Idazti Berriak
Aurtzaroko oroipenak (1)
Tauer'tar Norberta
(Euskaltzaindia'ren Urgazlea)
Donostia'n bizi dan nere adiskide maite Garmendia Kortadi Jon, euskaltzaleen artean «Zeleta» izenordearekin obeki ezaguna den euskal-idazle ospetsuak bere euskal-lantxo berri bat, «Aurtzaroko Oroipenak (Recuerdos de Infancia) Lasarte» izenekoa bialdu dit opalitz ederrekin. Euskal-idazle eginkor ta bikain onekin urte askoz elkar-idaztean nago eta arreta aundiz irakurtzen ditut nere eskuetara eltzen diren bere euskal-lanak. Bere aurreko lan askoren artean, bat bakarrik emen aipatu nai dut: «Euskeraren Iraupena» izenduena. Lan orrek egillearen euskerarenganako zaletasun aundia erakusten digu, egilleak euskal-liburuen lerrokada luzea begien aurrean ipintzen digularik, argitzen digu euskera literatura-mota guzietarako gai dela.
Bere oraingo lana, Zaitegi jaunaren «Intxauspe Etxeko Lanak» deritzan Irarkolan argi ta egoki irarria, 29 orrialde dituena, Donostia'ko Julio de Urquijo Mintegian egindako itzaldi bat da. Egillea Gipuzkoa'ko Lasarte'n 60 urte inguru dirala, jaiota, an bere bizitzako lenengo bederatzi urteak igaro ditu eta orduko Lasarte'ri dagozkion oroipenak bere lanaren gaia dira. Igarotako 50 urte buruan Lasarte errotik aldatu da. Baserritarren erria-txiki bat, Gipuzkoa'ko beste erri asko bezela, erri aundi ta jendetasun biurtu da, batez ere an sortu diren ola askoengatik. Orregatik ez da arritzekoa, egillea, 35 urte geroago, bederatzigarren urtetik ikusi ez duen jaioterrira etorri zanean, oso aldatua arkitu zuen. Baserri zarreko arrigarrizko sagastiak, zelai-zabal ikusgarriak, Lekaimetxe-aurreko lorategi begiragarria eta beste toki espetsu asko suntsitu dira. Eta etxe zarrelkin batean antziñako erritarren oitura jatorrak ere galtzera dijoaz...
Aldatze onek eragiñik, gure egilleak, ain ederki euskeraz idazten duen idazkortza eskuan artzen du, bere aurtzaroko Lasarte'tar «ospetsuan» ateraldien berri ematen digu. Urrengo Eliz-Nagusia eta bertan dagoen Ama Birjiña Errukitsua'ren irudia gogoratzen ditu eta etzaio aztu «Elizako Zimitoiua»-ri atal luze bat ematen. Toki au izan da aurren jolasketa-lekua eta orregatik toki oni lotzen zaizkio egillearen oroipenik atsegiñenak.
«Zeleta»-k bere lantxoa errikide ta eskola-lagunei eskeintzen die eta azkenean Lasarte'tik kanpora bizi diren errikideak 1946'garren urtean beren maixu zanari egindako omen-jaiean egin zuen itzaldiaren azken itzak ipintzen ditu: «Errikideak, alegin gaitezen» dio beste gauza askoren artean «gure euskalduntasunean Iparragirre zanaren antza izaten, berarekin batean abestuaz, aurkitu izango geran lurralde guzietan bere kanta zar ura:
«Gazte gaztetatikan...»
Itz batez, Garmendia Kortadi Jon'en lantxo berri au txit jakingarria da eta uste dut gure euskera eta Euskalerria maite dituztenak ez dutela utziko liburutxo errikoi au erosi ta irakurtzez. Ziur nago ez dutela damurik izango.
(1) Igazko Epailla-Jorrailla'ri dagokion «EUZKO GOGOA»-n argitara eman genduan Tauer jaunak irizkatzen duan «Zeleta»-ren idazlantxoa, oso-osorik, eta gero, «Separata» lez, liburuxka egin. Jakin degunez argitara bezin laster dana aitu omen da euskal-liburutxo au. Poztutzen gera.
Beraz, idazlan orren egarri danak irakur dezake aitaturiko aldizkari onen alean. Oraintsu beste euskerazko itzaldi bat emanik du Zeleta'k, Donostia'ko «Julio de Urkixo» Mintegian, «ZER DA BERTSOLARIA» gaiaz eta argitara emango dugu (J.L.) urrengo zenbakian.
E.G.
|