu-alekoak.
Kaliban'ek. Ez, ez olangorik, arren! Esaneko izango naz: (Beretzako) Orren antzea andia be andia da. Orrek nire amaren yainko Setebotz be berorren eskuko leuke ta berorren otsein egin.
Posper'ek. Orrezkero, yopu, alde emendik! (Kaliban'ek alde dagi.)
Ostera be Ariel ikus-ezina aurrera, yoten eta abestuten;
Perdinanda aren atzetik.
Ariel'en Abestia:
Erdu ondartza bellegiotara,
Eskuak alkarri estututera:
Zuon txera-munak eginezkero,
(Urutu basatiak ixil dauz, gero),
Zapaldu lurra an-or-emen txairo:
Iratxo maiteok, eroan zama gogaro.
Entzun, entzun!
Pur-pur, bau, bau (meatz)
Txakur zañak ausika:
Pur-pur, bau, bau (meatz)
Entzun, entzun! Ba-dantzut
Ollar arro-ots indartsu;
Gedar dagi kukurruku.
Perdinanda'k. Non arrano ete da eresi au? Eguratsean ala lurrean? Ixildu da: eta egiz izaro onetako yainkoren batentzako da, urrean. Ni aulki-ganean yezarrita, nire aita erregeri buruz ostera be negarrez nagoala, eresia nire aldamena zear uren ganetik tarraz yoan da; bere ots gozoagaz aren asarrea ta nire oñazea arinduten: orrexegaitik nik yarraitu egin dautsat, edo obeto esan, berak eroan nau ni: Baña yoan da. Ez, ostera be ba-daragoio.
Ariel abeska.
Bostetan sei oin oso bean datza zure aita;
Aren azurrak koralduak dira:
Aren begiak orain pitxi dira:
Arena zan oro, ezta deusezturik, nork nai-ta,
Itxasoko zerbaitera aldaurik da;
Zer eder-eder iñondikotuik da.
Itxas-ur-neskak aren il-yoaleak ordu oro yoten
dabez:
Entzun! orain ba-dantzudaz, yo din, dan, yoale,
errukibage.
Yo ileta, din, dan, gau ilun ilunbetsuan atertzake.
Perdinanda'k. Abestitxoak nire aita itoa oroitzen dau: Au ezta ilkorren arloa, ezta lurrak dauen abestirik: orain nire buru-ganean dantzut.
Posper'ek. Aurreratu zure betazal txintxirridunezko kurtxoinak, eta esan zer ikusten dozun an aragoan.
Mirande'k. Zer da a? Iratxoen bat, ala? Yaun, aren begirakunea! Sinistu egidazu, yaun, ak ibilkera txairo-lerden dau: baña izan, a iratxo da.
Posper'ek. Ez, neskato; ak yan eta lo egiten yon, eta ak gureak langoxe oarmenak yozan. Ik dakusanan zer lerden-eder a be ontzia urperatzean an izana don, eta edertasuna yaten dauen naibage-orbantxorik ezpa'leu aldean, ik lagun ederra dala esango eunkenana: ak bere lagunak galdu yozan eta aldarrai yabiln euren billa.
Mirande'k. A yaungoikozko zeren bat dala esan nengike nik; izaki ain zindorik egundo eztot ikusi-ta.
Posper'ek. A nik eragin-ala yoaten da batera ta bestera; iratxo, iratxo lirain! Egun bien buruan azkatuko aut onegaitik. (Bere kitean.)
Perdinanda'k. Egi-egiz doñuok yoten yatzuzan yainkono! Indazu, nire otoiak yakin dagiala zu izaro onetan egotez zagozanentz; eta irakatsi dagistazula nik nolan eroan emengo bizitzea nire lenengo eskaria ta azkenen oguzten dodana, itzal ori! zu neska zarean ala ez da.
Mirande'k. Ni itzalik enaz, egi-egiz neska bai, ostera.
Perdinanda'k. Neronen izkuntzea! Ene Yaungoiko! Izkuntza au egiten dabenen artean neu naz onena, berau egiten dan tokian ba'nengo egon.
Posper'ek. Ostera! Onena? Napoli'ko erregeak entzun beiskian ori! Orduan engoke i ona!
Perdinanda'k. Oraintxe nazan zer bakarra, ta zu Napoli'ri buruz itz egiten entzunaz arrituta nagoana nintzateke ta nengoke! Orrek entzuten daust! eta orrek entzuten daustalako nik negar egiten dot: neu naz Napoli; arrezkero egundo izperarik eztaben nire begiokaz nire aita errege itoten ikusi nebana.
Mirande'k. Ene! Orren errukarri!
Perdinanda'k. Bai, benetan, eta aren yaun guztiak be bai: Milano'ko dukea ta aren seme adoretsu, birki zana.
Posper'ek. Milano'ko dukeak eta aren alaba adoretsuagoak benderatu engikie i orain, orretarako aldi egokia ba'litzok (Bere kitean); alkar ikusiaz bat yosi dautsez orreik alkarri begiak Ariel samur, nik i onegaitik azkatu egingo aut! Itz bat, yaun; zuk zure buruari okerren bat egin dautsazunaren bildur nozu itz bat.
Mirande'k. Zer dala-ta egiten dau nire aitak itz orren latz? Au da nik egundo ikusiko gizonetatik irugarrena; egundo lenengoz aspera eragin daustana: Erruki, eragin nire aitari, nire lerearen alde yarri daiten
Perdinanda'k. Ara! neska ba'zara, ta zure maitasuna yoana ezpa'da, Napoli'ko erregeno egingo zaut nik.
Posper'ek. Geldi or, yaun; itz bat geiago. Orreik bata bestearen bendeko dira; baña nik bertatiko arazo au arduraz erabagi bear dot, arinegi irabazteak ordaina arindu eztagian (Bere kitean). Itz bat geiago; nik diñodanari adi egoteko agintzen dauskat: ik irea eztan izena iñori ostu dautsak emen; eta ik ire burua barrandaritzakoan yarri dok izaro onetan, au niri, emengo yaun eta yabe nazan oni, kentzeko.
Perdinanda'k. Ez, ostean enintzateke gizon.
Mirande'k. Orrena lango yauretxen ezin izan leiteke olangorik. Txerrena olango etxe ederren bizi izanezkero, gauza onak arekin biziten aleginduko litzatekez.
Posper'ek. Yarrai egidak (Perdinanda'ri). Zuk ez egin itzik onen alde; au azpiyale da. Ator, ire esku ta oñak alkarreri lotuko yautsedaz: itxas-ura izango dok edaritzat; ire yanaritzat, ur gozotako txirlak, zustar zimelak eta ezkur-txapelak izango dozak: Yarrai.
Perdinanda'k. Ez; nik olango deiari entzungor egingo dautsat, nire arerioak ni benderatu arte. (Ezpatea ateraten dau.)
Mirande'k. Aita laztan, ez egizu erabili ori orren zakar, ori zindo ta bildur bako da-ta.
Posper'ek. Zer? Astoak astazainari «arre» ta idiak itzaiari «aida»? Olangorik! Zorroratu egik ezpata ori, azpiyale; nik i onegaz izkillo barik itxi-ezinik, eta iri ire izkilloa lurrera egotziazo-ezinik ez yoat-eta.
Mirande'k. Otoi, arren, aita!
Posper'ek. Alde emendik; ez eskegi zure burua nire soñekoetatik.
Mirande'k. Yaun, erruki zadiz; neuk erantzungo dot orregaitik.
Posper'ek. Ixilik! Itz bat geiago esan egin, bai, ta agirika egingo dausnat. Zer? Guzurtiren aldeko? Ixilik, gero! Ik ori ta Kaliban, ez besterik ikusi ez-ta, orren antzeko besterik eztala uste don: neskatoaren zoroa! Gizonik geienentzat au be Kaliban don eta aik oyen aldean angeruak dozan.
Mirande'k. Orrezkero, nire gurariak apal-zirtzilak dira; nik eztot au baño gizon oberik ikusteko leiarik.
Posper'ek. Tiruk; egik agindua (Perdinanda'ri); ire kirioak ostera be euren umearoan yagozak, eta ez yoek kemenik.
Perdinanda'k. Olangoxeak dira izan be: amesetan lez nire kemen-adoreak lotuta dagoz. Nire aita galdu izana, oartzen dodan nire makaltasuna, nire adiskide guztiak itxas-ondora yoan izana, edo-ta bere bendean nauen gizon onen zemaiak, arinak baño ez yataz, ire espetxetik egunean bein neska au ikusi al izanezkero: munduko beste okolu guztiak eurentzat izan dagiezala gizon azkeak; lekurik asko dot nik olango espetxean.
Posper'ek. Ondo doa gauzea: Tiruk. Ederto egin dok, Ariel bikain! Yarrai egidazue (Perd. ta Miran.'ri).
Entzun egik ik eginen ganera zer egin bear daustakan (Ariel'eri).
Mirande'k. Zagoz nasai; nire aita bere itzak iragarten daben baño izakera obeduna da; orain ari urtena, aren ekandua ez, besterako da.
Posper'ek. I mendiko axeak baxen azke izango az: baña orrezkero agindua zeatz-zeatz bete egik.
Ariel'ek. Zeatzik zeatzen.
Posper'ek. Ator, yarrai egidan: ez egin itzik orren alde. (Alde dagie.)
II. ekitaldi
I. Agerleku. Izaroko beste arlo. Albontsa, Sebasten, Andoni, Gontzal, Adiran, Pantzeska ta abar aurrera.
Gontzal'ek. Arren, yaun, izan txitxari: Ba-dozu (eta bai guztiok be) pozkarririk; galdu eztoguna galduaren aldean andi da-ta: gure lor-iskia guztiena da, edo askorena beintzat; egunoro dabe itxas-gizonen baten emazteak, saleroste-ontzi-yabeak, eta salerosleak berak be gure gaia bera lortzat: milloien artetik be gitxik alde egin daikie guk lez: orrezkero, yaun on, ezarri zur alkarren ondoan gure lorra ta gure pozbidea.
Albontsa'k. Ago ixilik, arren-bai-arren.
Sebasten'ek. Aiko, orrek bere buruko zorroztasun-erloiuari arilduten yaragoiok, eta nozik-bein txilinak yoko yok.
Gontzal'ek. Yaun...
Sebasten'ek. Bat. Esan.
Gontzal'ek. Datorkon lorrari barruan eragon eta ereiten yakonean, daragionari etorri datorko...
Sebasten'ek. Urre-imiña.
Gontzal'ek. Eztiñot nik imiñik, biotz-minik baño; untzetik alborago yo dozu.
Sebasten'ek. Zuk bai nik este baño untzerago yo dozula.
Gontzal'ek. Orrezkero, ene yaun...
Andoni'k. Ostera be! Orrek yok azur-bakoa geldi euki-ezin gorria!
Albontsa'k. Arren, ez egik olan alperrik erabili ire miña.
Gontzal'ek. Tiruk, ba, bego: baña orraitiño be...
Sebasten'ek. Orrek izketan eragoko yok.
Andoni'k. Ori ala Adiran, bietarik zein asiko ete dok lenen kukurrukuka, zeinek obeto egin kukurruku, tema on bategaitik?
Sebasten'ek. Ollar zarra.
Andoni'k. Ollar gaztea.
Sebasten'ek. Egina: zer tematuko?
Andoni'k. Barre-karkaxa.
Sebasten'ek. Nor geiagoketa.
Adiran'ek. Izaro onek basamortu-irudia izan-arren...
Sebasten'ek. Ja, ja, ja!
Andoni'k. Orrezkero, zuk ordaindu dozu.
Adiran'ek. Iñor bizi ezin leitekeana, ta larri-larri bertora elgatxa...
Sebasten'ek. Orraitiño...
Adiran'ek. Orraitiño...
Andoni'k. Ezin gelditu izan zan bertoratu barik.
Adiran'ek. Izaro onek, edozelan, izakera me, samur bigunekoak izan bear dau.
Andoni'k. Orrako izakera neska bigun yatzun.
Sebasten'ek. Bai, eta me be, orrek orren yakintsu esan dauenez.
Adiran'ek. Eguratsak emen leun-leun eta firi-firi putz egiten dausku.
Sebasten'ek. Biriak, eta eurak ustelduta baileuz.
Andoni'k. Edo-ta oxin usteletiko lurrunez andurtua bailitz.
Gontzal'ek. Emen edozer da biziaren aldeko.
Andoni'k. Egiz, bizigarririk ba'lego egon.
Sebasten'ek. Orretarikorik arean bez, edo gitxi-gitxi dago.
Gontzal'ek. Bedarrak bai emoten dauela guri ta mardul orren musker!
Andoni'k. Izan be lurra gorri agiri da.
Sebasten'ek. Musker-iskitxo dauela.
Andoni'k. Orrek ez dau galduaren oroipen andirik.
Sebasten'ek. Ez; orrek egia guztiz okerretara artu dau.
Gontzal'ek. Baña iñondikorik iñondikoena auxe dozu (eta larri-larri sinistu-ezineko yatzu)...
Sebasten'ek. Olangoxeak dira aintzakotzat doguzan beste iñondikotasun asko be.
Gontzal'ek. Gure soñekoak, bein itsasoko urez busti-bustirik egonak izan-arren, barri-barri ta orratzetik arako dirudie; gezalez zikinduek barik margoztu-barrien antza emoten dabela.
Andoni'k. Orren sakel batak beintzat itz egin al ba'leu, ez ete leuke esango orrek guzurra diñoala?
Sebasten'ek. Bai, edo ostean orrek diñoana osoan itzulietara artuta sakelean sartu.
Gontzal'ek. Nire eretxiz, gure soñekoak Apirka'n, erregeren alaba lirain Karibele Tunixa'ko erregekin ezkondu zanean, lenengoz yantzi genduzanean baxen barri dagoz.
Sebasten'ek. Aik eztegu gozoak izan zirian, eta etxerakoan ondo ibili gintzan.
Adiran'ek. Tunixa'k eztau egundo izan euren erregenoa ederrez bardintzekorik.
Gontzal'ek. Ez Dide alargunaren aldia-ezkero.
Andoni'k. Alargun? Utikan! Nolan alargundu zoan? Dide alargun!
Sebasten'ek. Eta zer Enea be gizon alarguna zala esan izan ba'laiok? Yaun on, ori euk zetara artu dok
Adiran'ek. Dide alargun zala esan dok? Ik ari buruz ni buruari azka yarten nok: a Kartago'koa zoan, ez Tunixa'koa.
Gontzal'ek. Tunixa au len Kartago izana da.
Adiran'ek. Kartago ete?
Gontzal'ek. Bai, Kartago zoan.
Andoni'k. Orren itza arako arpa miraritsua (2) baño geiago dok.
Sebasten'ek. Orrek arresia eragi yok eta bai etxeak be.
Andoni'k. Zer gauza ezin erreztuko este yok orrek urren?
Sebasten'ek. Nire ustez orrek izaro au sakelean eroango yok etxera, ta bere seme-alabei emon sagartzat.
Andoni'k. Eta aren aziak itxasoan ereinda, izaro barriak sortu.
Gontzal'ek. Bai ete?
Andoni'k?. Laster, gero!
Gontzal'ek. Yaun, orain erregeno dan zure alabearen ezteguetan Tunixa'n zirian aña barri dirudiela gure soñekoak esaten daragoiogu guk.
Andoni'k. Eta ara egundo eldu zirianetatik iñondikoenak.
Sebasten'ek. Zirtzildu, arren, Dide alarguna.
Andoni'k. Ba! Dide alarguna; bai, Dide alarguna.
Gontzal'ek. Ez ete dago nire yakea nik lenengoz erabili nebanean bestean barri? Gitxi gora-bera esan gura dot nik.
Andoni'k. Gitxi gora-bera orregaitik arrantzuan egin bear izan gaienduan.
Gontzal'ek. Zure alabearen ezteguetan erabili nebanean, ala?
Albontsa'k. Itzok nire entzumenaren urdalleari okada eragiteko birrinduten daustazuz belarrietan: Ez al neu nik ara egundo alabarik ezkondu! nire semea andik onakoan galdu da-ta; eta nitzako, bai alabea bera be, Itali'tik ain urren yoan danezkero, nik a egundo geiago eztot ikusiko-ta. Napoli ta Milano'ren nire oñordeko yabe ori, i iñondiko arrainek izan au bere yakitzat!
Pantzeska'k. Yaun, ba-leiteke a bizirik izatea; nik a urutuekaz burruka ta arein bizkar-ganean iztartolaka ikusi neban; ak ostikoz ura yo, aren areria baztartu, ta aurrera etorkozan urutu arro-yagiai bere bularra emoten eutsen; ak bere buru adoretsua urutu mukerren ganean eukiten eban, eta bere burua itxas-ertzerantza eroateko arraun-ordeko aren beso sendoak egiten eben; ari lagun egiteko bailitzan, burua makurtzen eutson itxas-ertzera; nik neuk eztot ezpairik a legorrera bizirik eldu zanenik.
Albontsa'k. Ez, ez, arenak egin dau.
Sebasten'ek. Yaun, galtze au dala-ta zuk zure buruari eskerrak emon bear zeunskioz; zuk zure alabearen bidez gure Europa onetsi baño, Apirkarrari emonda, galdu gurago izan do zun orrek; a beintzat an dago zure begien aurretik urrin ta bere zori txarra begietako urez bustiteko eskubiderik askogaz.
Albontsa'k. Ago ixilik, arren.
Sebasten'ek. Gu guztiok zure aurrean belauniko yarri gintzan, eta osteango bidez be eska ta eska egon gintxatzuzan; eta a bera be, lotsa ta esaneko izatearen bitartean yarrita, ape aren zein aldetan sakatu ta berantza eragingo egoan. Zure semea betiko galdu ete dogunaren bildur naz: Milano ta Napoli'k arazo onetan andera alargun geiago dabe guk euren pozkarritzat gizonetan emongo dautsegun baño: zeurea da errua.
Albontsa'k. Izan be, orrexegaitik au galtzerik andiena da.
Gontzal'ek. Ene yaun Sebasten, zuk diñozun egia gordinegia da, ta onetarako aldia be ezta au; zu zauriari azka zabiltz, osakaia ezarri bear litxakionean.
Sebasten'ek. Ondo be ondo.
Andoni'k. Eta bai osa-ebaketeari oso egoki dagokion lez be.
Gontzal'ek. Yaun on, zu odeitsu zagozanean, guk guztiok eguraldi txar dogu.
Sebasten'ek. Egualdi txar?
Andoni'k. Oso txar.
Gontzal'ek. Izaro onetan lur landu-arlorik ba'neu, ene yaun...
Andoni'k. Asun-azia ereingo leuke orrek.
Sebasten'ek. Naiz lapatxak, naiz zigainak (mamukioak).
Gontzal'ek. Eta bertoko errege ba'nintz, zer egingo ete neunke?
Sebasten'ek. Mozkortu ez beintzat, ardaorik ezagaitik.
Gontzal'ek. Errian nik gauzak okerretara egingo neunkez: eta izan be, nik salerosteari eneunskio lekurik emongo; agintarienik izenik bez; idatzikorik ezautu be elitzateke egingo; ezetariko otseintzarik ez, ez aberatsik, ez txirorik; ez egiunerik, ezta ondorengotzarik be; lur, alor eta maastietan ezetariko mugarik ez; ez da erabiliko metalik, gari-artorik, ardaorik, naiz oriorik: ez ezetariko lantegirik; gizon guzti-guztiak arkolo; eta bai emakumeak be; baña erruge ta garbi: nagusitasunik ez.
Sebasten'ek. Eta ori ta guzti be ori orko errege litzatekek.
Andoni'k. Erri orren atzenari asierea aiztu egin yakok.
Gontzal'ek. Izamenak berez, izerdi ta lanbage, emon daikean oro guztientzako izango da: azpikeri, zitalkeri, ezpata, aztamakil, aizto, su-izkillo, naiz ezetariko beste taramankulurik eneunke izango nik; izamenak berak, ostera, bere kitetik emongo leuke edozetariko ugaritasuna, edozetariko gonburutasuna erri errugeari yaten emoteko.
Sebasten'ek. Ezkontzarik be ez ete orren bendekoen artean?
Andoni'k. Garaurik bez, gizon; guztiak alperkeri utsean; emagalduak eta lotsabakoak be bai.
Gontzal'ek. Nire yaurgoa olangoxe osoa litzateke, arako urrezko aldiak lotsatuta itxiko leukezana.
Sebasten'ek. Gora i errege ori!
Andoni'k. Gora ta gora Gontzal!
Gontzal'ek. Aitu ete daustazu, yaun?
Albontsa'k. Yaungoikoa-arren, ez geiagorik: ik esaten daustakana aletz utsa dok.
Gontzal'ek. Egia diño zure nagusitasunak; eta esana esan ba'dot, edozein umekeriri barre egiten dautsoen biri gilberadun yaunoi barre-bide emote-arren esan dot.
Andoni'k. Guk zuri zeuri egin dautzugu barre.
Gontzal'ek. Eta ni ergelkeri txitxariotan ezer enaz zuontzako; orrezkero, yarraitu baño eztozue, ta utsari barre egin ostera be.
Andoni'k. Orrek bai yo gauzala bete-betean.
Sebasten'ek. Bai, bera betean lurrera yausi ezpa'litz.
Gontzal'ek. Zuok gizon zindo odol-beroak zarie: zuok iretargia bere bidetik aterako zeunkie, bost astean an aldatzeke iraungo ba'leu.
Ariel, ikus-ezinik, aurrera, eresi bena yoten.
Sebasten'ek. Orixe egingo geunke egin be, ta gero saguzarrak oratzen urten.
Andoni'k. Ez, ene yaun on, ez asarratu.
Gontzal'ek. Ez, nire itza, olangorik ez; nik nire bereizgoa eztot yarriko galbidean orren errez; motel be motel nago-ta, lotan nagoala be barre egingo ete daustazue?
Andoni'k. Oa lotara, ta entzun egiskuk.
(Albontsa, Sebasten eta Andoni ez beste guztiak loak artuta.)
Albontsa'k. Zer, guztiak orren arin lotan? Nire begiak eurak itxiaz nire oldozpenak be itxiko al dabez; orixe egiteko leiea dabe.
Sebasten'ek. Arren, yaun, esku-erakutsi aztun ori artu egizu: ori naibageari gitxitan etorten yako; eta datorrenean aringarri da.
Andoni'k. Guk biok, ene yaun, yagongo zaugu zu, zu atseden artzen zagozan artean, ta zu begiratu okerrik etorri eztakizun.
Albontsa'k. Eskerrik asko: itzalez nago aztun... (Albontsa loak artu dau. Ariel'ek alde dagi.)
Sebasten'ek. Iñondiko logurea egin da orren yabe!
Andoni'k. Ori lur onetako eguraldiak dakarrena da.
Sebasten'ek. Orrezkero, zegaitik eztautsez alkarreri lotzen gure betazalak be? Ni enaz logura.
Andoni'k. Ez ni be; nire gogoa argi ta bizkor dago. Orreik guztiak batera yausi dira, alkar aituta lez; orreik tximisteak yota lez itzuli dira lurrera. Ze indarrek eratsi ete dauz, Sebasten zergarri? Eneee! Ze indarrek? Ez geiagorik. Eta orraitiño, zuk zer izan bear zendukean zure mosuan dakusadala dirudit: eretia deiez dagotzu; eta nire irudimen bizi-sendoak buruntza dakus zure buru-ganera yausten.
Sebasten'ek. Zer, itzarrik ete ago?
Andoni'k. Enozu entzuten itz egiten, ala?
Sebasten'ek. Bai; eta egin-eginean be erdi-lotan dagoanaren izkerea darabilk; eta ik lotan agoala itz egiten dok: zer esan dok? Iñondiko atsedena dok au, begiak zabalik, zutunik, itz eginez, ibiliz lo egitea, ta orraitiño arria lez lo.
Andoni'k. Sebasten zindo, zuk zori onari lo egiten ezeze, ilten izten dautsazu; begiak itxi-idigi egiten dozuz lotan.
Sebasten'ek. Ik igarri-igarrian lo-arrantzak egiten dozak; ire lo-arrantzok zerbait iragarten yoek.
Andoni'k. Ni oi dodan baño benago nago: zuk be onantxe egon bear zeunke, niri yaramonik egitekotan; eta au egitekotan, zuk zure burua dana lango iru egingo zeunke.
Sebasten'ek. Ondo yagok, ni ur geldi nok.
Andoni'k. Neuk irakatsiko dautzut ibilten.
Sebasten'ek. Egidak orixe: atzeraka yoaten nire aurrekoen nagikeriak irakatsi yaustak.
Andoni'k. Ara, zure elburuak zelango txera argia egiten dautzun bakarrik ba'zenki, zuk olan irri egiten dautsazun bitartean! Billustuago ta yantziago egiten dozula ba'zenki! Atzeraka doazan gizonak, euren bildur nai nagikeriagaitik, geienetan orrexegaitik barruren sartzen dira uretan.
Sebasten'ek. Yarraik, arren; ire begi ta inosuen ereikerak iri zerbaitek urten bear dauskala iragarten yoek; eta ire umegintza orrek itzalezko ume-minetan au i, erdira-ezinik.
Andoni'k. Olantxe da, yaun; oroimen makaleko gizon onek, lurperatu dagienean be, orain baño oroimen gitxiago izango eztauen gizon onek oraintsu erregeri aren semea bizirik dala larri-larri sinistuazo-arren (eta izan be gizon au iñori sinistu-azoteko bakarrik da): a eztala ito, ezina da, emen lotan dagoan au uger dabilela letxe.
Sebasten'ek. Nik ez yoat a ito-ezaren itxaropenik.
Andoni'k. Ara, arenik ez, baña zuk beste zerbaitena dozun itxaropena bai ba-dala andia! Bide atatik itxaropenik ez izatea, beste bidetik itxaropena lango itxaropena izateko da, andiagorik asmau be ezin leike asma-egarririk andiena izanda be ta, begi-itxi idigiz bakarrik an idoroko dauela eskier (seguru) dago. Nikin batera autortuko ete dozu Perdinanda ito dala?
Sebasten'ek. Arenak egin yok.
Andoni'k. Orrezkero, esaidazu, nor da aren urren Napoli'ren yaun eta yabe?
Sebasten'ek. Karibele.
Andoni'k. Tunixa'ko erregenoa; gizonaren bizia baño amar legoa arago bizi dana; eguzkia bidari izan ezik Napoli'tiko gutunik ezin artu daikeana (eguzkiko gizona orretarako geldoegi da) yaioparria kazkondu ta arpegian bizardun izateraño azi arte; arenetik gentozala itxasoak gu guztiok iruntsi ginduzana, naiz ta gero gutariko batzuk itxasoak okadaka atzera egotzi izan; eta ori dala-ta, ori egitekoaren aurreko baño eztala, gu egikizuna egiteko para; zer etorriko, zure ta nire eskuetan dago.
Sebasten'ek. Ze arazo dok au? Zer diñok ik? Egia dok, nire anaiearen alabea Tunixa'ko erregeno dok, eta orrezkero Napoli'ren yabegai; eta lurralde bien bitartean ba-yagok bitarte onik.
Andoni'k. Lur-bitarte orretako beso bakotxak «zelan neurtuko gu Karibele'k Napoli'ra bidean?» gedar egiten dauela dirudi. Zagoz zu Tunixa'n eta Sebasten itzarriko al da! Dagigun, orreik benderatu dauzana eriotzea dala; ba, orrezkero elegokez dagozan baño txartoago: Ba-dago Napoli'n lotan dagoan orrek bestean ondo yaurri leikeanik; bai Gontzal au bestean itz-dario ta itz-ontzi izan leitekezan yaunik asko be; nik neuk be egin daiket nire burua hela barritsu, orrek bestean sakon itz egingo leukeana. Eneeee! zuk ba'zenduz nik dodazan asmoak! Lo au bai ba-letorkela iñozkorik ondoen zure aurrerapiderako! Bai ete dakizu nik zer esan gura dodan?
Sebasten'ek. Baietz uste yoat.
Andoni'k. Eta zuk zeuretik zer eskeintzen dautsazu zure zori onari?
Sebasten'ek. Nik gogoan yoat ik Posper ire anaiearen lekua bete enduala.
Andoni'k. Egia: eta begira, ez ete datorkidaz ondo be ondo yantziok? Lenago baño egokiago ta beteago: nire anaiearen otseinak aldi atan nire kide ta lagun ziran, orain nire gizon dira.
Sebasten'ek. Baña, zure yakinkidetzea...
Andoni'k. Bai, yaun; non da orrako ori? Ozpel-arrakal ba'litz, oñetako bigun-nasaiak yantziazoko leuskidaz: baña nik eztot oartzen nire bularrean olango yainkorik; ni ta Milano bitartean legokezan ogei yakinkidetza be gozatu ta urtu leitekez ni kezkatu baño len! Emen datza zure anaiea, ta ez berau ganean dauen lurra baño obea, orain dirudiana ba'litz: eta nik ori nire esaneko galtzaidu onen iru atzondoz betiko oeratu nengike: eta zuk, egitekoa onan eginda, agokada zar au, gure bideak eragotzi bear eleuskiguzan Zurtasun yaun au betibeti kiñu egingo leukean tokira bidaliko zeunke. Ganetikoari buruz, zure azalbena guztiak artuko dabe katuak esnea edaten dauen letxe; guk aroari au, naiz ori orado datorkola esan ba'dagigu, beste guztiak ontzat artuko dabe.
Sebasten'ek. Ik egina izango dok, adiskide maite, nik egitekoaren aurretiko; ik Milano iritxiko eraz lortuko yoat nik Napoli. Atera ire ezpatea; zartada batek yareiko au i ik ordaintzen dokan zergatik; eta nik errege onek maite izango aut.
Andoni'k. Atera zeuk be: eta nik nire eskua atzeratu dagidanean, zuk beste ainbeste egin, Gontzal'eri erasoteko.
Sebasten'ek. Ara! Itz bat, ez besterik. (Eurak euretara izketan.)
Eresi. Barriera-barri aurrera Ariel, iñok ikus-ezinik.
Ariel'ek. Nire ugazabak aurre-yakitez ba-daki bere adiskideak zelango galbidean dagozan; eta neu bidaltzen nau ona, ostean aren asmoa, biziak bizirik eukitekoa, galdua litzateke-ta.
(Gontzal'en belarrira abeska)
Zu emen lo-arrantzaka zatzan artean
Azpikeriak begi-zabalik
Bere eretia artzen dau
Biziaren ardurarik ba'dozu,
Aztindu lo-zorro ta zagoz itzarrik:
Itzarri, itzarri!
Andoni'k. Orrezkero, gabiltzan gu biok bizkor, eta zirti-zarta.
Gontzal'ek. Orain, angeru onok, yagon erregei (Itzarri egiten dira)
Albontsa'k. Ara! Zer dok au? Ara! Itzarri! Zetarako atera dok ezpatea? Zegaitik begirakune larri-itzal ori?
Gontzal'ek. Zer da?
Sebasten'ek. Gu emen zure atsedena yagoten egon gareanean zezen, edo obeto esan, leoienaren antzeko orroa arroa entzun izan dogu: ez ete zau ak iratzarri? Ak larri-larri nire belarriai iztenak eragin izan dautsez.
Albontsa'k. Nik eztot ezer entzun.
Andoni'k. Mamuren belarria ikaratzeko añako durundu izan da; lurra bera be ikaratzekoa! Leoiarena barik leoi-talde osoarena izan da, urrean.
Albontsa'k. Entzun dok olangorik, Gontzal?
Gontzal'ek. Nire izen ona-arren, yaun, nik entzun dodana iñondiko durundu izan da ta orrexek iratzarri nau: nik zuri eragin, yaun, eta gedar egin dautzut; begiak idigi dodazanean orrein ezpatak aterata ikusi dodaz: durundu izan dana egia da; yagon daiguzan gure buruak; edo-ta emendik alde egin: atera daiguzan gure ezpatak.
Albontsa'k. Yarri adi i aurretik, eta toki onetatik alde eginda, gaioazan nire seme gixaxoaren billa ostera be.
Gontzal'ek. Yarri adi aurretik eta gaioazan.
Ariel'ek. Posper nire yaunak yakin bear dan nik egina (Bere kitean); orrekero, errege, zoaz bildurge zure semearen billa. (Alde dagi.)
II. Agerleku. Izaroko beste arlo. Kaliban aurrera, lepokada egurregaz.
Odei-otsak entzuten dira.
Kaliban'ek. Eguzkiak zingira, iztinga, iztoki, oxin eta ur geldietatik edoski ta zurrut egiten dauzan kutsu guztiak betoz Posper'en ganera, ta yan dagianaren atzondo bakotxeko gaitz bat intsigiko al yako! Aren iratxoak entzuten dauste, baña a ta guzti be nik ari birao-darioka ibili bear. Baña orreik ez dauste orratzik sartuko, ez kirikiño latzik erakutsita bildurtuko, ez ni lupetzan sartuko, ezta, ilintiak lez, ilunetan nire bidetik aldenduazoko, ak ai agindu ezik; baña edozein aletz eta uskerigaitik ezarten daustaz: batzuetan, niri mosuak egin eta itz-ontzi diran eta gero usigiten dausten tximinoen antza artuta; beste bein, nire bide-bidean yarrita, nire oña euren gane-ganera yoanda, euren arrantzakaz nire oin gorrietan min egiten dausten kirikiño latzen antza artuta; beste batzuetan sugegorriak kirimilduten yataz soin osoan, eta euren min sardatuz txistu eginda, zoratu bearrean yarten nabe: Ara! Ara!
Tirinkul aurrera.
Emen dator aren iratxoetatiko bat, eta niri elorrioak emoten dator egurrak astiro daroadazalako: luze ta soña betean etzango naz; ba-leiteke orrek ni onan ez oartzea.
Tirinkul'ek. Emen eztago ez txarakarik, ez ezetariko zugatz merrorik be egur-aldiaren erasotik nobere burua yagoteko, ta beste ekaitz datorku ganera; axearen txistuak iragarten daust; an aragoko odei baltz-eskarga ak bere zirina ixuri gurarik dagoan erlanagi motza dirudi: odeiak yo ba'dagi barrien-barri, len yo dauen lez, eztakit nire burua non ostondukorik a aragoko odeia kantinkadaka yausteko dago. Zer dogu emen? Gizon ala arrain? Bizirik ala ilik? Arrain: arrain-usaina dau beintzat; usain zantar eta arrain-sunda; makallaotxo gatzituen bat eta ez gatzitu-barriena. Iñondiko arrain berau! Ni orain Ingelanda'n ba'nengo (bein izan nintzan lez), ta arrain onen irudia bera euki, yai-egun-ergelen batek an onen irudiagaitik zidar-diru emongo leuskit: an mamu onek gizon egingo ninduke; an iñondiko edozein piztik edonor gizon egiten dau; eta eztabe emongo txakurtxikirik eskeko meikiri laguntzeko; amar emongo dabez, ostera, Inditarren baten gorpua ikuste-arren. Arrano, gizonarenen antzeko zangoak dauz! Eta onen egalak beso-antzekoak dira! Epel yagok, arranotan! Boa ortik zear nire lengo eretxia, oraindik aurrera enaz eretxi atako; au eztok arrain, izaro onetako lagunen bat baño, oraintsu oñaztarrien batek joa. (Ostots da). Ene! Ekatxa dator ostera be: nik egin daikedanik onena onen txartes-pera zirrist egitea da; alderdiotan eztago au ez beste legorrik: bearrak gizona iñondiko oelagunen ezagun egiten dau. Ementxe estali ta batuko dot nire burua ekatxaren ondarrak igaro arte.
Estepan aurrera abeska; eskuetan ardao-bonbil dauela.
Estepan'ek. Ez ni egundo geiago itxasora, itxasora,
Emen ilgo naz legorrean ganoraz...
Doñu zirtzil-zirtzila dok au gizonen iletan abesteko: ondo dago, amen nire poza (Edan egiten dau).
Ontziburuak, ontz yagoleak, ontz-zainak eta nik
Suaga-zainak eta aren lagunak
Maite genduzan Mari, Miren, Marine ta Katalin,
Baña guri iñori ardura ez Segunda;
Aren miñaren «tin-tan»-ak,
Ontzi-mutilari gedar egiten eutsan «Eure burua eskegik»;
No ari etxakon gogoko ui ta pike-sundarik,
Baña edozeinek atz eikion izanik azkurarik
Orrezkero, itxasora, mutilek, ak dagiala burua eskegi.
Au berau be doñu zirtzila da: Baña, amen nire poza.
(Edan egiten dau).
Kaliban'ek. Enagik mindu: ai, ene!
Estepan'ek. Ze arraio dok au? Txerrenak ete doguz emen? Marroak egiten ete dauskuzuez basati ta Indietako gizonakaz? Nik etxoat uretan itotetik alde egin orain ire lau zan goen bildurrik izateko, eta izan be esakunea dok: «Egundo lau-oñean ibilikoa besteko benetako gizonek ezin eragin leio ari atzeraka», eta ostera be esango da Estepan'ek surretatik arnasarik artuko dauen artean.
Kaliban'ek. Iratxoak gorriak ikusiazoten daustaz: Ai, ene!
Estepan'ek. Au izaro onetako lau-oñeko mamuren bat dogu, ta, nire ustez, beroenaren aldikadea dau. Non denganiño ikasi ete dau gure izkuntza? Gaitz-aringarriren bat emongo dautsat, onentzako gai izatekotan. Osatu al ba'dagit, eta otzanik bare euki, ta beronekin Napoli'ra eldu, au bere biziko esku-erakutsi litzateke egundo narruzko oñetakorik yantzi izan dauen erregentzat.
Kaliban'ek. Enagik mindu, arren; bizkorrago etxeratuko yoat egurra.
Estepan'ek. Aldikadeak yo dau oraintxe; eta bere itzak ez dira sentzuntsuenak. Nire bonbilekoa zelangoa dan ikusiko dau: iñoz lenago ardaorik edan ezpa'dau, bere aldikadea larri-larri kendu egingo dautso. Osatu al ba'agit, eta bare euki, ire alde geiegirik etxoat artuko: onek au dauenari onen zorra ordainduko dautso, eta ondorik asko ordaindu be.
Kaliban'ek. Bein-beinean ez daustak egiten min andirik; laster bai egingo daustak; ori ire kareak iragarten yaustak; Posper'ek eragiten dausk orain iri.
Estepan'ek. Egik eure naierea; idigi egik agoa: katu ori, aiko amen iri itz eragingo dauskana; idigi ago ori: onek uxatuko yok ire ikarea, baietz uxatu, sinetsi egidak; ik ezin esan daikek nor dan ire adiskide: zabaldu ire masalla-azurrok ostera be.
Tirinkul'ek. Berbaro ori ezagun yat: urliarenak izan bear leuke izan, baña a itorik da; eta onako oneik txerrenak dira. Ene! Lagun zakidaze!
Estepan'ek. Lau oin eta berbaro bi: iñondiko mamu! Onen aurretiko itzaroa orain bere adiskideaz ondo esatea da; atzetiko itzaroa, ostera, zantarkeriak eta iñori buruz txarto esatea da. Nire bonbileko ardao guztiak zuzpertu al ba'dagi, onen beroenaren aldikadea benderatzen lagunduko dautsat: Tiruk... Olantxe! Ire beste agoan be ixuriko yoat arean.
Tirinkul'ek. Estepan...
Estepan'ek. Ire bigarren agoa ete yagok niri deiez? Ene! Ene! Au txerren yatzu, ez mamu. Itxi dagidan geldi; eztot txali luzerik.
Tirinkul'ek. Estepani... Estepan ba'zara zu, ukutu nagizu ta itz egidazu; ni Tirinkul naz-ta, ez izan bildurrik; ni zure adiskide on Tirinkul naz.
Estepan'ek. Tirinkul ba'az ator argitara; zangorik laburrenetatik indar egingo yoat; zangootarik arean Tirinkul'enik izatekotan, onaik dira arenak. Izan be i Tirinkul berbera az; zelan eldu az i yaiotzatiko ergel onen barrura? Onek puzka Tirinkulak egotzi daikez, ala?
Tirinkul'ek. Nik ori oñaztarriak ilekotzat artu naioan baña ez ete az ito, Estepan? Orain zu etzareala ito ustetan nago. Ekatxa yoana ete da? Ni, ekatxaren bildurrez, yaiotza tilko ergel il onen txartes-pean ezkutuan yarri naz. Bizirik zagoz, ala, Estepan? Ene Estepan, Napoli'tar bik igesi!
Estepan'ek. Arren, ez egidak birarik eragin; nire biuzturia larri yagok.
Kaliban'ek. Oneik iñondiko gauzak dira, ta iratxoak ezpa'dira, yainko indartsuen bat da, ta zerutiko edaria daroa bere aurrean belaunbiko yarriko naz.
Estepan'ek. Zelan urten dok ik onik eta ondo? Nolan eldu az ona? Bonbil auarren zin egik nolan eldu azan ona. Nik neuk itxas-gizonak ontzi-egaletik itxasora egotziko ardao-upel ganean igesi naioan, eta au itxasertzeratuezkero neure eskuz zugatz-azalagaz eginiko bonbil au-arren dirauskat
Kaliban'ek. Bonbil ori-arren zin egingo dautzut zure benetako bendeko izango nazala; orrek daukan edaria ludi onetakoa ezta-ta.
Estepan'ek. Eutso; orrezkero zin egik ik nolan igesi enduan.
Tirinkul'ek. Ataak legetxe uger egin neban izpasterrera, gizon; nik ba'dakit ataak lez uger egiten: orreri buruz zin egiten dot.
Estepan'ek. Eutso, mun egiok idazti oneri: ataak lez uger egin daikekan-arren, i antzarraren antzeko egin aue.
Tirinkul'ek. Ene Estepan, onangorik arean geiagorik ez ete dozu?
Estepan'ek. Upel-bete, gizon, upel-bete. Nire ardangela itxasertzeko artzulo dok; antxe yagok ostonduta nire ardaoa. Nolan ago, yaiotzatiko ergel ori? Zelan yoak ire beroenaren aldikadea?
Kaliban'ek. Zu ez ete zara yausi zerutik?
Estepan'ek. Iretargitik yausi nok, bai orixe. Ni len iretargiko gizona izana nok.
Kaliban'ek. Nik an ikusia zaut. Nire ugazaba-andereak erakutsi zindudazan, baita zure txakurra ta egur-sendorra be.
Estepan'ek. Tiruk, orreri buruz be zin egistak; mun egiok idaztiari; idazti ori barriro beteko yoat: zin egik.
Tirinkul'ek. Argi on au-arren; mamu au azal-azal da: Onen bildur izan? Mamu makal-makala da au; ...Iretargiko gizona! mamu gixaxo onen sinispera utsa: benetan, ondo margoztu aue, mamu.
Kaliban'ek. Izaro onek dauen lur emokorra atzondorik atzondo erakutsiko dautzuek; eta zure oñari mun egingo dautsat: arren-bai-arren, zakidaz nire yainko.
Tirinkul'ek. Argi au-arren, i mamu saltzalle-saltzalle ta mozkorti az; orren yainkoa loak artu dagianean, orrek bonbila ostu egingo dautso.
Kaliban'ek. Ire oñari mun egingo yautsat; zin egingo yoat ire bendeko izango nazala.
Estepan'ek. Orrezkero, tiruk; belaunbikotu ta zin egik.
Tirinkul'ek. Iztenak egin arteko barreak egingo dautsadaz buru bako mamu oneri: mamu zirtzil-zirtzil oneri! Nik i yo egin bear induket...
Estepan'ek. Tiruk, mun egiok.
Tirinkul'ek. ...mamu gixaxo au edaritan ezpa'lego; mamu onen askarri!
Kaliban'ek. Iturririk onenak erakutsiko dautzuedaz; arangarratzak, aubiak, masustak-eta batuko dautzuedaz; iri arrantzuan be egingo dauskat, eta itzako egurrik asko ekarri. Izurriak eroango al dau ni otsein naiakon lege bako gizona. Geiago eztautsat batuko abarrik, iri iñondiko gizon orreri yarrai baño.
Tirrinkul'ek. Mamu onen barregarri! Mozkorti gixaxo iñondiko gizontzat dau-ta.
Kaliban'ek. Arren-bai-arren, itxi egidazu karramarroak azten diran lekura zu eroaten; eta nire atzazal luzeokaz eskuti-ogiak aterako dautzudaz lurpetik; eskillaso-abi erakutsiko dautzut eta irakatsi zelan oratu oragalluz tximino bizkorra; ur-mordontxiloetara eroango zaut, eta noizpeinka atxetatik itxasezti egin-barria ekarriko dautzut: yoan gura dozu nikin, ala?
Estepan'ek. Arren-bai-arren, itz-darioa itxita, erakutsi egidak bidea. Tirinkul, errege ta beste lagun guztiak ito dirianezkero, izaro onen yabe egingo gozak. Eutso (Kaliban'eri); eroaik nire bonbila. Yarrai Tirinkul'eri; ori nozik-bein ostera be bete egingo yoagu.
Kaliban'ek. «Agur, ugazaba; agur, agur» (Mozkor-antzera abesten).
Tirinkul'ek. Ausika daragoion mamu; mamu mozkor.
Kaliban'ek.
«Eztot egingo geiago arrainentzako ur-ormarik;
Ezta billatuko errekinik
Iñok aginduz,
Ezta olik igurdiko ta azpilik irukutziko;
Ban, ban, Ka-Kaliban'ek
Ugazaba barri dau. Gizon barri dau. »
Azkatasun, eup, mutil! Eup, mutil, azkatasun! Azkatasun, eup, mutil azkatasun!
Estepan'ek. Mamu adoretsu ori! Oa i aurretik. (Alde dagie).
III. ekitaldi
I. Agerleku. Posper txabola-aurrea. Perdinanda aurrera, zubil dakarrela.
Perdinanda'k. Yolas batzuk mingor dira, ta eurak dakarren nekeok eztautso egiten lekurik atseginari: zirtzilkeri batzuk gizonki yasaten dira. Eta zeregin apal-zirtzilik geienak elburu ta xede goikoetarako bide izaten dira. Nire zeregin ziztril au aztun-nekor egingo litxakit, aspergarri da-ta; baña ni otsein naiakon andereak ilek be biztuko leukez-ta, nire nekeok atsegindu egiten daustaz: eta a aren aita asarrebera dan baño eun bider txeratsuago ta leunago da; eta aita laztasuna bera izan. Nik emendik au lango zugatz-zubilak millaka kendu ta pilatu egin bear dodaz, agindu gorriaren arauz: nire andera maiteak negar egiten dau ni lanean izerdi-bitsetan ikusita; eta onango zirtzilkerik onango egilerik egundo eztauela izan esaten dau. Aiztu egiten yat: baña oldozpen leunok nire nekeak arindu dabez; latzen oldozpenok gitxien dodazanean egiten yataz.
Mirande aurrera, ta an arago baten Posper.
Mirande'k. Ai ene, bada! Arren, ez ekin lanari orren gogor: tximisteak erreko al dauz zuk pilatu bear dozuzan zubilok! Arren, eratsi egizu bizkarretik, eta atseden artu egizu, orrek su egin dagianean zu nekatuagaitik negar egingo dau. Nire aitak gogotsu daragoio ikasten: orain, otoi, atseden ar egizu ak iru orduotan eztautzu yaramongo.
Perdinanda'k. Andera maite-maite ori, eguzkia sartuko da nik nire arloa egin baño len.
Mirande'k. Zu yezarrita zagozan artean, neuk eroango dodaz zure zubilak; arren, ekazu ori; neuk eroango dot egurpilora.
Perdinandak. Ez, izaki eder-eder: lenago karrask eragin nire zan eta giarrai, bizkar-azurra ausi, nik olango irainik yasan baño, ni zure aldamenean arkolo yezarrita nagoala.
Mirande'k. Ori niri saritzat legokit; eta nik ori zuk baño errezago egingo neunke; zu neke orren aurka zagoz, ni, ostera, orren alde.
Posper'ek. (Bere kitean). Mamarro errukarri ori! zu kutsututa zagoz; zure ikustaldi onek argirorik asko iragarten dau ori.
Mirande'k. Zuk unatuaren antza dozu.
Perdinanda'k. Ez, andera zindo; zu gabaz nire aldamenean zaukadazanean, niretzako goxalde ozkirri da. Arren-bai-arren, esan egidazu zure izena, alan be nire otoitzetan gogora dagidan.
Mirande'k. Mirande yat izena; ene aita, au esanaz zure agindua ausi dot!
Perdinanda'k. Mirande gelgarri ori! (2 bis). Izan be, zu gelgarrien gelgarri zara; munduan danik zerik ederrena añako! Amaikatxo andera eder begiratu izan dot nik lotsarik andienaz; eta ainbat bidar euren miñaren eresi gozoak benderatu izan dauz nire belarri zoliegiak; ekandu on bategaitik nai bestegaitik ainbat emakume egin izan yataz begiko; baña egundo eztot ikusi emakume oso onik bere ekandu onakaz batera akats au edo ori burruka eztabilkonik eta arein ederra ilundu eztautsonik: baña zu, zu langorik eztan ori, zu izaki bakotxak dauen zerik ederrenez egina zara.
Mirande'k. Nik eztot ezagun nire ar-emetasunekorik bat be! emakumerik eztot ezagun, nire ispillu-bitartez neure burua, ez besterik; ezta nik gizon deitu daikeodanik be zu nire adiskide on ori ta nire aita maitea, ez besterik be: ortik zear dirianen antzak zelangoak dirianik nik tautik be eztakit; baña niri izamenak emoneko esku-erakutsien pitxitzat dodan nire apaltasunez eta lotsortasunez nik zu, ez besterik eneunke gurako laguntzat ludi onetan; eta nire irudimenak be ezin antzik emon izango leuskio nire begiko izan leitekeani, zeu ez besteri. Baña nik umekeri geiegi esaten daragoiot eta aitaren aginduak austen.
Perdinanda'k. Ni, nire izatez, Mirande, ni errege-seme naz; errege bera, urrean; eta ez al nintz olangorik! Eta egurreta-yoputasun au eneunke guragoko aragi usteleko euliak nire agoan durunduka ibiltea baño. Entzun nire biotzak diñoana: zu ikusi zindudazan une bere-berean nire biotzak zure otseintzara egaz egin eustan: arrezkero, or dago, ni orren bendeko egiteko; eta orregaitik nozu zubil-gizon epetsu au.
Mirande'k. Maite nozu, ala?
Perdinanda'k. Zeru-lurrok, izan zuok ots onen lekuko, ta nik egia ba'diñot, eroan nire autorpena elburu maitagarrira! Guzurra ba'ledi, ostera, niretzako etorkizun zan zerik onena okerretara yazoko al da! Nik munduan danik edozer baño askozaz maiteago, aintzakoago ta goragarriago zaut.
Mirande'k. Ni ergel nozu, pozbideak negar eragiten daust-eta.
Posper'ek. (Bere kitean). Iñondiko leieak yo dabe emen alkarregana! Zeruak eskar gozozko euria bidaltzen dautsoe orrein artean azten daragoionari!
Perdinanda'k. Zer dala-ta zagoz negarrez?
Mirande'k. Nik emon gura neunskizunik emoten azartzeko gai enazalako; eta artu ezik ilgo nazana yakin eta artzeko gai enazalako. Baña au be ba-da, ba, aletza; eta ezkutuago egon gurago ta geiago erakusten dau bere burua; alde emendik maltzurkeri lotsorrok, eta emoidazue errugetasun izurge ta gurena! Ni zure emazte nozu, nikin ezkondu gura ba'dozu; zuk gura ezik, zure otsein ilgo naz; zuk ukatu zengist zure lagun izatea; baña zuk gura-nai-gura-ez, ni zure otsein izango naz.
Perdinanda'k. Nire andera, maite-maite, eta ni onan beti apal.
Mirande'k. Orrezkero, nire senar?
Perdinanda'k. Bai, eta bendekotasuna azkatasun-zale dan besteko zaletasunaz nire biotzean: eutsi esku au.
Mirande'k. Eutsi nire au be, biotza barruan dauela eta orain agur, emendik ordu-erdirarte.
Perdinanda'k. Millaka ordu! Millaka!
(Perdinanda'k eta Mirande'k alde dagie).
Posper'ek. Ni onegaz ezin poztu naiteke orreik aña, ni orregaz arriturik egonarren; baña, orraitiño, ezek be ezin poztu nagike geiago. Ni nire idaztira noa; oraindik aparitararte arira datorren lan-arlo andia dot egiteko-ta.
II. Agerleku. Izaroko beste alderdi. Estepab eta Tirinkul aurrera; Kaliban atzetik bonbilegaz.
Estepan'ek. Ez egidak esan; upela ustu daitenean, ura edango yoagu; tantanik bez ordurarte; orrezkero, ez larritu, ta iruntsi; otsein mamu, edaik nire alde.
Tirinkul'ek. Otsein mamu! Bai, zera! Izaro onetako ergel! Izaro onetan bost baño eztiriala diñoe; euretatik iru geu gara; beste biak guk baño buru zindoagorik ezpa'dabe, erri au zealdoka ta albo-alboraka dogu.
Estepan'ek. Edan, otsein mamu, nik agintzen dauskadanean: ire begiak larri-larri ire buruan sartuta yagozak.
Tirinkul'ek. Oba ez; eta izan be, non egoteko buruan ezik? Mamu ikusgarri litzateke begiak buztanean ba'leuz.
Estepan'ek. Nire gizon mamuak bere miña ardao zuritan ito dau: ni neu beintzat itxasoak ez n ito nagike: itxasertzera baño len ogei ta amabost legoako bidea egin neban uger, atzeraka ta aurreraka, argi oneri eskerrak. I izango az nire ordeko, mamu, edo nire eredu.
Tirinkul'ek. Zure ordeko, zuri ba'deretxatzu; ori ezta ezetan eredu.
Estepan'ek. Ez gaioazak aringa, mamu yaun.
Tirinkul'ek. Ezta iñora yoango be: etzan egingo az, txakurrak lez; eta ez deusik esan be.
Estepan'ek, Ergel yaio orrek, ire bizian bein itz egik, ergel yaio ona ba'az.
Kaliban'ek. Nolan dago zure zindotasuna? Zure oñetakoak miazketan itxi egistazu. Ni enaz izango orren otsein; ori ezta adoretsu.
Tirinkul'ek. Guzurra diñok ik, mamu ezyakin-ezyakin orrek: ni erri-zainakin be burruka egiteko gertu naiagok. Errekatik aterako arrain ori, noz izan dok dollor eta bildurti gaur nik edan dodan beste ardao zuri edaneko gizona? I erdi arrain eta erdi mamu baño izan ez-ta olango guzur eskargarik esango ete dok?
Kaliban'ek. Ara, irrika dabilt! Olangorik egiten itxiko ete dautsazu, ene yaun?
Tirinkul'ek. Yaun, diño orrek! Ori bai ba-dala izateaz besterako mamu!
Kaliban'ek. Ara, ara ostera be! Usika egiozu, yaun, arren.
Estepan'ek. Tirinkul, min ona izan egik ire buruan asaldari ba'adi, urrengo zugatzetik eskegiko aut. Mamu errukarri ori nire bendeko dok eta eztautsak irainik egin bear.
Kaliban'ek. Eskerrik asko, ene yaun zindo. Entzungo ete daustazu ostera be nik bein egin neuntzun eskaria?
Estepan'ek. Bai, mutil, entzungo dauskat: yarri adi belauniko ta esaik barriro. Ni ta Tirinkul zutunik egongo gozak.
Ariel aurrera, iñok ezin ikusi dauela.
Kaliban'ek. Lenago esan neuntzunez, ni gizon bioz-gogorren otsein naz, bere lupukeriz eta niri ziri ederra sartuta, izaro au ostu daustan aztu da a.
Ariel'ek. Guzurra diñok.
Kaliban'ek. Guzurra ik diñok, tximino irrilari orrek, alango orrek; nire ugazaba adoretsuak zuzituko al au! Nik etxiñoak guzurrik.
Estepan'ek. Tirinkul, orren esanetan geiagotan sartu ba'adi sartu, esku onegaz agin batzuk egotziazoko dauadaz.
Tirinkul'ek. Ostera! Nik eztot ezer esan.
Estepan'ek. Orrezkero, ixilik, eta bego. (Kaliban'eri) Yarraik.
Kaliban'ek. Nik diñodana da, ak aztikeriz izaro au beregandu daustala; ak nigandik artu eban. Zure nagusitasunak ordea emon gura ba'leutso ari (zuk orretarako adorerik asko dozu-ta), baña au onako au ezta azartzen.
Estepan'ek. Ori egi uts-utsa da.
Kaliban'ek. Zu izango zara izaro onetako yaun, eta ni zure otsein izango naz.
Estepan'ek. Zelan izan leiteke au? Eroan ete nagikek lagun-artera?
Kaliban'ek. Bai, bai ene yaun; nik a lotan eskuetaratuko dautzut, eta zuk gura-ezkero, ari buruan untzea be sartu zineio.
Ariel'ek. Guzurra diñok; ik ezin dok.
Kaliban'ek. Ze belamika barritsu-ergel dogu au? Adabaki zirtzil ori! Zure nagusitasunak orreri belarrondoko batzuk el-non eta bonbila kenduko al dautso; ori amaitu dakionean, orrek gezala ez besterik eztau edango: urgozo-iturriak norago dirianik eztautsat erakutsiko-ta.
Estepan'ek. Tirinkul, ez adi yarri galbiderago; bein geiagotan mamu oneri itza ebagi ba'dagiok ebagi, nik errukiari ateak itxita, opildu egingo aut nire eskuz.
Tirinkul'ek. Ostera! Zer egin dautsat, ba, nik? Nik eztautsat ezer egin: ni orregandik urrindu egingo naz.
Estepan'ek. Ez ete dautsak esan orrek guzurra diñoala?
Ariel'ek. Ik guzurra diñok.
Estepan'ek. Esan ete yoat? Artuik au (Yo egiten dau). Au atsegin ba'yak, guzurtau nagik ostera be.
Tirinkul'ek. Nik etzaut guzurtau. Zu be burutik ezeze belarrietatik be eginda ete zagoz? Zure bonbil onen denganiñoa! Au ardao zuria edanarena da! Zure mamua sakuteak yoko al dau! eta txerrenak eroango al dauz zure atzak!
Kaliban'ek. Ja, ja, ja!
Estepan'ek. Orain, yarraik ire ipuña. Arren, i aragetu adi.
Kaliban'ek. Gogorrago yo egizu ori: oraindik laster neuk be yoko dot.
Estepan'ek. Oa arago! Tiruk, yo aurrera.
Kaliban'ek. Ba, esan dautzudanez, ak eguerdi-ostean loaldi egiteko ekandua dau: lotan dagoala, ari atera zenegioz garaunak, lenen aren idaztiak zeuganduta; edota, adakiz birrindu aren buru-azurra, naiz opildu a egurka, edo-ta ari iduna ebagi zure aiztoz nai aiotzez. Ez aiztu gero, lenen aren idaztien yabetu zaitez; aik barik a, ni nazan lez, kedarra baño geiago ezta, ta eztau izango iratxo bat be nori agindu; aik guztiak dautsoe gorroto gorria, nik lez. Erre egizuz aren idaztiak. Ak lanabasa (berak beintzat izen au ezarten dautse) bikainak dauz, eta etxerik izari dagianean, eurekaz egingo dautso tellatua. Eta sakon-sakon ausnartu bear dana aren alabearen edertasuna da; ak berak BARDINBAKO eresten dautso; nik eguño eztot ikusi emakumerik, nire ama Sailsoratz eta a baño; baña a Saikoratz'en aldean eder be eder da, ederra itxusiaren aldean dan legetxe.
Estepan'ek. Neska orren eder ete dok?
Kaliban'ek. Bai, yaun, zure oerako ederto be ederto letorkizu; bai orixe, ta seme-alaba ederrak emongo leuskizuz.
Estepan'ek. Mamu, nik gizon ori il egingo yoat aren alabea ta ni errege ta erregeno izango gozak; Gora gure gurentasuna! I ta Tirinkul errege-ordeko izango zarie. Begiko ete yak asmo au, Tirinkul?
Tirinkul'ek. Itzalez.
Estepan'ek. Ekak ire eskua; i yo izanaz garbaituta naiagok: baña ire bizian min ona erabili egik.
Kaliban'ek. Ordu-erdi barru a lotan dozu. Zuzituko ete dozu orduan?
Estepan'ek. Bai, nire izen ona-arren.
Ariel'ek. Nik au nire ugazabari esango dautsat.
Kaliban'ek. Pozez ganezka yarri nozu: ezti-eztitan nago; izan gaitezan txitxari; lentxoago irakatsi daustazun doñua taraka abestuko ete dozu?
Estepan'ek. Mamu, ik eskatuezkero, nik bidezko dan edozer egingo yoat, edozer, gero. Tiruk, Tirinkul, abestu yaiguan. (Abesten daragoioe).
«Irri egiezu, ta irriz ezetza emon egiezu;
irriz ezetza emon eta irri egiezu; oldoztutea azke da.»
Kaliban'ek. Ori ezta arako doñua.
(Ariel'ek yoten dau doñua danbolin eta txistuz).
Estepan'ek. Zer dogu au?
Tirinkul'ek. Au gure arako tararako doñua bera da, Iñorez'en irudiak yota.
Estepan'ek. Gizon ba'zara, gizon, erakutsi zure burua bera dan legetxe: Txerren ba'zara, ostera, artu gura dozun antza.
Tirinkul'ek. Ene, azketsi egidazuz nire obenak!
Estepan'ek. Ilten danak, bere zor guztiak ordaintzen dauz: nik eupada egiten dautakat: Gure erruki izan adi!
Kaliban'ek. Bildur zara, ala?
Estepan'ek. Ez, mamu, ni ez.
Kaliban'ek. Ez izan bildurrik. Izaro au poza emoteko bai, baña ezetariko okerrik egiten eztaben zarata, ots, durundu ta aize-giroz beterik dago. Iñoz milla ereskinek batera zoli yoten dabe nire belarrien urrean; eta nozik-bein bai abotsak be, luzaroan lo egonda itzarri-arren, ostera be lo arrazoko leuskidenak; eta gero, amesetan, odeiak idigi ta nire ganera aberastasunak eralgiten ebezala irudituten yatan: eta itzarten nintzanean, negarrez, barrien-barri ames egitea eskatzen neban.
Estepan'ek. Bakalderri au egundokorik ondoen etorriko yat, emen eresia utsean izango dot-eta.
Kaliban'ek. Posper zuzitu dagizunean.
Estepan'ek. Ori bereala ta txirikelan egingo dogu: gogotan yoat arako ire ipuña.
Tirinkul'ek. Otsa yoan doa: yarrai dagiogun ta, gero, egin egitekoa.
Estepan'ek. I aurretik, mamu, gu ire atzetik yoango gozak. Nik danbolin-yotzalle au ikusi gura neunke: ixilduaz ixilduaz doa.
Tirinkul'ek. Ba-zatoz, ala? Nik yarraituko zaut, Estepan. (Alde dagie).
III. Agerleku. Izaroko beste arlo. Albontsa, Sebasten, Andoni, Gontzal, Adiran, Pantkeska ta abar aurrera
Gontzal'ek. Andera Miren-arren, ni ezin yoan naiteke aurrerago, yaun: nire azur zarrok minduta dodaz; izan be emen bide kako-makotsu ta zearka-mearkatsu utsak doguz bein artezak, bein kakotsuak! Epe artu egizu, baña ni atseden-bear gorrian nago!
Albontsa'k. Agure yaun, nik ezin ezarri zuri errurik, ni neu be una-una eginda ta soñeko kemenak motelduta nagota: yezarri ta atseden artu egizu. Ementxe erantziko dot nire itxaropena be ta ez euki aldean luzaroago nire zuritzalletzat gu bere billa emen bideak betean eta bideak galduta gabiltzana itorik da: eta gu legorrez aren billa ibiliari irri ta barre egiten dautso itxasoak; Tira, ba, egin baño eztauko.
Andoni'k. Ni pozik nago orrek itxaroa galdu izanaz (Banazean Sebasten'eri). Bein atzeratu-arren, ez egizu itxi bertan-bera zuk bein aurrera eroateko artu zendun erabagia.
Sebasten'ek. Urren letorkigun Ereari oso-osoan elduko dautsagu.
Andoni'k. (Sebasten'eri banazean). Bedi ori gau onetantxe: eta izan be, bideak emoneko nekearen nekez unatu-unatuta dagokezanean eztabe izango, ezin izan daikie, soñak arin eta bizkor dabezanen zaintza ta zurtasunik.
Sebasten'ek. (Andoni'ri banazean). Gau onetan egingo dala yiñoat; au bego au.
Eresi ben eta iñondiko; eta Posper euren buruen ganean, agiri eztala. Iñondiko Irudi batzuk aurrera, oturuntzea dakarrela; mai-baranoan yantzan egiten dabe agur-soin-ereikera lirainakaz, eta errege ta enpaduai yatepo dei eginaz alde dagie.
Albontsa'k. Ze oskidetasun dogu au? Entzun, nire adiskide onok!
Gontzal'ek. Eresi itzalez gozo ta zoragarri!
Albontsa'k. Yagola txeratsuak emon egiskuzuez zeruok! Nortzuk izan dira orrako orreik?
Sebasten'ek. Iñondiko gogaldi bizi; orain bai nik sinetsiko dodala ba-dagozala adarbakardunak; Arabi'n «penitz'en» (3) bakaulki deretxon zugatza dagoala; une onetan ango errege penitz dala.
Andoni'k. Nik biak sinetsiko dodaz; eta nire sinismen-eske beste edozer etorri ba'dakit, egi dala zin egingo dot ortik zear ibiliak egundo eztabe esan guzurrik, etxeko ergelak aik guzurtitzat etsi izan-arren.
Gontzal'ek. Nik orain au Napoli'n esango ba'neu, sinistuko ete leuskide? Nik esango ba'neu onango ta onango izarotarrak ikusi dodazala, eta izan be, oneik izaro onetako lagunak dira, urrean, irudiz mamu-antzeko izan-arren, gutariko asko, edo obeto esan, gutariko iñor baño txeratsuagoak.
Posper'ek. (Bere kitean) Yaun zindo, ondo esanda zuk esana, zuotariko batzuk txerrenak baño okerrago zarie-ta.
Albontsa'k. Nire gorapenak eztira izango lar Irudi orrentzat, olango soin-ereikerak eta abots esankorrak dabezanezkero, miñik erabili ez-arren, olango itzaldi ixil-ederra egin dauskuenontzat.
Posper'ek. (Bere kitean) Alde egitaldian goratu egizak.
Pantzezka'k. Iñondiko eraz ondatu dira.
Sebasten'ek. Eztau ardura; yakiak or euren atzean itxi dabezanezkero; eta izan be, guk ba-dogu urdallarik. Gura dozue or maian dagozanak zelangoak dirian ikusi?
Albontsa'k. Ez nik.
Gontzal'ek. Benetan, yaun, eztozu bildurrik zetan izan. Mutiko gintzanean nok sinetsiko eban esan ba'leuskue ba-dagozala zezenak tez idunetik dingilizka narru-zorroa daben menditarrak, idunetik dingilizka aragiz beteriko narru-zorroak dabezanak? Naiz, ba-dagozala burua bularrean daroen gizonak? Baña orain dakusgunagaz bai ona dogu bosten alde bat yokatu ba'dagigu.
Albontsa'k. Ni yakioi eldu ta yaten naioak; ori nire atzena izango ba'dok be, etxaustak ardura, gure onena yoana dala uste yoat-eta: Anai, nire yaun duke, aurrera, ta egin zuok be guk dagiguna.
Ostotsak eta yusturiak. Ariel aurrera, emakume-egaztiantzez (4); egoak aztintzen dauz mai-ganean, eta iñondiko bidez oturuntzarik agiri ez geiago.
Ariel'ek. Zuok iru gizon obendi zarie, beko mundu au ta bertoko oro bere esaneko ta bitarteko dauzan atan-bearrak itxaso ase-beteari okadaka egotziazoko iru gizon obendi; eta gizonik bizi eztan izaro onetara egotziazoak izan be: biziteko gitxien egoki zarienok. Nik burutik eragin dautzuet; eta onangoxe adorez gizonai euren buruak eskegiazo ta itoazo dautsedaz.
(Albontsa, Sebasten eta abarrek ezpatak ateratzen dabez)
Ergelok, alangook! Ni ta nire lagunak alan-bearraren agindukoak gara; zuon ezpatak gaitzat izan dabezen lenen-gaiak bardin zauritu leikiez axe zaratatsuak, naiz irri egiten yakien epaiz beti alkarreri deutsen urak il, nire egakiko uletxo bat bera gitxiagotu baxen errez; nire lagunak be onangoxe zauri-ezinak dira; minik egin al ba'zendue be, orain zuon ezpatak zuon indarrentzako aztunegi dira, ta ezin eragi izango dozuez. Baña gogoratu zuokana nakarren egitekoa auxe da-ta,- gogoratu zuok Milano'tiko irurok Posper onaren tokia artu dozuela; a itxasoari emon dautsazuela, ta itxasoak azke itxi dauela bai a bera, bai aren alabatxo errugea, ta egite askarri orregaitik almenak, zuok eginarekiko zigorra geroratu bai baña aztu ez-ta, asarre bizian yarri dabezala itxasoak eta izpasterrak; bai, izaki guztiak, zuon gentzearen aurka: Iri, Albontsa, iri ire semea kendu dauskae; eta nire bitartez, ire ganera astiro-astiro etorriko dan ondamendia iragarten yoek, bat-bateko eriotzea baño txarrago dan ondamendia, ire ta ire asmoen zai dagoana; zuok almenon asarre gorritik alde egiteko bide bakarra zuon biotznaibagea ta, orren urren, bizitz zintzoa dira: eta orrako ori izaro bakar-bakar onetantxe egin ezpa'dagizue, orrako asarre ori betebetean yausiko da zuon buruen ganera.
Ostots artean ondatuten da: gero, eresi leunez, arako Irudiak ostera be aurrera, ta mosuak eginda, maia kendu egiten dabe.
Posper'ek. (Bere kitean) Ene Ariel, itzalez ederto egin dok emekume-egazti onen egitekoa; gatz andiz irunsten izan yok orrek: ik esatekoetan nik agindurik txikerrenik be eztok itxi betetzeka: olan, bizkor-bizkor eta iñondiko zeaztasunez egin dabez euren egitekoak nire bendekorik zirtzilenak be: nire lilurapen andiak eta oneik nire areriook alkarri yosi-yosi eginda, oneik zer egin eztakiela ta nastuta dagoz: orain nire bendeko dodaz; eta aldien onek yota itxiko dodaz nik oneik, ni neu oneik itotzat daben Perdinanda Gaztea ta bere ta nire maite maitea ikusten nazan artean. (Posper'ek alde dagi).
Gontzal'ek. Zer gurenen bat-arren, yaun, zer dala-ta dozu iñondiko begirakune ori?
Albontsa'k. Eneee! Onako au mamuena da! Itxasoak orxoa egiten ebala ta berak itz egiten eustala iruditu yat; axeak be orixe abestuten eustala; eta oskin sakon eta ikaragarri dirian ostotsak be Posper'en izena aitatuten eustela; ak abots lodisakonez abestu dau nire utsa. Beraz, nire semea itxas-ondoko lupetzan datza; eta nik egundo ondo-berunek billatu izan dauen baño ondorago billatuko dot a, ta akin batera an lupetzako oean etzan. (Alde dagi).
Sebasten'ek. Aldien txerren bat, euretariko taldeak benderatuko dodaz nik.
Andoni'k. Neu izango nozu zure urrengo. (Sebast. eta And.'k alde dagie).
Gontzal'ek. Orreik irurak dagoz etsita; euren erru andiak, bere lana geldi-geldi egiteko emoten dan edenaren antzera, ba-daragoio orrein indarrak makaldu ta iristuten: nik baño azur-giltza bigunagorik dozuenok, arren-bai-arren, zoaze arin orrein yarrai atzetik ara, orain orrein yabe eginda dagoan lilurapenak eragin leioena galazoteko.
Adiran'ek. Yarrai, arren-bai-arren. (Alde dagie).
IV ekitaldi
I Agerleku. Posper'en txabola-aurrea. Posper, Perdinanda ta Mirande aurrera
Posper'ek. Zigor aztunegia ezarri ba'dautzut, nik zuri orren ordezkotzat emonak kitututen dau ori; eta izan be, nik zuri nire biziaren ari emon dautzut, niri bizirik eusten daustan aria; eta bein barriro yarten dot ori zure eskuetan: nik zuri ezarriko lorrak zure maitasuna zelangoa dan ikusteko izan dira, ta zuk nire azterpen ori iñondiko eraz yasan dozu: emen, Zeruaren aurrean, sendesten dot nire esku-erakutsi bikaina. Perdinanda ori, ez egin niri irribarrerik, nik ori onan arro goratzen dodalako. Eta izan be, zeuk ikusiko dozu orrek gorapen guztiai geiago egin eta atzean urrin izten dauzala.
Perdinanda'k. Sinisten dot nik ori, baita yainkoen batek besterik esango ba'leu be.
Posper'ek. Orrezkero, artu egik nire alabea, nire eskuerakutsitzat, eta ik euk ondo irabazitzat: baña egiteko zer guren guztiak zeatz bete-aurretik orren neska-lotsakizuna ausi ta apurtu ba'dagik, egiune au azteko onespen gozorik ez al dau ixuriko zeruak: bai, ostera, gorroto antzuak, ezespen betokerrak, alkarikusi-ezinak estaliko dabe zuon ezkon-oea, bedar txarren antzera, ta zuoi oe ori gorrotoazo egingo dautzue; orrezkero, abil arduraz, legezko ezkontza-argiak zuoi argi egin arte.
Perdinanda'k. Egun baketsu, legezko seme-alaba ta bizitz luzearen itxaropena dodanezkero orain dodana langoxe maitasunagaz; okolurik ilunenek, erarik egokienek, iratxorik gaiztoenek burura ekarri dagiskedan zirikaldirik baltzenek eztau egundo loituko nire izen ona lizunkeriz; eztot, amustuko ezteguegun-aurretik leiearen ertz zorrotzik, egun atan nik edo Peba'n (5) zaldiak unatu ta ebagita gelditu diriala, edo-ta gaua an bean estuntzaz estuta gelditu dala uste izateko.
Posper'ek. Ederto esanda; yezarri, orrezkero, ta itz egin orrekin, ori eure dok-eta. Eeee! Ariel; nire esaneko zoli-asmotsu, Ariel.
Ariel aurrera.
Ariel'ek. Zer gura dau nire ugazaba altsuak? Emen nozu ni.
Posper'ek. Ik eta ire lagun i baño txikiagoak zuon azkenengo otseintzea egundokorik ondoen egin izan dozue; eta orain a lango beste ziltzi-maltzan erabili gura zauet: oa ta ekarri egik ona nik iri aren gain almen emoneko zarramarrea; bizkor ibiliazo egiek, bikonde onon begien aurrean nire arteak asmauko uskeria imini gura yoat-eta; nik onei agindu yautset eta oneik orrako orren begira yagozak.
Ariel'ek. Bertatik, ala?
Posper'ek. Bai, begiak itxi-idigian.
Ariel'ek. Zuk «ator» eta «oa» esan eta arnasea birritan artu-orduko; eta zuk «olan eta olan» gedar egin-orduko; bakotxa bere beatz-mokoen ganean datorrela emen izango dira mosuak egiten: maite ete nozu, ugazaba? Ez?
Posper'ek. Itzalez, ene Ariel me ori. Etzakidaz urreratu, zuk nire deia entzun arteño.
Ariel'ek. Ondo aitu dot. (Alde dagi).
Posper'ek. Begira ta zintzo izan; maitekerietan ez nasaitu geiegi lokarririk; zinik sendoenak odol beroaren suarentzat lasto baño eztira: neurriberago izan, ostean agur zure zina!
Perdinanda'k. Nik itza damotzut, yaun: zagoz nasai. Nire biotzeko soin-osotasunaren edur zuri-otzak nire gibeleko beroa otzitu egiten dau.
Posper'ek. Ori ondo. Ator orain, ene Ariel: iratxo gitxiegi barik geiegi ekarrik orain: agertu ta lotsabako agertu be. Ez eragin miñi; bedi dana begi: ixilik egon. (Eresi samur).
Kokomarro. Iritz (6) dator aurrera.
Iritz'ek. Keretz (7), andera esku-zabal esku-zabal ori, zure garitza, zikiriotza, garagartza, zalketza, olotza ta idartza yori-aberatsak; ardiak moztuten dabezan zure mendi- bedartzak eta eurak eukiteko ardi-txabola tellatu-lau, lastoz estaliak; urneskak burestun argi-garbiak egiteko Yorrail apitzak, zure eskariz, zoragarriz yanzten dauzan zure ibai-baztar peoni ta liliz yantziak; eta neskak yaramoten eztautsen mutilzarrak arein itzala maite daben zure erraztiak; taketak deutsen zure maastiak; eta zuk an axe ozkirria (iparra) artzen dozun zure itxas ertz antu ta aitz gogorrezkoa: ni aren ostadar eta bidari nazan ortzeko Erregenoak (8) zuk ari zure orrako zerok izteko agintzen dautzu, bera onaxe bedatza onetara txairotasunik gorengoaz etorrita, emen yolasean eragotelko; aren paumak egaz egin-alean datoz ona; urreratu, Keretz aberats, ari ezaun egiteko.
Keretz aurrera
Keretz'ek. Gora, bidari nabar, Yoba'ren (9) emaztearen aginduei egundo ezetzik emoten eztautsezun ori; zure azaparan-egoz (10) nire loren ganera ezti-tantanak, euri-zaparrada ozkirritzalleak ixurtzen dozuzan ori; eta zure ostadar urdin orren adar biekaz nire baso-arloak eta nire zugatz-baleo beetako landak burestundu ta lur arroari iduneko lirain-ederra ezarten dautsazun ori; zegaitik dei egin daust ona zure erregenoak, bedartza bedarmotz onetara?
Iritz'ek. Maitasun biren egiune-yai egiteko; eta maitale onetsioi esku-erakutsi esku-zabalez egiteko.
Keretz'ek. Esaidazu, goitiko ostadar, erregenoak orain bere laguntzat Benus (11) naiz onen semea dakarren ala ez, zuk ba-dakizu-ta. Arein asmo ta azpikeriz ilunbeko Ditz'ek (12) nire alabea iritxi ebanetik eta geiago No aren eta aren seme itsuaren lagungo lotsabakoari agur egin dautsat.
Iritz'ek. Ez izan aren lagungoaren bildurrik. Yainkono ori Papotz'erako (13) bideko lañoak ebaten ikusi dot; baita aren semea be berakin usoak eroanda: orreik uste giben uste emen gizon eta neska onei lotsabako lilurapenen bat egin eutsela, Imen'en (14) kurtzulua ixitu arte oe-kutsuketarik ez egiteko zin eginda dagozan gazteoi; baña dana izan da alperrik; Marte'ren kutun beroa atzera yoan da, belarriak apal; aren seme erlabio-buruk ausi dauz bere gezirik, zin dagi eztauela geiago gezirik yaurtingo, aurrerantzean artatxoriekaz yolas egin eta mutiko ona izango dala.
Keretz'ek. Erregenorik gorengo, Yune andia ba-dator; bere ibilkeratik dot ezagun.
Yune aurrera.
Yune'k. Nolan dago nire aizta esku-zabala? Zatoz nikin bikonde au onesten, zori oneko izan daitezan eta euren ondorengoak onein izenaren goragarri izan daitezan.
Abesti:
Yune'k. Omen, ondasunak, ezkontza-onespen,
Luzaro iraun, eta ugaldu,
Eten bako pozak zuoi eldu!
Yune'k txera au dagitzue.
Keretz'ek. Lurrak dakarrena ta ugaritasun oro,
Aletegi ta kutxarik ez iñoz utsik;
Maastiak mordontxiloz bete-beterik;
Landarak ugaritasunez adar-makur;
Beranduenez udabarria betorkizue
Uztearen azken-azkenetan!
Urritasun eta ezak zuokandik alde begi
Keretz'en onespena zuontzako auxe bedi.
Perdinanda'k. Ikuskizun au andi-andia da, ta liluragarriz gozoa: onako oneik zerutar gogotzat artzen azartuko ete naz?
Posper'ek. Bai, gogoak, nik nire burubidez euren tegietatik ona nire burutapenak beteteko ekarriak.
Perdinanda'k. Beti emen biziko al naz! iñongo iñondiko aita arrigarri-zurrak toki au Zoriontegi egiten dau.
(Yune'k eta Keretz'ek alkarrekin txutxuputxuka daragoioe, ta Iritz zereginera bidaltzen gabe.)
Posper'ek. Ixilik orain, maiteok; Yune'k eta Keretz'ek benetan daragoioe txutxuputxuka; beste zereginen bat da oraindik egiteko; ixil, ez egin itzik, ostean gure lilurapena alperrik galdua da-ta.
Iritz'ek. Naiada izeneko ur-neska errekatxu makurretakook, iizko burestundunok eta begirada beti errugedunok, itxi zuon ur-bide latzak, eta erantzun zelai musker onetara egiten yatzuen deiari: Yune da agintzen dautzuena. Erdu, ur-neska geiegikeri bako ta izan lagun egiazko maitasunaren egiune onetan; ez eldu beranduegi.
Ur-neska batzuk aurrera.
Igitari eguzkiak erreok, Dagonillaz aspertuok, erdu zuok be sallatik, eta poztu; egin opor: ezarri zuon buruetan zikirio-lastozko txapelak, eta ur-neska gazteok baserritar yantzita aurkitu zagiezala.
Igitari batzuk aurrera, egoki yantzita; ur-neskakin yantza liraina egiten dabe; eta yantzaldiaren aizenerantza Posper agertzen da otoz-otoan, eta izketan daragoio; orren ondoren, geldo-geldo ondatuten dira iñondiko ots arro ta nastuz.
Posper'ek. (Bere kitean) Aiztuta neban nik Kaliban astakoak eta aren kideak asmautako azpikeri zantarra, nire biziaren aurkakoa; arein asmoak beteteko unea larri-larri eldu da. (Iratxoai) Ederto egin daustazue; bego; ez geiagorik.
Perdinanda'k. Iñondikoa dogu au: zure aita gogor eragiten dautsan yasanen baten bendean dago.
Mirande'k. Gaur arte eztot ikusi nik ori olango neurribako asarre gorrik yota.
Posper'ek. Zuk, seme, larrituta baizengoz, begirakune bakan dozu; pozik egon, yaun: gure yai zaratatsua dagoneko amaitu da: orreik emen eragoioenok iratxoak yatzuzan, nik aurrezdik esan neuntzunez, eta eguratsetan urtu dira, egurats me-metan: eta ikuskizun orretako oñarri barik eragiko zer guzti ori legetxe banatuko dira nozbait odeietarañoko dorreak, yauregi arroak, eleiz benak, zer borobil andi au berau be bai, beronek dauen oro, ta mami bako erakusketa au geldi-geldi ondatu dan legetxe, eztau itxiko bere atzean ondakinik: gu ames-gaiz eginak gaiatzuz, eta gure bizitzatxoa loak artzen dau barruan. Yaun, nik gogaldi txar dot; yasan egizu otzan nire makal-aldi au; nire garaun zarrak eurenetik urtenda dagoz; ez larritu nire mengeltasun onegaitik; begiko ba'yatsue, alde egizue nire txabolara ta artu an atseden: ara-onaka yoan-etorri bat edo bi egingo dodaz, yoka dabiltan nire gogoa geldituazoteko.
Perdinanda ta Mirande'k. Gentza opa dautzugu. (Alde dagie.)
Posper'ek. Atorkit, nik oldoztuaz bakarrik: eskerrik asko; Ator, Ariel.
Ariel aurrera.
Ariel'ek. Zuek oldozpenai deutset nik: zer da gogoko yatzuna?
Posper'ek. Iratxo, Kaliban'eri arrera egiteko gertu egon bear yoagu.
Ariel'ek. Bai, nire agintari; Keretz ekarri neuntzunean orretaz zerbait esan neuntzulakoan nago, naiz ta orduan nire bildurtxoa izan ez yatzula gogoko izango.
Posper'ek. Esaik barriro, non itxi enduazan ik askarriok?
Ariel'ek. Edanaren edanez piperra baño gorriago egozala esan neuntzun: adorearen adorez eguratsari be ezpatakadaka, arpegira putz egiten eutselako; lurra be yo egiten eben, euren oñak txistu egiten ebelako; baña orraitiño be euren asmorantza makurturik: nik orretan nire danbolina yo neban, eta orrezkero, ezi bako zaldizkoen antzera, belarriak arteztu ebezan, euren betazalak aurreratu, surrak eragi, eresi-usaina artu ebenekoxe; olan, nik arein belarriak liluratu egin nebazan, aik, txalaren antzera, aire orroyari yarraitzeko asuar artsu, ota arantzatsu, iñarralatz, eta arantza artea zear, eta arantza-arrak euren txandar samurrak zear sartzen yakiezan: azkenez, nik aik zure txabolea baño aragoan dagoan oxin zikinez estalian itxi nebazan: an eragoioen aik yantzan okotzetaraño uretan sartuta, iztinga zikinak arein oñak len baño zikinago ta andurtsuago izteko.
Posper'ek. Ori ondo be ondo egin enduan, ene txori orrek; adi oindokoarren iñok ikus-ezin; oa, ta ekarrik nire etxeko sastamar ori, lapurrok barrandaritzeagaitik oratzeko.
Ariel'ek. Ba-noa, ba-noa. (Alde dagi.)
Posper'ek. Txerren, yaiotzatiko txerren, egundo azikerarik ezin intsigi izan yakona; aren alde, gizatasunak eraginda, nik egin izan dodazan alegin guztiak, guzti-guztiak alperrik gal duak: eta urteen urtez aren soña geroago ta itxusiago egiten dan lez, aren gogoa be bizienak yaten daragoio: Kisto'nak eta geiago emongo dautsadaz nik ari.
Ariel ostera be aurrera, yantzi dizdizkorrezko lepokada ta beste zer batzukaz, zerok bizkarrean dakazala.
Orroa egiteraño berotuko dautsat narrua: Tiruk, eskegi egizak burdin-ari onetatik.
Posper eta Ariel ikus-ezin dira. Kaliban, Esteban,
eta Tirinkul aurrera, guztiak busti-bustirik.
Kaliban'ek. Arren-bai-arren, lurra bigun zapaldu, sator itsuak oin-otsik entzun eztagian: orain aren txabolatik ur gara.
Estepan'ek. Mamu, ire iratxoak, ik esanez kalterik egiten eztagian ire iratxoak guri egin dauskunagaz arako ontzi-mutilak yokatu euskuen baño askoz obeto etxauskuk yokatu.
Tirinkul'ek. Mamu, sunda guztiak zaldi-txiz-andur egiten yatazak; eta au dala-ta nire surrak asarre gorrian dozak.
Estepan'ek. Nireak be olantxe yagozak. Entzuten dok, mamu? Asarrebiderik ez al daustak emongo, gero; abil arduraz, ostean...
Tirinkul'ek. Ireak egingo laieukek, mamu.
Kaliban'ek. Ondo, ene yaun, oraindik begiko izango al naiatzu: izan epe, nik emongo dautzuedan sariak ezbear au uskeritzat etsiko dau-ta; orrezkero, ez itz egin zarataka, oraindik dana dago ixilik, gaberdian legetxe.
Tirinkul'ek. Bai, baña guk gure bonbilak iztingan galdu izana be...
Estepan'ek. Orretan, mamu, ezbearra ta entzute ona galtzea ezeze, galtze itzala yoagu.
Tirinkul'ek. Orrako ori nitzako, ni busti-busti egitea baño okerrago dok; orraitiño au ire iratxo erruge mamua dok.
Estepan'ek. Ni nire bonbil-billa naioak, naiz-ta uretan ondatu nire neke-orde.
Kaliban'ek. Arren-bai-arren, ene errege, zagoz ixilik: begiratu au, auxe da txabolearen agoa: ez egin otsik, barrura. Egin arako okerreri ona, zu betiko izaro onen yaun eta yabe, ta ni, zure Kaliban, betiko zure oñetakoen miazkatzalle egingo nauena.
Estepan'ek. Ekak esku ori: burutapen odoltsuak izaten asia nok.
Tirinkul'ek. Estepan errege ori! Estepan zergarri ori! Begira emen zutzako dozuzan aldagarri bikainak.
Kaliban'ek. Itxik ori geldi, ergel orrek; ori aletz utsa dok.
Tirinkul'ek. Ara! Ara! mamu; guk geuk be ba-yakiguk aletza zer dan. Estepan bakaldun ori!
Estepan'ek. Erantzik yantzi luze ori, Tirinkul; esku au-arren, yantzi luze ori neutzako bear yoat.
Tirinkul'ek. Zure ederrak izango dau au.
Kaliban'ek. Kokaldeak itoko al dau ergel au! zer darabilk, kutxa ori orren kutun izateko? Goazan aurrera, ta eriotzea egin lenen: a itzarri ba'ledi, beatzetatik asita buruko ertzeraño gankadaka yosiko leukez gure narruak; iñondiko eginik itxiko gindukez.
Estepan'ek. Ago i geldi ta ixilik, mamu. Etzandera-ari (15), ez ete da au nire yakea? Orain yakea dago ariaren azpian yake, orain i ulea galtzeko zorian eta yake uldu izateko bzdean ago.
Tirinkul'ek. Aurrera, aurrera; guk neurrira ta aztara (pixura) dagigu lapurretan, gu ezkara zure ederraren antzeko.
Estepan'ek. Eskerrik asko izkirimiri orregaitik: eutso aldagarri bat saritzat: «Neurrira ta aztara ostutea» eztok buru-argialdi makala; eutso beste aldagarri bat orren alderako.
Tirinkul'ek. Mamu, ator, ezarri egiek atzai eraskin apur bana ta atera ondakinak.
Kaliban'ek. Orreitarik amen be eztot gura nik; astia alperrik galdu baño eztogu egiten-da, gu guztiok antzartu naiz matxangotu egingo gara gure arpegi zirtzilak lurra begira doguzala.
Estepan'ek. Mamu, ezarri ire atzak; eta lagundu guzti au nire ardao-upela dagoan lekura eroaten, ostean nire bakalderritik atera egingo aut: eldu, eroan au.
Tirinkul'ek. Au be bai.
Estepan'ek. Bai, eta bai au be.
Ostotsak entzuten dira. Iratxo batzuk aurrera, eiza-ixakurren antza artuta, ta al yarraitzen dautse. Posper eta Ariel txakurrak aiazoten.
Posper'ek. Axa, «Gorri», axa!
Ariel'ek. «Zuri», or doa, «Zuri!».
Posper'ek. «Tximist», «Tximist», arei, «Odoltzale», arei! Entzun! Entzun!
(Kaliban, Estepan eta Tirinkul uxatu dabez.)
Zoazie, yarraitu nire iratxoak barraban askarri orreik euren azur-giltzak ereikera gogorrez eio dagiezan; laburtu euren zan eta mamiak luzaroko zainoratuz; eta zastada-antzezko orbanez katanabarra nai basakatua baño yosiago egin.
Ariel'ek. Entzun, orroaka daragoioe.
Posper'ek. Ondo be ondo eizatu aik: une onetan nire bendean dodaz nire arerio guztiak: nire lorrak laster dira amaitu ta i azke ta ire buruaren yabe izango az eguratsetan: yarrai egidak apur baten, eta izan adi nire otsein. (Alde dagie.)
V. ekitaldi
I. Agerleku. Posper'en txabola-aurrea. Posper aurrera, itzalez txairo yantzita; eta Ariel.
Posper'ek. Orain doa nire asmoa atzenerantza. Nire lilurapenak eztabe porrotik egiten; nire iratxoak esaneko dodaz; eta aldia aurrera doa bere burdian. Eguneko ze ordu dok?
Ariel'ek. Seirak dira; eta gure egitekoa tertzio onetan amaituko zala esan zendun zuk, ene yaun orrek.
Posper'ek. Bai, orixe esan naioan, nik lenengoz ekatxa sortu nebanean. Esaidak, iratxo, nolan yagozak errege ta aren lagunak?
Ariel'ek. Guztiak leku baten, zuk agindu zeunstanez; egin-eginean zuk zeuk itxi zenduzan lez, yaun; guztiak atxilotuta zure txabolearen babesgarri dan astigardian; aik ezin dabe zirkinik egin zuk azkatu arte. Errege, aren anaiea ta zurea irurak dagoz besteakandik banazean; eta enparauak arei buruz iletetan, naibagez ganezka ta gogo-yausirik; baña alan be, zuk, yaun, bein «Yaun zar on Gontzal» deitu zenduana; aren bizarra-bera negar-tantanak ingeen orrietatik negu-tantanak yausten dirian legetxe yausten dira: zure lilurapenak ai gogor-gogor eldu dautse-ta, orain ikusiko ba'zenduz ikusi, erruki emongo leuskizue ta samurtuko zintzatekez.
Posper'ek. Ori uste dok, iratxo?
Ariel'ek. Ni samurtuko nindukie, yaun, ni gizaki banintz.
Posper'ek. Ni be samurtuko nabe. I egurats utsa baño izan ez-ta, arein biotzetako lera-leieak biotz-ondoan ukutu dauskai iri be? Eta nolan izan ez ni, arein izakide izan-da, biotzaren ereikera, zirkin eta Yasanak ondo be ondo ezagun dodazan au, nolan izan ez i baño biotz-ausiago? Arein okerreriak niri bioz-biotzean ukutu izan-arren, orraitiño be, ik zindo esanari yarrai, nire asarrearen aurka yarten nok: egite ona asperkundea baño urriago dok baztarretan: aik garbaituta dagozanezkero, nire asmoa ai betozko ilun bat geiago ez egitea dok. Oa, azkatu egizak, Ariel: nire lilurapena manatu egingo yoat, arein oarmenak leneratu, eta ostera be lengoak izango dozak.
Ariel'ek. Ba-noa euren billa, yaun. (Alde dagi.)
Posper'ek. Mendi, lats, zingira geldi ta zugaztietako iratxoak; eta oñatzik izten eztaben zuon oñez izperaz Netun'eri (16) yarraitu ta izkoraz atzera datorrenean igesten dautsazuenak; zuok, ardik yaten eztauzan bedar-moltsotxo muskerrak iretargitan egiten dozuezanok; eta zuok, gau-yoale-ots itzalak poztu ta zuon yolastzat gaberdi-perretxikoak azten dozuezanok; zuok ugazaba erkinak izan-arren, nik zuon laguntzaz eguerdiko eguzkia ilundu dot, axe asaldariari aurrera urten eragin dautset, eta itxaso musker eta ortze urdinaren artean guda gorri-orroatsua sortu dot; ostots ikaragarri-zaratatsuari sua emon eta Yupiter'en areitz garrastea berberaren oñaztarriz (17) arrakaldu dot; oñarri sendoko legormuturrari ikara egin; eta lerra ta izaia zustarretatik atera dodaz; il-obiak, nire aginduz, an lo egozanak iratzarri, idigi ta barrukoai urteten itxi dautse, nire antze indartsuari eskerrak. Baña lilura-bide latz oneri ementxe ta oraintxe agur egiten dautsat; eta nire asmoen eskariz, bein onako onein oarmenari zirkin eragiteko zerutiko eresien bat eskatu dagidanean (eta oraintxe nago orren eske, eguratsaren lilurapen au, izan be, oarmenai zirkin eragiteko da-ta), nire makilea ausi egingo dot, lurpean barru-barrura sartu, ta nire idaztia egundo ari-berunik eldu dan baño barrurago murgilduko dot uretan. (Eresi andi-ben.)
Ostera be Ariel aurrera: aren atzetik Albontsa, zoro-mosuz, Gontzal lagun dauela,; Sebasten eta Andoni be olantxe, Adiran eta Pantzeska lagun dabezala; guztiak sartzen dira Posper'ek aldiz aurretik eginiko toki biribilera ta an dagoz liluratuta zutunik; eta au ikusirik ara Posper itz egiten asten da.
Irudimen asaldatuentzat pozkarririk onena dan doñu andiben onek osatuko al dau orain ezetarako eztan, eta zure buruazurraren barruan dirikian zure adimena! Or zagoz zu zutunik, lilurapenak geldituazota zagoz-ta. Gontzal guren, gizon zindo, ikusiaz beste barik nire begiak zureen kide dira-ta, nire begioi kide-negar-tantanak darie. Lilurapena ondatuz doa geldi-geldi; eta egun-abarra, lapurraren antzera, ixilik eta oinkadatxoka gauagana yoan eta aren iluntasuna urtuten dauen lez, olantxe, yagi ta biztuten daragoien orren oarmenak be asten dira adimen argiagoaren ez-yakin-lañozko estalgia urratzen. Gontzal on ori, nire yareigile zintzo, ta yarraitzen dautsazunarentzako yaun zintzo ori; ire on eginak eta eskerrak nik egundokorik ondoen ordainduko dauskadaz, bai itzez, bai egitez. I, Albontsa, i nitzako ta nire alabearentzako gordin be gordin izan intzan: orretan ire anaiea ire bultzatzalle izan zoan; orregaitik orain, Sebasten, gankadaka azkatuta ago, azkatu-azkatua. Eta ik, nire anai orrek, ire biotzean geiagoaren leiea dokan orrek, ik kezkak eta izamena ortik zear bidali enduazan; eta ik, Sebasten'ekin batera, eta egin eginean be orrexegaitik dozak orren barruko zastadak mingor-mingorrak, ik emen zuon errege il egin izango enduan; i izamenaz besterako izan-arren, nik azketsi egiten dauskat. Orrein aditzea aziaz aziaz doa; eta etorri datorren izkoreak laster beteko dau orain lupetz eta sastamarrez estalita dagoan adimen-izpasterra. Oraindik eurotatik batek be enau begiratzen, ezta ni ezautu be. Ariel, oa nire txabolara nire txapel eta ezpatatxoaren billa; (Alde dagi Ariel'ek) nire yantziok erantzita, beñola Milano'n nintzana agertuko naz arren, iratxo; gesu baten ire buruaren yabe izango az.
Ostera be Ariel aurrera, ta yanzten laguntzen dautso Posper'eri.
Ariel'ek. Erleak zurrut non egin an egiten dot nik;
Ni udabarri-lorearen txilin-barruan natza
An natza mosolloak oio dagianean.
Saguzar-bizkarrean egaz egiten dot
Tellatuka aga-ostera pozor-pozorrik
Pozor-pozorrik biziko naz orain
Adarretik dingilizka dagon lorapean.
Posper'ek. Ara! Ori nire Ariel bakana da! I eza igarriko yoat nik; baña au ta guzti be ire buruaren yabe izango az: bai, bai, bai. Oa orain errege-itxas-ontzira, iñok i ikusteke, i iñok ikus-ezina az-ta: an aurkituko dozak ontzi-mutillak gan-zuloen azpian lotan; ontziburua ta ontziyagolea itzarrik yagozak-eta, ekarri egizak ona; eta bertatik ekarri be, arren-bai-arren.
Ariel'ek. Eguratsa iruntsiz axean yoango naz eta emen nozu ostera be zure biotzak taupada bi emon orduko. (Alde dagi Ariel'ek).
Gontzal'ek. Lor, naibage, alatz eta ago-zabalgarri guztiak dira emen. Zeruko aldunen batek bidea erakutsiko al dausku lurralde bildurgarri onetatik alde egiteko!
Posper'ek. Errege yaun, begira Posper Milano'ko Duke oker erabilia; erregegai bizirik itz egiten dautzula seguruago yakin dagizun zure soña besartean estututen dot; eta bai zuri, bai zure lagunoi bioz-biotzetiko ondo-etorria emoten dautzuet.
Albontsa'k. Nik eztakit zu arako a zarean ala ez, ala aletz liluratuen bat zarean niri oker egiteko, oraintsu egin daustan lez; zure zanak taupadaka daragoioe, zu aragi ta odolezko baizintz; eta nik zu ikusi zaudanezkero, zoratu bear ninduala bildur nintzan nire gogoko atsekabeak, oberantza egin dau; onako onek iñondiko azalpena izan bear dau, au ezer ba'da izan. Nik ire dukegoa itxi egiten yoat; eta nik iri eginiko okerrak eta kalteak azketsiko al daustazak. Baña nolan izan leiteke Posper bizirik eta emen?
Posper'ek. Lenen eta beinen, adiskide zindo, itxi egidazu zure adina, zure urteak nire besartean estututen, orrein omena neurtu-ezina ta tokik ar-ezina da-ta.
Gontzal'ek. Au egia dan ala ez, nik eztot zinik egingo.
Posper'ek. Zuk oraindik zure ago-sapaian izaro onetako iñondiko gauzen gozo-garratza dozu-ta, orrek eztautzu izten egizko gauzak sinesten. Ondo etorriak adiskide guztiok: (Banazean Sebasten eta Andoni'ri) Baña zuok, nire yaun bikonde ori, gogoko emongo ba'leust, nik emen nagusientasun orren betozko iluna ekarri nengike zuon ganera, ta zuok azpiyale zariela erakutsi; aldi onetan enoa ni barritsu izaten.
Sebasten'ek Orren agotik txerrenak daragoio itz egiten (Bere kitean).
Posper'ek. Ez: eta zuri barriz, zuri yaun zantar orreri, zuri anai deituko ba'neuntzu, nire agoa kutsutuko-arren, zure okerreririk andurtsuena azketsi egiten dautzut; ori ta oker guztiak; eta iri nire dukegoa atzera niri emoteko agintzen dauskat, nik ondo dakidanez, ik ori atzera nai-ta-nai-ez emon bear dok-eta.
Albontsa'k. Zu Posper ba'zara, zeatz azaldu egiguzu nolan yarei zintzan: nolan emen gukin batera yo dozun, ontzia galduta itxas-ertz onetan iru ordu egin doguzanokin; nire seme maite Perdinanda galdu dodan itxas-ertz onetan. Galtze orren oroipenaren zorrotz-mingots!
Posper'ek. Orrako orren tamal itzala dot, yaun.
Albontsa'k. Galtze ori arteztu-ezina da. Eta epeak beretzako geiegi dala diño.
Posper'ek. Nik besterik uste dot: zuk aren laguntzarik eztozula billatu; zurea langoxe galtzean aren eskar samurretik aren gorengo laguntasuna izan eta orain pozik naukana.
Albontsa'k. Zuk be galtze bardiña?
Posper'ek. Andi ta beranduko; eta galtze itzal ori yasangarri egiteko nik dodazan bide estuen aldean nasaiak dozuz zuk zure pozkarritzat, erabili gura ba'dozuz; nik alabea galdu dot-eta.
Albontsa'k. Alaba! Zeruok, bizirik al legoz biak Napoli'n, ango errege ta erregeño! Orrako ori ba'lira aik, ni pozik nengoke itxaso gaziaren ondoko lupetzan, nire semea datzan leku atantxe. Noz galdu zendun zuk alabea?
Posper'ek. Oraintsuengo ekaitz onetan. Nik oartzen dodanez, yaunok alkarrekin trikitx egite onetan, gelduaren gelduz euren adimena iruntsita, nekez uste dabe euren begiak egirako bide diranik, euren itzak berezko arnasa diranik: baña zuon oarmenak nastuta egon-arren, eskiertzat yakizue ni Posper nazala ta Milano'tik egotziko dukea berbera; zuok ontzia galduta legorreratu zintzen toki onetantxe legorreratua, era iñondikorik iñondikoz, lur onetako yaun izateko. Ez geiagorik onetaz, onen azalbena gosari-bitartean esatekoa barik egunetarakoa ta gure lenengo batzar oneri ez dagokiona da-ta. Ondo etorriak, yaunak; txabola au da nire yauregi: nik emen otsein gitxi dodaz, eta erbestean bendekorik arean bez: arren, begiratu barrua. Zuk atzera emon daustazun dukegoaren ordez nik a baño zer txikiagorik eztautzut emongo: gitxienez, ni dukegoak aña poztuko zauen zer arrigarria aterako dautzut aurrera.
Txabolako atea idigiten da ta Perdinanda ta Mirande agirian yarten dira, axederetz-yokoan daragaioela.
Mirande'k. Zuk zikin yokatuten daustazu, yaun maite.
Perdinanda'k. Ez, maite-maite ori, mundu osoagaitik be eneunskizu egingo olangorik.
Mirande'k. Bai, ogei bakalderrigaitik zuk goiak eta beak yoko zeunkez, eta nik zuk yoko garbia darabiltzula esango neunke.
Albontsa'k. Au izaro onetako ikuskizun utsa ba'da, seme maite bat bera nik birritan galdu dot.
Sebasten'ek. Au bai alatz andi, alatz andirik ba'da!
Perdinanda'k. Itxasoak zemaika ibili-arren, errukior dira: bide barik gaiztetsi dodaz. (Perdinanda Albontsa'ren aurrean belaunbiko yarten da).
Albontsa'k. Orain aita pozez betearen onespen guztiak barruan artzen abe! Yagi ta esan egik ona nolan etorri intzan.
Mirande'k. Au bai ba-dok alatz! Eneee! emen dagoan on-moltso! gizatasunaren ederra! ludi-arlo barriaren bikain, olango lagunak dauzanezkero!
Posper'ek. Au zuri barri egiten yatzu.
Albontsa'k. Nor da zukin yolasean eragoion neska au? Zuon ezaguerarik zarrena be ezin izan leiteke iru orduz gorakoa. Ori ete da gure otseintzan ibili ta gu batera ona ekarri gauzan yainkonoa?
Perdinanda'k. Yaun, au ilkizun da; baña Yaungoikoa'ren aurre-ikusi il-ezinez nirea da; nik nitzako artu dot au nik aitari bere eretxirik ezin eskatu izan dautsadanean, ezta uste izan be aitarik dodanik: au Milano'ko Duke entzute andiko onen alabea da, sarritan adeiz entzun bai, baña egundo lenago ikusi enebanarena; bigarren bizia emon daustanarena; eta andera onek au bigarren aitatzat emoten daust.
Albontsa'k. Ni naz No orrena: baña au iñondiko-iñondiko gauza iruditu-arren, nik nire semeari azkespen eskatuten dautsat!
Posper'ek. Geldi or, yaun, eztaiguzan aztundu ta naibagetu gure oroimenak, yoandako lorrak diriala-ta.
Gontzal'ek. Nik nire barruan negar egin dot, edo-ta nik onen aurretik itz egin bear neunkean. Yainkook, itzuli zuon begiak ona bera, ta eralgi bikonde onen ganera burestun onetsi; gu ona ekarri gauzan bidean bide-atzak zuok imini dozuez-ta
Albontsa'k. Nik «olantxe» yiñoat, Gontzal!
Gontzal'ek. Bere ondorengoak Napoli'ko errege izateko egotzi ete eben Milano Milano'tik? Ara! Edozelango pozez ganetik poztu zaitez; eta sakon irarri egizu zutiko iraunkorretan: ostera bat bakarrean idoro eban Karibele'k senarra, Tunixa'n; eta Perdinanda, aren nebeak, emaztea bera galduta egoan tokian aurkitu dau! Posper'ek bere dukegoa, izaro txiroan; eta guztiok gure buruak iñor bere buruaren yabe etzan lekuan.
Albontsa'k. Ekazuez zuon eskuak (Perdinanda ta Mirande'ri). Naibageak eta lorrak besarkatu begie oraindik zuoi poza opa eztautzuenaren biotza!
Gontzal'ek. Bedi olan! Bai, olantxe!
Ariel ostera be aurrera, Ontziburua ta Ontziyagolea ago-zabalik yarrai doakozala.
Begira, yaun, begira, yaun; amezan gutariko geiago! Nik esan neban aurreztik, legorrean eskegiteko agarik izatekotan, lagun ori ezin ito eitekeala uretan. Orain, biraoti orrek, ontzian biraoak eurrez yaurtiten enduazan orrek, legorrean birao ta zin bat be eztok egozten? Legorrean ez ete dok agorik? Ze barki dok?
Ontziyagoleak. Barririk onena, errege ta bere lagunak guk onik aurkitu izana da: urrengoa, gure ontzia; eta izan be, guk, arrezkero iru ordu baño eztala, arrakaldutzat emoneko on tzia orain birrintza ta irrikitu barik, arin eta bikain orniduta dago, lenengoz itxasoratu gintzanean legetxe.
Ariel'ek. (Bere kitean) Yaun, otseintza guzti au egin dot ara yoan nintzanezkero.
Posper'ek. (Bere kitean) Nire iratxo asmotsu orrena!
Albontsa'k. Onako oneik ez dira eurenez yazoak; oneik iñondikotik iñondikorago doazanak dira: esan, nola etorri zarie zuok ona?
Ontziburuak. Yaun, ondo itzarrik gagozala uste ba'neu, zuri esaten aleginduko nintzakete. Gu logurearen loguraz ilik gengozan, eta, nik eztakit zelanik, guztiok txaloka ekin geuntsan ontzi-zulopean, urduxerartean iñondiko orroa, irrintze, ausi, kate-ots eta guztitariko ots, durundu, ta astrapalak, guztiok ikaragarriak, gu itzarrik gengozala izan zirian lekuan, gero bertatik azke: eta an ikusi gendun guk guztiok gure erregeontzi on, txairo, arroa orratzetik arako eginda; gure ontziburua ara ta onaka, yauzika, ontzia begiz aztertzen: aide baten (azketsi, yaun), amesetan lez, gu aikandik banandu egin ginduezan, eta ona ekarri mosuak egiten.
Ariel'ek. (Bere kitean) Ondo egina ete?
Posper'ek. (Bere kitean) Itzalezko ederto, otsein zoli. Eure buruaren yabe izango az.
Albontsa'k. Iñondiko bide-mataza nastu au egundo gizonek zapaldu eztauena langoa da ta orretan izamenaren egitekoa baño zerbait geiago da: goitiko argiren bat bearko dogu au zuzentzeko.
Posper'ek. Yaun, nire nagusi, ez lorrindu zure adimena, arazo onen iñondikotasunak zartadaka darabilen zure adieten ori: asti egokirik izan dagidanean, eta ori laster izango dugu, neuk bakarrik arteztuko dautzut arazo ori; yazoko guztien azalbena emongo dautzuet eta sinisgarri egingo yatzuela nik uste egon pozik ordurarteño, ta oldoztu ondo zer bakotxaki buruz. (Bere kitean) Erdu ona, iratxo; azkatu Kaliban eta aren lagunak: banatu lilurapena. (Ariel'ek alde dagi).
Nolan aurkitzen da nire yaun maitagarria? Oraindik eztira emen zuon lagundiko, zuok aizturik dozuezan mutil banaka bakun batzuk.
Ariel ostera be aurrera, Kaliban, Estepan eta Tirinkul, euren yantzi ostuekaz aurrean dakazala
Estepan'ek. Gizon bakotxak besteen ardurea izan dagiala, ta ez bere buruari yaramon; dana alan-bearrezko baño ezta-ta. Adoretsu, mamu bikain, adoretsu!
Tirinkul'ek. Nik nire buruan daroadazanak benetako iru barrandari ba'dira, emen ikuskizun ederra dogu.
Kaliban'ek. Setebotz ori, oneik iratxo lirainak dira benetan! Nire ugazabaren txairo! Zigortuko nauenaren bildur naz.
Sebasten'ek. Ostera! Ostera! Oneik bai ba-diriala gauzak, nire yaun Andoni! Diruz erostekoak ete dira?
Andoni'k. Bai, urrean; euretarik bat arrain garbi da, ta, ezpai barik, salgai.
Posper'ek. Ene yaunok, oartu gizon orrein ezaugarriak, eta esan gero egia diñoen ala ez. Antz zakarreko zirtzil au, onen ama sorgin zan; eta almen andiko sorgina izan be-ta, bere esaneko egin eikean iretargia, izkorak eta izperak eragin, bereak eskuratu ezinik: oneik irurok lapurretan egin dauste eta onako erdi-txerren au au sasi-kume da-ta, orreikin itundu zan niri bizia kentzeko: lagunotatik bi zuok ezagutu bear zeunkiez eta zuotarikotzat autortu; ilunbe-zer au nik niretzat autortzen dot.
Kaliban'ek. Zastadaka ilgo nau.
Albontsa'k. Ez ete da onako au Estepan, nire ardandegi-zain mozkortia?
Sebasten'ek. Ori mozkortuta dago orain be: non ete eukan ardaoa?
Albontsa'k. Tirinkul be mozkorraren mozkorrez zabuka ta kakoka dabil: non idoro ete dabe orreik gorritu dauzan edabe bikain ori? Zelan pipergorritu az?
Tirinkul'ek. Zu azkenengoz ikusiezkero ni pipergorriturik nozu ta bildur naz azurretaraño pipergorritu ete nazan. Margoztu nagienaren bildurrik eztot izango.
Sebasten'ek. Zelan ago orain, Estepan?
Estepan'ek. Ez egidak ukutu, arren; ni enok Estepan, zain-oratu baño.
Posper'ek. Ik izaro onetako errege izan bear enduke, yauntxo
Estepan'ek. Orrezkero, errege minbera nintzateke.
Albontsa'k. Onako zer au nik egundo ikusikorik iñondikoena da (Kaliban erakutsita).
Posper'ek. Ori bai bere ekanduz, bai soñez be, neurrizkoa ez, besterakoa da. Oa, kirten, nire txabolara; artu ikin batera ire lagunak; nire azkespenaren begira ba'ago, iñozkorik txairoen iminiko al dok a.
Kaliban'ek. Bai, iminiko dot; eta emendik aurrera zur izango naz eta zure ederra billatu. Ni bai izan nazala buru bako astotzar mozkor au yainkotzat artu ta ergel motel au yauresteko!
Posper'ek. Oa; alde emendik!
Albontsa'k. Alde, ta itxi zuon kutxa ori idoro zenduen lekuan.
Sebasten'ek. Edo, obeto esan, ostu zenduen lekuan.
(Kaliban, Estepan eta Tirinkul'ek alde dagie)
Posper'ek. Yaun, nik zu nagusi ta zure lagunai nire txabolara dei egiten dautzuet: eta gau onetako atsedena an artuko dozue; eta gau ori edo gau orren zati on bat beintzat, nire ustez, nik egingo dautzuedan itzaldiak arin eroango dau; ni izaro onetaraezkeroko nire bizitzeari ta berekiko yazopenai buruzko itzaldiak; eta goxean zuon ontziratuko zauedaz-ta, olan, Napoli'ra, nik ditxarodanez, gure ezkon-barri maite-maiteon ezteguak an andiro eginda ikusteko: eta andik nik Milano'ra alde egiteko, an nik iru oldozpenetik bat nire ilobiari buruzko izateko.
Albontsa'k. Zure bizitzako gora-bera ta zertzeladak entzuteko leia itzala dot nik, belarriari iñondiko egingo yakoz-ta.
Posper'ek. Dan-dana zeatz esango dautzuet: eta zuri, zure errege-ontzidia urrinean oratzeko itxaso bareak, erako axe leunak eta itxasaro atsegina opatu. (Bere kitean) Ene Ariel txoriño, au dok ire egitekoa: orrezkero, oa lenengaietara. Izan adi eure buruaren yabe ta abil onik eta ondo! Arren, urreratu zakidaze (Alde dagie).
Posper'en azken-itzaldi
Orain nire lilurapenak egotzi dodaz
Eta dodan al oro neure-neurea da,
Eta au makal-makala da: orain egia da
Edo zuok ni emen mugaturik itxi bear nozuela,
Edo Napoli'ra bidali. Nire dukegoa lortu ta
Ziri-sartzalleari azketsi dautsadanezkero,
Zuon lilurapenez ni izaro basamortu onetan
Ez al nozue ezetara be itxiko:
Bai, ostera, azkatu nire lokarriak
Zuon esku onen laguntasunaz.
Zuon arnasa bigunak bete bear dauz
Nire ontzi-oialak, edo, ostean, zuon pozkarri
Ziran nire asmoenak egin dau. Nik orain
Iratxoak bear dodaz al agintzeko, liluratzeko antzea;
Eta nire atzena etsipena litzateke
Iñok niri otoitzez laguntzeka:
Otoitza sarkor-sarkor da-ta, errukigana eltzen da
Ta uts eta akats guztietatik yareiten dau.
Zuok zuoi zuon makurkeriak iñok azkestea
Gurako zeunkien lez, zuon errukiak yareiko al nau.
Salta (Argentina'n) 1958/V/2'an.
(1) Erroma'rentzako, Netun itxasoen yaun, yabe ta yainko zan. Itsasoa asarratu gura ebanean, itxaso urak bere iru-ortzeko sardeagaz aztindu ta itzultzen ei ebazan, luginak laiagaz lurra, naiz larrinean garia aztintzen dauen lez. Erromarrentzako Netun zana, Poseidaon zan eladetarrentzako.
(2) Shakespeare'k emen diñoanetik edonori burutanduko yako, Kartago'ko uri, arresi ta etxeak arinago eragiteko, Dide'k arotz eta arginai «arpa» deretxon ereskinaren otsa yoten eutsela. Olangorik ezta aipatzen Birgili'ren Enearenean. Ze arpa miraritsuri buruz ete daragoio?
(2 bis) Mirande itzak gelgarri, arrigarri esan gura dau.
(3) Penitz nai Poinitz. Miti-egazti au Aigito'koa yatzu ta eguzkiari opatua zan. Ipuña eztabe guztiak bardin eralgiten, baña batzuk diñoenez, egazti au ango Eliopoli urian bosteun urtean bein agertzen ei zan, eta agertuta ara, egur-meta batu ta aren ganean erreten ei eben, baña poinitz barria sortu ta yagiten ei zan.
(4) Emakume-egazti. Miti-iztiko au soñez egazti ta buruz emakume ei zan; erpa luzeak ei ebazan eta txitean-pitean ei egoan zirin andurtsu nazkagarria eriola. (Ikusi Enearena, 111, 211-265 ta Odiseurena, I, 141).
(5) Eladetarren miti-iztian Apolon'eri Poiba eresten yako batzuetan (geienetan Omer'ek izen biekaz), alan be eguzkiaren ordeko datorrenean. Zuk, irakurle, emen Poiba'ren ordez «eguzkia» irakurri egizu, bai, eta zoaz aurrera.
(6) Iritz au yainkoen bidaria ta ostadarra yatzu. Omer'en Dias'enean eurrez agerten da, esaterako, 111, 129.
(7) Keretz Erromarren yainkono da, Saturna ta Opits'en alabea. Gizaikiai lur-lantzea irakatsi ei eutsen. (Ikusi Birgili'ren GEORGICA, I, 117). Erromarrentzako Keretz zana, eladetarrentzako Demeter zan.
(8) Ortzeko Erregenoa. Erromarrak Yune Yoba'ren arreba ta emazteari Ortzeko Erregeno eresten eutsoen. Here Tzeu'ren emaztea etzan orrenbestekorik.
(9) Yoba edo Yupiter erromarren yainkorik nagusiena yatzu, eladetarren Tzeu legetxe. Yoba'ren gezia olaztarria ei da.
(10) Azaparan dalakoa azi-zorro bellegidun landarea yatzu. Azi-zorrook, igartuta, gure yakiai margoa ta agokerea emoteko erabilten dabe sukaldariak. Euzkerazko izenik ba'dau, nik eztot ezagun.
(11) Benuts. Eladetarren Apordite ta au bat dira izan, seme Kupido ta onen Heros dirian lez. Heros eta Kupido maitasun-yainkoak dira, ta itsuak ei dira. (12) Ditz nai Dispater izena erromarrak ilen erriko yainko nagusiari ezarten eutseen; eladetarrak, ostera, Pluton. Shakespeare'k emen Ditz'eri «dusky» (iluna) deitzen dautso, ilunbeko bakaldun dalako. Orregaitik, Ditz'eri abere baltzak eskeintzen eutsoezan. Emen aipatzen dan Keretz'en alabea Kore edo Persepone da. Keretz'ek yakiteke, Ditz ostu ta ilen errira eroan eban bere emaztetzat, ama-alaben gurariz bestera. Keretz estu ta larri, bideak betean, eta goiak eta beak yoten, luzaro ibili zan bere alabearen billa ortik zear.
(13) Papotz, Kypros izaroko uri da. Uri onetan Benuts'ek entzute andiko yauretxea eban. Birgili'k (Enearena I, 415-417) auxe diño «Venus... ipsa Paphum sublimis abit, sedesque revisit laeta suas, ubi templum illi, centumque sabaeo thure calent arae, sertisque recentibus halant. Benuts eguratsa zear Papotz'era doa, pozik ostera be bere etxera, izan be, an yauretxe dan, eun opa-mai berotzen dauz Arabi'ko usain gozo-gaiak, eta lora-sorta barriai sunda atsegingarria darie».
(14) Imen. Itz au eladetarrena da ta esan-gura bikoa. Lenen eta beinen, neska osoak umetokira-bidean, umetokia isteko dauen mintza esan gura dau. Bigarren esan-gurea lenengotik sortua da ta «ezkontza-yainko» izan be.
(15) Etzandera-ari. Shakespeare'k emen «mistresse line» diño, baña «line» itza ingelanderaz esan-gura askokoa da-ta, emen Shakespeare ostera be berari gogo-gogoko yakozan zimardikakaz datorku. Emen «line» itzaren esan-guretatik arira datozan bi aipatuko dodaz: 1) emakumek yantzi ikuz-barriak eskegi ta legortzeko erabilten daben burdin-ari nai beste gaiezko aria. 2) Zerbait neurtzeko erabilten dan galartzua. Eztot uste Mirande'k yantziak eguzkitan eskegiteko neurtzeko galartzurik erabiliko ebanik, osteango ari sendoen bat baño, burdin-aririk ez izatekotan. Beraz, gure mozkorti txitxariok, «line» zimardikak ziriala-ta, gauza barregarriak esaten ekin eutsoen. Yantziak eskegiteko aria yantzien ganean yarri ta neurtzen daragoionarena egin, eta, olan, eurak beste lapurren eraz barik gauzak luzera-zabalera ta aztuna neurtuta ostuten ebezala esan. Ortxe dago egon be Tirinkul'en esakerearen gatza, ta Estepan'ek gatz ori sarigarri aurkitu eban. Bai ba, gure lapurrak, ez bestek, eztabe astirik galtzen olango zeretan, neurri barik al dauenak al dauena eroan baño.
(16) Netun. Ikusi (1).
(17) Izan be, areitza Yoba'ri eskeñiko zugatza zan, Yoba'ren kutun zugatzen artean. Orregaitik, zugatz ori oñaztarriz arrakaltzea Yoba'ren kutuna bere geziz arrakaltzea da.
Itz gitxi ezagunak
Itzotatik geienak zarrak dira, baña Bizkai'ko euzkeldunen artean ez-ezagunak edo gitxik ezagun dabezanak. Euzko-erki baten naiz erkiko erriren baten darabilten itza, besteetan erabili ezik, oneintzat ez-ezagun egiten da. Itzotatik banaka bit birria da. Eta Orati erromarrak zur eta sentzunez Moanez ezin ukatu leio iñori itz barriak asmetako eskubiderik, zer barriri izena emoteko. Ez okertu, ba, musturrik itz barriren bat bidean aurkitu ba'dagizu. Zarrak berbiztu ta barri egokiak gure arloratu bear doguz, gure euzkerea sendotzeko. Euzkerea edozetarako gai egin bear dogu, ez baserri-gaietarako bakarrik.
Aiazo (Arratia). Txakurra zirikatu, norbaiteri nai zerbaiteri eldu dagion.
Aletz (Zeanuri). Uskeri.
Aleiz. Almen andia iragarten dauen zerbait. Euzkel-gaiztoz «mirari».
Antze. Terbetasuna. Euzkel-gaiztoz «abilidade».
Arkolo. Nagi, alper.
Azarri. Adoretsu, oldartsu.
Azpiyale. Norbaiteri zintzo ez yakona. Saltzalle.
Azta. Aztun «pixudun» danezkero, Azta «pixu» da.
Barrandari. Iñok zer egin, naiz zer esaten dauen yakiteko kokuka dagoana.
Biusturi (Zeanuri). Urdail. «Biusturiko min» = urdallako min.
Bonbil. Euzkel-gaiztoz, «botilla».
Buruntz, Burestun. Erregeak erregetzea iragarteko buruan yarten daben zer borobil.
Edestu. Ipuin nai beste zerbait urrengorik urrengo esan edo eralgi; «kontau».
Erdi, Erdiratu. Ume-egin. Olan, «erdi-minak» = ume-minak.
Etoi. Azpiyale, saltzalle.
Geldu. Ustebako zer andi nai iñondikoaren aurrean arrituta ta ago-zabalik gelditzea.
Gelgarri. Arrigarri.
Gentza. Euzkel-gaiztoz, «bake».
Giyau (Zeanuri). Landu. «Soloa giyau» = soloa landu.
Intsigi (Otxandiano, Azkue'n iztegiz). Itxiki. Itxiki'tik iratxiki datorren lez, Intsigi'tik erantsigi edo erantsi dator. Ganera, I(n)tsigi ta itxiki be biak dira itz bat. Kendu «intsigi»-ri n, yarri g'ren ordez k gogorra, ta or dozu «intsigi» «itxiki»tuta.
Iratxo. Miti-iztiko gizona baño goragoko adimendun eta soin bako edo soin arineko izakiak, eta euretarik batzuk gaiztoak. Olan, «Anboto'ko señora», lami ta orretariko beste mundukoak iratxotzat etsi bearko doguz.
Itxas-Neska. Neska-antzeko itxas-iratxo.
Itsuta. Euzkel-gaiztoz «soka», «Soka» lodi.
Izten (Zeanuri). «Barreka istenak egin genduzan» esaten da Zeanuri'n beintzat; orrezkero, «izten» eta «eztanda» esan-gura bereko iztzat artu bearko.
Kokalda (Zeanuri). Gibeletiko gatxa. Erderazko «hidropesía». Kokaldea dauen ardiari sofia urez beteten yako; bardin «hidropesía» dalakoa dauen lagunari be.
Kerube. Ebertarren izkuntzako Kerub itza yatzu, ta angeru berezia da itz orrek esan gura dauena.
Ler. Euzkel-gaiztoz, «piñu». Euzkel-errian orain ler geiegi dogu ta pago gitxiegi.
Margo. Euzkel-gaiztoz, «kolore».
Margoztau. Zerbaiteri margoa ezarri.
Meiki (Arbizu). Oñetan, naiz zango-iztarretan gaitzen bat izan-da, alboraka ibilten dana. Euzkel-gaiztoz, «erren» naiz «koxo».
Okolu. Zoko.
Orratzetik arako. Egin-barri.
Oskide. Alkarren adiskide dirian «soñuak» oskide diriala esaten dogu.
Sakute (Zeanuri). Baztanga, naparreri.
Txandar (Zeanuri). Zango. «Txandar-me» esaten da Zeanuri'n, zanga-me'ren ordez.
Unatu. Neke-nekatu, eiota gelditu.
Ur-Neska. Ibai eta latsetako neska-antzeko iratxo.
Yakinkidetza. Euzkel-gaiztoz «kontzientzia». Besteak dakienik guk ezpa'dakigu, gu ezkara orretan yakinkide. Besteak nik au edo besterik egin dodala esan-arren, nik neuk ezpa'dakit olangorik egin dodanik, ni enaz orretan yakinkide, nik eztot orretan yakinkidetzarik. Zillegiztilariak diñoenez, guk beti yokatu bear ei dogu geure yakinkidetzeak dirauskunez, ez besteen yakinkidetzeak diñoanez. Besteak orako au naiz orrako ori ontzat izan-arren, nik neuk ezpa'dot, nire yakinkidetzeak on dala ezpa'diño, nik olangorik egin ba'dagit, oben egingo dot, nire yakinkidetzearen aurka yokatuten dodalako. Egia esan, orretan ni ta besteak ezkara yakinkide, kide izateko nik eta besteak eretxi batekoak izan bear dogu-ta.
Yaurri. Elburua begien aurrean dogula, gizakiak elburu orretara zuzendu. Gizakien ludi onetako elburua euren zori ona da, baña ez gizaki onena edo orrena, guztiena baño, ta gizadia elburu orretarako bidean eukiteko aleginak egiten dauzan agintariak erria ondo «yaurten» dau. Euzkel-gaiztoz, «gobernau».
Yaurgo. Yaurriteko eskubidea dauena, naiz dabenak, baita orretarako eskubidea bera be.
Yauzi. Euzkel-gaiztoz, «salto», naiz «sailtu» egin.
|