Idazti Berriak
Poli
E'tar N.
POLI Mutil umezurtz baten ibilliak. Anabitarte'tar Augustiñ'ek emana. (Irakurgaia). Itxaropena Argitaldariak, Zarautz'en egiña.
Oraintxe irakurria nazue POLI irakurgaia. Bere ariñean, errez eta pozik irakurtzekoa benetan. Anabitarte jauna lendik ezaguna degu. Bere aspaldiko liburuak ezagunak izango dituzue. Arako «NESKA-MUTILLERI DIRUA AURRERATZEN ERAKUSTEKO» liburuxka ura; beste «ANTZINAKO OLINPIAR JOLASAK» izeneko beste ura; zaneko «USAURI» irakurgaia, Euskaltzaindiak saritua; «DONOSTIA» izeneko irakurgaia, Euskaltzaindiak saritua au ere, ta abar eta abar...
Ixillik egona ainbeste urtetan, berriro emen datorkigu bere ale, atsegiña euskaldunoi eskeinka. Ordu onean! Euskal-giroa mamitzeko ezta txantxetako lana. Oraindik, egia esan, gure gallurrera ezkera eldu; baña aldapan gora daramagun bide onetan, laguntzalle ona dateke onoko liburu berri au.
POLI zein dan? Donostia'ko txoko atsegiñeko umezurtz arlotea, adiskide. Urgul-mendian du bere etzan-lekua; antxe, berak dakian txulo batean du gaberako belar-gain-lastaia. Andik kaira bere bidea.
Maite du ur-aldea. JUAN BELTZ'en ontzi petral ura izan ezpalitz... Egoskorra JUAN BELTZ uraxe! Trikua baño arantza zulatzalleagoak zituan inguruko bizilagunentzat. Ez ari itzik egin. Kontu aren inguru parrez igaro
POLI'k ez dio, ala ere, bildurrik. Gorroto bizia bai aren ontzi ari! Ta ala, ondatzen du ixillik gabaz, JUAN BELTZ'en ontzi apaña. Erruki, onen atzaparretan erori izan ba-litz
POLI, ontzi-jabearen igesi, «AKULAMENDI» ontzian sartzen da. Ta orduan asten da POLI'rentzat mundu zabalean zear ibillia. Obeto esateko, lenbizi itxasoko bizi latza darama. Gero, itxasoz aspertu ta izututa, Elizondo'ko gozogille baten ondoren dijoakigu. Ango pakeak ere, ezin du lotu gure umezurtz egangaitza. Ta beste egun batean, iñori itzik esateke, an dijoa bidetan aurrera, ijito-gurdian sartuta. Ijito-komedianteek, alegia, lagun artuta.
Baña bakoitzak bere zoria jakiñeko lekuan du, ta POLI'k ere, sustraiak utzi dizkigu Elizondo'ko gozogillearenean. Sustraiak eta alabak. Erriz-erri ibillita gero, berriro Elizondo'ra jotzen dute ijito-ibiltariak. Ta an du POLI'k bere zoria zai. Zori ori, gozogillearen alaba KATIN zuan.
Azkena polita. Ezkondu dira ta Donostia aztu eziñik, berriro erri polit onetan gozo-denda jartzea erabakitzen dute. Egun batean, arlote zarpil bat dendan sartzen zaio. POLI'k ezagutzen du, ta biotzak gorakoa egin zion. Malkoz begiak bustitzen zitzaizkiola, sartu zanari sakelak bete-bete egiten dizka. Gizon ura JUAN BELTZ zan.
Euskera gozoa ta erreza du geienetan. Kontatzeko grazia ere, eztu txikia. Pozik dijoa gozoa liburu onen orrietan. Akats txiki batzuek ezutuanik, ezin ukatu. Eure zorioneko aditz orrek koxka batzuetan irrist eragiten dio idazle jatorrari. Irakurri bezela, lerrotxo batzuek liburu-ezpañetan egin dizkiot.
Ona bat edo beste: «Poli'k ezin ZUAN iñola ere biak alkartu.» ZITUAN jarri ba-lu, zuzenago noski.
«Txalupa neska lirain baten antzeko igidura zerabilkian.» TXALUPAK, jarri ba-ligu, egokiago zitekean. ZERABILLEN ere, norbaitzuek ZERABILKIAN baño jatorragotzat ar dezakete.
«Naiago zuten azalduko BA-ZAN...» AZAL'DU IZAN BA-LITZ, obeto josia ez ote, aurreko ZUTEN'ekin?
«DIZADATEKAN», dizaidaten-ordez...
Baña utzi ditzagun uskeri auek. Gramatikalari setatsu auek, beñere ez dira aseko.
Txalo betea ta zorion-agurrik bero-ena bialtzen diogu idazle berpiztuari. Esnaera berri au ez dedilla bertan lo artzeko izan. Urrengoak garai gutxi barru ikusi ditzagula.
|