Itz Neurtuz
Zeruko minez
Irisarri
I
Zu ikusi naiez, ene Iainko maite,
irrikatzen nago, begian nigarra;
gaitzi zait zugandik urruti-bearra,
zugabe on utsik lurrean ez daite.
Irri ta malkoak elkarri darraizte:
arrosen artean arantze ta larra:
eztia tantoka, ibaika kedarra (beazuna):
izakiak oro itzal uts, aize, ke.
Bai, zerura nai dut! Alere gau t'egun
kezka bat sistaka barnean ari zait:
Zeru eder ori galduko ez al dut!
Ta kezka orrekin estu biotz-ilun
«Iesus, ene Iesus» oiuka diardut,
«atzemanen al du zeru ori noizpait?»
II
Mundu zital ori, oakit atzerat!
ez neri eskaini eure ongi pitsak,
ire ospe utsal ta atsegin likitsak:
utikan! igandik ezer nai eztiat.
An goian diat nik betiko erri bat,
an zeudek nere etxe, Aita, on ta funtsak;
an aseko nere gura ta irritsak,
an begi-biotzak iosirik zeauzkat.
An dut nere Iauna noizpait ikusiko
aurpegi aurpegi, Bera den bezela:
an dugu betiro elkar onetsiko.
Ta ez-erri untan arrotz nagoela,
erriko min biziz oiuka diardut
«Nere Iaun-Goikoa noiz ikusiko dut?»
III
Baiki, ez-errian bizi den gaixoa
nigar aienetan ari den bezela,
sor-leku maitea gogoan duela,
arat landaturik beti bere soa
Olaxe nago ni, ene Iaun-Goikoa,
zeru-minez eri, hits eta goibela,
erri eder artaz oroitzen naizela,
antxe ditudala biotz ta gogoa.
Noiz urratuko da nere lokarria,
gora egatzeko zu baitara, Iauna,
goian ikusteko zure aurpegia?
Noiz argituko da nere gau iluna?
noiz erdetsiko dut nere ait'erria
ta arratsik eztuen betiko eguna?
|